EKKI, SGAEren alternatiba bat
Itzuli ondoren, gaztelaniazko blogean argitaratu nuen Xalba Ramirezek Argian eginiko elkarrizketa bat: "SGAEk bazkide ez direnen izenean kobratuz 17,5 milioi euro irabazi zituen 2015ean" (Xalba Ramírez entrevista a Ainara LeGardon sobre la SGAE).
Esan bezala SGAE: el monopolio en decadencia liburua SGAEren nondik-norakoak jakiteko nahitaezko liburua da. Amaitu dut eta gomendatzen dizuet irakurtzea gai hauek interesatzen bazaizue.
Bederatzigarren kapituluan alternatibak dituzte hizpide. Bi aipatzen dituzte: DAMA (ikus-entzunezkoen alorreko gidoigile eta egileentzat) eta EKKI, Euskal Kulturgileen Kidegoa. Azken hau gure eremukoa denez, goazen apunte nagusi batzuk hemen jartzera.
Ainara LeGardonek zera dio elkarrizketan:
EKKI oso hasierako momentuan dago, mintegi informatiboak antolatzen, bazkide berriak formatzen eta erakartzen. DAMAkoak bost urte egon ziren dirua biltzen hasi aurretik, SGAEren aldetik izandako epaiketa eta presioak gaindituz. Espero dugu EKKI lehenago jarri ahal izatea funtzionatzen. Anarik esan zigun bezala “bere abantaila da hobetzeko margen handia duela. […] Arrakala txiki batek haitz oso ireki dezake”.
Bost elkartek sustatu zuten erakundea 2014an: Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Euskal Idazleen Elkarteak, Euskal Editoreen Elkarteak, Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak eta Euskal Herriko Musikarien Elkarteak.
Ainara LeGardonek eta David G. Aristeguik esaten dute Anari dela eredu-aldaketa honen zutoinetako bat, besteak beste SGAEn baja eskatu duen lehena izan delako, ondoren EKKIn izena emateko. Idazkaria Igor Estankona da.
Liburuan Anari jabetza intelektualaren alde ageri da: "Aurreko belaunaldiak lortutako zerbait da jabego intelektuala. Beste gauza bat da erregistratzeko modua, dirua biltzearena, nola egiten diren legeak (...) Urte hauetan guztietan, ideologikoki deseroso sentiarazi nauen egoeraren bat egon bada, hori izan da nire obraren kontrol osoa ez izatea".
Bi urte luze pasa badira ere, oraindik hasiera fasean dago EKKI (liburua inprentara bidaltzerakoan 54 bazkide zituen), baina jada irabazi ditu hainbat gatazka epaitegietan SGAE, CEDRO eta VEGAP erakundeen kontra.
Liburuan egoera berri interesgarriren bat aipatzen dute Ainarak eta Davidek: "Creative Commons lizentziak erabiltzen dituen egileren bat enteratzen bada SGAEk egile horren izenean bildutako eskubideak dituela (erakunde horren kide izan gabe), EKKIko bazkide egin liteke eta diru kopuru hori erreklamatu".
Estankonak bazkide izateko euskal kulturaren baitan egon beharra aipatzen du, zentzu zabal honetan: "euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz edo ingelesez egiten dena, Bilbon, Tuteran, Eskiulan, Shangaiko Euskal Etxean edo Renoko Unibertsitatean".
Jabetza Intelektualari buruzko Legearen 159.2 artikuluak markatzen du muga territoriala. Erakundearen egoitza komunitate autonomoan (EAEn, kasu honetan) izan behar du eta lurralde horretan bertan izan behar dute beren egoitza soziala bazkideen erdiak. Gainera, erakundearen diru-bilketaren % 60a lurraldean bertan jaso behar da.
Amaitzeko, irakurri nuenetik buruan bueltaka dudan Anariren esaldi hau: "Nire ustez, bagara belaunaldi bat erretorika, ahalmen eta ideologia handikoa beste batzuk egin eta guk bidegabetzat jotzen duguna deuseztatzeko; baina sortzeko orduan zer egiteko gai garen frogatzeko dugu oraindik [...] Zerbait sortzeko unea da".