Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Iban del Campo eta Eusebi

Mikel Iturria 2005/02/05 16:25

Iban del Campo (Mondragoe, 1971). Ez, ez da Premier League futbol txapelketan Bolton taldean ari den Iván Campo donostiarra. Hau zinemagilea da. Fina, gainera. Ostegun arratsaldean Larrotxene Kultur Etxeak antolatzen duen Berriketan / Charlando con programaren saio batean egon zen Donostian, Gas-man (2001) eta Un tal Eusebi (2004) dokumentalen proiekzioaren ondoren hitz egiten.

Nire kultura audiobisual urria indartu nahian hurbildu nintzen Larrotxeneko berriketaldira. Erreferentzi onak nituen zinemagile honenak eta ikusi eta entzun nituenak esandakoa berretsi zuten.

Urte mordoa daramate Larrotxenen hilero zinemagile bat aurkezten. Zinemagilearen lanen bat (edo batzuk) botatzen dituzte eta gero a(h)ulkia jartzen diote jendaurrean eta publikoaren galderak erantzun behar ditu gonbidatuak.

Pasa den ostegunean ere hori izan zen formula. Lehenengo filma, Gas-man izenekoa, 2001 urtean bukatu zuen Ibanek. Raval auzoko Pakistango famili baten istorioa kontatzen digu. Inguruan bizi da arrasatearra eta filma grabatzeko erabakia behin butaneroak propina eskatu zionean hartu omen zuen, gutxi gorabehera. Bartzelonan pakistandarrak dira butanero gehienak. Ez dute kontraturik. Butanoa banatzen duen kamioneroek azpi-kontratatzen omen dituzte Alde Zaharrean gurdi batez bonbonak banatzeagatik. Propinak omen dira gizajo hauen soldata bakarra. Ez dut protagonistaren izena gogoratzen. Aitzaki horrekin butanero pakistandarraren istorioa kontatzen digu Ibanek. Emaztea eta hiru seme-alabekin bizi dira Alde Zaharreko urik gabeko bajera batean. Etxeko bizimodua, kalekoa, errezoak mezkitan, proiektuak... hori dena ageri da dokumentalean.

Bigarrena Un tal eusebi filma. Hau ere 28 minutukoa. Gracia auzoko bizilagun bat hartu zuen Ibanek protagonista. 80 urteko Eusebi pintorea da hemen agertzen zaiguna. 14 orduko lan-jardunak egiten zituen kontable gisa. Jubilatzeko tenorea iritsi zitzaionean, bere buruaz beste egitea erabaki zuen Eusebik, baina azken momentuan barruko ahotsak (nola deitzen dio Atxagak honi?) artista izan behar zuela esan omen zion:

Cuando me jubilaron me quería suicidar, pero una voz gloriosa me dijo: "¡No hombre, no. No te tires. Tienes el alma de artista. Vuélcate en eso y ya verás como serás feliz...!" Y así ha sido, y hasta que me muera seguiré haciéndolo.

Geroztik, egunero ateratzen da margotzea auzoko kaleetatik. Mundu osoko turistek erosten dizkiote lanak, Portugalekoek izan ezik. Auzoko arrain saltzaile batek zientoka ditu etxean eta Eusebi ea behingoz hiltzen den desiatzen dago, ondare horrek balioa hartuko duelakoan.

Eusebiri buruzko DVDa webgunean eros daiteke 10 euroren truke.

Hirugarren lanen bat ere egina du Ibanek, Laberinto de mentiras, Periferike Ixiar Rozasek Livorno eta Bilbon martxan jarritako jaialdiari buruzkoa.

Jarraitu beharreko zinemagilea, dudarik gabe.

Boroa burutik kendu ezinik

Mikel Iturria 2005/01/29 14:15

Irakurri duzue gaurko prentsa? Internet bidez enteratu naiz Boroako zentral madarikatuan izandako isurketaz. Herriari hitza emateaz berba egiten dutenek, ez zioten ba bere garaian Zornotzako herriari kasurik egin. Proiektu estrategikoak, konpai.

Duela hilabete batzuk, herritarren borroka zentral hori eraikitzearen aurka bizi-bizi zegoenean, lagun batzuekin hurbildu ginen larunbat goiz batean Zornotzan antolatu zen manifestaziora, gero Bilbon bazkaria genuela aprobetxatuz. Gaur goizean egun hartaz gogoratu naiz Garan irakurri dudanean istripuarena

Lakuako Ingurumen Sailak Boroako zentralean izandako isuria "oso toxikoa" dela egiaztatu du. Zentralean izandako hutsegite baten ondorioz, 110 mila litro toxiko isuri ziren Zornotzako San Pedro errekara. Bizkaia Energia enpresa kudeatzaileak erdia baino ez zuen batu. Zornotza Bizirik plataformako kideek, isuri honekin zentralak duen arriskua agerian geratu dela salatu dute.

ZORNOTZA.- Nitrito sodikoa, Karbonato sodikoa, Azido zitrikoa eta desengrasante baten nahasketaz sortutako isuri toxikotik 110 metro kubiko (110 mila litro) barreiatu ziren atzo Zornotzako San Pedro errekan, Boroako zentral termikoan izandako matxura bat zela medio.

Ingurumen Sailak egiaztatu duenez, isuria "oso toxikoa" da eta kalteen adinako zigorra jarriko diola Energia Bizirik, zentraleko enpresa kudeatzaileari aurreratu du. Enpresa berak onartu du, 60.000 litro baino ez dituela batu eta gainontzekoa errekan barrena joan dela, Ibaizabaleraino ailegatuz.

Zornotza Bizirik plataformako kideek, gertakizun honen ondotik zentralak kutrsadura atmosferikoa eragiten duela garbi geratu dela azpimarratu dute eta era berean inguruko erreka eta ibaietan.

"Hau inposaketa bat izan zen eta orain agerian geratu da zeinen arriskutsua den Boroako zentrala eta zenbaterainoko kutsadura eragin dezakeen", salatu dute.

Aldi berean, otsailaren 26an egingoo duten manifestaldirako deialdia gogora ekarri dute -13. manifestaldia-, Boroako zentrala itxi dezaten exijituz.

Irungoa naiz ni. Han, Gaintxurizketa inguruan egin behar dute Zaldunbordako errauskailu deritzotena.

Donostian bizi naiz ni. Hemen, Aritzeta inguruan, badago beste proiektu bat beste errauskailu bat martxan jartzeko.

Lurrari galdetu beharko diogu ea prest ote dagoen gu agoantatzeko (lurraren autodeterminazioa). Azken batean gu baino eskubide historiko gehiago ditu berak.

Ikea eta Fnac ere Donostialdean

Mikel Iturria 2005/01/27 21:52

Askok bezala goizean, esnatu ondoren, egiten dudan lehen gauzetariko bat irratia piztea izaten da. Batzutan, ohetik altxatzeko gogorik edo kemenik ez badut, bertatik pizten dut mesanotxean dudan irratia. Bestela, sukaldekoa, gosaltzen dudan bitartean.

Atzo entzun nuen Ikea enpresatzarrak Donostialdean 30.000 metro koadroko eraikina egin nahi duela. Edo hori aztertzen ari dela, behintzat. Irratian esan zutenez Lasarte inguruan dagoen Belartza poligonoa izango litzateke aukeretako bat, Decathlon eta Urbil dauden eremu horretan. Ez hori bakarrik, Donostiako Udalarekin lortu omen du FNAC enpresak akordioa San Martin merkatu berrituan megadenda bat jartzeko.

Gai hauei buruzko beste albisterik ez dut entzun edota irakurri. Harritu egin naiz, benetan. Zalaparta handiagoa espero nuelako. Irudituz zait notizi hauek nahikoa isilik pasatzen ari direla.

Orain egon naiz Diario Vasco egunkariaren webgunean begiratzen. Eta topatu dut berri hau Fnac-i buruzkoa eta beste hau Ikeari buruzkoa

Denda txikiak pozez txoratzen egongo dira.

Bi notizi on Anoeta ingurutik

Mikel Iturria 2005/01/25 18:53

Bi notizi on datoz Anoeta ingurutik: U2 taldeak abuztuaren 9an eskaini behar duen kontzertua da bata; bestean, zerikusia dut nik eta, bide batez, propaganda pixkat egingo dut, Erakusleihoa. Beste bi desio? Adibidez, ea behingoz Realak martxa hartzen duen 2005ean eta igandean partida irabazten duen eta Kirol Patronatuko instalazioetako langileek lortzen ote duten nahi dutena-edo, greban baitaude gaurko egunez.

Ez dakit zer izango den zailena, igandean Realak irabaztea edota Kirol Patronatuko instalazioetako langileen egoera konpontzea. Gatazka luzea daramate, bizpairu urte atzera joan baigaitezke. Edo gogoratu nola 2003ko Zinemaldiaren klausura, belodromoan egiten dutena, zalantzan egon zen, beraiek deitutako greba deialdia zela-eta. Gaur behintzat Udalaren menpeko instalazio hauek itxita egon dira.

Goazen kulturari arreta pixka bat jartzera. U2 taldearena gehiago izango da negozio, mugitzen duten dirutza kontutan hartuz gero. 90. hamarkadaren hasieran Anoeta belodromoan egon ziren, maiatza aldera, oker ez banago Zoo TV Tour biraren barruan. Ez naiz oso U2 zalea, epika garaiak gutxiago gustatzen zaizkit, gainera. 90 hamarkadako eta oraingo soinu hauek gehiago. Hala ere, 46-75 euro bitartean ordaindu behar izateak, atzera botatzen du edozein. Zenbat pagatu genuen duela 12-13 urteko kontzertuagatik? Ez dakit. "Inoiz ikusi gabeko ikuskizuna" izango dela. Beno, hori betikoa, zer esango dute ba? Hilabetero egoten diren mendeko futbol partida horien antzerakoa dirudi askotan.

Beno, Erakusleihoa behintzat debalde aterako zaio ikusleari. Edu Zelaieta poetak iaz argitaratutako Mugaldekoak poesia liburua oinarri duen Mugaldekoak hirukotearen "Kantuak, poemak eta kantu-poemak" emanaldiarekin hasiko gara datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, arratsaldeko 19:30etan.

Zelaieta Gasteizen bizi bada ere, aita aldetik beratarra da. Muga-frontera, egunero gainditu beharreko mugak, norberaren barne mugak eta beste hainbat muga hartu zituen erreflexio gai Joseba Jaka beka jaso zuen liburuan.

Kabigorrin ikusi nituen urtarrilaren 13an. Zelaietaren testuak eta Beñardo Goietxeren musikak nagusi, Raúl Ruizen harmonikak eta zerra melodikoa ahaztu gabe, noski. Poesia lasaia, gertukoa, ludikoa zenbaitetan, umoreari aterik ixten ez diona. Musika Beñardo Goietxek egin du, esan bezala. Gutxik ezagutuko duzue, hala ere, Pettirekin eta Moraurekin ibili bada ere. Dedio! Horrelako artistei norbaitek esan beharko lieke beren lana ederra dela eta lasai ibil daitezkeela edozein tokitan. Joseba Irazokiren azken “Irri eta solas” diskoko letra bat ere berea da. Eta zoragarria da, adibidez, "Baigorritik Erratzurat" poemari jarri dion musika. Zuzenean entzun behar duzue musika, nik letrarekin utziko zaituztet.

Esan bezala, hurrengo emanaldia, Erakusleihoa programaren barruan, datorren ostiralean, urtarrilaren 28an, Donostiako Ernest Lluch kultur etxean (Anoeta Estadioaren 7 eta 8 ateen artean).

Erakusleihoa programari buruzko informazio gehiago

BAIGORRITIK ERRATZURAT
Baigorritik Erratzurat, Aldudetik Elizondorat
joaten zen Baztango nekazari gaztea
isilpean, gordeka, bizkar-lan betean:
hogeita hamar kilo kobre soinean.

Baigorritik Erratzurat
Ibai Handirik ez, Itsasarterik ez.
Oinezko bide malkartsua baizik:
izerdia eta nerbioak bidaideturik
negu gorrian nahiz udazken orbelduan.

"Mugarik ezean, kontrabandorik ez"
pentsatzen zuen nekazariak bere artean
etxera bidean, egunabarrean.

"Duty free ez zen guretzat existitzen"
pentsatzen du ozenki aitona zaharrak ferryan,
"migrazio-poliziarik ere ez;
jendarmeak eta karabinero gizajoak baizik".

Tijuana, Tanger, Tarifa
ez ziren
Baigorritik Erratzurat.

Doctor Deseoren despedida 2006 urtera arte

Mikel Iturria 2005/01/23 09:43

Iñaki Zarataren gaurko kronika irakurtzea nahikoa izango da jakiteko zer gertatu zen atzo gauean Antzoki Zaharrean. Inoiz ikusi gabe nuen talde bilbotarra, arrazoi ezberdinak direla medio. Atzoko hiru orduko ikuskizuna aukera aproposa izan zen zuzenean erakusten duten mailaz gozatzeko.

Porque tod@s somos putas, independientemente de la parte del cuerpo que vendamos, Francis dixit.

Juan Carlos Pérez berriro zuzenean ikusteko aukera

Mikel Iturria 2005/01/21 18:33

Julen Gabiriari aurrea hartuz, gaurko Berrian topatu dudan elkarrizketa aipatu nahi dut hemen. Juan Carlos Pérezi egin dio elkarrizketa Mikel Lizarraldek eta bertan zuzeneko emanaldi batzuk egingo dituztela udaberrian dio musikariak. Gainera, kontzertu horiek grabatuko dituzte, diskoa ateratzeko asmoz:

"Zoriaren eta kasualitateen eraginez", ordea, udaberrian emanaldi gutxi batzuk emateko erabakia hartu du musikariak. "Ez nuen interpretaziora itzultzeko gogorik, musika konposizioak betetzen nauelako gaur egun, baina orain dela gutxi 2001ean eginiko emanaldi baten grabazioa entzun eta iruditu zitzaidan ondo funtzionatzen zuela". Saio haietan Gonzalo Tejadaren kontrabaxua eta Fernan Irazokiren bateria izan zituen bidaide Perezek, eta pianoaren laguntzaz, sonoritate beltzetara, jazzera batik bat, eraman zituen bere bakarkako diskoetako kantuak. "Soinu hark bazuen nortasun bat, eta uste dut esfortzu bat egin eta formazio horri haize atal bat gehituta kontzertu batzuk egiteak merezi duela". Dagoeneko jarri dio proiektuari izenburua (Hiriko istorioak), eta udaberrian aurkeztu nahiko luke emanaldi gutxi batzuetan: "Nire lana jarraitzen duen publiko txiki hori pozik uzteko ez ezik, zuzenean disko bat grabatzeko ere baliatuko ditut kontzertuak". Emanaldietan, Atlantic river, Hau berua eta Ikaro diskoetako kantuak jo nahi ditu «klub bandako jantzi berriekin.

Ea ba egia den eta berriro eszenatoki gainean ikusten dugun Pérez. Ez dut inoiz Itoiz taldea zuzenean ikusteko aukera izan. Juan Carlos Pérez bera bai. Uste dut Atlantic River diskoa aurkezteko kontzerturen batean izan zela.

Realari buruzko bi berri gaurko prentsan

Mikel Iturria 2005/01/21 18:10

Ostiral goiz honetan zubia dudala aprobetxatu dut oso goiz ez jaikitzeko. Kioskora hurbildu naiz. Berria eta Diario Vasco erosi ditut. Berrian Xabier Lopetegiren artikulua topatu dut kirol orrialdeetan: Barne promozioa izenburupean kazetariak kontatzen du Realak atzelaririk ez fitxatzea erabaki duela. Horrek bertakoei ematen die aukera. Kasu honetan, Mikel González eta Mikel Azparren gazteei, batez ere. Jokalari hauek (eta bigarren taldeko beste batzuk) nolakoak diren kontatzen du kazetariak eta horretarako Gonzalo Arconadaren laguntza du, Sanseren entrenatzailearena.

Hala ere, Amorrortuk gaurko prentsaurrekoan esan omen du ez duela fitxaketarik baztertzen.

Gipuzkoako periodikuan, berriz, Tito Irazustaren zutabea, Segundas partes. Bertan bigarren itzulia hastear dagoela aprobetxatuz, gazteen aldeko apustua Realak ekonomikoki behartuta egin duela berresten du, jokalariei (gazteak barne) espabilatzeko mezuak bidaltzen dizkie, Alkizaren deklarazio batzuk komentatzen ditu... dena bere ohiko tonuan.

Gauzak kontatzeko bi ikuspuntu, bi era.

Besterik gabe.

Gari edo pertsona zerotik hasten denean

Mikel Iturria 2005/01/17 00:01

Ostiral arratsaldean kontzertu potentea zegoen iragarrita Donostiako Lugaritz kultur etxean: Gari. Egona zen Donostian pasa den abenduan, Dvórame gehigarriaren 20. urteurrena ospatzeko kontzertuan, baina emanaldi honetan bera zen protagonista bakarra. Eta musikoa forma onean aurkitu genuela esan beharra dago.

Antzokia ia bete egin zen. Berri ona antolatzaileentzat. Ez baita garai ona kontzertuak egiteko gabonen ondorengo eta Sansebastian eguneko tarteko aste hau Donostian, baina Antiguako jaiak ere hastera doaz, Sansebastianak ere baina kapitalekoak baino luzeagoak.

Banda berria osatu du Hertzainak taldeko abeslari ohiak: Hasier Oleaga (bateria jotzailea, Ortophonk), Iosu Izagirre (baxu jotzailea, Sant Pau 44, diskoaren produkzio lanetaz arduratu dena), Kepa Martínez de Albéniz (teklista) eta Juanma Gereñu (gitarrista). Banda sendoa eta eskarmentuduna.

Zuzeneko soinua gehiegizkoa iruditu zitzaidan hain toki txikirako. Publiko guztia eserita (beste erremediorik ez). Batzutan erdi lo geundela zirudien, zeren ez zen inor mugitzen. Batzuen aburuz agian hobeto aulkirik gabeko aretoren batean. Nik, hala ere, gustura entzun nituen abestiak. Eta gozatu nuen Gariren ahotsarekin, mugimenduarekin, musikarekin. Nabari da pozik bizi dela frontman-a. Marka da gero Peruko oihanera joan behar hemen (gehienok?) ondo bizi garela jabetzeko, baina pertsona bakoitza mundu bat da eta ez naiz ni sartuko gainera artisten barne mundu horietan.

Kontzertuak ordu t´erdi iraun zuen. Lehenengo zatia, ordubetekoa, azken diskoan oinarritua batez ere. Bigarrena, gehiago kanta zaharrei begirakoa. "Aitormena" kantuarekin ausartu egin zen, bertsio berezia eskainiz. Hitz gutxi egiten du Garik eta abestiak bata bestearen atzetik doaz. Bukaeran, bis-en txandan, "Hil ez denak" single-a, hain gutxi gustatzen zaidan hasiera tecno horrekin.

Uste nuen bakarkako bide luzeagoa zeramala (bost disko botatzen nizkion) baina aurretik bi disko atera ditu Elkar disketxearekin eta zuzeneko bat Gara egunkariak zabaldu zuena. 0-tik diskoan sei kanta daude euskaraz eta bost gazteleraz. Eta nik natural somatzen dut Gari euskaraz zein gazteleraz, bietan. Kantak Atxaga (bere aingeru goardakoa omen), Kepa Murua, Jon Maia eta Jon Benitorenak dira. Gari berarenak ere bai batzuk.

Hiru etapa biltzen omen du diskoak: duela zenbait urte bero-bero ibili zen Gari gaztelerazko disko bat prestatzen, contra o mundo bizi zuen etapa iluna; Peruko bidaia prestatzen eta Amerikako herria hartan egindako estantzia; etapa zoriontsua, handik etorri ondorengoa, pare bat urte, neska-lagunaren haurdunaldia eta Mikele alabaren jaiotza.

Poztekoa da, azken finean, bazen garaia Gari pozik eta zoriontsu ikusteko. Bidea aurkitu duen honetan, ea ez duen galtzen.

Elkano Browning Cream

Mikel Iturria 2005/01/15 12:50

Ostegun eguerdian Gipuzkoako Campuseko Ignazio Maria Barriola eraikineko areto nagusira hurbildu nintzen eguerdi partean. Elkano Browning Cream ikusi eta entzun nuen. Hau da, Mikel Azpiroz, Karlos Aranzegi eta Fran Iturbe musikari hirukoteak duen proiektu berria.

Handia da areto nagusia. Handiegia horrelako gauzetarako. Hala ere, aurkitu dute sistema bat aretoa txikitzeko: aulkien laugarren lerroen atzealdean gortina jartzea. Hobeto.

30en bat lagun bildu ginen. Ikasle batzuk (gehienak mutilak) eta ni bezalako satelite batzuk. Eszenatokiari lehenengo bistazoa botatzerakoan Hammond (jamon) organoa da begiaren arreta pizten duen lehenengo gauza. Dotorea, dedio! Ezkerraldean. Erdian bateria. Eskuin aldean gitarra eta anpli-a.

Nahikoa puntualak izan ziren eta 12:30ak inguruan hasi zen emanaldia. Jazz, bossa, funk... bideetatik eraman gintuzten hirurek ordubeteko saioan. Instrumentala. Gustura egon ginen bildutakoak. Proiektu polita Euskal Herriko taberna, areto, kafe antzoki eta kultur etxeetatik mugitzeko. Klub jarri behar nuen, baina barrez hasi naiz, zeren Euskal Herrian dauden klub gehienak kirol klubak dira.

Oso emanaldi gutxi eskaini dituzte oraingoz. Uste dut Errenteriako De Cyne Reyna, Donostiako Be Bop eta Bartzelonako La Boîte aretoetan aritu zirela 2004ko udaberrian. Orain berriro heldu diote eta hortik zehar aritzeko moduan daude 2005eko hasiera honetan. Izan ere hirurak musikari okupatu xamarrak dira. Blues Stop, Lau Behi, Jabier Muguruza, Matt Harding, Bide Ertzean, Mikel Erentxun, Alex Ubago, Ana Pozas... taldeetan ari direnak edo aritutakoak.

Ah! Ia ahaztu egin zait. Unibertsitari gutxi pasa zela nioen. Azterketa garaia ere hortxe dago eta. Animo, gazteak!

Rafa Sardina

Mikel Iturria 2005/01/09 00:05

Ezaguna egiten zitzaidan Rafa Sardina izena. Musikarekin loturikoa. Atzo, Radio Euskadiko iragarki batean entzun nuen Joseba Martinek elkarrizketatuko zuela gauerdian.

Uste dut Ana Pozas abeslariari entzun niola lehenengo aldiz Rafa Sardina bermiotarra zela bere produktorea. Orduan jakin nuen Californian bazegoela euskaldun bat engineer, mixer eta producer gisa lan egiten zuena.

Javier Vizcaínoren Más que palabras irratsaioa entzuten ari nintzela, publizitatearen txanda heldu da. Etxeko programazioaren tartean, Joseba Martinen ahotsa entzun da gauerdian Rafa Sardina musika produktorea elkarrizketatuko duela esanaz.

Sareko Google orojakileari galdetu diot eta lehenengo emaitza Rafa Sardinaren webgunea izan da. Ingelesez bakarrik dago webgunea (eta ni ingelesarekin txarto moldatzen naiz), baina zenbait txorakeria komentatzeko adina atera dut:

Bio erabat profesionala jarri du: Los Angeles hirian bizi dela eta sei Grammy sari jaso dituela. Musika produktorea, nahaslea eta ingeniaria. Ez du aipatzen Euskal Herrian sortua denik. Goiko aldean argazkia dago. Gero, news atalean ikus daiteke tipoa burusoiltzen hasia dagoela, baina webguneko goiko argazkian, duela bospasei urteko hauteskunde kanpainan Odonekin egin zutena egin du Rafak bere buruarekin: kopeta luzatzen ari zaiola ezkutatu.

Discography saila ez zait bereziki interesatzen, disko saltzaile nagusien arteko musikariei loturik baita bere karrera: Luis Miguel, Alejandro Sanz, Mariah Carey, Sheryl Crow... Horietakoen kanta eta diskorik ez dut nire diskografian.

Awards atalean topatu dut detaile politena: saririk preziatuena 2002ko uztailaren 15ean lortu zuen. Xabier izena du. Itxuraz bere semea izango da.