Tabacalera kulturgunea: aurrera doa?
Igande honetan hondartzara joan beharrean Perlara joan naiz goizean goiz. Aldez aurretik kafetxo bat hartu dut bertako tabernan. Eguneko prentsa irakurtzeko aprobetxatu dut. Interesgarria iruditu zait Enrique Ordóñezi Diarioak egin dion elkarrizketa. Lerro artean irakurtzeko elkarrizketa da.
Tabacalera proiektua zer izango den ari dira aurreratzen gure txerifalteak. Dirudienez ikus-entzunezko espezialitatea izango duen kulturgunea izango da. Bertan Euskadiko Filmoteka, Liburutegi Nazionala eta Ordóñez-Falcón fundazioa egongo omen dira, besteak beste. Joana-Albret blog-ean irakurri nuen, El País egunkariaren Euskal Herriko gehigarrian Maribel Marínek pasa den asteburuan sinatutako artikulua.
Aste honetan apenas irakurri dudan egunkaririk. Beraz, ezin jakin gure prentsak honi buruzko datu gehiago publikatu ote dituen. Atzo Ordóñez-Falcón fundazioko buruari bi orrialde eskaini dizkio Diarioak hemen
Bere inpresioak eta iritziak bota ditu Enriquek. Hala ere, goian esan bezala, lerro artean irakurri beharreko elkarrizketa da: zer esaten duen baino, zer ez duen esaten eta zer adierazi nahi duen benetan asmatu behar da. Ez da erraza, beraz.
Kudeatzaile lanetan nor arituko den galdetuta, José Miguel Ayerza, Kursaal-eko zuzendariaren izena bota du. Kinielatan ageri omen da.
Enriquek esaten du ez litzatekeela bertan merkataritza gune bat egin behar. Hau da, Bretxaren moduko espaziorik ez jartzeko eskatu du. Hain da handia eraikina (32.000 metro kuadro dituela dio Teresa Flaño kazetariak), nahikoa lan dagoela guzti hori zentzuz betetzeko. Gaizki pentsatuta badirudi kontrako bidetik datorrela egitasmoa: hau da, gestio on bati esker Tabacalera eraikina erori zaio hiri honi eta orain bete egin behar da.
Denbora asko pasa da 2001ean kulturgunea egiteko asmoa agertu zutenetik jendaurrean hiru erakundeek (Udala, Aldundia eta Jaurlaritza). Baina tentuz ari dira mugitzen. Bartomeu Marínek egindako lehen proiektua ez zuten onetsi erakundeek. Orain bi kontsultora atzerritar jarri dituzte lanean. Pasa den asteko artikuluan, Maribel Marín kazetariak zioen azken txosten hau ere ez dela Gipuzkoa eta Donostiako erakundeen gustokoa izan.
Ez da erraza asmatzen horrelako proiektu erraldoi batekin. Hiri eta lurralde historiko honen urteetako aurrekontuak hipoteka ditzakete gure agintariek. Asmatuz gero, denok kanpeoi. Baina ez badute asmatzen, nork pagatuko du? (Galdera erretorikoa).
Orain arte diru gehiena (guztia esango nuke) publikoa da. Non daude enpresa pribatuak? Ordóñez-ek horrelako zeozer iradokitzen duela iruditu zait goizeko irakurtaldian. Ikusiko dugu.
Ah! Bospasei urte barru Donostiak Kursaal, Victoria Eugenia eta Tabacalera izan dezake 600.000 biztanleentzat (Gipuzkoako lurralde osoa hartuz kontutan).
Portzierto, Miarritzen egiten ari diren kultur egiturei buruzko informaziorik?
Entzuten pasako nituzke egunak
Maiatzaren 24an Henning Mankell suediar idazlea egon zen Donostian, Literaktum letren eta lengoaien festan. Lau istorio kontatu zituen Gizakia ipuin kontalaria da hitzaldia harilkatzeko. Horietako bat kontatuko dut hemen. Eta gaur kontatuko dut, atzo arratsaldean erosketak egiten nituen bitartean entzun bainuen lau emakume nagusiren solasalditxo bat eta Mankell-ek esandakoa etorri zitzaidan gogora.
Goteborg hirian jaio zen Mankell 1948 urtean. Suedian eta Mozambiqueko hiriburuan, Maputon, bizi da. Bere liburuen 25 milioi ale saldu ditu jada, gehienbat Wallander inspektorearen abenturekin.
Esan bezala, lau istorio kontatu zituen. Eta nik bigarrena jarriko dut gaur hemen. Maputoko Antzoki Nazionaleko zuzendari artistikoa da suediarra. Antzokian bero handia egiten duenean, kanpora ateratzen ei da gure gizona, freskuran egoteko.
Behin kalera irten eta eraikinaren aurrean dagoen aulkian bi gizon zeuden eserita. Biek hil berria zen hirugarren pertsona bat zuten aipagai. Batak esaten omen zion besteari difuntoa istorio bat kontatzen hasi zitzaiola hil bezperan. Luzea izanik, berandutu ziren eta hurrengo egunean izan behar zuen jarraipena. Baina, istorioa amaitu gabe ospa egin zuen bizidunen mundutik.
Entzuten ari zenak, denbora luzez isilik egon ondoren, zera esan omen zuen: "Ez da hiltzeko modu egokia, kontakizuna bukatu gabe alde egitea". Hau kontatzen zuen bitartean Mankellek aipatu zuen berari asko gustatzen zaiola belarria jarri eta besteek diotena entzutea. Bere ustez, segapotoak kalte handia egin dio ohitura horri. Ulertu nion edozein unetan jotzen duela telefonoak eta magia hori izorratzen dela.
Atzo, asteburuko konprak egiten ari nintzen etxe ondoan dudan supermerkatu batean. Zain nengoen txarkuteian. Aldamenean ama-alabak zeuden. Amak, gurpildun aulkian, apenas hitz egiten zuen. Bien partez hitz egiten zuen haren alabak, ordea. Amaren adin beretsuko beste bi emakume gehitu ziren taldera.
Hasi zen etorritako bat kontatzen nola duela gutxi Espainiako artista unibertsal horietako baten emanaldian egon zen. Ez nuen asmatu zeinetaz ari ziren, baina garai bateko Espainiako artista tipiko horietako bat behar zuen. Emakumea hasi zen esaten artistari Donostia oso polita iruditu zitzaiola: "¡Qué ciudad tan bonita tienen ustedes! No sé si son conscientes de ello, pero es una de las ciudades más bonitas que conozco. Y a mí me tratan muy bien aquí. En el Sur también, pero aquí me siento muy bien".
Emakumeak gehitu zuen: "Y luego cantó no-sé-qué y se emocionó y me emocioné".
Amarekin zegoenak: "¿Y cantó esa, eh? Es muy bonita. Es la que más me gusta a mí. Es preciosa".
Eta horrela zihoan konbertsazioa. Segapotoak ez zuen nire entzunaldia oztopatu. Txarkuteian nire txanda iritsi zela baizik. Pena, la-cosa-prometía...
Bidasoa duela hamar urte izan zen Europako txapeldun
Pasa den astean jaso nuen etxean maiatzeko Irunero aldizkariaren 122. zenbakiari dagokion ale bat. Bidasoa eskubaloi taldeak Europako Kopa eta Espainiako Liga irabazi zuela hamar urte bete direla-eta, erreportaia dago barrualdean.
Ez naiz eskubaloizale amorratua izan inoiz. Telebistaz jarraitu izan ditut goi mailako zenbait partida eta uste dut behin bakarrik joan naizela Artaleku kiroldegira Bidasoaren partida bat ikustera.
Jakina da 90eko hamarkadan Europako eskubaloiaren elitean egon zela taldea. Urteetan egon zen talde irundarra Elgorriaga txokolate fabrikari lotuta. Enpresa frantses batek fabrika erosi zuenean ere, mantendu zuen babesa. Gero gauzak okertu ziren: enpresa frantsesak Irungo fabrika itxi egin zuen eta langile asko kalera bota.
90eko hamarkadan Irunek ez zuen une gozoa bizi, beraz. Europar Batasunean sartu zenean Espainiako Erreinua, aduana agentzietan lanean ari ziren langile asko kale gorrian geratu ziren.
Ireki parentesia. Zenbaki honetan ere Juan Ramón Santamaría jauna, Aduana Agentzietako Elkargoaren presidentea, elkarrizketatzen dute. Eta titularrak dio: “Europar Batasunean 10 herrialde berriak sartu zirenetik % 40ko lana galdu dugu”.
Erreportaian diote “hala ere, egoera ez da 90. hamarkadakoa bezain larria, Errusia eta Turkiarekin gero eta produktu gehiago inportatu eta esportatu egiten direlako”. Itxi parentesia.
Buelta gaitezen Bidasoa eskubaloi talde handi hura aipatzera. Garai hartan Beñardo García zen presidentea. Juantxo Vilarreal entrenatzailearekin batera urteak egin zituzten klubean. Ez nau harritu, baina bai atentzioa deitu nola kontatzen duen Beñardok nondik atera zuten dirua plantilari pagatzeko:
“Gero, hegazkinean bueltan gentozela gutxitan kontatu dudan sekulako kezka neukan: Europako Kopa eta (Espainiako) Liga irabazi genituenez, bada, jokalariei diru-sari handiak ordaindu behar zitzaizkien baina ez genuen dirurik. Han bertan hurbildu nintzen politikariengana (Irungo alkatea, Foru Diputatua eta Jaurlaritzako ordezkaria) eta konpondu nuen”.
Hamar urte pasa dira. Gauzak, hala ere, ez dirudi asko aldatu direnik: kirol zuzendari askok berdin funtzionatzen dutela esango nuke.
Bloka hartu eta segi aurrera
Gipuzkoarrengandik gero eta hurbilago dagoen erakundeak blogari gipuzkoar askoren pazientzia agortzea lortu du. Gipuzkoako prentsa idatzizko komunikabide hegemonikoarekin izandako azken harremanak hautsak harrotu ditu eta kontua baretzen hasia zela uste nuenean, Diputacion de Gipuzkoa erakundeari Google bombinga egiteko ekimena sortu da.
Google bombing egitea zer den Garik adierazten du lotura honetan:
"Webgune multzo bat prestatzea Googlen bilaketa jakin bat egiten duen erabiltzailea aukeratutako webgune batetara bideratuz".
Eta kasu honetan Diputacion de Gipuzkoa Google-n bilatzerakoan Joxeren artikulua ateratzea izango litzateke kontua.
Eta hori gertatu da Anjel Lertxundiren hitzetan blogeatuta gauden aste honetan.
Frantziako bitakora batean irakurri dugunez bloc hitzaren alde egin dute han.
"Ne dites plus jamais blog ! La Commission générale de terminologie et de néologie a publié au Journal officiel du 20 mai un avis établissant une liste de termes et d’expressions destinés à supplanter les anglicismes sur Internet. Ainsi, "bloc-notes", que l’on pourra accepter sous sa forme abrégée "bloc", désignera "un site sur la Toile, souvent personnel, présentant en ordre chronologique de courts articles ou notes, généralement accompagnés de liens vers d’autres sites", soit un blog."
Aurreko asteetan, Catalunyako zenbait gauza begiratzen ari nintzela sarean, Vilaweb-en bitakora hauei bloc deitzen zietela konturatu nintzen. Eta polita iruditu zitzaidan. Hala ere, denek ez dute berdin esaten. Cataping direktorioak weblog hitza erabiltzen du.
Euskaltzaindia erakundeak zerbait esan arte itxoin beharko dugu.
Bitartean, bloka hartu eta segi aurrera. Edo Makarrovskiren hitzetan Bloga, bloga marinela.
Irungo AEKko beteranoak
Korrikaren 14. edizioarekin batera, aurkeztu bazuten ere, joan den astera arte ez nuen gertutik ikusi Irungo AEKko beteranoak diskoaren ale bat. Auzoko taberna batean zegoen salgai, Donostian. Azala gustatu zitzaidan eta, gainera, Irungo musikarien ekimena zenez, erostea erabaki nuen.
Julen Lekuona euskaltzale eta musikariaren hitzekin irekitzen da diskoa. Jarraian: Kuraia, Apurtu, Sagarroi, Skunk eta Apoa, Anti-Régimen, Fishotz Ruido, Izaera, Fermin Muguruza eta Xabi Strubell, L´ombre Raya, Oztopoka, Joxe Ripiau, Jeremiah Johnson, Baldin Bada, Minxoriak, Dut, Kortatu eta irakasleak. Gainera, bonus track gisa ageri da Afrikak edizio honetarako eginiko kanta ofiziala, Ni ere bai.
Musikari ezberdinen artean eginikoa denez, bariatua atera da diskoa: soinu gogorrak, festazaleak, lasaiak... Lasaiak? Zahartzen ari naizenez hauek dira nire atentzioa piztu dutenak.
Irunen ezaguna bada ere, Euskal Herrian ez hainbeste, Jeremiah Johnsonek eginiko kantua aipatu nahi dut hemen: Euskalduna naiz eta arraro nago. Negu Gorriak taldeak bere garaian eginiko euskalduntasunaren harrotasun aldarri hari, buelta eman dio kantautoreak.
Euskalduna naiz eta arraro nago
Etxetik ateratzen naizenean
kalean, INEMeko bulegoan
tabernan, diskotekan
eta leku guztietan...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Parisen, Madrilen, Pernanbukon eta Donostian
Interneten, egunkarietan,
ETBn ta Euskadi Gaztean...
Euskalduna naiz eta arraro nago
Itsasoan, mendian,
euripean eta eguzkitan,
udaberrian, udazkenean,
udan eta negu gorrian...
Euskalduna naiz eta arraro nago...
Euskalduna ote naiz?
Euskalduna naiz eta arraro nago...
Realaren hurrengo presidentea Miguel...
Loturak taldeak zer egingo duen ikusteko badago ere, ez da izan behar oso abila hurrengo presidentearen izena Miguel izango dela jakiteko. Pasa den ostiralean aurkeztu zuen hautagaitza Miguel Santos agente ezagunak. Lehenago egin zuen agerraldia Denonerreala hautagaitzak, Miguel Fuentes jokalari ohia buru dela.
Fuentes buru dela esatea, gehitxo esatea da, aurkezpenean talde-lana aipatu baitzuen eibartarrak. Ez dirudi bera denik liderra, askoz hobeto moldatzen da paper horretan Iñaki Alaba, adibidez. Atzo esan zutenez, Jesus Mari Zamora arduratuko da kirol arloaz.
Orain arte aurkeztu direnen artean konfiantza gehien ematen didan taldea da Denonerreala (nahiz izena horrela idatzita ez zaidan batere gustatzen). Harritzen nau DVk hauen alde egiteak. Edo hori iruditu zait Santosen aurkezpenaren berri ematen duen notizia irakurri eta argazkiari erreparatuz gero: «Ser representante no es un inconveniente, es una suerte que la Real tenga mis conocimientos». Harroputz samarra horrelako adierazpenekin ateratzea. Argazkian, berriz, dantzarako prest ageri da Santos. Gipuzkoa Basket proiektua, bertako presidente da, Realean integratu nahi du
Taldekideen artean Karpin da esanguratsuena, nahiz eta oraindik errusiarrak ez duen baietzik eman. Gainera, Mardaras, Eibarreko presidente ohia; Juan Luis Larrea, Gipuzkoako Futbol Federazioaren presidentea; Bruesa enpresako kontseilari delegatua den Fernando Ramírez.
Garak kontatzen duena askoz ere neutroagoa da. Eta Berria ere berdintsu
Izen ikusgarriak botako ditu kanpainan zehar. Ilusioa piztuko dutenak. Nirea, ez.
Portzierto, euskarak jai du bi hauekin.
Sinadura: bost akzio dituen realzaleetako bat.
Josemi, beste gu
Maiatzaren 11n Josemiren mezua jaso nuen: "Bihar botako dute telebistan aurrekoan egin zidaten elkarrizketa. Pasa abisua besteei". Besteak Josemiren lankide ohiak ziren eta enkargua bete nuen. Dani Arizalak aurkezten duen Beste gu saioan bota zuten maiatzaren 12an elkarrizketa. Grabatu eta aurreko batean ikusi nuen.
Aurrekoan idatzi nuen hemen Kataluinan iaz sortu zen Altres andalusos taldeari buruz. Etxe erregionalen gune kontrolatuetatik kanpo zeuden jatorri andaluziarra duten ekintzaile batzuk sortutako taldea da. "Noizko beste andaluzak Euskal Herrian?" idatziz bukatu nuen.
Beno, ez dakit noiz sortuko den horrelako talde bat Euskal Herrian. Agian ez da inoiz sortuko, agian ez dugu behar. Hala ere, Andaluziako telebista autonomikoan botatzen duten Jesús Quinteroren antza du Beste gu saioak, otsailaren 3an ETB1n botatzen hasi ziren programa, ETB 1-ek azken boladan parrillan jarri duen programarik interesgarrienetakoa.
Josemi gurekin ibili zen lanean 2004ko abendura arte. KZguneko monitore gisa aritu zen. Oso tipo maitagarria eta baikorra (baikorregia zela zioen elkarrizketan). "Morro handia daukat" ere esan zuen, Danik alfer fama zuela esan zionean. Hau da, alferra etxeko lanak egiteko: aspaldian ez omen du ohea egin, adibidez. Badu espaloitik ibiltzeko hiru gurpildun motorra eta horrekin baduela erosketak egiterik, baina ez dituela egiten aitortu zuen.
Horrela esanda dena polita dela dirudi, baina ongi dakigu denok bizitza kabroia dela askotan. 1993an Josemi 23 urteko gazte arrunta zen, aurrera begirako planak egiten hasia zena. Halere, buruko tumorea antzeman zioten medikuek. Hilabete pasa zuen zaintza berezietako gelan gehi beste bi hilabete gela arrunt batean.
Etxera bueltatzerakoan dena zen ezberdin: ibiltzen ikasi behar izan zuen, hitz egiten ere bai. Pixkanaka egin zuen aurrera.
Nik 2003ko irailean ezagutu nuen, kultur etxera heldu nintzenean. 2004ko abenduan, esan bezala, bukatu zitzaion kontratua. Pare bat hilabetez egon da langabezian, baina duela gutxi hasi da lanean Gudat enpresan. Noizean behin badator bisita egitera.
Bide batez saioa asko gustatu zitzaidala esan behar dut. Dekoratu hori, ona da. Dani elkarrizketatzaile gisa irratian baino gehiago gustatu zitzaidan. Uste dut badakiela non dagoen muga eta ez duela gainditzen.
Josemik nahi baino gehiago kontatu zuen eta meritua Arizalarena da.
O Caminho de Santiago, Diários de Bicicleta
Ez, ez dut bizikleta hartu Santiago bidea egiteko asmoz, nahiz eta garai honetan hemendik alde egiteko gogo asko izan. Lagun batzuen bidez deskubritu dut hilaren 18an bi brasildar hasi direla bide hori egiten bizikletan. Kazetariak dira biak, José Ramalho eta Irineu Masiero. Eguneroko abenturak webgune batean kontatuko dituzte. Ezagun samarra omen da bikotea Brasilen eta mezu dezente jaso dute jada bidaia hasi besterik ez denean.
Nik ez ditut ezagutzen tipo hauek. Juliok eta Susanak bai, ordea. Eta hauek nire lagunak dira. Ramalho ezagutu zuten duela urtebete Sirian oporretan egon zirenean. Geroztik harremana mantendu dute internet bidez.
Brasildarrak Santiago bidea egiteko asmoz etorri dira, batez ere, baina laupabost egunetan zehar ibiliko dira On Kixoteren eremuetan, ibilbidean ikus daitekeenez.
Bidaiaren inpresioak, usainak eta sentsazioak, kontatuko dituzte egunero Grandes aventuras izeneko webgunean. Irineuk idatziko du eta Ramalhoren argazkiak sareratuko dituzte.
Maiatzaren 16an, iritsi ziren Hondarribia-Irun aldera. Brasildik atera zirenetik Hondarribira iritsi ziren arte (Madril-Hondarribia autoz) 30 ordu behar izan zituzten. Hurrengo egunean Donostian egon ziren.
Donibane Garazi-Orreaga etapa osatzeko eman zituzten lehenengo pedalkadak, maiatzaren 18an. Oraindik Euskal Herrian daude, zeren eta atzoko eguna Iruñean bukatu baitute.
Babesleak ditu bidai honek eta, gainera, egunero idatzitako ohar hauekin joango dira Brasilera ekainaren 12an. Ekaina-uztailean zehar ohar horiek zuzendu eta liburua ateratzeko asmoa dute irailerako edo.
Nola azalduko gara euskaldunak? Adibidez,
“Euskadi é o nome do país basco. Sua língua é o Euskera, um dialeto dificílimo e que somente alguns dominam. Nas placas da cidade (Irun), embora espanhola, exibe a informação em Euskera e logo abaixo em espanhol. É um povo que não aceita ser dominado, e faz tudo para demonstrar essa disposiçao”.
Nahi izanez gero utzi zuen mezuak hemen. Euskarazko mezuak nahi omen dituzte, gainera.
Atabal tabernak Santi izeneko anfitrioi aparta du
Bada taberna bat Amara Berrin Atabal izena duena. Sartzen zara eta zulo puta bat dirudi. Eskailera meheak jaitsi eta ke artean ibiliko zara. Hala ere, barraren alde bietan aurkituko duzu Santi eibartarra. 30 urte egingo ditu tabernari Donostian, bere hitzetan "rock & rollaren katedralean".
Maiatzaren 12an hasi egin zen Poltsiko Antzerkiaren XIV. jaialdia. Donostia Kulturak, kultur etxeek antolatzen duten programa honen bidez, formatu txikiko antzezlan eta kontzertuak hiriko tabernetara eramaten ditu.
Egun horretan abiatu zen zikloa Amaran Antzerkiola Imaginarioa talde bilbotarraren Kaputen Kanta musikalarekin. Antzerkiola, gainera, 13tik 15era izan da Egiako kultur etxean estreinatu berri duen Au revoir, triunfadoreak antzezlanarekin.
Ikusi behar zen Lipus ostegun gauean Santiren tabernarekin enamoratuta. Lotu dute gainera Ardoaz antzezlanaren emanaldi bat taberna horretan. Seguruenik ekainaren 2an egingo da. Espero dut inor ez haserretzea data hemen jartzeagatik. Martxa honetan Bilbotik Donostiara etorri beharko dute antzerkiolakoek.
Norbaitek esan zuen aurrekoan anfitrioi aparta dela Santi eta gustatu zitzaidan definizio hori. Guri kristoren erraztasunak ematen dizkigu lan egiteko orduan, ez du inolako pegarik jartzen, dena dago ondo, eskertzen du berataz akordatzea, taldeei esaten die etxean bezala daudela, ez dizu uzten trago bat pagatzen ("nire gorpuaren gainetik pasa beharko duzu"), ohiko bezeroei esaten die sartzeko barran eta ateratzeko 3 kaña aktoreentzako edo ez-dakit-norentzako, bera antzezlana ikusten edo beste batekin hitz egiten ari baita...
Horrelakoa da Santi. "Ni Ipuruakoa naiz eta aurten Eibar igoko da lehen mailara eta igotzen ez bagara ere, berdin du". Punk-rock talde piloaren afitxak daude eskegita haren tabernaren paretetan. Realaren eta Coruñako Deportivoren bi bandera ere bai, eta ez galdetu zergatik. Egunkarietako musika-agendak begiratuz gero, ikusiko duzu nola ostiral eta larunbatetan normalean emanaldiak dauden.
Iaz kontatu zidan bere ama hil egin zela eta hark utzitako diruarekin tabernan zenbait berrikuntza egingo zituela. Eta egin ditu zenbait gauza, bai. Hala ere, tabernak ez du galdu betiko toke hori, taberna bereziaren tokea.
Musika, bereziki, eta artea maite dituen pertsona bat dago zulo horretan. Beste donostiarrak egon badaude eta batzuk eibartarrak dira.
Blogak, plaza berriak
Pasa den astearte gauean, maiatzaren 10ean, jaso nuen Irutxuloko Hitza egunkariko Onintza Odriozola kazetariaren dei bat. Blogei buruz hitz egin nahi zuen nirekin. Donostiako blogariei buruzko artikulua egin gura omen zuen. Elkarrizketa telefonoz egin zidan asteazken eguerdian eta osteguneko zenbakiaren atzealdean agertu da.
Donostiako blogariak ea ezagutzen ote nituen galdetuta, ezetz esan nion. Euskal blogosferan ari diren zenbait blogari ezagutzen nituela, hori bai, baina blogari donostiarrik ez.
Ez dakit oso ondo adierazi ote nizkion gauzak kazetariari. Ordu laurdenez aritu ginen telefonoz eta ez dakit berak ez ote zuen ulertu blogari izateko komunitate batean egon beharra dagoela: ez, ez da beharrezkoa. Blogariak ez gara talde edo komunitate itxi batekoak. Kontrakoa esango nuke, gainera, plazara atera nahi dugun internautak gara eta besteen blogak irakurtzen ere makina denbora pasatzen dugu, inporta gabe zein sorotan dabiltzan.
Bloglines.com zer den saiatu nintzen adierazten. Ez da agertzen artikuluan: blogak jarraitzeko tresna da, norberak bere iturriak irakurtzeko. Hau da, gustuko ditudan blogetan arakatzen aritu ordez mezu berrien bila, Bloglines.com jario biltzailean emana dut izena eta bertan gustuko ditudan nire iturriak gehitu ditut. Publikoak dira iturri horiek eta hemen daude.
Ordenagailuan dut programa txiki bat eta berak abisatzen nau nik aukeratutako blogen artean ordu erdiro (edo orduro) blogari horiek notizia berriak kargatu ote dituzten. Norberak aukeratzen du gero mezu horiek irakurri edo ez irakurri, ezabatu edo beranduago kontsultatu.
Euskarazko blogosfera jarraitzeko tresna egokia da Aurki.com betikoan sortu berria den Jarioa.
Irutxuloko Hitzako artikuluan beste bi blogari aipatzen ditu Onintzak: Xabier Mendiguren Elizegi eta Patxitrapero. Mendiguren editore eta idazle gisa da ezagunago, baina Trapero udaltzaina zela ez nekien. Hau bai elementoa!
Artikulua ezin da sarean aurkitu eta, beraz, nik kopiatuko dut hemen azpian.
Oharra: Honaino 19 aldiz aipatu dut blog hitza. Errekorra.
Beste ohar bat: blogari izateko ez da teknofilo izan behar. Bi adibide artikuluan: Mendiguren eta ni neu.
Blogak, plaza berriak
Blogak, norberak bere intereseko gaiez idazteko eta iritziak elkartrukatzeko aukera ematen dute
Blogak "plaza berriak" direla idatzi zuen Anjel Lertxundik Berrian. Mikel Iturria bat dator definizio horrekin. Ernest Lluch kultur etxeko zuzendaria da eta blog propioa du. Gertatzen zaizkion gauzez edota irakurri eta ikusi dituen kontuez idazten du bertan Iturriak.
Teknologia berriek dakarten tresna baliagarria da blogena. Informazioa nahi den unean web orri batean argitaratzekoa aukera eamten dute. "Bloga medio bat da, esan edo idatzi nahi dizuna Interneten jartzeko. Bakoitzak erabilera propioa ematen dio tresna horri, norberak bere kontuez hitz egiten du", azaldu dio Iturriak IRUTXULOKO HITZAri.
"Plaza berriak". Izan ere, beste blogariekin harremanetan egoteko guneak dira, honetaz eta hartaz hitz egiteko txokoak. Iturriaren hitzetan, blogaren bidez gizartean sentitzen da bera, munduan; plaza batean.
Gipuzkoan euskarazko bi blog komuninate aipatu dizkigu: 2004ko uztailean zuten eibar.org eta aurtengo otsailean jaio berri den goiena.net. EHUk eta Deustuko Unibertsitateak ere badituzte ikasleek osatutako blog komunitateak. Euskal blogosfera oso berria dela nabarmendu du Iturriak.
Xabier Mendiguren Elizegik, beasaindarra den arren, Donostian egiten du lan azken 17 urteotan. "Filologoa da formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz"; horrela aurkezten du bere burua Egunen harian berak eginiko blogean.
Ia egunero idazten du Mendigurenek ere. Teknologia berrietan "ezgauza" dela dioen arren, etengabe berritzen du Interneteko bere txokoa. Literaturaz, zinemaz, eguneroko lanaz edota gertakariez idazten du; norberaren bizitzarekin lotura egiten saiatzen da beti. "Pertsona garen neurrian interesatzen zaizkigun kontuez hitz egiten dut", esan dio IRUTXULOKO HITZAri.
Euskarazko blogetaz galdetuta, aukera polita dagoela esan digu Mendigurenek. "Aukera mordoxka dago. Batzuk oso gomendagarriak dira, politak, biziak eta interesgarriak", azaldu du. Patxitraperoren bloga aipatu digu adibide gisa. Aisialdian irudimena eta umorea Interneteko Patxitrapero blogean husten duen udaltzaina da Patxi.
Literatura, zinema, eguneroko bitxikeriak... Donostiak ere badu tokirik gune horietan. Bidaiarien blogetan agertzen da batez ere.
Berria da euskal blogosfera, baina zabalduz doa. Blogariek esan digutenez, teknofiloa izan gabe ere, oso erraza da blogak maneiatu eta erabiltzea. Beraz, esateko zerbait duen edonor ausartu daiteke blog hauetako batekin.