Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Irunen bi alarde betirako?

Irunen bi alarde betirako?

Mikel Iturria 2017/07/09 20:30
20 urte baino gehiago pasa dira jada Irungo alardean emakumearen parte-hartze parekidea eskatu zenetik. Bi alarde betirako? Xabier Kerexetak proposamen bat dauka. Eta Denis Itxaso ere ari da zerbaitetan. Botila erdi hutsik edo erdi beteta ikus daiteke.

Aurten zeresana eman du sareetan Karrika Nagusiko Batzokiko balkoia(k) jasotzen dituen argazki batek (tira, bik).

Baten batek argazkia moztuta eman zuen. Hori ez da zilegizkoa.
(argazki moztua eta osoa) pic.twitter.com/wC79nLU6pC

— Josu Goiko (@josu_goiko) 2017(e)ko uztailak 1

 

Ikus dezakezuenez, lehen balkoian bizkarra emanda bost lagun ageri dira Alarde parekide edo mistoko konpainia bat pasatzen den bitartean. Bigarren balkoian, aldiz, denak desfileari begira daude. Nire lagun batek dioen bezala, EAJk denetarik du bere maletan.

(Nafarroa aldetik, jelkide batek zioen ea nolatan ospatu daitekeen 1522ko nafarren porrota Gipuzkoan).

Noizbait esana daukat ni, irundarra izanik ere, ez naizela inoiz atera alardean, baina bertako emakumeentzat eskubide bera nahi dudala: herriko jaietan parte hartzeko aukera norberaren esku egotea.

500 urte

Ekaina amaieran amaren etxetik pasa eta aldizkari bat hartuta egin nuen buelta Donostiara. Bertan Xabier Kerexeta historiagileak sinatutako bi artikulu: Berba in biou (sarrera moduan) eta Cumplimos 500 años (jarraipena eta garapena).

Kerexetak dio iritsi dela gauzak konpontzeko unea eta erronka botatzen dio Irungo herriari: bosgarren mendeurrena beteko denez 2022an, Bidasoako alardeak Unescoren ondare immaterial izendatzeko kanpaina hastea.

Hainbat adibide jartzen ditu. Nik bi argudio aipatu nahi nituzke segidan:

  • Ez dago (er)aldatzen ez den festarik eta, gizartearen zentzu berean (er)aldatzen ez bada, desagertu egingo da.
  • Festak ospatzeko bitan banatzen den herriak arazo bat dauka, larria gainera.

Itxaso bete ur?

Goiko lerro hauek astean zehar zirriborratu nituen. Larunbatean Berria egunkariak Maite Asensiok Denis Itxasori eginiko elkarrizketa mamitsua argitaratu zuen: Uztargarria da bi alardeetara joatea.

Itxasoren iritzia irakurri ondoren lau ideia di-da:

1.- Zaplasteko mordoa jasoko zituela alde batetik zein bestetik (berak hirugarren espazio bat aipatzen du).

2.- Hainbat txio irakurri ditut eta ez dakit ez ote den jendea horrelako proposamen bat azkar samar baztertzen ari proposamena egin duena zein den aintzat hartuz.

3.- Badago urik igerileku horretan? Hau da, bere proposamen soila da? Bere kabuz mugitu da? Zer pentsatzen dute Bidasoaldeko eragileek?

4.- Zubigintzan ez dut ikusten politikari askorik: oso gutxik dute mugitzeko aukerarik edo gogorik alor honetan.

Amaitzeko, Xabier Kerexetaren enbidoa: "Bost urte ditugu arazo dena aukera bihurtzeko (...) Nor dago prest?"

¿Dos alardes en Irun para siempre?, este apunte en castellano.

Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2017/07/10 10:25
Ni ados nago Denis Itxasorekin enfoke nagusian, alegia, alarde baztertzailearekin zubiak eraiki eta mantentzeko ahalegina egin behar dela, eta baztertzailearen aldeko guztiak ezin ditugula matxista modua etiketatu. Alarde parekideen aldekoa naiz, alarde baztertzaileak onartezinak iruditzen zaizkit, baina uste dut ezin ditugula alarde baztertzaileetan parte hartzen duten gizonezkoak eta alarde hori txalotzen (eta sostengatzen) duten emakumeak kriminalizatu.

Urteak daramatzat galdetzen ea benetan uste dugun Irungo eta Hondarribiko gizon-emakumeak beraien egunerokoan gainontzekook baino matxistagoak diren. Ez dut uste urteko gainontzeko egunetan Irungo eta Hondarribikoei leziorik emateko moduan gaudenik inongo herritan.

Kriminalizatu aurretik, lehenik eta behin ahalegin bat egin beharko genuke ulertzeko zein mekanismo gertatu den herri horietan, gainontzeko egunetan gure tamainako matxista zein parekide diren herritarrak horrela agertzeko. Hori ulertzea ezinbestekoa da jarrera zurrun horiek desaktibatzen ahalegintzeko eta beraientzat, beste inorentzat baino astunagoa eta mingarriagoa den zamatik askatzen laguntzeko.

Beste aukera, alarde baztertzailean parte hartzen duten gizonezkoak eta sostengatzen duten emakumeak matxista gaizto moduan seinalatzeak, estigmatizazio eta gatazkaren konsolidatzea ekar dezake, eta niretzat okerrena dena, herri zati handi bat genero berdintasunaren bidean galdutzat ematea. Eta hori ez dugu nahi, ez zaigulako komeni, eta batez ere, ez delako egia.
Gorka Bereziartua
Gorka Bereziartua dio:
2017/07/10 12:38
Karikatura aipatzen du Itxasok eta uste dut bera ere karikatura bat egiten ari dela alarde parekidearen aldekoen inguruan. Mekanismoa sinplea da: bi muturretan jende erradikala dagoela irudikatu eta bere burua erdian kokatzen saiatzea.

Kontua da, ez dudala uste errealitatea hori denik. Alarde parekidearen aldekoen planteamenduetan gaia bere konplexutasunean ulertzen saiatu dira, ez da bidezkoa esatea "zuzenean egotzi nahi izan diotela alarde tradizionalari matxismo hutsa".

Begiratu, adibidez, Irungo Alarde Publikoaren webguneak gomendatzen duen bibliografia, zeinean gaiari ikuspegi antropologiko, soziologiko eta historikotik heltzen zaion besteak beste: http://alardepublico.org/eu/argitalpenak.php

Poztuko nintzateke Itxasok Irungo alkatea mugiaraziko balu, 20 urteren ondoren, gai hau soluzionatzeko. Baina momentuz dioena zera da: "Nire itxaropena da etorkizunean belaunaldi gazteek modu naturalagoan hautatuko dutela batean edo bestean parte hartzea".

Beraz, ardura guztia herritarren esku uzten du. Beste 20 urtean gai hau dagoen bezala gera daiteke horrela.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter