Alaska bezala
Urte hasieran erori egin zen ama. Ohea egiten ari zela, berak oso ondo ez daki nola, tronpatu eta kopeta erabili zuen lurreratzeko. Erorketa gertatu eta bi ordura ikusi nuen ospitalean eta koskor galanta zuen ezkerreko begiaren gaineko aldean.
Ordu batzuk pasa zituen ospitalean eta, azkenean, etxera bidali zuten.
Hurrengo egunean koskorrak beheranzko bidea hartu zuen. Hau da, kopetako bolumena jaitsi eta begi zuloak koloreztatu egin ziren.
Laburbilduz, piura ez zen asko hobetu.
Egun hartan bertan, iluntzeko telebista saio batean agertu zen Alaska. Espainiako kate pribatu bateko lehiaketa batean azaldu zen abeslaria.
Hurrengo egunean norbaitekin telefonoz ari zela, bere egoera makurra adierazteko zera bota zuen amak: "Aurpegia Alaska bezala daukat".
Barrez hasi nintzen. Gustatuko litzaioke amari Alaska bezala egotea.
P.S.: jarriko nuke hemen amaren argazki bat, baina herentziarik gabe geratuko nintzateke. Eta zer nahi duzue esatea, gauzak dauden bezala...
Como Alaska, este apunte en castellano.