Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Handitan Luis Ortiz Alfau bezalakoa izan nahiko nuke

Mikel Iturria 2017/12/03 08:40
Luis Ortiz Alfau. Gorde izen hau kaskezurrean. 2017ko urriaren 16an 101 urte bete ditu gure gizonak.

Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutuak bilduma berri bat abiatu zuen 2016ko amaiera aldera: Memoriak izenekoa. Lehen liburua «El siglo de Luis Ortiz Alfau» izan zen eta Ander Izagirrek idatzi zuen, protagonistarekin eta ingurukoekin izandako hainbat solasaldi eta topaketa paperean bilduz. Jaurlaritzaren argitalpenen katalogoan eros dezakezue.

 Luis Ortiz Alfau

Argazkia: Ander Izagirre.

19 urte zituela Gerra Zibila lehertu zen eta bilbotarra alde batetik bestera ibili zen Errepublika defendatzen: Euskal Herrian, Katalunian... Francok garaipena lortu zuenean, Frantziara egin zuen hanka eta Gurs-eko kontzentrazio eremuan pasa zuen denboraldi laburra.

Gurs

Gurs-en 63.929 pertsona egon ziren 1939 eta 1945 urteen artean. Luis da omenaldietara joateko eta bere istorioa kontatzeko indarrak dituen bakarra. Ortizek garai txarrak ezagutu zituen bertan, baina ez txarrenak: nazien aginduei men egin baitzieten jendarmeek eta 3.907 judu bidali baitzituzten handik Auschwitz bezalako eremuetara.

  • 1937ko abuztuan René Delzangles diputatu lapurtarrak «errepatriazio orokorra» eskatu zion Barne Arazoetarako ministro frantsesari «Frantziak ez baitu Europako zabortegia bihurtu behar».
  • Jean Ibarnégaray, Mauleko diputatuak, premiazko neurriak hartzea eskatu zion gobernuari. Gizon hau izan zen Nazioarteko Pilota Federazioko lehen presidentea, besteak beste.
  • Ospitalepea euskal herritik 5 kilometrora dago Gurs eta bertako udalak protesta egin zuen idatziz Gurs-eko eremuaren kontra: errefuxiatuengandik babesteko medioak ez zituztela zioten.

Frankismoaren esklabo

1939aren amaieran edo 1940aren hasieran, Luisek Hendaiako zubia pasa zuen soilik desafecto etiketa zuelako, beste inolako kargu eta karga gabe. Irunen bertan Elgorriaga txokolate fabrikan eduki zuten preso gauzak argitu arte. Fabrikak ez zuen produkzioa eten eta almazenean edukitzen zituzten haiekin zer egin erabaki arte.

Egoera argitu eta Deustuko Unibertsitatera bidali zuten, baina ez ikasle moduan. Deustuko Unibertsitatea Bizkaiko kontzentrazio eremu handiena izan zen. 1937ko udatik 1940aren hasiera bitartean, 5.000 bat preso egon ziren bertan. Iturria: «Cárceles y campos de concentración en Bizkaia (1937-1940)», Ascensión Badiola da egilea.

1940ko uztailean Mirandako kontzentrazio eremura bidali zuten (Paul Winzer nazia zen arduraduna eta 65.000 preso hartu zituen 1937-1947 bitartean). Egun gutxi egin zituen bertan.

Handik 38. bataloia izan zuen destino: «Eta ni berriro ere preso pribilegiatua izan nintzen, niri ez baitzidaten pikotxa eta pala eman: niri idazmakina eman zidaten. Idazmakinari monumentua egin beharko nioke!».

Frankismoaren esklaboen (Trabajadoreak) berri emateko Fernando Mendiola eta Edurne Beaumont aipatzen ditu Anderrek: «Esclavos del franquismo en el Pirineo». 100.000 desafecto delitu, epaiketa eta, beraz, epairik gabe Estatuarentzat lan egitera behartuak.

Isaías Lafuentek «Esclavos por la patria» liburuan Duro Felguera, Babcock Wilcox, Dragados y Construcciones (ACS orain) eta beste hainbat enpresa potolo zerrendatzen ditu. Lafuenteren estimazioa da enpresa horiek 780 milioi euroko mozkinak izan zituztela esklabo hauek egindako lanagatik.

Mendiola eta Beaumont-en arabera, 15.000 preso aritu ziren Gipuzkoa eta Nafarroako errepideak egiten: Jaizkibelen, Erlaitz eta Oiartzun bitartean, Oiartzundik Lesakara (Aritxulegi eta Agina barna), Iruritatik Eugira, Iragitik Egozkuera...

Izagirrek Kattin Txiki eta Memoriaren Bideak elkarteek egindako lana aipatzen du.

38. bataloia 500-600 kide zituen eta goiko bideoan ikus daitekeen bezala oso baldintza eskasak zituzten: «Ospitalera eramaten zutena, jada ez zen bueltatzen. Hara joaten zena, ahituta zihoan». Andrés Millán preso ohiaren hitzak dira.

2016ko ekainaren 18an Erronkarin hiru lagun omendu zituzten: Vicente Lacasia, Josefina Lamberto (Maravillas-en ahizpa) eta Luis.

Iruñeko gaztetxe berria :Maravillas, Larragako neskatil bortxatuaren omenez. Ahizpa egon da inaugurazioan. “Lurperatu nahi gintuzten, baina haziak garela ahaztu zuten” pic.twitter.com/GxyQ6z9YQ5

— Alberto Barandiaran (@abarandi) 2017(e)ko abenduak 2

40 urtez isilik egon ondoren, publikoki azaldu zen

Soldaduska egitea ez zieten barkatu eta ondoren egin zuen. Azkenean, lizentzia 1943ko ekainean lortu zuen Ferrolen.

Bilbora bueltatu zen, emaztea jada bertan bizi zelako. Uralita enpresan hasi zen lanean, jefea garai hartako 5.000 pezeta pagatuta erosita (30 euro orain), baina kontutan hartu lehen soldata 375 pezetakoa izan zuela (2 euro eta piko).

1977ko ekainaren 15ean, Franco osteko lehen hauteskundeen egunean, hartu zuen erretreta. PSOEri eman omen zion botoa, Izquierda Republicana alderdia oraindik legalizatu gabe zegoelako. Ángel anaia zinegotzi sozialista izan zen Bilbon eta oso ondo moldatzen omen zen Arzalluz, Azkuna eta beste hainbat jeltzalerekin. Aitak anaitasuna erakutsi ei zien eta hori egiten saiatu dela beti, nahiz eta hurkoak diferente pentsatu.

Adibidez, Bizkaiko Elikagaien Bankuko juntako gehienak Opuseko ingeniariak ziren eta bera gustura aritzen da haiekin lanean.

18 urtez zaindu zuen emaztea (1990-2008 bitartean Alzheimer-a) eta hor garai txarra pasa zuen: gaur egun baino okerrago zegoela dio liburuan.

87 urte zituela, altxatu zuen ahotsa publikoki. 2004ko maiatzaren 16an,  Javier Madrazo Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako kontseilariari zuzendutako «¿Qué debo hacer?» (Zer egin behar dut?) gutuna argitaratu zion El Correo egunkariak. Bertan kexatu zen frankismoan esklabo gisa egindako lana ez ziolako aitortu Eusko Jaurlaritzak.

Azkenean, Epaitegi Konstituzionalak arrazoia eman zien eta 8.400 euroko indemnizazioa jaso zuen 877 egunen truke. Dirua baino aitortza zen Luisek nahi zuena.

Hildako anaia sozialista omentzeko 2011ko udal hauteskundeetan hautagai aurkeztu zen Bilboko Udalerako eta kanpainan alde batetik bestera ibili zela diote Izagirrek kontsultatutako kideek.

10. kapituluan 2016ko maiatzean, Josu Chueca irakasleak eskatuta, Donostiako EHUren fakultate batean emandako hitzaldi baten kronika dago. Irribarrea aurpegian marraztuta irakurriko duzue.

2016ko martxoaren 5ean, San Migel mendixkan (Elgoibar eta Etxeberria artekoa) Aranzadik eta Markinako Ahaztuen Oroimena elkarteek bultzatutako indusketa lanetan egon zen, Paco Etxeberria forentsea gidari zutela.

«Botak soinean ditudala hilko naiz» esanez agurtzen da Ortiz.

Gogora Institutuarentzat bi kontu

1.- Mesedez, ez argitaratu liburuak hain formatu eskasean, ez baitira irakurterrazak. Couché papera txarra da azpimarratzeko orduan, testuak baino argazkien mesederako formatu karratua du eta horrek ez du irakurketa batere laguntzen.

2.- Zergatik ez da liburu hau euskaraz ere argitaratu?

Bonus track: Rafa Rueda eta Arkaitz Estiballes

Rafa Ruedak seguruenik orain arte argitaratu duen diskorik onena kaleratu berri du: «Kristalezko hiriak». Bi kanta azpimarratuko ditut: diskoa zabaltzen duen «Angel» eta apunte hau ixteko aproposa den «Oroitz», Arkaitz Estiballes bertsolariak idatzitakoa.

Parentesi txiki bat. Pasa den asteburuan Estiballes bertsolaria aritu zen kantari Ramon Rubial fundazioak gonbidatuta, Eibarren. Arkaitz EH Bilduko zinegotzi ere bada. Itxi parentesia.

Abestiak kontatzen du zazpi gizon armatuk Gerra Zibilean Aitite Kandido eraman zutela betirako baserritik. Ez dut ezer gehituko.

De mayor quiero ser como Luis Ortiz Alfau, este apunte en castellano.

Bot-ak eta jarraitzaile faltsuak Twitter-en

Mikel Iturria 2017/11/22 10:25
Atzo arratsaldean ikusitako @diariofatxo kontuaren txio bat dela eta.

DATO: ¿Sabias que el 37% de los seguidores del @diariovasco en Twitter son falsos? 26.774 followers en total son bots. Compruébalo tú mismo. https://t.co/LW5ocmybQw

Lo que hay que hacer para intentar aparentar que eres referencia cuando en realidad vas en picado... Que se sepa! pic.twitter.com/6sgvD0qyaf

— Diario Fatxo (@DiarioFatxo) 2017(e)ko azaroak 21

Ez nuen twitteraudit.com gunea ezagutzen eta ez dakit zer nolako sinesgarritasuna duen. Badaezpada, froga batzuk egin ditut sortu zirenetik kontrolatzen ditudan kontu batzuekin.

1.- Nire kontu pertsonala sartu dut eta @iturri-rekin hauexek dira emandako datuak, % 98 ok, 3.489 errealak, 54 faltsuak (profilean klik eginez gero, aterako zaizu twiteraudit gunea).

2.- @donostiakultura kontu instituzionala: % 69 ok, 22.304 errealak, 9.604 faltsuak.

3.- @veantzokia kontu instituzionala (Victoria Eugenia Antzokia): % 98 ok, 3.646 errealak, 60 faltsuak.

4.@jortiznet kontua (hildako kazetari lagun baten webguneko materiala mugitzeko): % 98 ok, 874 errealak, 11 faltsuak.

Di-da ateratako ondorio batzuk.

1.- Atentzioa deitzen dit bigarrena izan ezik, beste hiruren kasuan berdina dela portzentaia. Kasualitatea izango da.

2.- Kontu pertsonaletan (lehena eta laugarrena) berdintsu jokatu dut beti jarraitzaileak gainbegiratzeko orduan: garai batean profil faltsuaren susmoa neukanean, blokeatu egiten nituen. Aspaldian, berriz, ez dut horrelako ezer egiten.

3.- Kontu instituzionaletan ez dut inor blokeatzen, oso nabarmena ez bada behintzat. Erakunde publikoak izanik ez dut uste inor blokeatzen ibili behar dudanik/dugunik.

4.- @donostiakultura ez da @diariovasco-ren mailara iristen jarraitzaile kopuruan (erdia baino gutxiago ditu), baina bada erreferentziazkoa ere. Inoiz ez dugu praktika maltzurrik egin edo dirua erabiliz inoiz ez dugu jarraitzailerik erosi. Gureari erreparatuz gero, esango nuke bot-ak etorri egiten direla guregana erreferentziazkoak garelako.

5.- Beraz, @donostiakultura % 31 fake eta @diariovasco % 37 fake, zuek uste duzue datu horiekin eta nik emandako informazio labur honekin, atera daiteken ondorioa dela DVk erosi egiten dituela jarraitzaileak Twitter-en?

Bots y seguidores falsos en Twitter, este apunte en castellano.

Maite dugu Mariano (Ferrer, noski)

Mikel Iturria 2017/11/19 08:30
Euskal Kazetarien Kolegioak eta Elkarteak 2017ko sariak banatuko dituzte datorren astelehenean, azaroak 20. Sarituen artean Mariano Ferrer dago.

Mariano Ferrer ostegun goizean egon zen Radio Euskadin eta esaldi borobila bota zuen Dani Alvarezek zertan zebilen galdetu zionean: «Heriotzaren aurrean nire burua prestatzen ari naiz, bizitzaren une garrantzitsua baita». Saritutako beste pertsona bat ere bazegoen solasaldian, Ane Irazabal, eta benetan merezi duela 23 minutu eskaintzea audio honi.

Aspaldian ez nuen kointziditzen eta Marianoren aldamenean (bere emaztearenean, zehatzago) eseri nintzen asteazkenean Karlos Zurutuzak, Ane Irazabalek eta Mikel Ayestaranek San Telmon egin zuten mahai-inguruan (bide batez, hemen ikusi eta entzun dezakezue hirukoteak esandakoa Literaktum jaialdian).

Berriro ekarri nahi dut esaldia: «Heriotzaren aurrean nire burua prestatzen ari naiz».

Ostiralean jai nuen eta, goizean Oiartzunen hitzordu baten ondoren libre neukanez, Aritxulegiko errepidetik barrena paseotxoa egin nuen autoz Lesakara. Argazki bat jarriko dizuet ikusi nuena ilustratzeko.

Aiako Harriak Lesakatik

Gaurko egunez duela hamar urte, 2007ko azaroaren 19an hil zen Josemari Ortiz, Javierren anaia. 21ean Lesakatik Oiartzunera abiatu ginen orduan hainbat lagun errautsak Jorge Oteizak Aita Donostiaren omenez eginiko monumentuaren inguruan barreiatzeko, Agiñan. Ostiraleko udazken eguraldi zoragarria izan genuen orduan ere.

Esan bezala, kontrako bidetik egin genuen 2007an bidaia: Lesakatik igo eta Aritxulegitik jaitsi Oiartzungo Ergoien auzoko jatetxe batean berandu bazkaltzeko.

Javierren omenez 2010eko apirilean KMKn eginiko omenaldian aipatu nuen jendaurrean Mariano Ferrer kazetari puska zela eta bera bizi zelarik omendu behar genuela. Saiakera egin genuen handik eta hemendik elkartu ginen kide batzuk, baina ez zen posible izan.

Asko poztuko nintzateke astelehenean gremiokoek Bilbon egingo dioten omenaldia berak merezi duena izatea.

P.S.: ostiralean Elena Setien-en Dreaming of Earthly Things diskoa izan nuen bidaide. Zoragarria horrelako paisaiaren aurrean entzuteko.

Jigsaw Puzzles aukeratu dut zuek lerro hauek irakurtzen dituzuen bitartean (edo ondoren) entzuteko.

Queremos tanto a Mariano (Ferrer, obviamente), este apunte en castellano.

Gureak egin du

Mikel Iturria 2017/11/11 10:45
Kataluniari begira pasa ditugu azken asteak, baina gureak ere merezi du apunte txiki bat.

Abuztuan EHUko irakasle talde batek eta Euskal Herriko gehiengo sindikalak manifestu bat bultzatu zuten Kataluniako erreferendumaren alde (blokeatzailerik ez baduzue, salto egingo dizue publizitateak bost segundo bete baino lehen). EAJren aipamena zegoen tartean.

Alderdi Egunean erantzun gogorra eman zuen Andoni Ortuzarrek. Lehen fronte polititiko-militarra zena, fronte politiko-sindikala bihurtua zela orain.

«Ederki gaude» pentsatu nuen.

Behian hausnarrean

Azaroaren 4an manifestazioa zegoen Bilbon 155. artikuluaren aplikazioaren kontra. Aspaldiko partez, lagun batzuekin geratu eta hurbildu nintzen. Kazetarien mikrofonoen aurrean manifestazioa baloratzeko hitza hartu zuten lider nagusienek EAJ zuten jomugan.

Adinean aurrera noan heinean, gero eta nabarmenagoa da Euskal Herri honetan zaila dela hainbat proiektuk aurrera egitea belaunaldi bat edo bi desagertzen ez bada lehen lerrotik.

Anekdota moduan, Bilborako manifestaziora nola joan erabakitzen ari ginela, lagun batek X-ek autobusa antolatu zuela esan zuen. Han bera ez zela joango, sandiarekin eta berendiarekin topo ez egiteko.

Horra hor muga handi bat. Zahartu garela, batzuk besteok baino gehiago, eta gorriz ezabatuta ditugula jada izen mordoa gure koadernoan.

Beste muga bat: duela bi urte elkartu ginen lagun batzuk independentziari buruzko gogoetak egitera. Bi urte hauetan apenas izan garen gauza ezer egiteko. Jende asko derrepente hilda dago, neka-neka eginda.

Hirugarrena. Baketze prozesua dagoen bezala dagoela eta dozenaka preso daudela Espainiako eta Frantziako kartzeletan zientoka kilometrora.

Gauzak horrela zer prozesu soberanista edo erabakitzaile planteatu dezakegu?

Nik ez dut aukera handirik ikusten, esan bezala, belaunaldi bat edo bi etxera joan arte. Zalantza dut atzetik etorriko direnak zertan ibiliko diren gero.

Van Gaal Bartzelonako entrenatzaile zela kazetariari esandakoa ihardetsi diezadakezue: sempre negatifo. Horrela daukat gogoa une honetan.

Are gehiago: hurrengo hauteskundeetan baietz EAJk gora egin.

¡Al suelo, que vienen los nuestros!, este apunte en castellano.

Ikusi nahi ez ditugun horma horiek

Mikel Iturria 2017/11/04 09:00
Migrazioak, trabak, hormak.

Urriaren bukaeran, hiru hizlari elkartu ziren San Telmo Museoan Migrazioak eta horma berriak izeneko gaia jorratzera. Simon Kuper eta Iñaki Gabilondo kazetariekin batera,  Dolores López antropologoa aritu zen, Migrazio arduraduna Bartzelonako Udalean.

Lópezek abuztuan hiri horretan izandako atentatuetako egileei buruz esandako gauza bat ekarri nahi nuen hona gaur. Hasiera batean, gazte haiek guztiek ez zeudela baztertuta zabaldu zen lau haizeetara, baina berak adierazi zuen hori ez zela horrela, gazte haiek sozialki baztertuta zeudela.

Orain arte bazterketa neurtzeko erabilitako irizpideak ez zaizkigula balio zioen Lópezek. Bere ustez, identitatearen aldetik jorratu behar dela gaia eta aipatu zuen, ikerketa batzuen arabera, gazte haiek bezalakoek "bertako abizenak" eta "itxura" dituen beste gazte batek baino 16 aukera gutxiago dituela lana aurkitzeko. Berdin gertatzen dela gazte horiek adin bereko neska-mutilekin ligatzen dutenean, familiek jartzen dituzten trabak medio.

Beste kontu amorragarri bat. Aiton-amonak etorkin izan eta bertan jaiotako seme-alabek edota bilobek erantzun beharreko galderak: -"Nongoa zara?". -"Bertakoa". -"Beno, eta zure aita?" -"Bera ere hemengoa da". -"Tira, eta aiton-amonak?"

Euskaldun berriekin gertatzen den gauza bera: autoak gidatzeko orduan garbi da noiz kendu daitekeen txofer hasi berriaren letra, baina noiz kendu daiteke norberaren identitatetik "berri" goian aipatutako kasuetan?

Buruan nuen bueltaka ideia hau aste honetan ezagun baten mezua jaso nuenean. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta berritzeko garaia iritsi zaio. Bertan hamabost bat urte daramatza jada. Jatorrizko herrialdetik ekarri beharreko paperen artean, agiri bat eskatzen zioten han higiezinik ez zuela ziurtatzeko. Bidalitako paperek ez omen dute hori frogatzen eta beste hilabete batez geratuko da errenta kobratu gabe. Desesperatuta zegoen.

Ikusi nahi ez ditugun horma horiek.

Muros que no queremos ver, este apunte en castellano.

Igeldotik

Hilerrietako isiltasuna ez puskatu, mesedez

Mikel Iturria 2017/10/28 20:10
Ostiralean Irungo hilerrira joan nintzen eguerdian. Arraroa egin zitzaidan zarata bat entzutea, gero eta ozenagoa. Sakabanatuta zeuden bozgorailuetatik ateratzen zela konturatu nintzen, alde batetik bestera bueltaka nenbilela. Haserrea handitzeko, emisora esan zuen esatariak: Radio María.

Goiko laburpenean esan bezala gertatu ziren gauzak. Pare bat txio bota nituen atzoko egunean eta gaur Irungo Udalaren SAC zerbitzuan kexa utzi dut hemen behean itsatsiko dudana.

Irungo hilerria: Radio María

Kaixo.

Ostiralean, urriak 27, amarekin hurbildu nintzen hilerrira 13:30ak aldera. Hainbat lore eraman nahi genituen hildako gure senide eta gertuko beste hainbat pertsonen hilobietara.

Halako batean konturatu nintzen bozgorailuak jarrita zeudela hilerriko hainbat tokitan eta bertatik irrati bat entzuten zela.

Hasiera batean ez nion kasu askorik egin, baina gero eta zailagoa zen mezu hari ez erreparatzea. Susmoa nuen Radio María izan zitekeela eta hala zela frogatu nuen eskuak garbitzera hurbildu nintzenean sarrera nagusian dagoen komunera eta esatariak izen hori bota zuenean.

Grabazioaren zati bat daukat hemen jarrita:

Ez, tamalez beste hau. pic.twitter.com/oa6qGjA72a

— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko urriak 27

Kexaren arrazoiak bi dira:

1.- Gero eta toki gutxiago gelditzen zaizkigu zaratatik libre gure gizarte zaratatsu honetan eta garbi daukat horietatik bat hilerriek izan beharko luketela. Ez dut ulertzen zergatik dagoen megafonia sistema jarrita, beraz.

2.- Eskandaluzkoa iruditzen zait hilerrietako isiltasuna Radio María bezalako irrati ultrakatoliko batek puskatzea.

Beraz, honen bidez eskatzen dizuet errespetatzea hilerrietako isiltasuna, mesedez eta arren.

Mikel Iturria Aristizabal

Urriaren 30eko oharra: Twitter bidez erantzun dit @Irun_informa kontuak. Ostiralean bertan aipamena egin bainien. Hauxe erantzuna.

Baina halabeharrez gertatu zen, ez zegoen horretarako interes berezirik. Areago, handik gutxira, proba amaitutakoan, itzali egin zen. 2/2

— Irun_informa (@Irun_informa) 2017(e)ko urriak 30

No perturben el silencio de los cementerios, por favor. Este apunte en castellano.

Euskal hatxea

Mikel Iturria 2017/10/22 21:55
Herria, hiria, gizartea. Atxaga.

Pasa den asteazkenean, urriak 18, Bernardo Atxagak KMK-n eskaini zuen hitzaldian egon nintzen. Gaia: Euskal Hiriaz. Ez dut topatu hitzaldia KMK-ren bideo kanalean eta ez dakit streaming bidez eman ote zen.

Sarrera bikaina egin zuen Jose Luis Padrón-ek antolatzaileen izenean. Ahots nekatu batekin txosten batetik ateratako datuak irakurtzen hasi zen nahita (zenbat langile eta enpresa dauden Euskadin kulturgintzan), baina ederki eman zion buelta hainbat begitan behatza sartuz (2016 kultur urtea eta 155 artikulua aipatu zituen: harremanik dute biek, Jose Luis?).

Euskal Hiriaz jardun aurretik Euskal Herriaz aritu zen Bernardo argituz bera eremu honetan amateur bat dela. Urteen barna bidaiatu zuen, gertuko eta urrutiko ispiluak aipatuz. Nik hainbat izen-abizen apuntatu nituen: Juan Olazabal karlista irundarra, Humboldt, Isaiah Berlin, Pío Baroja eta familia, Kepa Altonaga, Ignacio Echaide (ingeniari eta Euskaltzaindiako lehendakari izandakoa, Donostiako lehen telefonia zerbitzua martxan jarri zuen karlista), Antonio Zavala, Jorge Oteiza, Koldo Mitxelena, Txillardegi (publikoki damutu zen berandu irakurri zuelako haren hainbat liburu), Matalaz, Rodeznoko kondea eta Martin Ttipia gasteiztarra.

Atxagaren esaldi bat: "Gaiztakeria esan behar nuen, baina autonomoa naiz eta inork ez dit ematen bost urteko bekarik. Isil nadin".

Ez da erraza haren jarduna hemen laburbiltzea eta ez da hori nire asmoa, baina bai azpimarratu nahi dudala oso ezkor agertu zela euskararen etorkizunarekin.

Ikusi duzue Gure Esku Dago-k Tolosan duela hainbat hilabete antolatutako mahai-ingurua? Bertan aipatutako kontu batzuk errepikatu zituen Bernardok Donostian.

Amaitzeko, egun horretan jakin genuen ez dela denboraldi honetan Sautrelarik egongo. Ez zen gaia atera solasaldian, baina nik bai jarri nahi nuela apunte honetan ETBren erabaki hau. Eta lerroburuan aipatutako Hatxea Hasier Etxeberria aka Konatxe ere izan daiteke. Urtebete ere ez da pasa bera hil zenetik. ETBk ez du dolua ere errespetatzen. Ze desastrea!

Fidel Vicente, gugan bego

Mikel Iturria 2017/10/15 20:35
Urriaren 3an zendu zen Fidel. Eskelan jakin nuen Vicente zuela abizena. Gugan bego, Fidel.

Fidel Vicente by Drakis Vadillo

Irudien muntaia: Drakis Vadillo.

Kanonak dio jendeari bizirik dagoen bitartean egin behar zaiola aitormena, baina kosta egiten zaigu.

Saura(s) izeneko dokumentalean, Felix Viscarret-ek Carlos Saurari eskainitakoa, zinemagilea seme-alabekin eta bikotearekin agertzen da solasean. Lehor fama du zuzendariak, ukatzen ez duena, baina badu aitzakia: Rafael Azcona gidoigileak esaten omen zuen berak inoiz ez ziola "maite zaitut" esan emazteari, zerbait pornografikoa zelakoan.

Fidelen agurra San Pablo parrokian antolatu zuen familiak. Ez nintzen sartu eta ni bezala jende asko. Baina bai iritsi zirela kanpora, errepikapenagatik, apaizak barruan esandakoak. Javier Hernaez apaiz obreroa da eta gogoratu zuen hura ez zela eliza arrunta, Altzan "hesiz eta amiantoz inguratuta" baitago.

Familia bera ere harrituta zegoen bildutako jende kopuruarekin. Hogeita hamar urte luze bete baitzituen Fidelek soinu teknikari gisa eta gure herri txiki honetan kristo guztiak ezagutzen baitzuen. Horrela, bitxia izan da sareetan eta egunkarietan ikustea nor gogoratu den heriotzaren berri izandakoan: jende oso diferentea.

Teknikariaren aurretik beti ikusi dugu Fidel pertsona: beti zuen txantxa prest, baita une zailetan ere. Ez zen inori buruz gaizki esaka ibiltzen eta, logikoa denez, inori ez diot inoiz entzun Fideli buruzko hitz txarrik.

Bera ni baino hobeto ezagutzen zuen batek esan zidan amak egunero egiten ziola (patata?) tortilla afaltzeko. Tortilla hori askotan hotza jango zuen Fidelek (niri asko gustatzen zait), gehienetan ordu txikitan etxeratzen baitzen, lanean aritu ondoren.

Niri ere kosta egin zaizkit lerro hauek idaztea. Tira, testua ez da beste munduko ezer, baina blogari batek bloga du aitormen eremu eta ez nuen aukera hau alferrik pasa nahi. Handia zelako Fidel eta merezi zuelako.

Fidel Vicente Cintero, gugan bego.

Fidel Vicente, in memoriam. Este texto en castellano.

Kataluniari buruzko alfabetoa

Mikel Iturria 2017/10/08 10:05
Ia hilabete eman dut Kataluniari buruz zerbait idatzi nahian. Blokeatuta, haserre, triste, umorez... Alfabetoa egin dut.

Autodeterminazioa

Kataluniak, katalanek zer egin behar duten ez dagokit niri, bertan bizi direnei baizik: autodeterminazio eskubidea deritzo.

Branchadell

Albert Branchadell UABko Itzulpengintza eta Interpretaritza Fakultateko dekanoa da 2016ko maiatzetik. Berari buruz sarean bila ari nintzela, ikusi dut 2016ko urte hasierara arte El País-en argitaratu izan zituela hainbat zutabe, baina orain Ara egunkarian ari da hiru astez behin Branchadell. Irakurri berri dut ere bi zutabegile independentistek utzi dutela egun hauetan Kataluniako El Paísen zuten kolaborazioa eta ez dakit biak baina bat bai behintzat Ara-n hasiko dela. Eta Gregorio Morán La Vanguardiatik bota zuten.

Castells

Hilean behin edo idazten du La Vanguardian Manuel Castells-ek. Irailaren 30ean Errepresioari buruzko apunte bat argitaratu zuen. "Mis estudiantes en EE.UU. me preguntan cómo ir a defender Catalunya" edo gazte askok nola ikusten duten Bartzelona.

Manuel Castells. 2 de octubre. #U1kat #1Octhttps://t.co/JVUisvyvFz pic.twitter.com/4XcvluG8FU

— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko irailak 30

 

DUIgdemont

Zer gertatuko da urriaren 10ean? Puigdemont president-ak alde bakarreko independentzia deia egingo du? Nola egingo da? Formala izango da soilik eta partida jokatzen jarraituko dute? Segi pantailari begira.

Euskal Herria

Zer nahi duzue esatea? 2011n the organization-ek armak utzi zituenean lasaitu ederra hartu genuen. Politikaren pisua urte hauetan guztietan hain izan da eramaten zaila, zeren despolitizazio prozesu batean gaudela. Hainbat zauri daude oraindik itxi ez direnak eta Espainiak ez du ezer egin nahi presoek etxerako bidea har dezaten.

Gauzak horrela, niri asko kostatzen zait ikustea hemen prozesu soberanista gertu egon daitekeenik, baina batek daki.

Felipe VI.a

Ezer gutxi espero zitekeen. Nork idatzi zion diskurtsoa? Gobernu espainiarrak? Saiatu naiz berriro urriaren 3ko erregearen diskurtsoa ikusten, baina ez naiz hamargarren segundura iritsi.

Baina niretzat Felip ere bada Bartzelonan bizi den lagun bat. Bon dia, Felip!

Garcés

Marina Garcés filosofoak Mercè-ko jaietako irekieran irakurritako pregoia (bideoa eta pdf-a bertan) gomendatu nahi dizuet. Erregearen beste aldea zentzu askotan.

Hostiak

Arma asko ditu Espainiako Estatuak, baina Seis razones por las que vamos camino de perder Catalunya izeneko analisian Jordi Sabaték dioen determinismoa baldin badu ekimen honetan sartu den Kataluniako jendeak, jai izan dezake.

Indarra eta ilusioa

Realak denboraldi hasiera bikaina izan zuen: lau partida jarraian irabazi zituen eta denok ilusioz gainezka.

Hurrengo bost partidetatik lau porrot eta berdinketa bakarra.

Ilusioak zenbat iraungo du Katalunian? Jakitun dira garai gogorrak bizi beharko dituztela, baina aste honetan bati irakurri nion bezala: aurrera begiratzen dut eta beldurra nagusitzen da, baina atzera begiratzen dudanean, zer uzten ari garen ikusita, lasaitu ederra hartzen dut.

Gaizki pasako dute.

Juliana

Inoiz ez dakit Enric Juliana La Vanguardiako zuzendariaren albokoa den edo zuzendariaren alboan dagoen (gaztelaniaz hobeto agertzen dira nire zalantzak: director adjunto o adjunto al director).

Dena dela, gustatzen zaizkit Enric Julianaren analisiak irakurtzea.

Katalunia

La mare de Deu!

Lobo

Ramón Lobo kazetari beteranoak elkarrizketa sorta majoa egin du El Diario-n (Julián Casanovari, Josep Fontanari...). 

Martínez

CTXT-n Guillem Martínez-ek jada burutu duen Procesando el Procés eta hasi berri duen Procesando la Cosa sorta jarraitu behar dira. Bi adibide: Creo que ha pasado esto (irailaren 7an) eta ¿Pacting, Duing o Dresding? (urriaren 6an).

Neofrankismoa

Ez dakit neo ote den aurrizkirik aproposena kaleetan Francoren garaiko bandera espainolak (eta jendea) astindu duten hainbat frankista eta falangista ikusita. Edota futbol partida bailitzan "A por ellos" abestuz poliziak eta guardia zibilak agurtu dituzten herritar horiek. Zer esanik ez boto papera boto ontzian uztera zihoazen herritarrak astintzera zihoazen hainbat polizia eta guardia zibilen portaera ikusita.

Ortiz

Javier Ortiz maitatuak 2005eko irailean idatzitako apunte batzuk Cataluña etiketapean jarri ditugu haren gunean. Bat hautatzekotan Maragall no es Cisneros. Eta nola ez, egun hauetan Pakok idatzitako Estamos y estaremos, quicir eta Luis de la Cruzen La sacralización de la legalidad como vía al totalitarismo.

Parlem

Naif-a izango da hitz egitearen aldeko aste honetako ateraldia. Ados. Baina kaleetara atzo atera ziren askoren desioak uler ditzaket.

Parentesia. Ortizen 1997ko La Equidistancia hartaz gogoratu nintzen astean zehar. Itxi parentesia.

Baina hitz egin asko hitz egin da Katalunian azken urte hauetan. Horregatik txalogarria iruditu zitzaidan Berria egunkarian Iñaki Petxarromanek David Fernàndez eta Jordi Évolerekin eginikoa. Eta osorik ikusi ez badut ere 2016ko bukaeran Julia Otero eta Anna Gabriel-en arteko hau ere.

P. S.: Gerard Piqué.

Rajoy

Prietas las filas. El Paíseko zuzendariak Espainiako presidenteari eginiko elkarrizketa argitaratu dute gaur.

2008an Aznar, Aguirre, Pedro Jota (El Mundon) eta Losantos (COPEn) kontra zituenean, onik atera zen. Kontuz Marcako irakurle honekin. 2015ean hildako lagun batek zioen bezala, aurreko gallegoak 40 urte iraun zituen Estatuko goi agintean.

Sabadell

Banco Sabadell Guipuzcoano da gurean. Bankuak eta enpresa handiak beldurra eragin nahian, baina beraiek ere ez dira ba oso lasai egongo. Caixabank Espainia da: esan didatenez, negozio bolumenaren %20a du soilik Katalunian. %80 handik kanpo.

Twitter

Facebook-en ez dut apenas muturra sartu, baina nahi baino gehiago ibili naizela Twitter-en.

Gaur hemen atera ditudan asko irailaren 7an hasitako hari luze batean daude pilatuta.

Gehienetan bezain interesgarri @Guillemmartnez-en kronika. Katalunian atzo zer gertatu zen.https://t.co/mu6KZITelf

— Mikel Iturria (@iturri) 2017(e)ko irailak 7

 

Urkullu

"Da la impresión de que cuando el Gobierno va, los independentistas vuelven" esan omen zion ITV News kateko korrespontsalak Jordi Sabatéri.

Bat baino gehiago haserretuko zait, baina uste dut Euskal Herrian besteak doazenean, bueltan dela EAJ.

Eta etxeko trapu zikinak sukaldean garbitzen.

Urkullu zozoa da, bai. Ez du alkoholik edaten baina Pit Bull arrazako txakurra dauka. Adi!

Vasallo

Els carrers seran sempre nostres? Brigitte Vasallok idatzitako hau edo non zeundeten aurreko urteetan?

X eta Y

Ez dut uste datozen egunetan argituko direnik inkognitak. Denbora beharko da, baina garai hauetan dena da posible munduan barrena gertatu diren hainbat gauzek erakusten duten bezala.

Zamora

AristiZabal, Zabala eta Zamora abizenak ditut. Zeta maite dut. Eta David Fernàndez-en aitona Zamorakoa da.

Un alfabeto sobre Cataluña, este apunte en castellano.

Udako zirauna

Mikel Iturria 2017/08/15 17:30
Ta-txaaaan: turismoa.

Hau ez da Egia

Egiako Gazteak izeneko taldeak pintada egitea erabaki zuen duela bi aste eskas apirilean Egia kalearen beheko aldean zabaldutako La Farándula garitoaren aurka.

Ez zitzaidan gustatu marka hori jartzea horrelako lokal bati.

Taldeak komunikatu bat zabaldu du. Lehen lerroan beren aurkako kriminalizazioa salatzen du. Gero dio ez zela "kulturaren aurkako ekintza bat izan (...) kultura konkretu bateko negozio modernoak agertu dira Egian, Donostiako esparru kultural kapitalistarenak hain zuzen ere (...) Argi geratzea nahi dugu ez dela konkretuki La Farandularen aurkako ekintza bat izan, baizik eta La Farandulak bultzatzen duen transformazio ekonomiko eta politikoaren aurkakoa".

Ez dut arazoaren muina ulertuko, baina horrelako ekintza bat gure hirian antzerkiaren alde apustua egin duen lokal pribatu bakarrari egitea (El Sekaderok ateak itxi behar izan ditu) ez zait batere gustatu. Baina berdin pentsatuko nukeen beste lokal (moderno edo ez moderno) horietako bat tartean izango balitz: ez dut gustuko marka horiek jartzea.

Nik neuk kultur mundu instituzionala dut ogibide eta gaur ekarri nahi dut hona langile talde batek ia duela bi urte Kortxoenearen alde agertu gineneko esaldi bat: "Kultur aniztasuna eta eredu ezberdinen arteko bizikidetza ez direlako marketing eslogan hutsak, gure eguneroko jardun profesionalean hedatzen saiatzen garen oinarriak baizik".

Turistak erraustu, Tourists go home

Ez da pintada bakarra izan aurrekoa: lerro hauen goiko aldean dauden bezalako leloekin agertu dira beste pintada batzuk Donostian eta Ernaik ere akzio itsusi samarra burutu zuen Basquetour-en kontra Bilbon. Martxelo Otamendiren zutabetxoa gustatu zitzaidan eta ondorengo lerro hauek nireak egiten ditut:

"Agintari batzuei asko gustatzen zaie formen gaineko eztabaida, fondoan ez sartzeko. Halako «ez dezagun hitz egin arazoaz, baizik eta arazoa salatzeko metodoaz». Hori kontuan hartu beharko lukete protesten antolatzaileek".

Museoko agerraldia

Hiriko hainbat ostalarik eta merkatarik zein udaleko, probintziako eta Eusko Jaurlaritzako turismo gaietarako arduradun sozialistek agerraldia egin zuten hilaren 9an San Telmo Museoan turismoaren aurkako kanpaina horiek salatuz.

1.- Zer agerraldi klase zen hori? Beste garai batekoa iruditu zitzaidan. 2019an alkate izan nahi duen Gascok beste behin jokoz kanpo harrapatu zituen Goia eta enparauak urte hasieran Urrezko Danborrarekin harrapatu zituen bezala? Hurrengo egunetan sozialisten bide beretik aritu baitira jeltzaleak.

2.- Turismofobia xenofobia dela zioen Basquetour-eko zuzendariak, Bartzelonako alderdikide sozialista baten hitzak bere eginda. Ezin ditut hitz horiek burutik kendu. Soberan daude.

Soseguz eta patxadaz

Berdin du turismoa izatea, etxebizitzen garestitzea, Abiadura Handiko Trena, zakarren kudeaketa edo dena delakoa, herri honek gabezi izugarria dauka gai potolo eta garrantzitsuei soseguz heldu eta behar den bezala eztabaidatzeko.

P. S.: La posverdad de la turismofobia irakurri nuen lerro hauek idatzi ondoren. Martín Caparrós-en testua ilustratzeko Oviedoko pintada baten argazkia. Egilea: Eloy Alonso (Reuters).

P.S.: Gaiarekin zerikusirik ez du, baina izenburuari tiraka jakin dut zirauna ez dela sugea, hankarik gabeko muskerra baizik (Asier Sarasua). Hortik tiraka Ziraba proiektuaren berri izan dut: "Ziraba proiektua anfibioak eta narrastiak ardatz harturik, hainbat elkartek elkarlanean aurrera daramaten proiektua da. Ingurugiroa, hezkuntza, euskara eta zientzia uztartuz, auzolanaren bidez Hernaniko udalerrian hainbat ekintza bultzatzea du helburu".

Serpiente de verano, este texto en castellano.

Oviedo by Eloy Alonso (Reuters)

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter