Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . . / Luz-Saint-Sauveur - Orontze, Orhi albotik

Luz-Saint-Sauveur - Orontze, Orhi albotik

Mikel Lizarralde 2012/07/15 14:06
Duela hogeitaka urte Indurain bere onenean zebilenean nire txirrindulari kutunena Chiappucci zen, beti bigarren beti galtzaile. Irabazi ezin dutenek sortzen duten erakarpena, galeraren xarma. Baina 1996an Indurainek hondoa jo zuen Iturzaeta (Larrau) igotzen, eta irabazle zenean baino gehiago maitatu nuen. Pirinioetako

(Uztailaren 8ak argitaratu behar nuen hau, baina nekeak jota gerorako laga behar, orain helduko diot berriz ere kontakizunari; etxean nago jada, bidaia ederra izan da, zaila kontakizunak maila bera ematea).

Egun luzea aurretik izan arren, ezin goiz jaiki eta abiatu. Goizero-goizero izarek kateatu egin naute eta gutxitan abiatu naiz bederatziak edo hamarrak baino lehenago. Eta Euskal Herrira itzuli behar nintzen egun honetan berdintsu jokatu nuen. Patxadaz lotu nuen parrila bizikletan eta motxila honen gainean lotu. Majo gosaldu eta soseguz ekin nuen lehen kilometroetan. Ibaian behera nindoan Luzetik Lourdes alderantz. Txirrindulariok ezin hartu errepide nagusia eta sigi-saga jardun behar bigarren mailako bideetatik, baina atseginak dira auto gutxi eta zoru bikainari esker.

Lourdesen Pauerako bidea hartu nuen, basilika famatuaren albotik iragan ostean. Kilometro mordoxka egin nituen txirrindulari baten atzean, bi hiru metrora, jazarketa-proba moduan. Ibilbidea lasaia zen, tarteka ordekan tarteka muinoetan gora-behera.

Halakoan, beste txirrindulari-bidaiari bat ikusi nuen bide bazterrean, matxura bat konpontzen edo. Nire frantses eskaxean ea ondo zegoen galdetu nion. Beragana gerturatu eta gertatu zitzaiona ikustean "ostia!" batek ihes egin eta erdaraz hitz egiten hasi ginen. Matxura xelebrea izan zuen, kanbioaren atzeko desbideratzailea apurtu, irauli eta erradioetan sartu zitzaion, gurpila seko geratuz. Pirinioak zeharkatzen ari zen Mediterraneotik Kantaurira, akabo bere bidaia. Oloron gertu zegoela eta bertan bizikleta dendaren bat izango zuela esan nion, nahiz eta igandea izan. Eskerrak ez nuen halakorik izan bidaia osoan, zulatu ziztrin bat besterik ez.

Aurrera jarraitu nuen, halakoan baso eder batean, halakoan baserri eta soro artean. Nire erloju biologikoak bazkaltzeko eskari luzatu zidanean ordu biak inguru eta hurrengo herrixkara iristean jatetxe bila jo nuen. Baina frantsesen ordularia bestelakoa da, eta aurkitu nuen lehen jatetxeak itxia zeukan jada sukaldea. Beldurtu nintzen, igandea izanda, ea bazkaldu ezinik geratuko ote nintzen. Eta hori desastrea litzateke, helmugara ezin iritsi. Zorionez, kilometro gutxira zegoen Asasp herriko taberna zaharkitu batean bi urdaiazpiko bokadilo eman zizkidaten, jambon blanc; bai, bi, bizikletan ibiltzeak ematen duen gosea neurrigabea da, neroni beldurtzeko modukoa.

Taberna zahar hark Zegamako Kontsejua gogoratzen zidan, edota gurean 70-80ko hamarkadako estetikari eusten dioten taberna zahar horiek; egurrezko xaflak paretaren lehen metro edo metro eta erdian, eta goian ehizatutako animalien buruak. Eta telebistan Tourra. Barra-erdiko lehen ogitartekoa amaitzen nuen bitartean ikusi nuen Samuel Sanchezen erorikoa. Zorte hobea izango nuelakoan, kaskoa berriz ere jantzi eta aurrera.

Bazkaldu osteko lehen kilometroak kostata egin nituen, egia da 90etik gora neramatzala jada, baina Arette-en kafetegi polit bat ikustean barruan sartu nintzen birritan pentsatu gabe. Zerbitzaria atsegina zen eta nola edo ahala azaldu nion Luz-Saint-Sauverretik nentorrela eta gero Otsagin alboan nuela helmuga. Harridura keinuak egin zituen, eta eskertu nion, egiten duzunari meritua emateak norberari indarra ematen diolako. Euskalduna nintzela esan nion, eta apur bat zoratuta gaudela, vasco loco, Laisekari Luz-Ardidenen Armstrong-ek esan moduan.

Zuberoako muga

Eta Zuberoan sartu nintzen halakoan, eüskal bihotza, poz-pozik. Urteak ez nintzela hemen. Kantuan iritsi nintzen Atharratze ingurura, eta handik Larraine herrirantz. Aurki ekingo nion Iturzaeta (Larrau) beldurgarria igotzeari, Pirinioetako koefizienterik gogorrena duen mendatetzarra, 1996an Indurain menderatu zuena.

Mendate hasieran 135 kilometro neramatzan. Aurrean 15 kilometroko igoera. Bi ordu beharko ei nituen, irakurri nuenez. Larraine herrira arte ia 3 kilometroko pareta, bataz beste %10eko penditza, tarteka 12 eta 15eko zaplaztekoak. Herriko lehen etxeetan iturria, iaia bizikleta eta guzti sartu nintzen barruan. Tarte lasai baten ostean beste 7 kilometroko sufrimendua, hitzaren esanahi doilorrenean. Pedalkadak eman maldan behera ez joatearren, ez erortzeko. Aurki sartu nintzen lanbro eta zirimiri artean. Akabo sufrimendua ahazten laguntzen zuten ikuspegi ederrak, jatsi burua, heldu gogor bizikletari.

Erroimendi

Erroimendi gainean tarte lau bat, arnasa hartzeko edo, hartzerik balego. Lanbrorik ez balitz gailurra ikusi behar. Akaso hobe ez ikustea, jatsi burua, heldu gogor bizikletari. Blai eginda nengoen, arrazoiz esaten zaio gazteleraz zirimiriari calabobos, alua izatearen sentsazioa; nork bidali niduen bidai hau egitera, nork etapa horren luzea planeatzera. Azken kilometroa, 12 eta 14ko aldapa gogorrak, jatsi burua, heldu gogor bizikletari. Eta halakoan, ohartu gabe, Nafarroako gobernuaren turismo-iragarkiak. Gainean egongo nintzenaren sentsazioa akaso, amaitu zen eta malda. Haize gogorra, hotza eta euria. Izkina batean lehortu, arropa berria jarri eta argiak jarri nizkion bizikletari, jaitsieran autoek ikus nintzaten.

Azkar busti zitzaizkidan arropa lehorrak. Eta halakoan, tunel bat iragan, eta eguzkia. Tarteka Orhi ikus nezakeen, aitarekin orain hamar-hamabi urte igotako mendia, zelako oroitzapen ederrak. Apur bat gehiago jatsi eta argazkiak egiteko aprobetxatu nuen.

Orhi

Goitik beherakoan bidaiak bazuen jada zentzua, etapa luzeak bere meritua. Zeinen gustura pasa nituen Otsagi eta Ezkaroze. Hostal Salazarreko ugazabari aho txikiarekin esan nion Luz-Saint-Sauveurretik nentorrela 170 kilometroren ostean, astakeriaz lotsatuta, baina barrena... barrena poz-pozik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.