Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Errefuxiatuak

Errefuxiatuak

Mikel Iturria 2017/06/22 22:15
Max Aub-ek hogeita hamar urte pasa zituen Mexikon Gerra Zibila galdu ondoren. 1969ko abuztuan Bartzelonako aireportuko lurra zapaldu zuenean zera esan zuen: "Etorri naiz, baina ez naiz bueltatu". Mikel Ayestaranen "Oriente Medio, Oriente roto" liburua irakurtzen nuen bitartean behin baino gehiagotan burura etorri zaidan esaldia.

Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izan zen asteartean, ekainak 20, eta Mikel Ayestaranek ekainaren hasieran argitaratutako "Oriente Medio, Oriente roto" liburua irakurriz harrapatu nau.

Ekainaren 8an egon zen liburua aurkezten Donostian eta Alberto Moyanoren elkarrizketa honek handitu zidan liburua irakurtzeko desioa (Mikel Ayestaran: «Creo que rompo con esa figura tan mitificada del corresponsal de guerra»).

Oraintxe ikusi dut Donostiako ekitaldia sarean dagoela: Aquarium-en Karlos Zurutuza kazetari eta adiskidearekin izandako solasa.

2004-2005 urteetatik Ekialde Hurbilean korrespontsal edo berriemaile berezi gisa izandako eskarmentua bildu du lehen pertsonan beasaindarrak.

Astelehen iluntzean entzun nuen duela egun batzuk Roge Blascok eginiko elkarrizketa. Biek ondo elkar ezagutzen dute eta gertukoa izan zen solasaldia, Rogek duen samurtasun horrekin egindako galderak tarteko. Entzun nahi baduzu, egin klik hemen bertan.

Zabaldu parentesia. Radio Euskadiko norbaitek erakuts diezaiola Rogeri nola txertatu blog batean modu klikagarrian loturak, mesedez. Eskerrik asko. Itxi parentesia.

Ayestaranen liburuan bereziki zirraragarria egin zait hamabigarren kapitulua Refugiados izenekoa. Bertatik pasatzen dira Damascon bizi den jendea, baina baita Siriatik hanka egindakoak ere.

Adibidez, Jordaniako Zaatari eremuan bizi direnak. 2016ko apirilean, Jordanian 636.000 errefuxiatu siriar omen zeuden (8 milioi biztanle ditu Jordaniak). Zaatari bezalako eremuetan baliabide gutxi duten 120.000 siriar bizi da. Siriako muga ordu erdira dago eta beste hainbestera dute gehienek etxea.

2016ko abuztuan, errefuxiatu andana hasi zen Europara iristen. Mazedonia zeharkatzen ari ziren errefuxiatuen ibilerari kobertura egitea tokatu zitzaion Mikeli. Garai hartan oso kazetari gutxi zeuden lur haietan. Noizbait irakurri edo entzun izan nion Ayestarani berari zer gaizki pasa zuen. Irudi bat geratu zitzaion iltzaturik: haurtxo baten negar kontsolaezina gainezka zegoen trenaren sabaiaren kontra gorputza behin eta berriz jotzen zuen bitartean jendearen bultzaden ondorioz.

Tira, garai latzak bizi ditugu eta liburuan ez duzu kontsolamendu handirik topatuko, baina bai lagunduko dizula geopolitikoki borborka dagoen mundu zati bat ulertzen.

Max Aub aipatuz hasi naiz eta kapitulu horren amaieran dagoen Yabalia (Gaza) errefuxiatu eremuko aiton palestinar baten esaldiarekin amaituko dut: "Norbera etxetik ateratzen denean, barru-barruan daki ez bueltatzeko irteten dela".

P. S.: Zaporeak proiektuaren alde dirua biltzeko ekitaldi solidarioa dago igande honetan, ekainak 25, Donostiako Antzoki Zaharrean.

Personas refugiadas, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter