Literatura, hizkuntza eta blogak
Bata Blogak eta Literatura izenekoa, datorren ostiralean, otsailaren 17an, izango da Ernest Lluch Kultur Etxean. Bestea, bezperan, Donostiako Liburutegi Nagusiko Ekitaldi Aretoan, Alde Zaharreko San Jeronimo kalean.
Zehazki, Ibon Sarasolaren hiztegi berria
DK Literatura izeneko guardasola ireki berrian, ostegunean, Ibon Sarasola hiztegigilearen azken lanaz egingo dute berba egileak eta bi idazlek, Anjel Lertxundik eta Juan Luis Zabalak. Ezaguna da Lertxundi ere badela blogari eta Zabala periodista.
Joateko asmoa dut.
Blogak eta literatura mahaingurua
Sustatun agertu zenaz aparte, UEUren Literatura Saileko solaskideak, Edu Zelaietak pribatuan idatzitakoa ekarri nahiko nuke hona.
"Bistan da blogak eta literatura gogoko dituen edozeinentzat aproposa izan daitekeela mahaingurua. Horretarako, 4+1 formula hautatu da: lau idazle blogari eta moderatzaile blogari bat".
"Lehenik, idazle bakoitzak bere blogaren berri emanen du (nondik nora sortu, zergatiak...). Gero, moderatzaileak, gaur den egunean planteatzen zenbait galdera eta gai agertuko ditu, gonbidatuek beren iritzia eman dezaten. Azkenik, eztabaida publikoarengana zuzenduko da, edonork parte hartu ahal dezan".
"Erran gabe doa otsailaren 17koak blogosferan soka ekartzea ere izan litekeela bertze helburuetako bat".
"Eta, blogarien arteko kontu hauek mahainguru fisiko batean astintzea, ez al da kontraesankor samarra? Ez dut uste. Izan ere, mahaingurua ez da "informatikazaleentzat" bakarrik antolatu; are gehiago, (literatur) blogen berri ematea ere bada asmo nagusietarik bat, uste baino jende gehiagok oraindik ez baitu errealitate honen berri askirik".
Uste dut Eduk informatikazale baino, teknofilo adierazi nahi zuela.
Nahi baduzue, otsailaren 17an elkar ikusiko dugu. Lehenengo aldiz hartuko dut parte mahainguru bat moderatzen. Beti izaten da lehen aldi bat.
Algorta, Kontularien Kluba
Azken hilabete hauetan buruan nuen plana egiteko aukera izan nuen pasa den ostiralean: Algortako Kontularien Klubaren zuzeneko saio bat entzutea eta ikustea.
Ana Regalado Getxoko Kultur Etxeko liburuzainaren iniziatibaz, sortu zen 1996aren bukaeran. Eta gaur egun urritik ekainera saio bana egiten dute hileko bigarren ostiralean. Mekanika oso erraza da. Saio bakoitzak gai bat du eta kontatu nahi duenak izena ematen du hasieran. Regaladok txanda ematen dio bakoitzari. Eszenatokia oso apala da: tarima bat, kubo batzuk eta liburuak, nola ez bada.
Pepek kontatu zidanez joan den ostiraleko saioa inoizko luzeena izan zitekeen. 80 bat lagun elkartu ziren ipuinak entzutera. Horietatik 15 edo 16k kontatu zuten berea. Eguneko gaia amodioa izan zen. Batzuek liburu batean irakurritakoa kontatu ziguten, beste batzuek beraiek idatzitakoa. Denetarik badago ere, maila ona ikusi nuen. Meritua du hainbeste lagunen aurrean ipuin kontaketan aritzen denak.
Gehienak Getxo eta Bilbo ingurukoak dira, baina Pepe Perles Donostiatik hurbiltzen da ia hilabetero. Normalean, saioari amaiera ematea tokatzen zaio. Regaladok zioen bezala, "orain postrea dator". Pepek dio bera kontu hauetan dabilela asko gozatzen duelako eta zinez ez duela esan beharrik, erraz samar nabaritzen baitzaio.
Bertako batzuk A la luz de las velas taldeko kideak dira. Hemen ikus daitekeenez Bilborock aretoan aritzen dira hilean behin kontu kontari.
Bilbon ere, hileko azken ostiralean Cuarto de contadores iniziatiba dago Topaleku aisialdigunean.
Donostian badugu asmoren bat kontu hauekin. Datorren hilabetean hasiko gara Plus 55 egitasmoaren barruan, helduak formatzen.
Pepe Perles kontalariaren laguntzaz lortu ditudan zenbait erreferentzia:
Guadalajarako Maratón de los Cuentos
Euskal Herrian, hasieran aipatutakoez gain:
Virginia Imaz eta Oihulari Klown.
Bascos a Catalunya, katalanak Euskal Herrian
Espai Catalunya Topalekua elkartearen sorrera fasean, egitasmoaren eragileek bi herrien arteko harreman historikoa irudietan jartzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zuten, Euskal Herriko eta Kataluniako toki eta pertsonen arteko harremanak estuak izan baitira denboran zehar.
Espai Catalunya Topalekuaren ekimenez eta Lander Larrañagaren argazki eta Toni Strubell idazlearen eta kazetariaren dokumentatze lanen ondorioz, lehen ideia hori erakusketa bihurtu da. Xabi Strubellek ere musika pieza bat konposatu du.
Bi herrien arteko hartu-emanak 24 irudietan laburbildu dituzte egileek: bi itsasoren arteko merkataritza, euskal toponimia Katalunian, Erdi Aroko historia, ordena monastikoen zabalpena, elkarren oihartzunak dituzten bi hizkuntza, kataluniarrak euskal espetxeetan, gastronomia, musika, kirola, liburuak, elkartasun politikoa, Ernest Lluchen papera...
Jardun honek Ernest Lluch Kultur Etxearen laguntza du produkzioaren aldetik eta Kataluniako Generalitat-en Kultura Sailaren, Bartzelonako Casanova Profesional enpresaren eta Equip 4ren babesa izan du.
Datak: Otsailak 9 - martxoak 11.
Non: Ernest Lluch Kultur Etxea
Anoeta pasealekua, 7 (Anoeta Estadioko 8. atearen aldamenean). Donostia.
Ordutegia:
16:00 - 20:30 astelehenetik ostiralera
10:00 - 13:30 / 16:30 - 20:30 larunbatetan
Inaugurazioa: Otsailak 9, 19:30. Erakusketa aretoa.
Mahai-ingurua: Otsailak 22, 19:30. Areto nagusia.
Ainara Martin, Iñaki Galarraga, Cuque Illa, Dani Gómez. Moderatzailea: Mitxel Ezquiaga.
Egileak:
Toni Strubell: El Punt egunkariko kazetari, idazle (besteak beste "Un català entre bascos" liburuaren egilea) eta Comissió de la Dignitat elkarteko koordinatzailea da.
Lander Larrañaga: Bartzelonan bizi den donostiarra. Bertan argazkilaritza ikasketak egin eta publizitate munduan espezializatu zen. 2002tik José Manuel Ferrater-entzat ari da lanean alor horretan. Erakusketa batzuk egin ditu.
Erre ke erre
Erretzeari bai, erretzeari ez. Agindua indarrean jarri zela hilabete pasa da. Hainbeste aldatu al dira gauzak? Horrelako neurriak behar al genituen? Zenbat taberna dago ez erretzaileentzat? Zergatik debekatu lantokietan erretzea?
Duela bizpairu urte erabaki nuen Kabigorri elkarteko kide bihurtzea. Besteak beste, leku fisiko bat duen soziedade bateko kide izateko. Eibar.org elkartearen etxea hau da. Ez da gutxi, baina bertan ezin da afaririk egin, ezin da kontzertu bat ikusi, ezin da trago bat hartu…
Joan den asteko astelehenean hurbildu nintzen lehenengo aldiz urteko asanblada orokorrera. Berandu iritsi nintzen, baina 25 bat lagun zeuden bilduta. 120 bazkide garela kontutan hartuz, asistentzia handia.
Urteko kontuak, bazkide gorabeherak, egiten ari garen obra (inbertsio handia eskatzen duena baina txoko gastronomikoa izateko aukera emango diguna)… eta erretzea/ez erretzeari buruzko kontuak tartean.
Bi espazio izango ditu elkarteak obrak egin ondoren. Soziedadea eremu pribatuan sartzen denez, ez zen derrigorrezkoa erabaki bat hartzea, baina gaia puri-purian dagoenez eztabaida planteatu zuten bazkide batzuek.
Harritu ninduen bi aldeetan zeuden bazkideek nola defendatu zituzten bakoitzaren posturak, inor mindu gabe, giro lasaian, patxadaz. Ez nago ohituta horrelako egoeretara. Erabakia hurrengo baterako utzi zen, baina hamar bat minutuz eztabaida hezitzailea entzuteko parada izan nuen.
Joan den astean, Nacho Vegasen kontzertua izan zen Egiako Kultur Etxeko Gazteszenan. Espazio horretan erretzea debekatzen duen agindua praktikan jarri zenetik lehenengo emanaldia niretzat. 400 bat ikusle elkartu ginen eta erretzaileek kanpora atera behar izan zuten bizioa elikatzera (gutxi batzuk izan ezik, pilotazaleagoak edo). Eta ez zen ezer gertatu. Noizean behin etxe horretan antolatzen diren gau festa eternal horiek, beste kontu bat izango dira, fijo.
Herritarrak, orokorrean, moldatu garela dirudi. Baina erakundeak? Madrilgo Gorteek egin dute legea, Eusko Jaurlaritzari pasa zioten kontrol lana eta honek ostikoa eman dio opariari, udalen eskuetan utziz. Hiru lurraldeetako udal gehienak gozoak jarri dira.
Tabako-makinak dituzten tabernek eta estankoek pakete bakoitzaren prezioa maizago aldatzeko ohitura hartu behar izan dute. Multinazionalek gasolinaren prezioa baino sarriago aldatzen baitituzte prezioak orain. Barre egiten digute guri eta barre egiten diote estatuari.
Salgado ministrari kasu egin ezkero, alkoholaren aurkakoa izango da hurrengo gurutzada. Gai da/dira horretarako. Erre ke erre.
Blogariaren hankasartzeak
Aurreko batean atentzioa deitu ziden Juanito Ugartek. Apunte bat publikatu nuen blog honetan, haserre. Esan zidan aldatu egin zela egoera eta ez nuela txintik ere esan. "Eta zergatik ez duzu ezer adierazi?" esan nion Juanitori. "Hara bestea, blogariek hori nahi dute, bere blog-era joatea eta han jartzea ez-dakit-zer". Ulertu nuen Juanitok ez idaztea ezer bitakora honetan eta arrazoia ematea besterik ez zitzaidan geratzen.
Atzo bueltak ematen egon nintzen gaiari. Eta konturatu nintzen bat baino gehiago zirela bere horretan utzitako mezuak, inolako zerarik gabe, nahiz eta egoera aldatu.
Batzuetan ahaztu egin zait, beste batzuetan akordatu naiz, baina ez ordenagailuaren aurrean nengoela. Izan dira ere estuegi hartutako kontuak. Denetarik.
Adibide bat jarriko dut. Barclays banketxeari buruz idatzi nuen haserre. Oso, gainera. Gazteleraz eta euskaraz argitaratu nuen komisioak kobratzen hasi behar zirela beste erakundeen kutxazainetan dirua ateratzeagatik. Kexatu nintzen Gipuzkoan eta Donostian nahiko kutxazain ez zituztelako. Gutuna bidali nion sukurtsaleko zuzendariari, deitu ninduen eta entitateak bertan behera utzi zuela erabakia jakinarazi hark. Eta ondo adierazi dut: bertan behera dago erabakia, baina edozein unetan etor daiteke buelta.
Juanitok beste bat gogorarazi zidan. Soldata igoera ezberdinak izango genituela Donostiako Udaleko zinegotziek eta funtzionariek argitaratu nuen. Eta, zorionez, gero ez da horrela izan. EUFALEBA akordioa sinatu baitzuten sindikatuek eta udalek zein foru diputazioek. Donostian, dirudienez, funtzionariook zinegotziek baino soldata igoera handiagoa izan dugu 2005ean.
Amazonen kontra ere idatzi nuela uste nuen, baina orain ez dut topatzen idatzitakoa. Agian idatzi behar nuela erabaki baina gero ez nuen ezer egingo. Kontua da, itzuli egin zidatela dirua traba handirik jarri gabe, handik hilabete batzuetara.
Eusko blogariak idatzi nuenean, uste dut estuegi hartu nuela Arantxa Iturbe, Arantxaren lan egiteko era eta tonua aspaldian ezagutu ez banitu bezala.
Beraz, blogariak hanka sartzen duenean aitortu behar du. Publikoki bada, hobeto. Baina asko kostatzen zaigu hori egitea (eta ez bakarrik blogariei, eh, Juanito?)
Ken Zazpi taldearen kontzertua Lugaritzen
Ostegun gauean Nacho Vegasen kontzertuan egon nintzen Egiako Kultur Etxeko Gazteszenan.
Ostiral gauean, berriz, Lugaritzeko Imanol Larzabal aretoan Ken Zazpi talde bizkaitarraren emanaldira hurbildu nintzen.
Ez nuen taldea apenas entzun emanaldira joan aurretik. Irratian noizbait kanturen bat. Lauaxetari eginiko omenaldi diskoan, Rafa Ruedak gidatutakoan, Eñaut Elorrieta abeslariak hartzen du parte. Diskoa etxean dut eta zuzenean ikusi nuen Donostiako Antzoki Zaharrean emandako kontzertua.
Esan zidaten neska gaztetxoen momentuko taldea zela. Eta hori horrela dela konprobatzerik izan nuen ostiral gauean. Ez dira 300 lagun sartzen aretoan, baina eserleku guztiak okupatuta zeuden. Berandu samar iritsi nintzenez, ez nuen ikusi publikoa nola sartu zen antzokian, baina bai ikusi nuela nola atera ziren.
Gurasoekin joandako zenbait gaztetxo tartean, 8-12 urte bitarteko haurrak ziren asko. Mutilen bat edo beste kenduta, gehiengoa neskak.
Kontzertuaren bisak jotzera atera zirenean, ikusle gazte askok ipurdia mugitu eta lehen lerroa okupatu zuten. 30-40 bat lagun bilduko ziren han aurrean.
Bitxia egin zitzaidan bukaeran gurasoak nola iritsi ziren haurren bila. Eta bitxia da ikustea fan mugimendu hau Euskal Herriko talde batekin. Bukaeran, puak eta baketak banatu zituzten musikariek zaleen artean.
Amaitu zen kontzertua, atera zen jende guztia teatroaren kanpoaldera eta hara non agertzen den Eñaut zaleekin egotera. 30-40 bat lagun berriro barrura. Abeslariak guztiei egin zien kasu: argazki bat atera batzuekin (telefono mugikorren argazki kamerarekin, gehienek) edo sarrera edo kartelaren gainean idoloaren sinadura bat idatzi.
10-15 minutu egon zen tipoa jendea atenditzen. Agur esan guztiei eta bakoitza bere zereginetara. Gaztetxoak etxera, adrenalina igoera hura lasaitzera. Ni, Oliyos tabernara zerbeza bat hartzera tipo zirikatzaile batek zapata bat bestea baino handiagoa nuela esaten zidan bitartean.
Zirikandok kolore ezberdinetako zapatak zituen soinean.
Agur Amorrortu, agur jauna
Lehengoan agur Metak eta gaur agur Amorrortu. Bai, badakit futbolaren elite maila horrelakoa dela eta profesionalek dirutza irabazten dutela, baina Amorrortu kargutik kendu zutela enteratu nintzenean, astelehen eguerdian-edo, pena hartu nuen. Bere garaian Iruretak kluba utzi zuenean bezalaxe (gero, ez ahaztu, urtetik urtera emaitza ezin hobeak lortzeko Galiziako bi klubetan). Norbaitek esango dit Amorrortuk ez duela izango Iruretak izandako bide arrakastatsua. Ez, seguraski ez da horrela izango. Baina dotore aritu da Deustuko gizon umil hau Gipuzkoako talde txuri-urdinean egin duen urte eta erdian.
Hau idazten dudan bitartean Euskadi Irratian entzun dut Realaren informazioa jarraitzen duten kazetariek txalotu egin dutela Jose Mari Amorrortu, agur esateko emandako prentsaurrekoaren ondoren.
Ez da kirol krisia Realak duena. Krisi instituzionala da. Asko aldatu da futbola azken urteetan eta mila faktore izango dira sartzekoak kokteleran: jokalariek ez dutela garai bateko konpromisoa eta kasta, Atotxatik Anoetarako urratsa, zalegoak ez duela lehen bezala bultzatzen eta animatzen, ikuskizun mediatikoa gailendu, kirola bigarren mailan geratzen dela, etab.
Hori eta ez dakigula zer kristo den XXI. mendearen atarian dagoen Reala. Zer demontre gara? Harrobia lantzen duen taldea? Harrobia eta puntako jokalari kanpotarrak dituen taldea? Zergatik ez hitz egin argi eta garbi?
Zer pentsatua eman dit jokalari ohiek bultzaturiko gaur egungo administrazio kontseiluak nola jo duen kanpoko jokalariak fitxatzera gauzak gaizki jarri direnean. Zer ez luke ekarriko Miguel Santos jokalarien ordezkariak?
Zaleek ez dugu batere pazientziarik, ez diogu etxeko jokalariari behar duen denbora ematen. Beti gogoratzen dut Satrustegi mitikoak Lehen Mailan egin zuen lehenengo denboraldian oso makal aritu zela hilabete luzez. Garai hartan, jendea gai zen esateko hau txarra da, baina gutarra da.
Gaur egun, berriz, txistu eta marmarka ari dira asko eta asko etxeko jokalarien kontra. Eta horrela ez dira gauzak konponduko, bideratuko, ni-pa-dios!
Zorte onena opa diot Gonzalo Arconadari bere eginkizun berrian eta ea datorren urtean ere Lehen Mailan aritzeko moduan gauden.
Eta Amorrorturi, esan bezala, agur eta ohore, jauna.
Artista baten fabrikan
Autoa hartu nuen asteazken arratsaldean. Donostiako Herrera ingurura hurbildu nintzen. Inguru guztia obretan zegoen. Eta ez dakit oso ondo zer egiten ari diren. Zementua barra-barra. Hautsa. Zaratak.
Artista batekin nuen hitzordua. Esandako tokian aparkatu nuen kotxea. Fabrika zahar bat zen. Kanpotik ez zen aktibitate askorik antzematen. Autotik atera eta telefono dei bat egiteko aprobetxatu nuen. Berbetan ari nintzela iritsi zen nire solaskidea. Eraikinaren ateak ireki zizkidan. Nik telefonoz hizketan jarraitzen nuen. Halako batean bukatu nuen.
Kaixo eta guzti hori esan ondoren. Barrualdera sartu ginen. Hemen ezkerratara ez dakit zein dagoen, hor goian bulegoak daude, han ez dakit zer. Eta hau da nire eremua. Txoko hau? Ez, nabe guztia.
Harrittuta eta perplejua geratu nintzen. Ez dut gogoratzen inoiz artista baten estudioan egon naizenik baina 600 metro koadro dituen espazio zabal baten aurrean nengoen. Edifizioak ez du gehiegi iraungo: porlanezko progresoak agintzen baitu gure herrian ere. Hilabete batzuk barru, urte batzuk barru gehienez ere, edifizio hori pikutara joango da eta artista hau eta beste batzuk beste norabaitera joan beharko dute.
Nola lortu zuen hain espazio handia galdegin nion tipoari. Lagun baten aitarena zela, artezale amorratua dena, eta eraikuntza plan berriak moldatu arte bertan egon daitezkeela ordaingarria den diru kopuru baten truke.
Esan bezala, sartu gabea nengoen horrelako arte fabrika baten barruan. Bazter guztietan hamaika kuadro, zirriborro, oihal, kristal, auto kapota, mahai, disko, argi… kaosaren kontzertu zoragarri baten gisara.
Noiztik zeraman bertan esan nion, zenbat denbora behar izan zuen hura guztia moldatzeko. Bi urte inguru. Eta hemendik alde egiteko deia jasotzen duzunean, non sartuko duzu hau? Ez dakit, kalean egin beharko dugu sute handi bat eta dena pikutara joan dadila.
Indarberritu ninduen ikusitakoak. Enpresaritza ikasketak amaitu eta buru belarri pintatzera jarritako gazte autodidakta bat.
Fabrika zaharrak sormen fabrika berri bihurtzekoak direnean (Tabako Fabrika dut gogoan), Donostiako beste muturrean dagoen fabrika da Ibonena.
Agur Metak, Metak agur
Berria ez nuen atzo jaso. Pasa den astean enteratu nintzen. Kasualitatez. Harritu egin nintzen, baina pentsatzen jarrita, ez da harritzekoa merkatua nola dagoen kontutan hartuz.
Irundarra naiz eta nire kultura musikala oso lotua egon da gaur egun Metak disketxean dagoen jendeari. Moskun hezi nintzen musikalki. Bertso-Hop musika dendan zabaldu nituen begiak eta belarriak. Esan Ozenki Records disketxearekin jarraitu nituen Euskal Herriko talde interesgarri asko. Metak zen guzti horren oinordeko.
Pena hartu dut, nola ez ba! Zaila dute disketxeek iraupena gaur egun. Ez dutela asmatu gauza batzuekin? Seguru. Hanka sartu dutela? Baita ere.
Baina nik hitz on asko ditut Jitu, Karmele, Zulu, Ioio, Iñigo eta lagun hauentzat.
Ezin zutela gehiago esan zidaten. Hanka biak sartu eta ezin atera geratu aurretik, pertsiana jaistea, atea ixtea erabaki zutela.
Gehienak 40 urteren bueltan daudenak dira. Etor daitezela 20 urtekoak errelebo lasterketa honekin segitzera.
Agur Metak, Metak agur.
Nostalgiarik gabe.
Pedradas, Javier Ortiz kazetariaren blog komunitate berrian
Uste baino denbora gehiago pasa bada ere, azkenean ikusgai dago Javier Ortiz kazetariaren webgune berria. Bertan blog komunitate ttiki bat sortu da eta bitakora honen anai gazteleraduna egongo da bertan.
Oraingoz, gaztelerara pasa ditut azken bolada honetan idatzitako apunte batzuk, hemen argitara emandakoak. Ikusiko dugu aurrerantzean nondik nora nabilen.
Komentarioak egitea libre dago, baina blogosfera espainola nola dagoen ikusita, igual itxiko ditut. Segun.
Codesyntax enpresak egin du lan hau, sortu berri duen Bitakora izeneko produktuarekin. Bitakora software librea da, eta euskaraz eta gaztelaniaz badago.
Iban Arantzabalek hemen idatzi duen bezala: Dabillan harriari, etçaica goroldioric lotcen.