Ortizen liburuari buruzko xehetasun batzuk
Hilaren 15ean txio hau bota nuen.
Oraintxe bertan bidali diot editoreari @jortiznet-en zutabe, artikulu eta beste testu batzuk biltzen dituen liburua. Zailena egina dagoela dirudi, baina hau denez nire lehen aldia, ez dakit zer datorren orain.
— Mikel Iturria (@iturri) 2019(e)ko urtarrilaren 15(a)
Atzera begira jarriz, abuztuan aurreratu nuen 2018an zehar lan egin dudan liburuari buruzko hainbat kontu (Camino del décimo aniversario) eta urtarrilaren 24aren atarian, Javier Ortizek 71 urte beteko lituzkeen egunaren bezperan, beste hainbeste egingo dut:
1.- Udan aurreratu nuen gure desioa zela liburua heriotzaren hamargarren urteurrenerako egotea prest: hots, 2019ko apirilaren 28rako. Materiala entregatzeko epea urtarrilaren 15a zen eta jada editorearen esku dago.
2.- Editorea Jesús Espino izango da eta argitaletxea Foca ediciones (Grupo editorial Akal). Aukerarik logikoena eta errazena zen, aintzat hartzen badugu Javier bilduma horren arduraduna izana zela mende honen hasieran.
3.- Esan nuen ere hiru lagunen testu banak lagunduko zutela liburua. Oraintxe esango dut zeintzuk eta zergatik; aldez aurretik esango dut, begi bistakoa bada ere, familiari eta niri ilusio berezia egiten zigula hirurak proiektu honetan egotea.
Garbiñe Biurruni hots egin genion Ortizen omenaldietan parte hartu zuen norbait nahi genuelako. Zehazki, 2010eko apirilaren 30ean Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean Batzar Nagusiek, Alternatibaren ekimenez, eginiko omenaldian hartu zuen parte Garbiñek.
Isaac Rosarekin gogoratu ginen berak hartu zuelako Javierren lekukoa Público egunkarian.
Javierrek aurkeztu zuen azken liburua David Fernàndez-en Crónicas del 6 y otros trapos sucios de la cloaca policial izenekoa izan zen. 2009ko otsailean elkartu ziren biak Madrilgo La Malatesta liburu denda libertarioan.
Hauxe da gaur kontatu nahi nuena. Hori bakarrik? Funtsean bai, baina irudi bat behar nuen eta, negu gorria puri-purian dagoela aprobetxatuz, biñeta honekin gogoratu naiz.
Askok gogoratuko duzue garai batean gure lagunak astero kolaboratzen zuela ETBko Pásalo programan, Iñaki Lópezek eta Adela Gonzálezek aurkeztu zutena. Javierrek «Pásaloko arratsalde haietako solasaldietan marraztutako» biñetak jaso, gorde eta familiari helarazi zizkion Adelak.
Eskerrak, beraz, Jesús Espino, Garbiñe Biurrun, Isaac Rosa, David Fernàndez eta Adela González.
Listo. Orain bai. Hauxe da gaur kontatu nahi nuena.
Algunas cosas más sobre el libro de Javier, este apunte en castellano.