Noticias de Gipuzkoa jaio da
Iritsi da eguna. Hau idazten dut Noticias de Gipuzkoa periodikoaren lehen zenbakiaren ale bat aldamenean dudala. Donostiako Tabacaleran (arrotza zait Tabako-Etxea esatea) aurkeztu dute. Berandu iritsi naiz, ordu erdi pasa baitut ilaran zain autoa parking-ean uzteko. Tabacalera barrura sartzerakoan konturatu naiz zergatik izan ditudan hainbeste zailtasun autoa aparkatzeko: jendetza zegoen bertan. Juan Zelaiaren azken hitzak entzuteko aukera izan dut. Hobeto esanda: Juan Zelaia tarima gainean ikusteko aukera izan dut. Baita Arantxa Calzada esataria ere, itxuraz aurkezle lanetan aritu dena. Mariano Ferrer ere bai. Ondo aritu omen da, gainera. Hau da: beti bezala. Pasa den igande eguerdian deskubritu nuen erredakzioa etxe aldamenean dagoela. Eta igande goizean konturatu nintzen, zeren eta astearen amaieran jarri zituzten leihoetan logoak. Azken ordura arte, gauza guzti hauek ezkutuan egin dituzte. Lagunen bat baino gehiago tartean egon bada ere, ez dit ezer aipatu.
Hilabeteak (urteak) pasa ditut entzuten Gipuzkoan periodiko berri bat sortu behar zutela diarioari aurre egiteko-edo. Mundu nazionalistatik sortuko zela esaten zuten. Ikutu aurrerakoia izango zuela ere bai. Lehenengo zenbakiarekin ezin gauza askorik esan, produktuaren aurkezpena baita. Bigarren zenbakitik aurrera ikusiko dugu.
A priori, niri oso ondo iruditzen zait horrelako proiektu bat sortzea Gipuzkoan. Nafarroan Diario de Navarrari aurre egin dion enpresa bera izatea ere kontutan hartzekoa da. (Bai, badakigu Gipuzkoa is different).
Euskarari kasu pizarren bat egiteko asmoa ere ba omen dute. Webgunean behintzat, atzeratuta dugu euskara. Zaila ikusten dut alde horretatik zeozer aurreratzea.
Goizean, lanera joan aurretik, etxe aldamenean dagoen Viajes Halcón bidai agentziak duen bulego paretik pasa naiz eta lurrean ikusi ditut ABC eta El Mundo. Hoteletan, tira, baina bidai agentzietan ere harpidetuta daude kanpoko prentsara?
Beno ba, publikoki adieraziko dut hemen: ez naiz harpidetuko (ez zait gustatzen, nahiago dut ni egunkari bila joatea), baina hurrengo 100 egunetan egunkaria erosteko konpromisoa hartzen dut lerro hauen bidez.
Berriakoei: bai, zuena ere erosten jarraituko dut.
Zuzenketa: atzo aurkezpen ekitaldian banatu zutena, ez zen izan gaur kioskoetan banatu duten egunkaria, periodikoaren barrukaldeko koadernilloa baizik. Beraz, kioskoetara iritsi da gaur periodiko normala gehi produktuaren aurkezpena.
Ah! Eta, irakurri dudanez, atzo Pablo Muñozek (zuzendaria) eta Arantzazu Zugastiek (zuzendariaren ondokoa) ere parte hartu zuten aurkezpen ekitaldian.
Aupa Patxi:
Ahaztu egin zitzaidan aipatzea diseinu aldaketarena... jope!
Maite da arduraduna
Polita egin du, bai.