Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Noticias de Gipuzkoa jaio da

Mikel Iturria 2005/11/24 07:00

Iritsi da eguna. Hau idazten dut Noticias de Gipuzkoa periodikoaren lehen zenbakiaren ale bat aldamenean dudala. Donostiako Tabacaleran (arrotza zait Tabako-Etxea esatea) aurkeztu dute. Berandu iritsi naiz, ordu erdi pasa baitut ilaran zain autoa parking-ean uzteko. Tabacalera barrura sartzerakoan konturatu naiz zergatik izan ditudan hainbeste zailtasun autoa aparkatzeko: jendetza zegoen bertan. Juan Zelaiaren azken hitzak entzuteko aukera izan dut. Hobeto esanda: Juan Zelaia tarima gainean ikusteko aukera izan dut. Baita Arantxa Calzada esataria ere, itxuraz aurkezle lanetan aritu dena. Mariano Ferrer ere bai. Ondo aritu omen da, gainera. Hau da: beti bezala. Pasa den igande eguerdian deskubritu nuen erredakzioa etxe aldamenean dagoela. Eta igande goizean konturatu nintzen, zeren eta astearen amaieran jarri zituzten leihoetan logoak. Azken ordura arte, gauza guzti hauek ezkutuan egin dituzte. Lagunen bat baino gehiago tartean egon bada ere, ez dit ezer aipatu.

Hilabeteak (urteak) pasa ditut entzuten Gipuzkoan periodiko berri bat sortu behar zutela diarioari aurre egiteko-edo. Mundu nazionalistatik sortuko zela esaten zuten. Ikutu aurrerakoia izango zuela ere bai. Lehenengo zenbakiarekin ezin gauza askorik esan, produktuaren aurkezpena baita. Bigarren zenbakitik aurrera ikusiko dugu.

A priori, niri oso ondo iruditzen zait horrelako proiektu bat sortzea Gipuzkoan. Nafarroan Diario de Navarrari aurre egin dion enpresa bera izatea ere kontutan hartzekoa da. (Bai, badakigu Gipuzkoa is different).

Euskarari kasu pizarren bat egiteko asmoa ere ba omen dute. Webgunean behintzat, atzeratuta dugu euskara. Zaila ikusten dut alde horretatik zeozer aurreratzea.

Goizean, lanera joan aurretik, etxe aldamenean dagoen Viajes Halcón bidai agentziak duen bulego paretik pasa naiz eta lurrean ikusi ditut ABC eta El Mundo. Hoteletan, tira, baina bidai agentzietan ere harpidetuta daude kanpoko prentsara?

Beno ba, publikoki adieraziko dut hemen: ez naiz harpidetuko (ez zait gustatzen, nahiago dut ni egunkari bila joatea), baina hurrengo 100 egunetan egunkaria erosteko konpromisoa hartzen dut lerro hauen bidez.

Berriakoei: bai, zuena ere erosten jarraituko dut.

Zuzenketa: atzo aurkezpen ekitaldian banatu zutena, ez zen izan gaur kioskoetan banatu duten egunkaria, periodikoaren barrukaldeko koadernilloa baizik. Beraz, kioskoetara iritsi da gaur periodiko normala gehi produktuaren aurkezpena.

Ah! Eta, irakurri dudanez, atzo Pablo Muñozek (zuzendaria) eta Arantzazu Zugastiek (zuzendariaren ondokoa) ere parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian.

Eusko blogariak gara…

Mikel Iturria 2005/11/20 12:35

Asko maite dut Arantxa Iturbe. Goizez Jaimerekin egiten zuen programa egunero entzuten nuen garai batean. Orain Arratsaldekoa gidatzen du Euskadi Irratian. Gutxitan entzuten dut, lan arrazoiak direla medio, baina normalean gustura. Ostiral honetan euskal blogosferari buruzko irratsaioa egingo zutela irakurri nuen eguneko korrespondentzian (serio hitz egiten hasi beharko dugu: e-mailak korrespondentzia dira) eta irratsaioaren berri izan nuen Sustaturi esker. Etxean, ordenagailuaren aurrean, irratia piztu eta adi-adi jarri nintzen. Laburbilduz: gehiago espero nuen.

Gehiago espero nuen bai. Kontutan hartu beharra dago, noski, blogari onak ez duela ziurtatzen ahozko komunikatzaile ona. Idazle franko dago adibide gisa, baina entzun nituen blogariak gustura entzun nituen. Arantxak esandakoak, berriz, gutxitan atera ziten topikotasunetik.

Gaztelumendi gonbidatu zuten gidari. Iturbe alde batean eta Gaztelumendi bestean. Joño! Aldez aurretik, gauzak ondo joango zirela ematen zuen, baina ez zen horrela izan. Patxi haserretu egin zen bere blogean irakurri dugunez. Arrazoia badu Patxik: nolatan galde dezake literaturzale batek "zenbat denbora galtzen duzu blogak irakurtzen edo idazten?".

Denbora galtzea da blogak idaztea, blogak irakurtzea. Bai, ados… eta nobelak irakurtzea, eta telebista ikustea, eta irratia entzutea, eta trago batzuk hartzea, eta gimnasioan aritzea, eta Anoetara joatea, eta kontzertu bat ikus-entzutea, eta txortan egitea, eta lagunekin eztabaidatzea, eta...

Ez gaituzte serio hartzen. Ulertzen dut Gaztelumendiren haserrealdia. Bera gidari eraman eta apenas sartu baitzuten saioaren harian.

Saioa amaitu ondoren, Eibar.org-ekoen afarira joan nintzen. 22 lagun, blogari eta ez-blogari, elkartu ginen Eibarko Bomba soziedadean. Guapoak, listoak, altuak, hitzontziak, isilak, alferrak, mutilak, neskak, eibartarrak, eibarnautak… denetarik. Eta oso gustura egon nintzen.

Hurrengo batean Arantxa Iturbe gonbidatu beharko dugu... eta Patxi Trapero, eta Katixa. Eta ea Markos behingoz agertzen den.

Hilaren 27an Bilboko B & B izango da, irratia.com-ek antolatua (zorionak bosgarren urteurrenean), euskal blogosferaren bigarren topaketa. Pena da, baina ez naiz agertuko. Egun eta ordu berean Anoetako Estadioan Reala-Real Madrid futbol partida. Hurrengo batean izan beharko du.

Ostras! Blogaria eta futbolzalea? Bai, eta?

Eusko Blogariak gara
Euskadi askatzeko
irrintzi ba-ke-txuta...

Izan dira egun hobeak

Mikel Iturria 2005/11/17 06:00

Bai, horrela da. 9:45etan

Bilera batean sartu naiz. Ohikoa ez bada ere, berandu iritsi naiz. Bi ordu malamentian eztabaidatzen ibili ondoren bukatu da kontua. Beste bizpahiru bilera atera zaizkigu bertatik.

12:30etan

Kalitate kontu batzuen aurkezpena. Ordu eta erdi power-point fitxak ikusten.

14:30etan

Bazkaria tirripa-tarrapa.

15:00etan

Segi lanera. Ireki e-mailak. Tira, gehiago espero nituen. Telefono-deiren bat ere egin behar izan dut.

15:40etan

Autobus geltokira. 16:00etan nuen hitzordua. Garaiz iritsi naiz orain. Duela urtebete pertsona bat hil zitzaigun zentruan derrepentean. Ama bizi da. Laurogeitaka urte dituen emakume hau gaur ezagutu dut. Alarguna. Semea burutik kendu ezinda bizi da. Pena eman dit. Ez du apenas inorekin harremanik. Ez da etxetik ateratzen. Goizean pertsona bat joaten da etxeko lanak eta mandatuak egitera. Gauez beste pertsona batek zaintzen du. Ezagun batzuk joaten zaizkio bisitan noizean behin.

Diru prolemarik ez, baina kanposantuko aberatsa izan nahi duenaren traza hartu diot.

17:00

Amaitu da lana. Goiz atera naiz gaur.

17:30

Lagun batekin hitz egin dut eta esan dit aita duela ospitalean. Larri dabil gizona, baina aurrera aterako denaren itxaropena dute.

18:00

Hitzordua ordenagailu berria erosi dudan dendan. Ilunabarra teknologia berriekin pasa dut borrokan. Ez dakit irabazi ote dudan. Oraindik ez definitiboki behintzat.

21:00

Afaria. Bazkaria baino lasaiago.

22:00

Beste lagun baten telefono deia. Honek ere desgraziyak kontatzeko. Ez ziren besteak bezain larriak, baina baziren desgrazi.

Espainiak mendean hartu du Eslovakiako futbol selekzioa.

Amaitutzat eman behar eguna.

Izan dira egun hobeak.

Tungsteno koloreko zerupean euskararik ez

Mikel Iturria 2005/11/16 00:00

Aste bukaera Espainiako kirol selekzio askoren egoitza ofiziosoa bihurtu den bainuetxean egon ondoren, igande iluntzean Bilboruntz abiatu ginen. Kafe Antzokiaren aldamenean dagoen hotelean gauzak utzi ondoren, Zazpi Kaleetan barrena galdu ginen. Eguraldi tristea izan dugu asteburuan. Tristeago etorri naiz ni berriro frogatu ondoren euskara apenas entzuten dela euskal hirian. Goian bego. Zazpi Kaleak

Domeka arratsaldeko eguraldiak jendea etxean utzi zuelakoan nago. Apenas zebilen-eta gizakirik kale horietan. Kalderapekon hartu genuen tragoa. Builoso batzuk bazebiltzan. Bazkalostea bapo luzatzen. Plaza Barriko taberna gehienak itxita edo ixtear zeudela, Boulevard kafetxean hartu genuen zeozer. Hotelera segidan. Kafe Antzokian kontzertua zegoen eta goiz hoteleratu ginen.

Albia

Astelehen goizean, jaiki ondoren, hotelaren atarian La Razón eta ABC periodikuaren aleak barra-barra. La Vanguardiaren aleren bat eta Deiaren beste batzuk.

Café Iruñan gosaldu dugu. Han ikusi dut lehen aldiz 20 minutos paperean.

Zubiarte

Zubiarte merkataritza gunearen tripetan galdu gara. Sartu eta Andoni Zubizarretaren argazki batzuk agurtu gaituzte. Zubiarte honetan, Aretxabaletako atezainak zerikusia izango zuelakoan nengoen, baina ez. "Euskadiren 5 aupegiak. Ekintza solidarioa" ekimenaren boskoteko kide genuen Andoni. Gainerakoak, Ainhoa Arteta, Kepa Junkera, Martin Berasategi eta Joane Somarriba. Bakoitzak gobernuz kanpoko erakunde bat babesten du. Bezeroek botoa eman behar dute ("gogoratu… zure botoarekin euskal keg batek 1 euro jasoko du"). Hilabete bukaeran botoak zenbatu eta diru hori emango diote elkarte horiei.

Hantxe geundela, azken pisura igo gara. Kafetegian Guggenheim Bilbao museoaren parean jarri gara aperitiboa hartzera. Bi eraikinen tartean lurzoru hutsa dago. Gutxi faltako zaio betea izateko. "Vallehermoso" dioen letrero urdin erraldoia ikus daiteke. Amenabar dio kartel txikiagoak. Barrakoiak, putzuak, lokatza, hondea-makinak, garabi mugikorrak, obreroak, enkargatuak, autoak… eta gu begira… Noizbehinka Bilboko tranbiaren bat pasatzen zen.

Azken geltokia

Gobernu Delegaziordetzaren aldamenean dagoen Elkar dendara sartu naiz. Han ere euskara gutxi entzun dut. Berezoen matraka gaztelerazkoa zen.

Abandoko batzokian hartu dugu beste tragoska bazkalaurretik. Han ere ni bakarrik euskaraz kamareroarekin. Gainerako bezero guztiak erdara batua perfektua darabilte. Y es que los vascos hablamos castellano cojonudamente... Euskadik behar zaitu zioen kamareran elastikoak.

Bazkalondoren, Gran Via kalean, Foru Aldundiaren balkoi batean-edo: Bakea behar dugu. Necesitamos paz lelodun pankarta.

Hau da

Badakit Ñoñostira egunpasa etorri eta euskaldunek nik Bilbon bizitakoaren esperientzia berdintsuarekin joan daitezkeela etxera. Bai, badakit. Irungoa naiz ni eta badakit zer den euskaldunik ez egotea inguruan.

Baina, triste utzi nau tungsteno koloreko zerupean euskararik ez ikustea, ez entzutea (apenas).

Nola idatzi behar da blog batean?

Mikel Iturria 2005/11/10 00:00

Gaur arratsaldean egon naiz berbetan lagun batekin. Ez dut izenik hemen aipatuko, baina ezagutzen nauzuenok jakin dezakezue nortaz ari naizen, esaten badut tipoa kazetaria dela eta webgune pertsonala duela.

Webgune horretan egunero idatzi izan du azken bost urteetan. Martxa politta! Hala ere, egun batzuk barru, webgune hori blog komunitate ttikia bihurtuko da. Eta nire lagunak blog bat izango du eta ez XX. mendeko webgune zaharkitua.

Azken egun hauetan proba batzuk egiten ibili naiz eta egunero berak idazten zuen artikulua jarri dut oraindik probatan dagoen toki ezkutu batean. Aipatu diot: "Uste dut beste modu batez idatzi beharko duzula". Hasi naiz, telefonoz, gauza horiek kontatzen eta berak ezetz, ez duela ezer aldatuko. Nik esan diot negritak sartu behar dituela, loturak egin beharko lituzkeela. Eta berak ezetz, berriro.

Etorri zait burura duela zenbait hilabete 53 tako bete berri dituenak idatzi zuela dekalogo bat edo horri buruz, baina ez dut aurkitu (presaka ibili naiz). Zeozer topatu dut Orihuelaren blog-ean, baita Salaverria irakasleak idatzitako liburu baten aipamena ere.

Baina ez da hori nik nahi nuena. Saiatu naiz lagunari adierazten zer ostia den Bloglines. Hau da, norberak aldez aurretik erabakitako iturrietan buskan dabilen zerbitzua. Horrela 100 blog jarrai ditzakezu (edo gehiago). Ez duzu banan banan arakatzen ibili behar aipatu helbideetan. Jario bilatzaile hauen bidez zure ohiko ordenagailu(et)an (edo nonahikoetan) zuk nahi duzunean begira ditzakezu azken berriak eta erabaki irakurriko ote dituzun edo ez.

Dena alferrik izan da. Lagunak esan dit periodikuan aspaldian izan zutela horri buruzko eztabaida. Hau da, kazetari edo zutabegile batzuk izen-abizenekin negritak jartzearen alde agertu izan zirela bere garaian. Bera ez da, esan bezala, horren aldekoa.

"Papera papera da. Internet internet" nik. Nipadios! Badakit periodikuetan ez dagoela ondo ikusia negriten kontu hori. Gure lurralde honetan, Gipuzkoan, Miguel Vidaurre kronistak jarri al zuen ohitura hori? Ez dakit berak jarri ote zuen, baina irakurle askok begiratzen zuen ea nor agertzen zen eguneko zutabean. El Mundon, adibidez, Paco Umbral izan omen zen negritak erabili zituen lehenetariko zutabegilea.

Nik idazten ditudan kontu hauek nork demontre irakurriko ditu? Oso jende gutxik. Lana aurreratzen badiet zenbait negrita jarriz, zenbait lotura eginez, hobeto, ezta? Hala uste dut nik, baina ez dut uste lagunak iritziz aldatuko duenik.

Harkaitz Canoren azken ipuin-bilduman gehien gustatzen zaidan ipuinaren izenburuaz akordatu naiz: Ez zaie errazegi jarri behar.

Profana Rock jaialdia Donostian

Mikel Iturria 2005/11/08 00:00

Atzo eguerdian etxetik kanpo bazkaldu nuen Diario Vasco (amen) berripapera begien aurrean nuela. Realari buruzko komeriak, Ormaetxearen familiak eskerrak eman nahi zizkiola Gipuzkoako zalegoari, pisuen sal-erosketak iragartzen dituzten orriak (koadernilloa oso-osorik, irakurri gabe, aurrera), Chirac-ek hartu duela Parisko eta Frantziako beste hiri handietako banlieutan gertatzen ari denaren gaineko kontrola… Betikoa ez dakit, baina, tira, espero nuena.

Kultur orrialdetan hartu nuen ustekabea. Profana rock: maratón ruidista. Ruidista bada zein Iñaki Zarata baino hobea horren berri emateko (barkatu txiste txarra).

Soziedad Alkoholika taldeari buruz dioenak harritu nau. Profana rock du izena Murtziako ero batek, lagun batzuekin, martxan jarritako lau kontzertu erraldoi biltzen dituen kartelak. Azaroa-abendua bitartean Espainiako rock latza egiten duten talde punteroak bildu dituzte. Tartean bi euskal talde: SA eta Barricada.

Hara zer dioen Soziedad Alkoholika taldeari buruz:

"Askok talde honi betoa ezarri dionez, nik argi eta garbi esango dut: lau kontzertuetan joko dute porkojones. Asko maite dut Euskal Herria, lurralde indartsua da eta SA taldea gustatzen zait. Hemen, Murtzian, betoa jarri zieten; eta jarri zieten diot, zeren eta hemendik aurrera amaitu egin da hori. Nire kargu: Profana jaialdiaren hasieran arituko dira nire hirian. Eta Espainiako Corte Inglés denetan jarri ditugu sarrerak salgai, toki guztietako jendeak erraztasunak izan ditzan".

Bejondeiola tipo honi. Ez dakit nor den, lehenengo aldiz izan baitut haren berri. Horrela bai egin dezakegula aurrera. Euskal Herriko kontzertua Donostiako Illunbeko zezenplazan izango da abenduaren 17an. Sarrerek 35 euro balio dute aldez aurretik eta 40 takilan. Bertara joateko gogoa piztu dit Pedro Alonso, El profanak kontatzen zuenak.

Jaialdiari buruzko informazio gehiago

Pablo Liquido

Mikel Iturria 2005/11/06 10:41

Tira, agian Frantziako istiluetaz hitz egin beharko nuen hemen, baina Anjel Lertxundik ederto laburbildu du arazoa. Edo Ana Malagonek aipatzen dituen gazte mileurista-karreradunei buruz. Baina ez: atzoko Berria egunkariaren barruko Tartean irakurritako elkarrizketa ekarriko dut hona. Izenburua "Ez dut ospetsu izan nahi". Asier Azpilikueta kazetariak Pablo Liquido nafar musikariari eginikoa da. Bizikleta gainean ari nintzen kiroldegian eta dena irakurtzeko astia izan nuen likidoak (eta solidoak) botatzen saiatzen nintzen bitartean.

Pablo Gortari Arrizabalaga izen-abizenak ageri dira Erregistro Zibilean eta Iruñean jaio zen 1972an. Pablo Liquido du izen artistikoa. 502 emanaldi egin ditu 1999tik 2005eko urriaren bukaera arte. Media izugarria da: 2 kontzertu baino gehiago astero. "Bai, astakeria da. Astean, bi kontzertu eta erdi. Hori ez du inork ere egiten. Baina beharrak hala agindu du. Inoiz muntaia handiagoak egin izan ditut Gaiarren eta Artsaian, eta diru asko galdu dut. Beraz, nahi baino gehiago egin behar izan dut lan, zulo horiek estaltzeko".

Queen taldea eta Freddy Mercury musikariaren zale amorratua da Pablo. Abenduaren 1ean estreinatuko du Zizur Nagusian Mi historia de Queen ikuskizuna.

"Queen taldearen kantak abestuko ditut, orden kronologikoan, eta, kanten artean, haien historiaz hitz eginen dut, eta hausnarketa eginen dut famaz, diruaz, musikaz eta glamour-az".

Ikuskizun hori antzoki eta auditorioetan emateko asmoa badu ere, bere eremu naturala tabernak dira, baina "tabernak jende guztiari daude irekita, eta era guztietako pertsonak sartzen dira. Eta batzuekin bertzeekin baino okerrago moldatzen naiz. (...) Nire 502 kontzertu horietatik, 460 borroka latzak izan dira".

Gai hau gustoko dut. "Interesik ez dutenek ez ohi dute arazorik sortzen. Protagonista izan nahi dutenek, horiexek sortzen dituzte arazoak. Eta, taberna batean, betiko mozkortiarekin gaizki moldatzen bazara, kontzertua hondoratzen ahal dizu".

Nafarroako Antzerki Eskolatik pasa dela nabari omen zaio, besteak beste "kanten artean hontaz eta hartaz hitz egiten baitu, muga gabe".

"Disketxeek paso egiten dute musikari txikiez, berehala kontsumitzeko produktuak nahi dituzte (...) Neure disketxea sortu nuen eta nire diskoak neuk atera".

Ez nuen Liquido gizona ezagutzen. Haren webgunean arakatzen egon ondoren, ikusi dut Donostiako Bukowski taberna zendu berrian aritua dela behin baino gehiagotan, baita Tolosan ere.

Elkarrizketak interesa piztu dit eta saiatuko naiz tipo hau zuzenean ikusten. Hori gertatu ezkero, hemen kontatuko dizuet.

Soldata igoera ezberdinak

Mikel Iturria 2005/11/04 07:30

Joan den astean jakin izan genuen soldata-igoera izango genuela aurten. Batzuek % 2,5ekoa; besteek, % 3,2koa.

Bi taldetan banatu gaitu gure udalak:

1- Alde batetik, funtzionariak eta langileak orokorrean.

2- Beste aldetik, zinegotziak (eta beren aholkulariak).

Asmakizuna:

Baietz asmatu zenbatekoa izango den goiko talde bakoitzeko kideek izango duten igoera.

Jakingarria:

Egun berean hartu zituzten bi erabakiak. Ezin dut konfirmatu, baina uste dut aho batez izan zela.

Gure Udala

Oharra: badakit udalean kontratak ere badirela. Egia esateko, ez dakit zein den beraien egoera. Hau da, ez dakit igoerarik izango ote duten ere. Igual Lo-74k badu zer esaterik honi buruz.

Mendilibar kalera, Clemente da entrenatzaile berria

Mikel Iturria 2005/11/02 01:00

Kirolari buruz idatzitako harrikada gehienak, Realari buruzkoak izan dira, baina gaur Athletici buruz idaztea otu zait. Ez naiz athleticzalea, baina ezta talde zurigorriaren etsai amorratu horietakoa ere. Sorpresa hartu nuen Mendilibar kaleratua izango zela enteratu nintzenean. Lagun batek esan zidan komunikabideak deituak izan zirela astelehen eguerdirako. Eta Clemente izango zela entrenatzaile berria. Ogi bila atera nintzela, elektrotresnak saltzen dituen denda bateko telebistan ikusi nuen Barakaldoko rubioa Ibaiganeko prentsa-aretoan, pozik. Jokalari gisa ezagutu nuen nik Mendilibar, oker ez banago Sestaon aritzen zen Espainiako 2. mailako txapelketan. Gero, entrenatzaile titulua atera zuen eta Athletic taldearen beheko kategorietan aritu zen.

Lezamatik joan, edo kanporatua izan zenean, ez dakit non sartu zen, baina 2002-2003 denboraldia bukatzear zela, Amorrortuk Eibar utzi eta Realera etorri zenean, jakin izan nuen Mendilibar Lanzaroten ari zela lanean. Eta orduan zabaldu zen Zaldibarkoak beteko zuela Deustukoak libre utzitako tokia, nahiz eta Jose Luis Ribera futbolari ohia eta Amorrorturen laguntzailea, hautagaien artean egon. Azkenean, Mendi (horrela deitzen zion atzo Etxeberriak Lezaman eskainitako prentsaurrean) izan zen hautatua eta bera buru zela kanpaina aparta egin zuen talde armaginak.

Txingurri Valverdek Katedralean ez jarraitzeko erabakia hartu zuenean (arraro samarra izan zen kontua), Lamikiz presidentearen juntak aukeratu zuen Mendilibar 2005-2006 denboraldiko entrenatzaile. Luzerako apustua izango zela, entrenatzaile gaztea, Athletic taldeak une horretan behar zuen pertsona, besteak beste.

Denboraldi-aurrean Intertoto lehiaketan kanporatu eta UEFA txapelketa jokatzeko aukerarik gabe gelditutakoan, hasi ziren lehenengo zalantzak eta komeriak.

Ligako lehenengo partida, Realaren aurka jokatzea tokatu behar, Zubiaurre auzia puri-purian zegoela. Partida jokatu aurretik, Mendilibarrek bidali zion mandaturen bat garai batean jefe izan zuen Amorrorturi. Ez zen oso delikatua izan, baina 3-0 gailendu ziren Mendilibarrenek eta dena poza zen Katedralean.

Hortik aurrera, aldiz, apenas asmatu duen. Ez du partidarik irabazi eta Lamikiz jaunak, gosetuta, hitza jan egin du. Akabo luzera begira eginiko proiektua: 10 jardunaldi luze egiten baitira taldea azken postuan dagoenean.

Bizkaia aldean mugitzen diren zenbait fedabidek (Iñaki Segurolaren Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo liburutik lapurtua) giro txarra zabaldu du. Eta nondik puskatu da soka? Alde ahulenetik, nahiz eta ondo ordaindua izan.

Aitor Manterolak atzoko Berrian zioen bezala kirolaz kanpoko arrazoiak gailendu direla dirudi Clemente entrenatzaile jartzeko. Orain kontua da ea Clemente kapaza izango ote den zalegoa batzeko, taldea lasaitzeko eta sailkapenean aurrera egiteko. Zalantza asko dut nik, baina ez dut ezagutzen Bizkaiko futbolaren ingurua.

Izan ere konplikatua baita gaur egungo futbolaren ingurua eta entrenatzaile a(h)ulkiak elektrikoak bihurtzen dira.

Te voy a meter la polla en la boca...

Mikel Iturria 2005/10/30 18:03

Donostian inauguratu zen atzo Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVI. Astea. Astearekin batera, iaz abiatu ziren Fantasiazko eta Beldurrezko Komiki Jardunaldiak. Aurten, beraz, 2. edizioa. Ez naiz bereziki oso zinemazalea eta genero hau gutxiago gustatzen zait, gainera. Dena den, Euskadi Fantastikoa I erakusketa paratu dugunez gurean, atzo, iaz bezala, gaueko inaugurazio jaialdira hurbildu nintzen. Ekitaldia Bataplan diskotekan ospatu zen. Gutxitan joaten naiz horrelakoetara. Pintxo batzuk jan, zerbeza batzuk edan eta ezer gutxi. Gau giro aparta aprobetxatzeagatik, terraza estalira atera ginen. Barruan egon beharrean, Santa Klara uhartea eta Mediterraneoko badia baten antza gehiago zuen Donostiako itsaso hari begira hobeto geunden.

Gaua pasa ahala, gero eta jende gehiago joan zen biltzen. Halako batean, tipo bat pasa zen gure aldamenetik. Patrikako telefonoa eskuetan irten zuen. Norbaitekin ari zen berbetan. Apuntearen izenburua daraman esaldia botaz pasa zen gertutik. Belarria behartu gabe ere entzun genuen bere ateraldia.

Harritu, ez ginen asko harritu. Zer nahi duzue esatea! Frikilandian geundelako, batez ere. Baina, ezaguna egiten zitzaigun haren aurpegia. Zein ote da Inglaterrako Charles printzearen parekide hau? Nor da bikotekideari telefonoz hain esaldi samurrak oihukatzen dizkiona?

Azkenean, minutu batzuk pasa ondoren, etsita, zinema produktore kabroi bat izango zelakoan, amaitutzat eman genituen gure kezkak. Akabo.

Akabo? Ez. Harrikoa egiten ari nintzen gaur, bazkaldu ondoren. Irratia piztuta. Ez dakit zergatik, baina aurpegi haren jabea nor zen etorri zait burura. Izen-abizenak jarri dizkiot gizon hari.

Noski baietz. Badakit nor den! Kazetaria da. Klaroooo! Zinema eta telebista kritikak idazten dituen kazetari espainola.

Tatxan-tatxaann!

Bai, bera da.

Izen-abizenak jartzen ditut hemen bi gauzengatik: lehena, bera ez delako enteratuko; bigarrena, enteratzen bada ere, ez delako apuratuko.

Estimatzen dut tipoa.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter