Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Hizkuntza(k)

Mikel Iturria 2018/07/16 21:32
Etxetik ia hiru kilometrora badago baratze eder bat. 60 bat urteko gizaseme bat aritzen da izerdia botatzen bertan. Astean bizpahiru aldiz pasatzen naiz eta sarri egoten da irratia piztuta, denek entzuteko moduan. Uzta garaia hurbiltzen denean behean itsatsitako kartela egoten da atarian. Hasiera batean uste nuen gaizki idatzita zegoela. Denboraren poderioz ohitu egin naiz eta beste zentzu (propio) bat topatu diot kartelari: graziaz beteriko eremua dela eta ez lapurtzeko grazia horiek. Amorragarria baita hainbat hilabetez landatu eta zaindutako fruituak beste batek lapurtzea.

No robar gracias

Rafael Chirbes zenak hitz hauek erabili zituen behin Javier Ortiz zena definitzeko: «Javierrek bazekien ez zegoela iraultzarik hitzen ordenarik gabe». Ondoren gehitu zuen: «Nire ustez sintaxirik gabeko hizkuntza faxismora hurbiltzen da».

Gero eta okerrago idazten eta hitz egiten dugu. Berdin du arre edo so askotan.

El Señor Tomás umoregile nafarraren txiste hura gogoan (gaztelaniaz du grazia).

-Non egon zara oporretan?

-Temeon.

-Temeon? Torinon izango da, ezta?

-Zer axola du Torinok edo Temeok!

Futbola

Iñigo Martinez Athletic-era joan zen eta euskaraz (Ondarroako hizkera) zein gaztelaniaz esan zuen agur. Zalaparta piztu zen, baina hor, batez ere, beste kontu bat zegoen: hainbat realzaleri ez zitzaigula agur esateko unea aproposa iruditu, gehienei Athletic-era joan izana ere ez. Zuzeuk batuaz jarri zuen gutuna.

Mikel Alonsok denboraldia bukatu aurretik utzi zuen Real Union eta gaztelaniaz despeditu zen. Zuzeuk itzuli zuen gutuna.

Orain Alvaro Odriozolak utzi du Donostia eta Real Madrid-era alde egin du. Euskara gutxi du mutil honek, baina iritsi da garaia horrelako figurek ulertzeko bera prestatu duen kluba errotuta dagoen herrialdean bi hizkuntza daudela eta biak erabili behar direla jendea agurtzeko.

Mi agradecimiento a la @RealSociedad y a la familia txuri-urdin...✍️ pic.twitter.com/A93n3jrjiW

— Álvaro Odriozola (@alvaroodriozola) 2018(e)ko uztailaren 5(a)

 

Eremu askotako instituzio eta enpresei buruz hitz egin nezake, baina gaur futbolaz hitz egin nahi dut, nire taldeaz batez ere: Realari buruz. Amorragarria iruditzen zait euskarazko komunikazioetan klubak duen zabarkeria. Oso hizkuntza pobrea eta gaztelaniazkoaren itzulpen traketsa.

Kapitain berria, Illarra maitea, sareetan aritzen da euskaraz eta gaztelaniaz: ez ditu Euskaltzaindiaren arauak jarraitzen, baina bai egiten diola kasu RAEri. Zergatik? Zoaz jartzera gaztelaniaz "Ya hemos acabau el entreno" eta ea zer gertatzen den.

Maestro

Illarramendik Magisteritza ikasketak amaituak ditu.

Uruguaiko Oscar Tabarez hautatzaileari «Maestro» esaten diote, gizon jakintsua ei delako baina baita lehen mailako hezkuntzako maisu izan zelako garai batean.

Nik neuk bertxiotu nuen txio bat zioena Tabarezek hezkuntza publikoaren aldeko aldarria egin zuela mundu txapelketan.

Baina gutuna ez omen da Tabarezena. Tania alabak Twitter-en gezurtatu zuen, aitaren gutunen bat asmatuz gero, hurrengo batean akats ortografikorik ez egiteko gehituz.

Bada aldea!

Idiomas, este apunte en castellano.

Zubigileak Bilbon

Mikel Iturria 2018/07/08 11:55
Uztailaren 4an, Eduardo Madina eta Fermin Muguruzak Irungo Moskun izandako topaketari buruz Alfonso Zapico komikigileak egindako «Zubigileak» argitalpena aurkeztu zuten Bilboko Bidebarrieta liburutegian hirurek. Komikia Astiberrik kaleratu du eta ekitaldia Kike Martin kazetariak gidatu zuen.

Duela hilabete batzuk idatzi nuen hemen bertan Muguruza eta Madina zubigileak izeneko sarrera, Madinak Fermini Jotdown aldizkarirako eginiko elkarrizketari buruzkoa.

Topaketa hartan Humberto Bilbao argazkilariaz gain, Alfonso Zapico zegoen. Asturiarra komikigilea da eta goizpasa haren nondik norakoak kontatu ditu nobela grafiko batean.

Ez nuen Alfonso Zapico ezagutzen... duela hilabete inguru arte. Egun batzuk lehenago lagun batek esan zidan Zapicok «Zubigileak» komikia aurkeztuko zuela Donostiako Fnac-en.

Ez naiz oso komikizalea, baina aste horretan bertan erosi eta aski gustura irakurria nuen liburua.

Egilearekin lau hitz trukatu ondoren jakin nuen uztailaren 4an Bilboko Bidebarrietan elkartuko zirela bera eta bi protagonistak liburua aurkeztera.

Bidaia eta prentsaurrekoa

Arratsaldeko 16:30ak aldera atera da autobusa Donostiako autobus geltokitik. 17:50ak aldera, ordutegia betez, iritsi da Bilboko helmugara.

Lehen aldia da bertaratzen naizela Bilboko geltokia hankaz gora dagoenetik. Autobus berean igo da Iñaki Peña aka Patxi Lurra Zarautzen (duela hilabete batzuk Su(a) minetik bakera plazaratu du). Bi seme-alaba nagusiekin doa Bidebarrietara. Bera agurtu eta Irundik hamar minutu barru iritsiko den autobusaren zain geratu naiz.

Puntual iritsi dira Irungoak. Metroaren ordez, hobe dela tranbian joatea. Askoz hobe!

Arriaga antzokiko geralekuan jaitsi, inguruko taberna batean pintxo bat jan eta Bidebarrietara hurbildu gara. Prentsaurrekoa dago ekitaldia baino ordubete lehenago.

Astiberriko arduradunetako batek ongi etorria eman die bertaratutako komunikabideei. Badira batzuk, tartean grafikoak ere.

Uzkur daude hasieran kazetariak, baina mahaiaren bueltan eserita daudenek ez dira isil egotekoak eta erraz doa agerraldia. Bukaeran hainbat argazki eta protagonisten irudiak hartuko dituzte kameralariek.

Irudiak hartzeko kanpora eraman nahi dituzte Madina eta Muguruza, baina baten batek abisua pasa du: hamar-hamabost minutu falta dira hasteko eta pertsona asko dago zain atarian. Beraz, argazkiak barruan ateratzea erabaki dute.

Ekitaldia

Muguruza, Zapico eta Madina

Kike Martin irrati-gizona da hiruko mahaian jokoa banatuko duena.

Jone Unanuak dio toki bat duela soberan eta berarekin esertzeko lehen lerroan. Aldamenean daude Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia eta Alfonso Gil (PSE-EE) eta Lander Martinez (Podemos). Bosgarren lagun bat ere badago, emakume bat, baina ez dakit nor den. Ekitaldiaren amaieran, Bingen Zupiria (EAJ) Kultura sailburua ere hurbildu dela ikusi dut.

274 lagunentzako edukiera zuela aretoak esan zidan bertako langile batek pare bat egun lehenago telefonoz deitu nuenean jakiteko zer egin behar zen tokia hartzeko. Atzera begiratu eta eserlekuak beteta daudela ikusi dut.

Unamuno dago goitik so eta haren azpian, komiki bat eskuan duela, adi mahaikideek diotena entzuten mutiko bat. Zortzi-bederatzi urte izango ditu. Espainiako futbol taldearen elastikoa eta galtzak soinean.

Kike Martinek ongi etorria eman guztioi, mahaikideak aurkeztu eta berak dakien bezala banatuko du jokoa. Prentsaurrekoa erraz joan bada, aurkezpena bera are gehiago.

Behean itsatsiko dizuet ordubete inguruko bideoa hura entzuteko gomendioarekin. Baita euskarazko bertsioan irakurtzeko «Zubigileak».

Anekdota bat. Eduardo Madinak 7-8 urteko mutiko bat du Unax izenekoa (txikitan ezagutu zuen izen hori eta Ugalde abizeneko mutil bat eta beti izan du hura gogoko). Semeari pasa dio aitak komikia irakur dezan. Irakurri du Unaxek eta galdera batekin datorkio.

-Zuk diozu ezkerrekoak besteengatik kezkatzen direla, ezta aita?

-Tira, ez dakit nik hori esan ote dizudan, baina laburpen egokia da, bai.

-Zuk uste duzu Ferminen semea ezkerrekoa dela?

-Beno... ez dakit... baina haren ingurua ezagututa, seguraski bai.

-Zuk uste duzu Ferminen semea konturatu dela bera agertzen dela komikian eta ni ez?

Barre nabarmenak auditorioan.

Amaitu da dena, Zapicoren sinadura lortu (ale mordoa sinatu du, baina hobe aurkezpen ez hain jendetsutan eskatzea, orduan marrazkiak ere egiten baititu), hainbat lagun agurtu (Goizalde Landabaso, besteak beste) eta azkar atera gara Bidebarrietatik, berriro igo tranbiara eta, autobus geltokitik gertuko taberna batean pintxo batzuk jan ondoren, 22:00etako autobusa noiz helduko itxoiten geratu gara.

Donostian, jada bakarrik, konturatu naiz kargatu dudala bateria bolada baterako.

Uztailaren 6ko propina

Goizeko lehen kafea hartzen ari naiz lanetik gertu dagoen Koh-Tao kafetxean. Bakarrik nago, lankideak ez direlako jaitsi.

Mahaian dudan egunkaritik bista altxatu eta hara non ikusten dudan parez pare Unax Ugalde aktorea. Ez dut ezagutzen, baina eskua luzatu diot instintiboki.

Nire burua modu traketsean aurkeztu eta galdetu diot ea zer moduz joan den bezperako grabazioa (Black is beltza animaziozko filmeko ahotsetako bat da bera). Ondo joan zela dio. Orain ere estudiora doala gaineratuz. Fermin nire partez agurtzeko esan diot.

Bakoitzak bere bidea jarraitu du.

Zubigileak, tendiendo puentes en Bilbao, esta entrada en castellano.

Nazka gainditu nahian

Mikel Iturria 2018/07/01 21:19
Asko gara gauza bera sentitu dugunok La Manadadakoen «balentriaren» berri izan genuenean duela bi urte: nazka. Hiru emakume juristen hitz zentzudunak aukeratu ditut gaur nazka hori gainditu nahian.

Bi ideia aditu horiengana jo aurretik.

1.- Terrorismo biktimei (ETArenak) buruzko argazki-erakusketa bat duela hamar bat urte. Irudi gogorrak daude bertan. Prentsaurrekoan hitza hartu zuen Raúl Guerra Garridok. «Siento náuseas, asco» esanez hasi zen idazlea. Nazka, alegia. Buruan itsatsita geratu zitzaidan Guerra Garridoren esaldi hura.

2.- Xerezko alkate zenean bota zuen Pedro Pachecok 1985ean «la justicia es un cachondeo» (adi, Bertín Osborneren txaleta zegoen tartean). Hogeita hamahiru urte pasa dira.

La Manada

Ekainaren 21ean askatu zituzten La Manadakoak (nahiz 9 urteko kartzela-zigorrera kondenatuta izan lehen instantzian) behin-behineko kartzelaldiaren bi urteko muga hurbiltzen ari delako.

Pulamentuzko zerbait idatzi nahian joan zait astea, baina idatzi dudana ez zait batere gustatu. Horregatik goian aipatutako emakume jurista hauengana jotzea.

San Juan egunean, ekainaren 24an, igandea, Berriak monografikoa eskaini zioen gaiari. Hainbat emakumeren iritziak jaso zituen egunkariak. Tartean, Miren Ortubai abokatua eta EHUko Zuzenbide irakaslearenak.

«Abokatu penalista naizen heinean, burua hotz mantendu behar dut, eta ezin naiz badaezpadako kartzelaldiaren alde agertu. Behin-behineko kartzelak izan beharko luke salbuespen neurri bat, oso kasu gutxitan erabiltzekoa, eta ez sistematikoki aplika daitekeen zigorra». Zuhurtzia hori beharrezko ikusten du EHUko irakasleak kasu guztietan: «Altsasuko gazteen auzian, Kataluniako buruzagi independentisten kasuan, eta, niri amorrua ematen didan arren, baita bortxatzaileen kasuan ere».

(...)

«Espainian, badaezpadako kartzelaldiaren erabilera neurrigabea egiten da, eta askok nahastu egiten dute justizia zigor gogorragoekin, baina, legelari eta feminista gisa, ezin dut hori onartu. Gizartea aldatzeko eta parekidetasuna lortzeko borrokan ari bagara, ezin ditugu zigor krudelagoak eskatu, horrek sistema patriarkala indartuko baitu ezinbestean, eta historiak irakatsi digu berme juridikoak desagertzen direnean emakumeak direla gehien sufritzen dutenak».

Garbiñe Biurrun epaileak feminismo juridikoa eta genero-ikuspegia aipatzen ditu ale berean argitaratutako zutabean. Epaile gisa, berriz, hauxe dio:

«Zaila da, benetan, epaitzea; zaila oso besteon bizitzaz erabakitzea. Baina epaileon eginkizuna da, eta horretarako tresnak ditugu —gizarteak bere ordezkarien bitartez emandako arauak—. Egia da tresna ahulak eta inperfektuak direla horiek, eta trebetasun eta abilidadeak behar ditugula akats horiek gainditzeko, justiziak horrela eskatzen duelako. Horietako gaitasun bat —ezinbestekoa— genero-ikuspegia da, eta ez bakarrik askatasun sexualaren edota emakumezkoen aurkako indarkeria epaitzerakoan, baizik eta edozein motatako auziak ebazteko ere bai. Berdintasun formala ez baita nahikoa, benetako berdintasuna da lortu behar dena. Gure gizartean berdintasuna erdiesteko bi tresna dira nagusi: heziketa —balioak ere ikasi egiten direlako— eta justizia —berdintasuna babesteko eta bermatzeko—. Zuzenbideak, orain arte gizonezkoek egin dutenez, haien ikuspegia jaso du, emakumezkook araudiaren sorreratik, aplikaziotik eta interpretaziotik kanpo egon garelarik».

Boston kaleratzea ezagutu berritan idatzi zuen María Eugenia Rodríguez Palop-ek Resistir frente a La Manada artikulua, baina gaur irakurri dut. Madrilgo Carlos III.a Unibertsitateko Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea da.

«(...) somos muchas las que seguimos defendiendo la excepcionalidad de la prisión provisional para estos y para todos los casos, porque se trata de una medida cautelar que ni es ni puede convertirse en una pena anticipada».

(...) baina

«en la práctica, resulta casi imposible que el mismo Tribunal que dicta sentencia tome la decisión de la excarcelación porque, como señala Isabel Elbal, los jueces consideran que, una vez condenado, aunque el acusado recurra, la prisión provisional no vulnera la presunción de inocencia o no en el mismo grado que antes de la condena».

Altsasukoaz, berriz, «muestran la doble vara de medir que utiliza la justicia en este país y denota un uso abusivo de la preventiva que precisamente ahora se ha querido evitar (...) Con La Manada, evidentemente, se ha sido mucho más garantista».

Interesa piztu bazaizue, segi iturrietara eta irakurri gainerakoa.

Tratando de superar las náuseas, este apunte en castellano.

Gero arte, Fidel

Mikel Iturria 2018/06/17 19:45
Bi hitz idatzi nahi nituen martxoan hasitako #fidelforever ixteko. Harro nago oso emaitzarekin.

Fidel Forever jaialdiko irudia

Beñat Garcíak prestatutako irudia.

Urrian idatzi nuen hemen bertan Fidel Vicente, gugan bego eta haren figura ahaztu nahi ez genuelako Fidelen Lagunak izeneko kolektibo batek omenaldia antolatu genion ekainaren 12an: Fidel Vicenteren omenezko kontzertua: #fidelforever.

Juan González Andrés aka @foteropanico kazetariak kronika argitaratu zuen ostegunean DVn. Txio hau laguntzen duten bi irudietan irakur dezakezue.

Eskerrik asko kronikagatik @foteropanico jauna!#fidelforever cc/ @JIrazoki
Bideoaren egilea: Beñat Gantxegi. pic.twitter.com/zu5gskRMAE

— Mikel Iturria (@iturri) 2018(e)ko ekainaren 14(a)

Beñat Gantxegik ekitaldiaren hasierarako prestatutako 7 minutuko bideoa zuek ikustea gustatuko litzaidake, baina oraindik ez dago sarean. Igotzea lortuz gero, hemen bertan txertatuko dut.

Junki.To-k egindako bakarrizketa ez genuen behar den bezala grabatu. Bideo batzuk egongo dira hor bueltaka, baina nik nahiago dut unean bertan izandako sentsazioarekin geratu.

Junkik kontatutako pasadizo bat dago Juanen kronikan:

Especialmente celebrado fue aquel sucedido de los 90 cuando el artista guiri le preguntó antes de salir a escena en un concierto de 2 Unlimited: «¿Cómo se llama?» «Fidel», respondió él sin sospechar que le preguntaban por el nombre de la localidad. «Buenas noches, Fidel!», saludó la banda de música dance al cariacontecido público de Fraga (Huesca).

Naroa RV ilobak Fidelen gitarretako bat oparitu zion lagun eta lankide izandako Imari. Laburra denez hona hemen une hori:

Kontzertua hasi aurretik bi hitz irakurri nituen eta idatzi nituen bezala gehituko ditut. Eskerrik asko hau posible egin duzuen guztioi.

Fidel forever: aurkezpena

Voy a comenzar como algunos e-mails: MÁS ABAJO EN CASTELLANO.

Es decir, me pasaré ahora al euskera y luego iré intercalando frases en ambos idiomas.

Martxoaren 8an elkartu ginen lagun batzuk Tanger tabernan garagardo bana eskuan genuela.

- Nola dago Fidelen omenaldia?

- Geldi.

- Hasieran abenduan izango zela. Gero otsaila-martxoan. Zerbait egin beharko dugu, ezta?

Handik abiatu ginen eta hona iritsi gara.

Bidean, zorionez, lagun batzuk igo dira gurdira.

Fidel Vicente Cintero 2017ko urriaren 3an hil zen. Soinu-mahai baten atzean eta karga-deskarga lanetan ezagutu genuen. Baina Fidel soinu teknikari bat baino askoz ere gehiago zelako bildu gara gaur hemen.

Tenía un amigo que murió hace unos años que solía decir: “Hay una edad en la que se muere gente que antes no lo hacía”. Bueno, pues estamos en esa edad.

Hoy queremos homenajear a Fidel Vicente Cintero. Fidel a secas.

Fidel murió el 3 de octubre pasado. Lo conocimos como técnico de sonido en innumerables bolos, pero hoy nos hemos reunido aquí porque Fidel era algo más, bastante más que un técnico al uso.

Este es un homenaje que surgió el 8 de marzo en el Bar Tánger con una cerveza en la mano.

Por el camino hemos tenido la ayuda de varias personas e instituciones. Será imposible citar a todas las personas, pero hagámoslo con las instituciones.

Donostia Kultura (Intxaurrondo Kultur Etxeko jendea hasieratik prest agertu zelako, Ane Osa buru). Mila esker!

Eragin, la empresa en la que Fidel trabajó los últimos años de su vida.

Txalo bat eskatu nahi dizuet soinu eta argi teknikari guztientzat. Un aplauso para las técnicas y técnicos de luces y sonido.

Buenawista Prolleckziom´s es sinónimo de rock & roll en nuestra ciudad y nos ayudan llevando la barra del bar. Nos vendrá bien para cuadrar números.

Joseba Irazokiri proposatu genion gaur hemen jotzea. Zergatik?

Ernest Lluch Kultur Etxean bada Erakusleihoa izeneko ziklo bat. Bertan egon zen Joseba bera duela urte batzuk IGLÚ izeneko ikuskizun batekin. Maddi Irazokirekin batera kanpin-denda batean sartu ziren.

Juan Luis Etxeberria, Dvn: “Se planta en un iglú a jugar con hojas secas y otros cachivaches“.

Aquella performance le pareció una majarada a nuestro querido homenajeado.

Horregatik dago gaur hemen Joseba, baina esan diogu rock and roll gaua nahi genuela. Tartean Fidelen gustuko pare bat abestien bertsioak.

Hay una frase de Fidel que me recordó Alberto Arizaga (Eragin) hace un par de semanas. Fueron a Málaga a hacer un bolo. Buscan un sitio donde cenar y se topan con un bar cuyo cartel dice: ABIERTO DESDE 1963 (por decir algo).

Los camareros están pasando la escoba y recogiendo.

Les dicen: “Vamos a cerrar”.

Replica Fidel: “¿Ahora? ¡Qué casualidad!

Ése era Fidel.

Zurekin pasatako une on guzti horiengatik!

¡Por todas esas sonrisas, incluso risas, que nos dibujaste en la cara!

Gora Fidel!

Fidel Forever!

Zuekin Joseba Irazoki Banda!

Hasta luego, Fidel, este apunte en castellano

120 egun

Mikel Iturria 2018/06/11 22:45
Hamabost egun etxetik kanpo Espainian izandako gobernu-aldaketa jarraitzen.

Maiatzaren 25ean Arbola astindu eta intxaurrak jaso argitaratu nuen eta hamabost egun eman ditut kostaldean. Gertaerak, Espainiako komunikabideen bidez jarraitu ditut: batez ere, La Sexta telebista eta SER irrati katea, baina baita La Vanguardia, Levante-EMV, Información eta El País periodikoen bidez.

Eta agerikoa da La Sextan eta SERen poz-pozik daudela Rajoy bota eta Sanchez jarri dutelako presidente.

Eta behar-beharrezkoa zen Rajoy eta PP gobernutik botatzea (hor, zalantzarik ez), baina ikusiko dugu zer egiteko gai den Sanchez 84 diputaturekin.

Zalantza bat daukat: El País-en gertatutakoa (Soledad Gallego-Díaz konpetentea zuzendari izendatzea) kasualitate hutsa izan da edo presidente aldaketa luzarotik zetorren mugimendu bat da? Punto y aparte da berriaren agintepeko lehen editoriala.

Normalean baino arrisku gehiago du PPk orain. Lagun batek zioen bezala, "morirá matando". EAJkoa izango banintz, ez nintzateke oso lasai egongo. Inpresioa daukat gure herrian gero eta gehiago hitz egingo dela ustelkeriaz. PPk horri buruzko informazio ona izango du, baita galtzeko ezer gutxi ere.

Gobernu bakoitzak boterea hartu berritan 100 egun eskatzen ditu: nik 120 emango dizkiot. Trukean ni neu bake santuan uztea eskatzen dut.

P. S.: Guardia Zibilarekin Evaristok izandako istilutxoa gogoan, La Polla jartzekotan egon naiz, baina Superjuez taldearen aldeko hautua egin dut azken unean, "giza eskubideen txapelduna" den Grande-Marlaskaren izendapen kezkagarriari soinu banda egokia jartzeko.

120 días, este apunte en castellano.

Arbola astindu eta intxaurrak jaso

Mikel Iturria 2018/05/25 19:20
Futbol entrenatzaile batek instituzio bat den beste entrenatzaile bati buruz zera esan zidan aste honetan: «Bi minututan partida bat ikusi ondoren, zelaian dagoen jokalari bakoitza zer eta nola mugitzen den esateko gai da. Ez dut gaitasun hori daukan beste inor ezagutzen». Niri ere gustatuko litzaidake asmatzea aste honetan estatuko politikan egondako mugimenduak. Tartean, EAJrenak.

Philip Roth hil zen egunean eman du EAJk aldeko botoa Espainiako aurrekontu orokorrak onesteko. Arnasa hartu du Rajoyk, baina berehala etorri da Gurtel-eko epaia eta ikusteko dago zer gertatuko den datozen egun eta asteetan.

Arnaldo Otegik zioen elkarrizketa batean kartzelatik atera zenean ez zituela sare sozialak ezagutzen: «Me sorprendió ver que en las redes todo el mundo era comunista y revolucionario, de lo cual me alegré pero pensé para mí mismo que no debía ser muy cierto porque no concordaba con lo que veía por la calle».

Hori inork baino hobeto daki EAJk eta garbi dago ez duela igerilekura salto egin ura tenperatura egokian dagoela konprobatu gabe.

Sareetan ez bezala, nire inguruari erreparatzen diot eta oso jende gutxi ikusten dut jeltzaleen kontra.

Seguruenik burbuila batean bizi naiz, baina atariko bilera egin genuen bizilagunek hilabete hasieran kale berean dagoen lokal batean tanatorioa zabaltzeko zurrumurruak hedatu zirenean. Soilik hildakoei agur esateko areto pare bat egongo da bertan. Errauskailua ez (Zubietan eraikitzen ari dira eta ez dugu atariko batzarrik egin oraindik).

Aztoratu da jendea eta ez bakarrik nire atarikoak. Lagun batek hots egin zidan aurrekoan esateko sinadura bilketa dagoela auzoan. Nik ez dut ezer ulertzen.

Egiako Atotxako Dorrearen alboan dagoen kirol kantxa bat kentzeko kexa egin zuten auzotar batzuk eta Udala hura tokiz mugitzeko prest agertu zen. Halere, guraso batzuk mugitu dira toki aldaketaren aurka eta, dirudienez, orain Udala kietoparau dago gaia aztertzen.

Traba egiten digu haur eta gazteen zaratak eta ez dugu etxeko atarian heriotza gogoratzen digun zerbitzurik nahi.

Horrelako kontuetan xahutzen dugu orain energia euskal herritarrok (bai, badakit pentsiodunak, feministak eta gazte batzuk kalean daudela).

Ez dakit Arzalluzena den berari egozten dioten esaldi famatua; hau da, batzuek astindu behar arbola, beste batzuek intxaurrak jasotzeko. Orain zuhaitza astintzen kataluniarrak dabiltza eta, ikusiko dugu noiz arte, badirudi EAJk jarraitzen duela intxaurrak biltzen. EAEko euskal herritarren mesederako? Ikusiko dugu.

Bitartean, Estatua gogor ari da aplikatzen Etsaiaren Zigor Zuzenbidea: independentista kataluniarren kontra, rapero eta artisten aurka... Finean, beste musika bat jotzen dutenen kontra.

Galindo 2004ko udazkenean atera zen espetxetik (arritmia zela eta ez zela) bertan lau urteko zigorra beteta (kondena 71 urtekoa izan zen). Jiménez Losantosek ederki astintzen du mingaina, baina saiatu hari gauza bera egiten.

Valtonyc eta Pablo Hasel raperoen kontrako epaiak harrigarriak egiten zaizkigu Rock Radical Vascoaren garaiko gazteoi. Baina hementxe ditugu.

Komeni da hori ez ahaztea.

P. S.: Propaganda pel fet webgunean jar dezakezu dirua rapero hauen alde.

El árbol y las nueces, este apunte en castellano.

Taxi-gidari baten hilketa

Mikel Iturria 2018/05/13 10:25
Azken egun hauetan buruan bueltaka dut ETAk 1980ko hamarkadaren hasieran egindako hilketa bat.

Gehienok 2011ko urriaren 20ko data gogoratuko dugu ETAren agur modura, baina garrantzitsua zen ere erakundeak pertsiana jaistea eta hori, denok dakigun bezala, pasa den asteburuan gertatu da.

Komunikabideetan alde guztietako iritziak plazaratu eta lau haizetara zabaldu badira ere, nik ez dut apenas ezer irakurtzeko beta eta gogorik izan.

Oiartzungo paraje bat

Igandean Ander Izagirre lagunak berriki kaleratu duen Pirenaica liburuaren hamalau etapetako lehenaren zati bat egin zuten dozena bat lagunek. Autoz egin nuen zati bat, txirrindularien atzetik.

Une jakin batean, taberna baten paretik pasa ginen eta handik hurbiltzerakoan ideia bera datorkit gogora. Kasu honetan, gainera, ez zen izan egun horretako kontua, egun batzuk baitzeramatzan irudi horrek buruan bueltaka.

Nik 11 urte nituenean ETAk taberna horretako jabea, taxi-gidaria ere bazena, hil zuen. Ez nuen izan inoiz harreman handirik tabernako jendearekin (egun semeetako bat dago barraren atzean, nire iturriek hanka sartu ez badute) eta ez dut ezer gogoratzen egun hartaz (txikiegia nintzen), baina nire buruan itsatsita geratu den atentatu bat da.

Joan naiz informazio bila sarera eta jakin dut hildakoaren izen-abizenak zeintzuk diren: Ignacio Arocena Arbelaiz. Ateratzen diren lehen iturri guztiak Madrilgoak dira: Libertad Digital, ABC, El País, RTVE... Ez dut gaia sakonki aztertu, baina ez dut ezer topatu euskal prentsan, gizon horren lehen abizena euskaratuta ere.

43 urte zituen 1980ko otsailean. Pertsona batek taxi-zerbitzuak eskatu zizkion, Oiartzungo Ingelesaren Gazteluaren inguruan autoa matxuratu omen zitzaiolako. Inguruko bidexka batean agertu ziren autoa eta taxi-gidariaren zerraldoa hurrengo goizean. Salatari izateagatik hil zutela jakinarazi zuen ETAk.

Espainiako gobernuaren bergizarteratze planekin bat egin ondoren, Arocenaren atentatuan parte hartzeagatik kondenatutako bat 2005ean atera zen kartzelatik.

Alianza Popular (egungo PPren aurrekaria) alderdiaren ingurukoa, 1975eko azaroan eraildako Antonio Echevarria Oiartzungo alkatearen laguna zela diote kronikek. Abizen hori erabili zuen Ander Iriartek Echevarriatik Etxeberriara (loturan ikusgai) filmari izenburua jartzeko: lehena, Antonio; azkena, Rufi. Jatorri politikoko indarkeriarekin bizipen eta ibilbide diferenteak dituen ezker abertzaleko hainbat herrikide agertzen dira dokumentalean, ETAren inguruko jendeak mehatxatutako lagunak tartean.

Lerro trakets hauekin esan nahi dudana da gustatuko litzaidakeela guk ere kontatzea istorio latz honen antzekoak, gure antipodetan dauden pertsona horiei gertatutakoak.

Asesinato de un taxista, este apunte en castellano.

Fidel Vicenteren omenezko kontzertua: #fidelforever

Mikel Iturria 2018/05/03 19:15
Ekainaren 12an Fidel Vicenteren omenezko kontzertua antolatu dugu lagun batzuk Intxaurrondo Kultur Etxean. Joseba Irazoki Banda izango da gonbidatu nagusia.

Pasa den urteko urrian idatzi nuen Fidel Vicente, gugan bego izeneko sarrera blog honetan. Gaur salgai jarri da haren omenezko Fidel forever izeneko kontzerturako sarrerak (loturan eros ditzakezue, zeren kultur ekitaldiak ez dira airetik finantzatzen. Mila esker!).

Sarrerak 10 euroan jarri ditugu salgai maiatzaren 3an (goizeko 11:30etik aurrera) Donostia Kulturako kanaletan: donostiakultura.eus/sarrerak eta Victoria Eugenia zein Antzoki Zaharreko leihatiletan (11:30-13:30 / 17:00-20:00). Intxaurrondo Kultur Etxean ere salduko dira, baina soilik ikuskizun egunetan, dagokion jarduera hasi baino ordubete lehenago.

Bideo hau egin du Beñat Gantxegik.

Ikusten den irudia, berriz, Beñat Garcíak prestatu du.

Fidel Forever jaialdiko irudia 

Hona hemen zabaldu dugun prentsa oharra.

Fidel forever: ekainak 12, 20:00. Intxaurrondo Kultur Etxea

2017ko urriaren 3an hil zen Fidel Vicente Cintero. Gehienok soinu teknikari gisa ezagutu genuen, hainbat urtez makina bat ekitalditan ikusi duguna soinua jartzen. Baina Fidel hori baino gehiago zen.

Denbora azkar doa eta, berandu baino lehen, hainbat lagun elkartu gara haren omenezko ekitaldi bat antolatzeko.

Kontzertu bat, ikuskizun bat, kultur ekitaldi bat azken finean, aurrera eramateko hainbat pertsona behar da eta askoren lana oharkabean pasatzen da. Besteak beste, soinu, argi eta ikus-entzunezko teknikariena. Horregatik, hitzordu hau aprobetxatu nahi dugu eszenatokiaren atzealdean dauden lagun horien lana ere azpimarratzeko.

Hitzordua Intxaurrondo Kultur Etxean izango da, ekainaren 12an, iluntzeko 20:00etan:

  • 20:00etan, gure laguna gogoratzeko ekitaldi xume bat egingo dugu.
  • 21:00etan, rock kontzertua. Joseba Irazoki Banda igoko da eszenatokira: Joseba Irazoki, ahotsa eta gitarrak; Ibai Gogortza, gitarra; Jaime Nieto, baxua; Felix Buff, bateria.
  • Kontzertuaren ondoren, DJ saioa: Fidelen gustuko kantuak entzuteko aukera izango dugu.

Ekitaldiak irauten duen bitartean taberna zabalik izango da.

Antolatzaileak Fidelen lagunak izeneko kolektibo bat gara eta ekimena aurrera eraman ahal izateko Donostia Kultura, Eragin STAC eta Buenawista Prolleckziom's ditugu laguntzaile.

Joseba Irazoki Banda

Hainbat musikarirekin gitarra-jotzaile gisa luzaroan ibili da Joseba. Batzuk aipatzeagatik: Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, Mikel Erentxun, Bide Ertzean, Lou Topet, Terry Lee Hale, Maixa eta Ixiar.

Kantugile eta abeslari moduan agertu zen duela urte batzuk ONDDO bere pop taldearekin eta DO inprobisazio proiektuarekin.

Gaur egun musika estilo desberdinak jorratzen ditu Josebak eta bere argitalpenak eta kontzertuak sorpresaz beterik egoten dira.

Une honetan, Atom Rhumba taldearen Cosmic Lexicon diskoa eta iazko udazkenean Achiary aita-semeekin batera kaleratutako Bashoan ari da zuzenean aurkezten.

Esan bezala, Intxaurrondora Ibai Gogortza (gitarra), Jaime Nieto (baxua) eta Felix Buff (bateria) musikariek osatzen duten hirukotearekin etorriko da.

Bi gauza eskatu dizkiogu Josebari: “rock gaua” eta Fidelen gustuko pare bat bertsio.

Musika, oholtza bat, lagunak eta taberna. Zer gehiago behar da Fidel omentzeko?

Concierto en recuerdo de Fidel Vicente: #fidelforever

«Persiana, persiana»

Mikel Iturria 2018/05/02 16:16
Duela ia urtebete zabaldu zituen ateak Irungo Brönte liburu-dendak. Bigarren aldia da pertsiana puskatu dietela.

Ondarroako ilobetako bat haur garaian futbolean ari zela, haren entrenatzaile baten aginduak ez zituzten ulertzen. Tipoak «presiona, presiona» jokalariei esaten zien, baina hauek (eta niri kontatu zidan gurasoak) «persiana, persiana» ulertzen zuten.

Barkatuko didazue xelebrekeria honekin gogoratzea Irungo Brönte liburu-dendari pasa den larunbatean bigarren aldiz pertsiana puskatu diotela jakiterakoan.

Pasa den astean, apirilaren 26an, Ander Izagirreren «Amona eta beste hamar» liburua aurkeztu genuen bertan. Hona twitter-en jasotako argazki batzuk.

⚡️⚽️⚡️
|Amona eta beste hamar baino gehiago elkartu ginen atzo partida polita jokatzeko|

🎤[Bai, Anderrek bere promesa bete zuen] 🎤 pic.twitter.com/Ixwp5SBfCq

— Brontë Liburu-denda (@BronteLibreria) 2018(e)ko apirilaren 27(a)

 

«Cuando la resaca pasa -y el alcohol puede hundir cualquier civilización-, al borracho que lee le queda al menos lo leído. Y a Brontë, su persiana» idatzi zuen atzo, maiatzak 1, Jurdan Arretxe lagunak La persiana izeneko zutabean Noticias de Gipuzkoa egunkarian.

Irungo beste kazetari batek ere, Borja Olazabalek, aipatu du gertatutakoa Diario Vascon.

Besarkada bat Ylenia Benito liburu saltzaileari.

9 urte, JOR

Mikel Iturria 2018/05/01 18:20
Noizean behin Javierri idaztea tokatzen da. Gaur, adibidez.

Dear JOR,

Zure heriotzaren bederatzigarren urteurrenak (apirilaren 28an) zuk 2005ean idatzitako hainbat testu, batez ere zutabeak, berrirakurtzen harrapatu nau.

Gabonen aurretik hasi nintzen.

Hasiera batean, aurkezpenak, hitzaldiak eta bestelako testu batzuekin. Irakurri eta  etiketak jarri nizkien, baita gaztelaniazko Wikipediako loturak. Batzuetan zalantzak ditut gaztelaniazko Wikipediaren loturak onenak ote diren hainbat gauza testuinguruan jartzeko garaian, baina ez dut irtenbide hoberik topatu, denboran zehar bere horretan zutik mantenduko diren guneak behar ditudalako.

Gero zutabeetan barna murgildu nintzen. Etiketen hodeian bistadizo bat botaz gero, potoloena el_mundo da (egunkari horretan argitaratutakoak). Oraintxe bertan 1.600 artikuluk dute etiketa hori, baina, aste batzuk barru dena amaitutakoan, 1.700dik gora izango dira. Kontuak gaizki atera ez baditut, zuk idatzitako 4.500-5.000 testu egongo dira webgunean.

El diario de un resentido social (1.146) eta Apuntes del natural zaharrak -hau da, 2006koak baino lehen argitaratutakoak- (915) igotzeko orduan, hainbat kideren laguntza izan dut (Maria Zeta, Pablo D, Samuel Q, Luis D, Pako B, Ane O....).

Tardofelipismoa (ia 300 testu) eta aznarismoa (ia 400) bidean utzi ondoren, orain zapaterismoan murgilduta nabil (etiketa txikiagoa da). XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren lehen hamarkadan Rajoyren muturra jada ezaguna zen eta gaur egun ere hortxe dirau, Moncloa aurretik hilotz politikoak nola pasatzen diren ikusten. Oraingoz.

Aurreko batean GALekin gogoratu nintzen (ia 100 artikulu) eta datorren aste bukaeran agur esatera doan ETAren txanda da (bikoiztu egiten du, baina oraindik sailkapena amaitu gabe daukat).

Euskadi eta Euskal Herria asko ageri da, baita Katalunia ere. Ustelkeriari buruz eskainitakoa ere ez da makala, baina behintzat musika dugu lagun.

Behin baino gehiagotan esana daukat: bi gauza bilatzen dugu honekin guztiarekin.

1.- Webgunean dauden gauzak txukun egotea.

2.- Zure heriotzaren hamargarren urteurrena betetzerakoan (2019ko apirilean) zuk idatzitako 100 bat artikulu biltzen dituen liburua izatea esku artean. Oraingoz egina daukadan aurre hautaketak 600dik gora testu ditu.

Feministak, pentsiodunak eta langile batzuk kalera ateratzen diren egun hauetan, asko gustatu zait zure auzoko Pepe, fruitu lehorreko dendariaren erretratua. Lastima haren heriotzan egin behar izatea.

Azken finean, badagoelako jende asko soilik bere heriotzaren egunean agertzen dena paperetan. Eta ez beti.

Besarkada estua, Javiertxo.

@iturri

JOR, 9 años, este texto en castellano

JOR: etiketa hodeia

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter