Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (IV): azkena

Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (IV): azkena

Mikel Iturria 2018/12/09 17:15
Lehen sarrera bidaia zentratzeko erabili nuen. Bigarrena San Frantziskori eskaini nion. Hirugarrena, berriz, Alamo Rent A Car konpainiarekin izandako komeria batzuk jorratu nituen. Azken apuntea gainerako gauzak kontatzeko erabiliko dut.

Hemendik dator: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna (III): Alamoren kontra borrokan.

Parkeak

Bezperan Mariposan hartu genuen hotela eta lehen parkea ezagutzera abiatu ginen urriaren 13an: Yosemite. Hiru parke nazional bisitatu behar izanez gero, US National Park Pass hartzea komeni da (80 dolar auto bakoitzeko) eta urtebetez Estatu Batuetako sare nazionaleko parke guztiak ikusteko aukera ematen dizu. Edozein parketan eros daiteke. Baina kontuan hartu honek ez duela balio estatu bakoitzeko parkeetan sartzeko (soilik nazionalak).

Bi egun eman genituen inguruan eta lehenengoan Bilboko bikote batekin egin genuen topo, AEBetan pasa genuen hilabetean ikusi genituen euskaldun bakarrak: Hawaii-n amaitu behar zuten ezkontza-bidaia ari ziren egiten Kaliforniatik barna.

Urriaren 15ean Amargosa Valley-ra joan ginen, 16an Death Valley egiteko. Longstreet  Hotel & Casino izenekoan pasa genituen bi gau. Hotel bitxi hau Nevadan dago, Kaliforniako mugan.

Motoak Long Street Inn Casino: Amargosa Valley

Yosemite parkeko berde kolorea atzean utzi eta desertuan barna sartzea kontraste ederra da.

Bi gau egin genituen, baina nahikoa da bakarrarekin Death Valley ezagutzeko. Maletak autoan hartu eta lasai asko egin baitezakezu egun bakarrean.

Harrigarriena egin zitzaidan Death Valley-n dagoen golf zelaia. Ez zen ikusi genuen astakeria bakarra: hilaren 17an bost orduko bidaia genuen aurretik Arizonako Williams-era, baina luzatu egin genuen Las Vegasekin flipatzeko. Ez genuen gaurik egin bertan,  ez zen hori gure asmoa: nahikoa Boulevard-etik autoz pasatzea.

Las Vegas-en geratu nahi izanez gero, aintzat hartzekoa da hoteletako prezioak merkeagoak direla: jokoa baita negozio. Ez dakidana da iragarritako prezioan zeintzuk diren sartzen diren zerbitzuak, zeren guk begiratu genuen plataforman bezero asko kexati zeuden hainbat gauzarekin.

Williams herritik ordubete eskasera dago Grand Canyon. Urriaren 18a berari eskaini genion. Begien aurrean lehen aldiz agertzen denean kanoia, inpresioa itzela da.

Sedona-n geldialdia egin ondoren, 19an Arizonako hiriburura jo genuen: Phoenix. Aireportu aldamenean dagoen hotel bat aukeratu genuen, baina arratsaldean ez ginen bertatik atera: arropa garbitu eta hurrengo astea antolatzeko aprobetxatu genuen.

San Diego

Urriaren 20a larunbata zen. 6 orduko bidea dago Kaliforniako San Diegora, Estatu Batuetako zortzigarren hiririk handiena. Arizonan barna pare bat presondegi ikusi genituen errepidetik: kartzela beti da kartzela, baina halako toki lehor batean preso egon beharra ere...

San Diegon atentzioa deitzeko modukoa da Midway Museoa. Gerra ontzi bat da gaur egun kaian lotuta dagoena, baina 1945etik 1991ra (Golkoko Lehen Gerra) aritu zen alde batetik bestera. Ez genuen bisitatu, baina tira, agian merezi du.

Midway

Igandean, hilak 21, Coronadora joan ginen, hamabost minutuko bidaia ferry-an. Hondartza ezin izan genuen behar bezala ikusi, lainotuta zegoelako, baina ez genuen batere problemarik aldamenean dagoen Hotel del Coronado ikusteko. Besteak beste, Some Like It Hot grabatu zuten (gaztelaniaz, Con faldas y a lo loco).

Arratsaldean Old Town San Diegora joan ginen. 1820-1870 urteetako hainbat eraikin daude eta hiriaren lehen urteak nolakoak izan ziren kalibratzeko balio du. Kanposantuan San Diegoko lehen alkatearen hilobia ikusi genuen, baita Jose Antonio Aguirre izeneko gizon bati eskainitako plaka ere.

Los Angeles

Urriaren 22an iritsi ginen Los Angeles-era. Zehatz-mehatz Arcadian geratu ginen motel batean.

23an autoz gainezka dauden LAko autobideetan murgildu ginen. Dolby Theatre inguruan dagoen aparkalekuan utzi genuen (25 dolar eguneko tarifa) Hollywood-eko hiru toki bisitatzeko. Antzoki horretan egiten da oskarretako sari-emate ekitaldia urtero, 2001z geroztik. Alboan Grauman's Antzoki Txinatarra dago eta baita zinema munduko hainbat pertsonari eskainitako izar famatuak eta horietako batzuen esku zein oinetako aztarnak hormigoian egindakoak.

Metroa hartu eta Santa Monicara joan ginen, besteak beste, Route 66-ren amaiera markatzen duen plakan argazkia ateratzera.

Monterey eta Big Sur

24an Malibutik pasa ginen eta, egia esateko, ez zitzaidan hainbestekoa iruditu, baina seguraski ez ginelako behar den tokitik pasa. Lotarako San Luis Obispo (SLO) aukeratu genuen eta, 25ean eta 26an, berriz, Salinas.

Monterey hiria Salinas-etik gertu dago eta bertan egin daiteke autoz 17-Mile Drive izeneko ibilbidea. Sam Morse izan zen inguru hura gaur egun dagoen bezala finkatzeko ideia izan zuena. Natura eta luxua nahasten dituen gune esklusiboa: golf zelaiak, etxetzarrak eta abar.

Carmel-by-the-Sea herritik atera ginen aipatu ibilbidetik. Datu bat: Clint Eastwood bertako alkate izana da.

Kontraste ederra handik ibiltzea eta gero Salinasera bueltatzea, oso herri langilea eta xumea baita. Adibidez, Marriott hoteletako lan gatazkan, irakurri nuen San Frantziskoko hotel batek Salinaseko langileak kontratatu zituela ordezko lanak egiteko. Goizeko 4:00etan hartu eta bi orduko bidea zuten egunero.

Hilaren 26ko plana Big Sur egitea zen eta halaxe izan zen. Abiatu aurretik janaria erosi eta gasolina bota genuen: gasolina ez ziguten kobratu, aurreko autoaren txartelari egotzi baitzion sistemak gurea.

150 kilometro inguru izango dira Morro Bay arte. Baina GPSak egun tontoa zuen eta beti kontrako bidetik bidaltzen gintuen. Hendaia eta Ziburuko bitarteko kostaldeko errepidea edota Deba ingurukoa etorri zitzaigun guri akordura hura ikusitakoan.

Bukaera aldera, mendia lausotu eta arrantxoak agertu ziren. Behiak alde batera eta itsas elefanteak San Simeongo gunean.

Elephant seals: San Simenon

Irratia, taxia, telefonoa eta mediku-asegurua

Oharrak errepasatu ditut eta lau kontu hauek ez zaizkit kabitu orain arte esandakoetan, baina aipatu nahi ditut:

1.- Irratia: oso garrantzitsua zen niretzat autoan egin beharreko kilometroak (miliak) egiteko irratiaren laguntza izatea. Toki batzuetan, mendi inguruetan, ez genuen ondo harrapatzen konbentzionala (FM edo AM), baina Alamok Sirius XM satelite bidezko irratia entzuteko aukera eskaini zigun eta dozenaka kanalen artean bi hauek izan genituen gustukoenak:

a) B.B. King's Bluesville. B.B. King musikaria da bertako erreferentea, behin eta berriro entzungo baituzu haren izena. Blues eta R&B musika.

b) Tom Petty Radio: musikari estatubatuarrari eskainitako kanala. Bere kantak, batez ere.

Hortik aparte, FM bidez, Modesto eta Fresno inguruan (Yosemite Parketik gertu) izan genuen Radio Bilingüeren berri: irrati publikoan gaztelaniaz emititzen duen kanal bakarra. Musika eta aholkuak latinoentzat: hezkuntza, osasuna, lan-eskubideak eta paper kontuak.

2.- Taxiak:

Hiru taxi hartu genituen bidaia osoan: lehenak aireportutik Harlem-era eraman gintuen. Ilaran jarri eta tokatzen zaizunean taxi horia hartzea besterik ez dago. 75 dolar pagatu genituen. Horretaz gain:

a) Taxi berdea New York-en: Urriaren 5ean New Yorkeko aireportura joan behar genuen San Frantziskora eramango gintuen abioia hartzera. Bernardok (San Fermin Apartments) konfiantzazko taxi-gidari bati pasa zion abisua: Carlos. 70 dolarreko tarifa finkoa.

6:45ean jaitsi eta hantxe zegoen jada taxi berdea gure zain, esandako ordua baino hamabost minutu lehenago. Hiztun zegoen txoferra. Goizeko 4:00etatik arratsaldeko 16:00etara aritzen omen zen egunero, igandetan izan ezik. 25 bat urte zeramatzan herrialdean 70 urteko gizonak. Gutxi gelditzen zitzaiola esan zigun halako batean. Total, urtebete barru edo hilko zela.

Adina entzundakoan galdera zozoa egin nion. Ea ez ote zuen erretiroa hartzeko aukerarik. Ezetz berak, 400 dolarretako jornalarekin ezinezkoa zela han bizitzea.

Bigarren galdera nire aldetik. Ez ote zuen Ekuadorrera bueltatzeko asmorik. Ezetza oraingoan ere. Hango bataz besteko soldata 400 dolarrekoa zela hileko eta ezinezkoa zela.

Bi seme-alaba ei ditu Alacanten eta Bartzelonan. Hirugarren bat ere aipatu zuen, New Yorkeko iparraldean bizi zena. Azken hau ez zela aberatsa, baina ondo bizi zela. Milioi erdi dolarreko etxearen jabe, txofer omen zebilen mobile home-ak alde batetik bestera eramanez.

b) San Franzisko:

Urriaren 30ean goizeko 4:15 aldera atera behar genuen hoteletik SFko aireportuan goizeko 6:30ak aldera hegaldia hartzeko. Egunez BART hartzea da irtenbiderik onena: erdialdetik 30 minutuko bidaia egiten duelako, baina lehen trena goizeko 5:00etan ateratzen da eta oso justu ibili behar genuen. Beraz, taxi bat hartzea zen egokiena.

Ulertu nuenagatik, taxi kooperatiba asko dago SFn eta Fly Wheel aplikazioa erabiltzea izan zitekeen aukerarik onena. Jaitsi nuen aplikazioa Android telefonora eta bospasei baimen eskatu zizkidan: kontaktuak, argazki-kamera, argazkiak... Hori jada ez zitzaidan batere gustatu. Are gehiago, ez jakitea zenbat kobratuko zidaten zerbitzuagatik. Beraz, desinstalatu nuen eta akabo.

Hurrengo aukera Uber zen, baina ez nuen erabili nahi. SFn bertan sortutako konpainia "guaya" dago: Lyft. Baina Proposition C-ren kontra publiko agertu den erraldoietako bat da konpainia (aurreko sarrera batean adierazi bezala, San Frantziskon dagoen etxerik gabekoen arazoa konpontzeko zerga berri bat ezartzearen alde azaroaren 6an aurrera ateratako proposamena).

Txarra eta okerrenaren artean, txarra aukeratu nuen: Lyft. Goizeko 4:10etarako eskatu genuen zerbitzua bi egun lehenago. 33,66 dolar izango zela esan zidaten hasieratik (propinak aparte).

4:10ak aldera konfirmatu zigun aplikazioak Rafael izango zela gure txoferra eta bi minutu behar zituela guregana iristeko. Volkswagen txiki bat zuen, Golf-a baino txikiagoa, eta maletak justu baina ondo sartu ziren maletategian.

16 minutuko ibilbidea egin zuen aireportura, trafikorik apenas zegoelako ordu horretan. Aireportuan, zain nengoela, telefonoari erreparatu eta Lyft-en abisua nuen ordainketa egiteko, baita propina eta balorazioa egiteko ere. 41 dolar eskas, %20ko propinarekin.

3.- Telefonoa:

Etxean dudan konpainiak (Vodafone) aukera eman zidan AEBetan etxeko tarifarekin aritzeko. Dirudienez, 2018ko maiatza aurretik kontratua indarrean genuenoi ematen zaigu orain aukera. Dena den, informatu, gaur egun oso inportantea baita telefonoa eta datuak eduki ahal izatea.

4.- Mediku asegurua:

AEBetan oso garrantzitsua den beste kontu bat: mediku-asegurua. Niri Insubuy konparatzailea erabiltzea gomendatu zidan lagun batek eta horrela jokatu nuen.

Zorionez, ez dut zerbitzu honen beharrik izan eta ez dakit zer nolakoa zen nik hartutako kobertura.

Kontuan hartu bi kobertura mota daudela: finkoa (konparatzaileak berak mugatutzat duena) eta osatua (gomendatzen duena).

Adinaren araberakoa da pagatu beharrekoa, baina guk 100.000-125.000 dolar arteko kobertura zuena aukeratu genuen. 150-175 bat dolar behar dira pertsona bakoitzeko hilabeteko.

44 argazki ikusi nahi izanez gero, hauxe da Flickr-eko albuma: AEBetako Mendebaldea.

Lau sarrerak osatzen dute kontakizuna. Lehena hementxe dago: Mendebaldeko Estatu Batuetatik barna.

Eta hauxe da despedidea!

Una vuelta por la Costa Oeste de los Estados Unidos (IV): final, este apunte en castellano.

Anonimoak dio:
2018/12/09 22:13
Beste aukera bat SFOn aireportura joateko: https://www.supershuttle.com/

Duela urte batzuk erabili nuen eta $20 eskas izan zen partekatutako zerbitzua.
iturri
iturri dio:
2018/12/10 21:37
Eskerrik asko adixkide anonimoa. Hori ere kontuan hartzekoa izango da eta.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter