Pablo Liquido
Tira, agian Frantziako istiluetaz hitz egin beharko nuen hemen, baina Anjel Lertxundik ederto laburbildu du arazoa. Edo Ana Malagonek aipatzen dituen gazte mileurista-karreradunei buruz. Baina ez: atzoko Berria egunkariaren barruko Tartean irakurritako elkarrizketa ekarriko dut hona. Izenburua "Ez dut ospetsu izan nahi". Asier Azpilikueta kazetariak Pablo Liquido nafar musikariari eginikoa da. Bizikleta gainean ari nintzen kiroldegian eta dena irakurtzeko astia izan nuen likidoak (eta solidoak) botatzen saiatzen nintzen bitartean.
Pablo Gortari Arrizabalaga izen-abizenak ageri dira Erregistro Zibilean eta Iruñean jaio zen 1972an. Pablo Liquido du izen artistikoa. 502 emanaldi egin ditu 1999tik 2005eko urriaren bukaera arte. Media izugarria da: 2 kontzertu baino gehiago astero. "Bai, astakeria da. Astean, bi kontzertu eta erdi. Hori ez du inork ere egiten. Baina beharrak hala agindu du. Inoiz muntaia handiagoak egin izan ditut Gaiarren eta Artsaian, eta diru asko galdu dut. Beraz, nahi baino gehiago egin behar izan dut lan, zulo horiek estaltzeko".
Queen taldea eta Freddy Mercury musikariaren zale amorratua da Pablo. Abenduaren 1ean estreinatuko du Zizur Nagusian Mi historia de Queen ikuskizuna.
"Queen taldearen kantak abestuko ditut, orden kronologikoan, eta, kanten artean, haien historiaz hitz eginen dut, eta hausnarketa eginen dut famaz, diruaz, musikaz eta glamour-az".
Ikuskizun hori antzoki eta auditorioetan emateko asmoa badu ere, bere eremu naturala tabernak dira, baina "tabernak jende guztiari daude irekita, eta era guztietako pertsonak sartzen dira. Eta batzuekin bertzeekin baino okerrago moldatzen naiz. (...) Nire 502 kontzertu horietatik, 460 borroka latzak izan dira".
Gai hau gustoko dut. "Interesik ez dutenek ez ohi dute arazorik sortzen. Protagonista izan nahi dutenek, horiexek sortzen dituzte arazoak. Eta, taberna batean, betiko mozkortiarekin gaizki moldatzen bazara, kontzertua hondoratzen ahal dizu".
Nafarroako Antzerki Eskolatik pasa dela nabari omen zaio, besteak beste "kanten artean hontaz eta hartaz hitz egiten baitu, muga gabe".
"Disketxeek paso egiten dute musikari txikiez, berehala kontsumitzeko produktuak nahi dituzte (...) Neure disketxea sortu nuen eta nire diskoak neuk atera".
Ez nuen Liquido gizona ezagutzen. Haren webgunean arakatzen egon ondoren, ikusi dut Donostiako Bukowski taberna zendu berrian aritua dela behin baino gehiagotan, baita Tolosan ere.
Elkarrizketak interesa piztu dit eta saiatuko naiz tipo hau zuzenean ikusten. Hori gertatu ezkero, hemen kontatuko dizuet.
Mezuak ez deuko zerikusirik Pablo Líquido-gaz (egunkarian irakurri neban aitatzen dozun alkarrizketa, hura fenomenoa!), baizik eta Andu Lertxundi-k bikain laburbildutako gaiagaz.
Liburu gomendio bat, Paris ketan dagoen bitartean: "Les Identités meurtrières" (Identitate Hiltzaileak) Amin Maalouf-ek 1998an argitaratutakoa. Liburuan idazle frantziar/libanoarrak kriminalizazino kolektiboaz jarduten dau (Manhattan-go erasoak gertatu baino lehen), bai eta arrazismoaz, erlijioaz, identitateetaz,... be. Saio-liburu txikitxua da, baina mamitsua zinez.