Chirbeatzen (II)
Chirbesen etxean
Rafarekin bitan egona banintzen ere inguru hartan, ez nuen bere etxea ezagutzen. Calp-eko egonaldia aprobetxatuz, Fundació Rafael Chirbes-ek Facebook-en duen telefonora deitu nuen hara joan baino hamar bat egun lehenago. Manolo ilobak hartu zuen deia. Jada Calp-en nengoela deitzeko eta geratuko ginela. Nirekin egin zutena ez da zerbait berezia: garaiz deitzen baduzue, etxea bisitatzeko aukera badago eta.
Zabaldu parentesia. Bide batez, Rafael Chirbes fundazioa webgunea egin nahian dabil. Lan hori egiteko, autorearen berri izatea eskatzen dute, interesatuek egindako beste webgune batzuk aipatzea eta aurrekontu bat helaraztea. Itxi parentesia.
Maiatzaren 30ean lotu genuen hitzordua, goizeko 10:00etan Beniarbeig-eko Jubilatuen Etxeko tabernan. Aldez aurretik ikusitako argazkiren bati esker, berehala identifikatu nuen kanpoko mahai batean eserita zegoen kapeladuna zela Manolo.
Ordubete luze egin genuen han lasai hainbat konturen inguruan hitz egiten: Beniarbeig-eko Chirbesen etxean dagoela gaur egun haren fundazioa Rafak hala erabakita, nortzuk osatzen duten fundazioa, zein arazo dituzten aurrera egiteko, baina baita gauza pozgarriak ere ("La buena letra" valentzieraz argitaratzeko asmoa dutela eta datorren udaberrian Chirbesen obra aztertzeko kongresua egingo dutela).
Manoloren motorraren atzetik igo ginen etxera. Bertan zeuden Tomas txakurra eta Alvaro, Villarrobledoko mutil bat, egilearen liburutegia osatzen duten 5.000 bat bolumenak katalogatzen ari dena.
Etxea 2000. urtearen bueltan erosi zion Rafak kamioilari jubilatu bati eta bi planta ditu: goiko partea (negurako egokiagoa) eta behekoa (udako beroari aurre egiteko).
Liburu politikoenak-eta beheko aldean zeuden, sukaldea eta logelarekin batera. Goiko zatia egokitu egin dute liburu gehienak jasotzeko: arteari buruzko liburuak, sukaldaritzari buruzkoak, literatura eta abar.
Ez nuen denbora gehiegi pasa liburuei begira: hobe denbora pasatzea ezagutu berri nituen bi lagun haiekin hitz egiten. Halere, bi gauza:
1.- En la orilla liburua Donostiara aurkeztera etorri zenean, Luis Irizar sukaldariarekin bazkaldu zuen. Madrilen elkar ezagutu omen zuten bere garaian eta niretzat erabat ezezaguna zen Manuel Martínez Llopis mediku eta gastronomoa aipatu zuten behin baino gehiagotan.
2.- Carlos Blanco Aguinaga irundarraren dedikatoria. Valentziarrak esana zuen publikoki Blancok erakutsi ziola irakurtzen (Carlos Aguinaga, el sabio que me enseñó a leer). Egungo Irungo kultur gune berriak haren izena dauka. Egun hauek aprobetxatuz, 2007an Alberdaniak argitaratutako Por el mundo memoria liburua irakurri dut: 1926an Irunen jaio (Santiago kalean), 1936ko irailean Hendaiara joan eskapo familiarekin (Anastasio Blanco aita Indalecio Prietoren gizona zen eta ardurak zituen kontraespioitzan), 1939ko abuztuan Mexikora, DFko Luis Vives institutuan egindako ikasketak, nola lortu zuen Harvard-en estudiatzea eta hogei urte eskas zituela Israelera armak eraman zituen itsasontzi batean nola ontziratu zen. Oraintxe bertan ikusi dut De mal asiento dela horren jarraipena, Caballo de Troya argitaletxeak kaleratutakoa.
Tira, Beniarbeig-etik urrundu naiz pixka bat. Trago bat hartu, harremanetan egongo ginela esanez agurtu eta 14:00ak aldera Sagrako Un cuiner a L'Escoleta jatetxera hurbildu ginen bazkaltzera.
Portzierto, Calp-en Juan Manuel Ruiz Casadoren hitz hauek irakurri nituen: Rafael Chirbes dejó escritas sus memorias. Espero dezagun hauek irakurtzeko parada izatea.
En la orilla antzezlana Valentzian
Maiatzaren bukaeran eta ekainaren hasieran Valentziako Teatre Principal-en egon da "En la orilla" antzezlana, Chirbes-ek hil aurretik argitaratutako azken nobelan oinarritutako Adolfo Fernández-ek eta Ángel Solo-k taula gainean erakusteko egokitutakoa.
Urte hasieran estreinatu zuten Alacant-en eta handik gutxira egon zen Bilboko Arriaga Antzokian (Barakaldon egongo da 2018ko martxoan) eta Valentzia gertu samar zegoela aprobetxatuz (tira, hiru orduko bidaia joan-etorriak kontuan hartuz) gerturatzea erabaki genuen.
Bi plano nagusi daude antzezlanean. Alde batetik, Francisco, Justino eta Esteban-en arteko "azken guda dantza" izan daitekeena. Hau da, goiza ehizan pasa ondoren, mahai baten bueltan elkartzen dira jana, zurruta eta bestelako drogak lagun elkarri beste egoera batean esango ez lizkioketen gauzak botatzeko. Bestetik, Estebanen aitaren zaintza, semeak eta Liliana langileak bideratzen dutena. Agertzen dira ere aroztegiko langileak, baina hirugarren maila batean.
Zazpikotean César Sarachu da Esteban protagonista. Ohituta Camera Café telebista saiora zaila egiten da hasieran bere vis komikoa ahaztea, baina Suedian antzerki klasikoan badu eskarmentua gure gizonak.
Bi aktoreen lana gustatu zitzaidan bereziki: Justino (Marcial Álvarez) eta Liliana (Yoima Valdés). Gogoangarria aita dutxaren ur azpian garbitzen duen bitartean Estebanekin zaintzaileak duen solasa.
Padrós-ena Adolfo Fernández-ek bera egin zuen, baina ez zuen egun ona izango, zeren eta 9. lerroan egonik ere, arazoak izan nituen haren ahotsa behar bezala entzuteko.
Laburbilduz, emaitza ez da borobila, baina ondo eman diote jarraipena taula gainean nobelari. Ahal baduzue, ikusi.
Chirbesen libururik Valentziako liburu-dendatan?
Antzokira joan aurretik, Casa del Libro kateko liburu-denda batean sartu-irtena egin nuen. Bitxia egin zitzaidan gaztelaniaz idazten zuten autoreen artean ez izatea toki esanguratsua Chirbesek bere jaioterrian. Ez nintzen dena arakatzen ibili, baina begiratu nuen tokian "Crematorio" zegoen bakarrik eta arraroa egin zitzaidan ez izatea beste autore nagusi batzuek zuten bezala haren izenarekin karteltxo bat.
Max Auben esaldi bat bukatzeko, Rafak berak haren jaiotzaren lehen mendeurrenean El País-en idatzitako artikulu batetik hartua: "Pase lo que pase: sólo la ignorancia es mala".
Chirbeando (II), este apunte en castellano.