Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Bidean . . .

Irati Xtrem 2019, nire kronika

Mikel Lizarralde 2019/06/21 07:30

Iazko azaroan eman nuen izena Irati Xtrem martxa zikloturistara. Donostiako maratoi erdia eginda, edota egitear, erronka berriak bilatzen nituen 2019rako. Gero sortu zen Zegama-Aizkorri egiteko aukera, eta bi proben artean errekuperatzeko neuzkan 2 asteak. Zegama-Aizkorrin parte-hartzeak hainbesteko oihartzuna hartzen ziharduenez, bigarren mailan laga nituen bizikletako entrenamenduak. Guzti honi gehitu ostegun-ostiralean gaixo egotea eta ulertuko duzue zergatik joan nintzen Otsagabiara senideei esanaz "lasai, autobusak datoz atzetik eta edozein momentutan utzi dezaket".

Irati xtrem profila

128 kilometro, 3.600 metroko igoerak, tartean Errozate eta Iturtzaeta mendateak. Bizikletan gutxi ibili bazara, aste bi lehenago mendi-maratoi bat egin eta erdi gaixo bazaude, ez da egin beharko zenukeen zerbait. Gau ona pasa nuen eta optimista ekin nion martxari. Robot bat nirudien, denbora guztian pultsometroari begira, obsesio bakarrarekin: lasai, ez berotu, ordainduko duk bestela. Hasierako igoerak lasai egin nituen: Jaurrieta, Erremendia, Abaurreagaina. Orbaitzetan porlanezko baserri-bide busti bat igo genuen. Nahikoa lan ez erortzearekin. Hor egin zidan Dabidek lehen argazkia:

Orbaitzetako pareta

Otsagabiatik eguraldi onarekin irten ginen, baina Orbaitzetan zirimiria eta lanbroa geneukan jada. Azpegi igo genuen ondoren, handik Ezterenzubira jaitsiera arriskutsua, aldapara eta lur bustiagatik. Errobi ibaiaren iturburu inguruan, eskubira hartu eta Errozate igotzen hasi ginen. 10 kilometro eta, batez beste, %10eko penditza. Poliki hasi eta nire erritmoa zeraman taldetxo batekin egin nuen gorantz. Gailur guztietan erritu berbera: zira eta eskularruak jarri, kopeta lehortu eta betaurrekoi lurruna kendu. Behera iristean, striptease-a. Errozatetik aurrera, ordea, ibilbide gora-beheratsua geneukan, ezin jakin noiz erantzi arropa. Errozate - Surzai artean apur bat itotzen eta nekatzen hasi nintzen, eta, hara, anoa postu bat! Gutxitan jan dut hainbeste anoa postu batean. Hilabetean jan gabe nengoela zirudien. Bai ongi etorri zitzaidana.

Jaitsiera eskaxak zeuden muga inguruko mendate hauetan. Zuloz jositako lur-zoruak, errepide estuak, malda handiak eta zikloturista beldurtiak. Bagargiko errepide zabalxeagoa pozik hartu nuen, Iratiko txaleten inguruan. Handik Larrainera errepide zabala dago, baina nolako aldapa jaitsi genuen. Besoetako minez amaitu nuen. Larraine herrira iristean zain genuen azken mendatea, Iturtzaeta, Indurain garaitu zuen 15 kilometroko munstroa. Duela zazpi urte igo nuen, Piriniotara joan-etorria egin nuenean. Harrokeria gutxi Iturtzaetan. Igoera kronometratua zen, gehienok mantxo gindoazen, gehiago-gutxiago, baina tarteka bizi-bizi zihoan batek edo bestek hegan aurreratzen gintuen, kronoigoeran minutuko famaren bila.

Iturtzaetan gora

Nolako poza hartu nuen Iturtzaetako gailurrera iristean. Hunkitu egin nintzen. Azken mendatea igota, eskura neukan martxa amaitzea. Orhi magaleko tunela pasa, lanbroa eta zirimiria atzean utzi eta eguzkia irten zen. Azkar-azkar jaitsi nintzen Otsagabia aldera eta monumentu bat irabazi banu lez pasa nintzen helmugako arkutik. Poz-pozik nengoen, baina banuen hutsune bat. Zegama-Aizkorri ederra izan zen, besteak beste, oso babestua sentitu nintzelako ibilbide osoan zehar zeuden lagun eta senideekin; oraingoan bakarrik nengoen eta telefonoa hartu nuen berehala emazteari deitzeko. Beste lorpentxo bat patrikara.

Orhiko xoria

Lagun batek utzitako furgonetan egin nuen bidaia. Iturtzaetan nahikoa sufritu ez, eta gaua bere gailurrean pasa nuen, Orhi magalean. Iluntzean zakar zebilen haizea desagertua zen egunsenti ederrean. Agujetak kentzeko, Orhirantz jo nuen, duela 18 urte inguru aitarekin egin moduan. Igoera sinbolikoa izan zen, hein handi batean. Bezperan lanbroak ez zigun utzi paisaiaren edertasunaz gozatzen, igandean bai ordea. Nolako paraje ederra!

Orhi

Eta, orain, zer?

Uztailaren amaieran Getaria-Zarautz itsas-zeharkaldia egingo dut igerian. Baina, kirol-erronka gehiagorik ez, oraingoz. Urtarrilera arte ez daukat neurologoarekin txandarik. Bitartean, ingurukoak eta nire burua zainduz jarraituko dut. Asteazkenero botika jarriz, honek dakarren apaltasun dosi handiarekin. Biharamonak izugarri hobetu dira, baina astean behin oroitzen dut gaixotasun neurologiko degeneratibo, kroniko eta sendagaitz bat daukadala, Zegama-Aizkorri edo Irati Xtrem egiteak ez nauela suntsiezin bilakatzen. Hauskortasun horri umore eta aldarte onarekin aurre egin behar diodala. Etorkizuna ziurgabetasunez josia dagoela, horregatik, hemen eta orain, bizi!

Albisterik ez neurologoarenean, seinale ona

Mikel Lizarralde 2019/06/13 07:15

No news, good news. Horrela laburtu daiteke, gutxi gora-behera, neurologoak esandakoa. Duela sei hilabete ulertu genion hurrengo txandan erresonantzia egingo zidatela, hori baita buruan orbanak aurkitzeko modua. Esklerosi anizkoitzak erasoka egiten du aurrera, eta eraso bakoitzean orbanak agertzen dira buruan. Orbana ikusten da erresonantzian burmuinean inflamazio bat dagoelako. Inflamazio horren sintomak igarri ditzaket edo ez; hau da, bikoitza ikustea edota gorputzeko atal bat lokartzea igartzeko moduko zerbait da; baina igarri ez arren, inflamazio berri bat egon liteke burmuinean.

Esan moduan, erresonantzia egingo zidatelakoan geunden, eta egin ez didatenez, ba neurologoak ezer gutxi esango zidan sentsazioarekin nindoan Donostiara. Eta, berez, gauza gutxi esan dizkit. Erresonantzia urtero egingo didatela. Odol analisiak ondo daudela. Positiboa dela erasorik antzeman ez izana, botika eragina egiten egon daitekeenaren seinale.

Zein hitz gutxi esan eta nolako lasaitasuna trasmititu didan.

Ea kirola egiten jarraitzen dudan galdetu dit. "Erantzun laburra: bai", esan diot, eta Mariak albotik "kontatu, kontatuiozu". Zegama-Aizkorrikoa kontatu diot. Ondo joan zela, eta errekuperazioa espero baino hobea izaten ari dela, neke pixka bat izateaz gain, ez dudalako apenas agujetarik eduki. Esan ez diodana da lasterketa irribarre handi batekin egin nuela, lainoetatik gutxika jaisten ari naizela eta kalean oraindik jendeak zoriondu eta animoak ematen dizkidala. Ederra izaten ari dela.

Ekaineko albisterik onena da albisterik ez dagoela. Segi dezala lotan!

Zegama-Aizkorri 2019ko mendi maratoiaren nire kronika

Mikel Lizarralde 2019/06/05 08:35

Poz-pozik nago. Igandean Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaitu nuen. Bero sargoriak oraindik eta gogorragoa egin zuen; majo sufrituta helmugara iritsi nintzen arren, pribilegiatua sentitzen naiz eta uste dut mendian korrika egitea gustuko duen edonork egin beharko lukeela lasterketa hau behin, zorrotz entrenatuta. Nik neuk ezagutu dut jada eta ez dut hurrengo urteetako zozketetan tokirik okupatuko berriz, besteren batek izan dezala nik izan dudan zortea.

Aurreko egunak

Zertarako ukatu, urduri nengoen. Eguraldiaren iragarpena sarri begiratzen nuen, iganderako sargoririk egongo ez zen itxaropenez. Dozena erdi elkarrizketa egin zizkidaten pasa den astean eta baten batek pentsatuko du hedabideetan agertzeak presio gehiago eragingo zidala, baina ez zen horrela izan. Asko eskertzen diet hedabideei esklerosi anizkoitza ezagunagoa egiten laguntzearren.

Bitxia irudituko zaizue, baina bezperan txuleta-jana egin nuen unibertsitateko lagun batzuekin. Eta, aizu, bai ondo etorri zitzaidan tentsioa jaisteko. Lasterketaren estrategiarako ez zen onena izango horrela bazkaltzea, baina lagunekin berriketan eta barre apur bat egiten jardutea primeran etorri zitzaidan. Lagunak agurtu ostean Zegamara joan nintzen dortsalaren bila, ondoren, etxera.

Lasterketa

Seietan jaiki, gosaldu, motxila prestatu eta aitarekin Zegamarantz abiatu ginen. Elizaren atzean aparkatu, aldatu, beroketak egin eta irteerarantz. Aurreskua, Vangelisen Titans, tentsioa eta 9:00etan irteera. Bostehun lasterkarien artean azkena izan nintzen lasterketari hasiera ematen. Laurehun metroko bueltaxka bat herriari eman eta aldapan gora hasi ginen, Saadar alderantz. Jendetza hasieran orroka animoak ematen. Lehen bi kilometroak egin aurretik izerditan blai nengoen jada, eguzkiak parez-pare jotzen zuen eta.

Konturatu orduko Otzaurten ginen, hori jendetza zegoena, gero etorriko zenaren abixua. Aurreikusitako denboran iritsi nindoan eta mentalki errepasatzen nuen Ultzaman, Atabarretan eta Aratzen egin behar nuen denbora, Sancti Spiritura garaiz iritsi eta kanpoan ez geratzeko. Aurreko astean askok esan zidaten indarrak gordetzen joateko Urbia inguruan egon arte eta, ustez, hala nindoan, suabe antzean.

Zein paraje ederra den Otzaurtetik Aratzerakoa. Ez badakizu hurrengoan zein mendi-buelta egin, egizu hau, puntu horiak jarraituz, ez zara damutuko.

Basotik irten eta Aratzera igotzen hasi behar ginenean, hara, lehen sorpresa, han ikusi nituelako Maite, Beñat, Mikel eta Josu lankideak. Nolako poza eman zidaten. Lasai nindoan eta Beñatekin bromak eginez esan nien agur. Aratzen aurreikusitakoa baino minutu batzuk lehenago nengoen. Sancti Spiritura jaistean ezer arrarorik ezean, seguru nintzen lasterketa moztu aurretik. Poliki jaisten zen lasterkari baten erritmoa jarraitu nuen, utikan ahuntzen pare zihoazenak. Hiru ordu eta laurdenean zegoen Sancti Spiritun denbora-muga, eta hamabost minutu lehenago iritsi nintzen, ondo! Anoa postura iritsi eta gora begira geratu nintzen, hori jendetza zegoena. Pikutara beroa eta nekea. Irribarre handi batekin igo nintzen txalotzen ninduten guztien erditik. Gutxitan esan dut hainbestetan "eskerrik asko".

Aratzera igotzen

Hiru ordu laurdenean Aizkorrira iristen nengoen. Han ere jendetza. Eta hori emozioa koadrilakoak ikusi nituenean. Besarkada handi bat eman nien. Nolako poza eman zidaten. Puntan freskatu eta mendilerroa jarraitu genuen Irauleraino. Bidean Pablo ikusi nuen. Oso azkar ez gindoazen eta "begira, nire ama hor beheko baserri horretakoa da" esateko astia izan nuen. Gailurretan haizea zebilen eta giro atsegina zegoen.

Aizkorri puntan agurtzen

Hautsa arrotuz jaitsi ginen Irauletik Arbelarrerako senda lehorrean. Jaitsiera malkartsua da, poliki nindoan, eta lehen karranpa zantzuak igartzen hasi nintzen. Arbelarren arreba zegoen, besarkada handi bat, ura edan anoa postuan eta aurrera. Oltzeko bueltan bero handia egiten zuen eta bizitzan lehen aldiz karranpak eduki nituen, nolakoak, gainera! Geratu, luzatu, arnasa hartu eta segi aurrera. Poliki xamar iritsi nintzen Urbiara.

Hantxe nituen zain Txomin, Violeta, Jon eta konpainia. Txomini agindu nion The Loafeko kanelazko bollo bat ekarriz gero bertan jango nuela. Zalantza egin nuen hasieran, baina, bah! "Pikutara, ekarri hori!". Ederki sartu zitzaidan. Poz handia eman zidan haiek ikusteak. Eta baita metro batzuk aurrerago zeuden Unai eta Enekok ere.

Jon eta Txominekin Urbian

Andraitz igotzen hasi aurretik Bittor nuen berriz zain, mendilerroko azken zatia berarekin egin ostean lasterbidea hartu zuelako. Eta, halakoan, koadrilakoak ere bai, Aizkorritik jaitsita. Hor gindoazen bospasei lagun kamiseta berarekin korrika Andraitzerantz. Presidentea bere bizkarzainekin, edo halako zerbait. Egoera zoragarria iruditu zitzaidan. Eta pixka bat aurrerago arreba ikusteak borobildu egin zuen. Honek esan zidan beste gehienek baino aurpegi hobe neramala. "Horiek ez dute pasa orain hilabete gutxi nik pasa dudana", esan nion, harrokeriarik gabe, noski.

Bizkarzainekin
 

Andraitzen gora joan erritmo alaian igo nintzen Bittor eta Franek lagunduta. Goian biei agur esan eta beheranzkoari ekin nion. Hortxe pentsatu nuen, kitto, zailena egin dut. Hanka-sartze ederra. Aurreratu zidaten jaitsiera oso luzea egin daitekeela, eta nire kasuan asmatu zuten, berehala hasi bainintzen karranpekin, ezin korrika egin, hori ezintasuna. Dozenaka korrikalarik pasatzearen sentsazioa neukan. Apurka-apurka goibeltzen nindoan. Eta, halakoan, pinudi itxi baten erdian, "hemen eta orain, aupa Mikel!" orroa entzun nuen. Hara non, basoaren erdian, inor ez zegoen toki batean, Miren, Julen eta euren lagunak ni animatzen. Jaitsiera salbatu zidaten.

Erritmo oso lasaian nindoan aldapan behera. Azken kilometroan Aitzol eta bere familia ikusteak sekulako poza eman zidan, helmugaren aurrekaria. Zegama sarreran hantxe zegoen Edurne lehengusina, osaba, ama, ... helmugara emaztea eta bi alabekin sartu nintzen. Ezin pozari eta negarrari eutsi. Twitterren geroxeago esan nuen moduan, iritsi ginen, pluralean, denen artean eraman nindutelako irteeratik helmugara. Pribilegiatua naiz. Eta ez soilik lasterketa hau egin ahal izan dudalako, lasterketa hau horrela egin ahal izan dudalako baizik, horrelako babesarekin. Hori bizipoza!

Handia haiz @macmikel handia pic.twitter.com/kePXPeaquh

— Ander Garro (@werther000) 2019(e)ko ekainaren 2(a)

Esan gabe doa hemen aipatu ditudan guztiek kamiseta bera zeramatela. Halako talde sentsazio bat izan dut nire inguruan. Babestua sentitu naiz, maitatua, eta hori oso ederra izan da.

Nork esan behar zidan urtebete lehenago 2019ko Zegama-Aizkorri mendi maratoia amaituko nuela. Mila aurpegidun gaitza da esklerosi anizkoitza. Batzuengan gainbehera azkarra ikus daiteke. Nire kasuan diagnostikoa ez da muga izan mendi maratoi hau egiteko. Egin dudanak lagundu dezala hurrengoan gazte bati gaitza diagnostikatzean beldurra samurtzen.

Ondorengoa

Ez da Zegama-Aizkorri gehiago egongo niretzat lasterkari moduan. Bost axola egindako denbora edo hori hobetzeko desioa. Beste batzuek izan dezatela lasterketa hau barrutik bizitzeko zortea.

Eskerrak eman nahi dizkiet animatu ninduten guzti-guztiei. Muxu bana. Eskerrak, nola ez, antolakuntzakoei dortsala eman eta esklerosi anizkoitza ezagunagoa egiten laguntzearren. Eta eskerrik asko nire ahalegina ulertu eta esklerosi anizkoitza ezagunagoa bilakatzen lagundu duten hedabideei: Euskadi irratia, Eta kitto, Arrate irratia, Segura irratia, Noticias de Gipuzkoa, Euskal Telebista, Radio Eibar eta SER.

Aspaldi aipatu nuen Zegama-Aizkorri ez zela helburua, bitartekoa baizik. Ekaineko albiste garrantzitsuena ez dadila iragan igandekoa izan, 12an daukadan neurologoa baizik. Ea gaitzak lo jarraitzen duen. Horrela izatekotan, hori ere denok batera lortutakoa izango da

150 kamiseta

Mikel Lizarralde 2019/05/10 08:11

150 kamiseta erosi dizkidate. Hainbeste pertsonaren babesa jasotzeak ilusio handia egiten dit. Irribarre pixka bat gehiago egiteko motiboa. Izan ere, Zegama-Aizkorri maratoiko irteeran ez da ni baino alaiago egongo denik, seguru. Egunotan behin baino gehiagotan errepikatzen nabilen zerbait da duela urtebete pentsaezina zela mendi-maratoi bat egitea. Esklerosi anizkoitzaren diagnostikoak gurpildun aulkira kondenatuko ninduela segurutzat jotzen nuen barren! Eta, begira, ekainaren 2an munduko mendi-maratoi berezienetako batean egongo naiz. Nola ez naiz izango bada denetan alaiena!

Hori bai, egindako zarataren ostean ganorazko lasterketa egin nahiko nuke. Ez dut esango presioa sentitzen dudanik, baina ardura puntu bat badaukat. Lagun eta senideak bertan egongo dira, kamiseta eta guzti, eta haien aurrean ganoraz pasa nahi dut.

Ustez sasoi onean nago. Igandean egin nuen azken korrika saio luzea: 32km, lau ordu eskax eta 1.800 metroko desnibel positiboa. Apiril hasieran Mendaroko Kilimon Trail lasterketa egin nuen eta duela bi igande Zarauzko Pagoetakoa. Ea usteak ez diren ustel.

Ez dezadan ahaztu duela hilabete batzuk nioena: Zegama-Aizkorri ez da helburua, bitartekoa baizik, ondo egoteko, gozatzeko eta irribarre egiteko.

Bizi.eus

Kamisetari erreparatzen badiozue bizi.eus helbidea ikusiko duzue. Nagore lankideak prestatu didan webgunea topatuko duzue. Txoko hori aprobetxatu nahi dut gaitzaren inguruan zein nire bizipenei buruz modu ordenatuan jarduteko, blog hau alboratu gabe.

Zegama-Aizkorri mendi maratoian egongo naiz

Mikel Lizarralde 2019/04/15 09:04

Duela aste pare bat Zegama-Aizkorriko antolakuntzatik idatzi zidaten esanaz aurtengo lasterketan parte hartzeko dortsala ematen zidatela. Urtero ematen dute dortsalen bat nirea bezalako kausa solidarioren baterako eta aurten niri egokitu zait.

Zailena zirudiena lortu dut, orain zailena dena egitera, lasterketa gozatu eta amaitzera.

Animorik ez dut faltako. Pentsa, kamiseta bat eta dena prestatu dit Maite lankideak:

Zegama-Aizkorri kamiseta

Senide eta lagunei saltzen dihardut 10 euroan. Eta sobratzen dena ADEMGIri, Gipuzkoako Esklerosi anizkoitza dugun gaixoen elkarteari, emango diot.

Zuk ere kamiseta bat nahi baduzu, idatzi mikellizarralde (a bildua) gmail.com eposta helbidera, mutila edo neskaren modeloa eta zer neurri nahi duzun esanaz. Neurrien inguruko informazioa hemen dago: mutilena eta neskena. Baldintza bakarra kamisetaren bila Eibarrera etortzea da.

Apirilaren 22a duzu azken eguna idazteko, kamisetak egiteko denbora egon dadin. Maiatzean zehar jasoko ditugu kamisetak.

Eta, bestela, Zegama-Aizkorririren ibilbidean zehar ikusiko gara! Eskerrik asko aldez aurretik!

Esklerosi anizkoitza, kirola eta bizipoza

Mikel Lizarralde 2019/03/06 07:51

Izenburu horixe zeukan hitzaldia eman nuen atzo Eibarko Klub Deportiboan, 2019ko mendi jardunaldien baitan. Lan kontuengatik hitzaldiak ematera ohituta nagoela esan dezaket, baina kontu pertsonalei buruz lehenengo aldiz hitz egiten nuen. Dena kontatu nahi, aspertu barik. Behean duzuen hitzaldiko bideoa, Deporreko lagunek grabatua (baita hemengo argazkia ere). Ni neu pozik geratu nintzen, ea gustuko duzuen:

Urtebete pasa da

Mikel Lizarralde 2019/02/07 19:10

Gaur urtebete esan zidaten mielinari erasotzen zion gaitz bat daukadala. Gaur urtebete egin nuen topo Interneten esklerosi anizkoitzarekin, eta berarekin datozen hitz zamatsu horiekin: sendaezina, kronikoa, degeneratiboa. Gaur urtebete gurpildun aulkiak sustoa eman zidan.

Igandean, otsailaren 3an, San Blas egunean, bete zen urtebete sintomak igartzen hasi nintzela. Efemeride pertsonal hau ospatzeko urtebete lehenago egindako mendi-buelta berdina egin nuen Topinburu eta Galdaramuñon zehar. Efemeridea ospatzeko eta, oraingoz, espero ez bezala doazela gauzak, hemen eta orain ondo nagoelako.

Diagnostikoa jasotzean neukan sentsazioa zen ordura arteko bizitza amaitua zela. Akabo maratoiak. Akabo bizikleta. Akabo abenturak. Eta galdera berri mordoa. Umeak ganoraz zaintzeko gai izango nintzen? Emazteak nirekin jarraitu nahiko ote zuen? Lana egiteko gai izango nintzen? Denborak ematen duen perspektibarekin jabetzen naiz lorpentxoak funtsezkoak izan zirela. Pixkanaka-pixkanaka helburuak lortzen, aurrera egiten. Urtebetera ohartzen naiz zein garrantzitsuak izan ziren, eta diren, bizipoza berreskuratu eta mantentzeko.

Optimismo egoera honek narama erronka berriak bilatzera, lorpentxoen katalogoa handitzera. Orain arte egin ez ditudan erronkak egiten zaizkit interesgarrien. Aspalditik begiz jota nituen kirol probekin hasi nintzen amesten, tartean Zegama-Aizkorri maratoiarekin.

Urtarrilaren hasieran, nahiko modu xaloan txio hau bota eta sekulako oihartzuna lortu zuen. Ez nuen berehalakoan espero gero etorriko zena:

Ez dakit esklerosi anizkoitza duen inork amaitu ote duen lasterketa hau. Ez bada hala, lehena izan nahi dut @ZegamaAizkorri amaitzen. Dortsala tokatuz gero, klaro! https://t.co/bhoeGxVoLx

— Mikel Lizarralde (@macmikel) 2019(e)ko urtarrilaren 7(a)

Gero etorri zen Euskadi irratiko Faktoriako elkarrizketa, Eta kittokoa, eta jendeak eman didan harrera beroa. Izugarri eskertzen dut jendeak emandako babesa.

Zergatik Zegama-Aizkorri? Batetik, ez dudalako inoiz egin eta, bestetik, amaitzeko gai ikusten dudalako nire burua. Munduko errespeturik handienarekin, ondo entrenatuta, egingarria da.

Dena den, konfesio bat. Lorpentxo hauek, Zegama-Aizkorri, ez dira helburua, helmuga, bitartekoak baizik, osasuntsu mantentzen laguntzen didate, gaitza geldi dagoela gogoratzen, bizipoza izaten. Bururik ez dut galdu nahi, burua sano mantentze horretan.

Nepalera joan nahi dut

Mikel Lizarralde 2018/12/12 07:50

Zer pentsatu ote zuen neurologoak esan nioenean Nepalera joan nahi dudala trekking egitera? Eta, Pirinioak bizikletan zeharkatu nahi ditudala esan diodanean? Gaixotasuna ez da muga, astero hartzen dudan botika baizik, hotz mantendu behar delako, eta zenbait bidaia motatan, ezin. Tira, nik ez nion hori esan medikuari bidaia horien plangintzan buru-belarri nagoelako. Intentzioen deklarazio bat izan zen. Nire egoera fisiko eta animikoaren adierazlea, nolabait. Mariak, nire emazteak, errieta egin zidan kontsultatik irtetean, hurrengoan medikuak amaitzean egiteko komentario horiek eta ez hasieran, jokoz-kanpo utzi nuelako. Baina, nolako gogoa neukan neurologoari esateko primeran aurkitzen naizela!

Ondo nago, baina neurologoak ondo nagoela esatea behar nuen. Baieztapen medikoa. Ziurtagiria. "Sano nago" txapa paparrean jartzea. Azaroaren 28an geneukan txanda. Eta ordurako eginda beharko zukeen erresonantzia magnetikoak. Baina atzeratuta dabiltza Osateken. Erresonantzian ikusten da ea gaitza bizirik dagoen edo lo, ea orban berriak dauden, edota zaharrak esnatu diren. Funtsezko froga hori gabe ere, neurologoak esan zidan hobeto nengoela, begiak hobeto ditudala. Ondo, beraz. Baina mesfidati nengoen, erresonantziarik gabe, badaezpada.

Irailetik izugarri hobetu da nire egoera fisikoa zein aldartea. Orduantxe elikadura zaintzen hasi nintzen. Neurologoek onartzen dute konexioa ei dagoela esteen eta immunitate-sistemaren artean. Baina ez daukate nahikoa ebidentzia esateko elikagai hau ona da eta beste hau txarra. Horregatik, nutrizioan aditua den lagun batekin dietan jarri nintzen, bizitzan lehenengoz. Glutena kanpora eta karbohidratoak asko murriztu, energia proteinen eta grasaren bidez lortuz. Bospasei kilo galdu ditut geroztik eta burua argiago daukat, azkarrago dabilkit.

Kirolean ere sasoiko nabil, lorpentxoz lorpentxo. Azaroaren amaieran maratoi erdia amaitu nuen Donostian. Irteeran ez zegoen ni baino poztasun gehiago izango zuenik, eta helmugan gutxi izango ziren. Nork esango zidan otsailean hau egiteko gai izango nintzela!? Erritmo lasaian hasi genuen lagun batek eta biok lasterketa, eta indartsu amaitu, bizi-bizi. Hurrengo larunbatean Baztan eta Baigorri inguruan ibili nintzen 4 orduz bizikletan (Artesiaga, Urkiaga, Izpegi), bidean ardi gehiago ikusiz kotxeak baino, ze paraje ederra!

Ez dakit elikadura aldaketa den, pisua galtzea, kirola edota botikaren eragina. Meritua zerena den niri bost. Primeran nago, hori da kontua. Horregatik, gauzak hain ondo daudela ikusita, kezka puntu bat neukan. Urtarrilean emazteari esaten nion inoizko sasoirik onenean nengoela, eta gero etorri zen erauntsia. Berriz berdina gertatuko ote zitzaidan?

Pasa den astean egin zidaten erresonantzia, Eibarren egin diguten anbulatorio handi berri horretan. Eta ostiralean deitu zidaten Neurologia sailetik esanaz emaitzak onak zirela, gaixotasuna geldi dagoela. Ze poz handia eman zidan hitz gutxitan erizain hark. Eta, horrelaxe jarraitzen dut, poz-pozik, bizitzan tokatu zaizkidan karta hauei eskerrak emanaz. Familia eta lagunez gozatzeko asmotan. Nepalen mendi buelta bat eman eta Pirinioak bizikletan zeharkatzearekin tematuta. Optimista. Gaitza edozein momentutan esnatu daiteke, edo ez, baina ez nau kopetilun aurkituko eta eroriz gero, berriz gora. Gora bizipoza!

Parazetamola hartzea ahaztu nuenekoa

Mikel Lizarralde 2018/10/17 08:41

Aipatu izan dut jada asteazken iluntzean jartzen dudala botika. Apur bat lehenago parazetamol bat hartzen dut, eta hurrengo goizean beste bat. Helburua da botikaren albo-eraginak gutxitzea, biharamun txikiagoa izateko. Zorionez, OSTEGUNAK osteguntxo bilakatzen ari dira eta askoz eramangarriagoak egiten zaizkit.

Anekdota moduan, pasa den asteko ostegunean guztiz ahaztu nuen parazetamola hartzea. Seinale ona! Horrela jarraitu dezala.

Bestalde, gaixotasuna duten beste pertsona batzuen bizipenak ezagutu nahian dihardut. Hasiera xamarrean beheko bideoa ikusi nuen. Ramon Arroyok esklerosi gogor xamarra izan zuen, baina hala ere Ironman bat egiteko gai izan zen. Hauspoa eman zidan, nahiz eta ez daukadan triatloi bat egiteko inolako asmorik:

Orain gutxi irakurri dut bere liburua, "Rendirse no es una opción", eta pasarte hau izugarri gustatu zait:

"... nork esan behar zidan gaixotasun honek hainbeste poztasun ekarriko zizkidala. Esklerosi anizkoitza izateko zortea izan dut hau guzti hau bizi ahal izateko. Argi neuka, eta daukat, gaixotasunik gabe ez nituela erronka hauek jarriko eta une hauetaz gozatuko".

Bada, hori, erronkatxoak eta irribarre batekin aurrera ;-)

Ramon Arroyo aipua

Orain eta hemen, ondo nago

Mikel Lizarralde 2018/08/31 07:25

Batez beste mila pertsonatik batek daukagu esklerosi anizkoitza. Gutxi gora-behera, Eibarren hogeita zazpi izango gara. Gipuzkoan zazpiehun. Euskal Herrian hiru mila. Ez gara gutxi. Eta ez ditut zenbakiak aipatzen "jo, zergatik niri?" galdetzeko. Horri ez diot batere bueltarik ematen.

Hain gutxi ez bagara, zergatik ez dugu gehiago ezagutzen gaixotasun hau? Urte hasieran esklerosi anizkoitza nuela esan zidatenean nire burua gurpildun aulkian ikusten nuen berehala. Hilabete gutxiren buruan Donostiako maratoia egitetik gurpildun aulkira.

Mila aurpegiko gaixotasuna esaten diote. Batzuk gainbehera azkarra daukate, beste askok ez. Botikak ez dauka eraginik batzuengan eta erasoak dituzte sarri, beste batzuei izoztu egiten zaie gaitza.

Apirilean uztaileko Getaria-Zarautz igeri-zeharkaldira apuntatzean pentsatu nuen "ea iristen naizen". Eta iritsi nintzen. Baita Hiru Erregeen Mahaiko tontorrera eta Santa Klara Irlako zeharkaldira ere. Eta kanpin-denda batean primeran igaro ditut oporrak emaztea eta umeekin. Gainera, asteazkenero hartzen dudan botikara ohitzen hasia naiz eta ostegunetan ez dut biharamun handiegirik izaten. Zenbat bider esan ote dut uda honetan "horrela geratu nadin!". Hurrengo azterketa medikoa azaroan daukat. Arrazoia izango zuten medikuek, bizitza normala.

Esan nahi dudana da ondo nagoela. Gaur eta orain. Ziurgabetasunari eta etorkizunak ekarriko didanari buelta lar eman gabe. Bihar, etzi, auskalo. Zertarako kezkatu.

Batzuetan entzun izan dut esklerosi anizkoitza dutenek halako erresignazio bat eduki behar dutela, bizitzan karta txarrak tokatu zaizkiela. Nik begiratzen diet nire familiari, emazteari, alabei, lagunei eta lanari eta karta onak ikusten ditut, oso onak. Nahiago nuke gaitza ez eduki, noski, baina oraingoz bertsio suabea tokatu zait. Zer esango lukete Ander Izagirreren Potosi liburuko meatzariek nire kartak ikusiko balituzte? Edota Europara etorri nahi duten migratzaileek, gaixotasun larri batek hilzorian duenak, ... Balio dezala esklerosi anizkoitz alu honek daukadana (eta daukaguna) pixka bat gehiago baloratzeko.

Optimista naiz, eta horrela nahi dut jarraitu. Nire lorpetxoekin jarraitzen dut, pozik bizitzen, irribarre batekin.

Aurkezpena

Bidean...

Mikel Lizarralde naiz, 80an jaiotako eibartarra. Marketin lanak edo egiten ditut.

Hemengo eduki guztiak CC-BY-NC-SA lizentzia dauka.