Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Itxaropena pena pena

Itxaropena pena pena

Mikel Iturria 2018/12/01 10:10
Erreportariaren lana eta gure bizimodu petrala.

Asteartean Ane Irazabal kazetaria Donostian egon zen erreportariaren ofizioari buruz hizketan beste kazetari batekin, Ander Izagirrerekin hain zuzen ere.

Ane munduko bazter ilunetan ibiltzen ohituta dago eta, gainera, Erroman bizi da; hots, faxismoaren igoera gertu-gertutik bizitzen ari da Italian.

Ernest Lluch Kultur Etxearen egoitza nagusia (Anoeta Estadiokoa) itxita dago (zure segurtasunagatik / ari gara lanean / tralara) eta ekitaldia IESU elizan egin zen. Ez zen soilik tokiaren eraginagatik, baina une batean bazirudien enterru batean geundela.

Xavier Aldecoa eta Alfonso Armada kazetarien Afrikari buruzko solasa plazaratu zuen irailean Revista 5W-k. Bien arteko solasa aurreratu samar dagoela, kontinentean egoerari buelta ematen ari diren hainbat herrialde aipatzen du bikoteak (tartean, oker ez banago, Mozambike). Enterru giro hari iskin egin nahian, galdetu nuen ea ez ote zegoen itxaropenerako tarterik. Pentsakor geratu zen Ane eta aipatu zuen Italiako herri bat non ez dakit zenbat herrialdeko errefuxiatu zein etorkin bizi diren une honetan.

Sarean bilaka, Mussie Zerai apaizarekin (Don Barcone; hau da, Patera jauna) egin dut topo. Habeshia elkartea abiatu zuen 2006an eta 2018 hasieran Madrilen egon zen sari bat jasotzen (Helena Malenori ere eman ziotena, Caminando fronteras ekimeneko kidea).

Irungo egoerari buruz hitz egin genuen, Gari Garaialde fotokazetaria jende artean zegoela aprobetxatuz. Nola herriko hainbat pertsona (emakumeak, batez ere) eta elkarte antolatu den (Irungo Harrera Sarea) Europako iparraldera bidean Irunen dauden Afrikako etorkin eta errefuxiatuei laguntza emateko.

Eta gogoratu nintzen azaroan pare bat pertsonekin eztabaidatu nuela (ez modu txarrean) etorkin afrikarren gaia zela eta ez zela eta nola hemen ere hainbat girotan gailentzen ari den arriskutsu bihurtu daitekeen giro bat.

Hau guztiau buruan nuela txoritxoaren sare sozialean Javier Baeza Vallekaseko apaizaren elkarrizketa bat pasa zitzaidan begien aurrean: «Kezkatzen nau arrazakeriak jende apalaren artean leku egitea» (lotura gaztelaniaz da).

Itxaropena, pena, pena. Chirbes. Irakurle batek esan zion behin (tira, batek baino gehiagok) bere liburuek ez zutela itxaropenerako tarterik uzten eta berak, gutxi gorabehera: «Ez naiz apaiza zeruan bizitza hobeagoa agintzeko, ez politikaria gaur eta hemen promesaren bat egiteko, ez bihotza arinduko dizun psikiatra».

Eta hori da erreportari eta kazetari hauen eginbeharra. Gertatzen dena eta ikusten dutena kontatzea.

Ekitaldiaren ondoren, Ghiaccio izeneko dokumentalaren berri eman zuen Anek. Diru bila ari den dokumental bat egiteko proiektu honetan Afrikako errefuxiatu batzuen historia azaldu nahi da. Africa First Curling Team izeneko taldea osatu duen seikotearena. Esan bezala, goiko loturan lagundu dezakezue proiektua aurrera eramaten. Behean itsatsita laburpena.

Ezin bukatu lerro hauek Javier Ortiz aipatu gabe. Behin baino gehiagotan, Angel Gonzalez poetaren Sin esperanza, con convencimiento liburua aipagai baitzuen. Usteak erdi ustel, txar guztia guri tokatzen zaigula uste baitugu. Eta ez da horrela.

Abenduaren 2ko eguneratzea: Anek aipatutako herria Riace da, Calabriakoa. 400 bat errefuxiatu iritsi dira bertara eta horrek hilzorian zegoen herria berpiztu egin du. Halere, Domenico Lucano alkatea atxilotu egin zuten eta, aske utzi badute ere, ezin du bere herrian bizi. Irazabalen bideo hau udakoa da eta alkatearen atxiloketa urrian gertatu zen.

Esperanza no es un nombre de estación, este apunte en castellano.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter