Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Marino Goñi, 25 urte diskogintzan

Marino Goñi, 25 urte diskogintzan

Mikel Iturria 2006/04/21 19:50

Asteazkeneko Berria egunkariaren zenbakian ikusi nuen Tartea atalean Asier Azpilikuetak Gor disketxeko Marino Goñiri eginiko elkarrizketa. Interesgarria zelakoan, gorde egin nuen papera.

Irakurri ondoren, hasierako inpresioa bete egin da. Gauza batzuekin ados egongo zara, beste batzuekin ez, baina errespetua merezi du Marinok. Internet-en ez dagoenez, niretzat zatirik interesgarrienak direnak jaso egin ditut eta sarean jartzea otu zait. Uste baino luzeagoa atera zait, dena dela.

Hona hemen, erantzun bat, bukaeran dagoena.

Marino: Beno, lehenik eta behin, erran dezagun musikaren multinazional bat lapurra bada, lapurra dela ere auto multinazionala edo jogurt multinazionala. Bertzetik, bai, guk diskoak egiten ditugu, baina ezin gaituzu konparatu diskoak egiten dituen multinazional batekin. Eta kritika erabat kafkar bilakatzen da kritika egiten duenak Volkswagenen egiten duenean lan. Ezin nauzu ni kritikatu zu multinazional batendako lanean ari bazara. Hipokrisia handia dago. Eta inbidia. Badago jendea amorruz ikusten duena zu ari zarela egiten berari egitea gustatuko litzaiokeen lana, baina sekula egin izan ez duena funtzionario lanean ibili delako. Nik nahi dudana egiten dut, baina horrek badu bere arriskua.

Apirilaren 27ko eguneraketa: Marino Goñiri komeniko litzaioke The Grillo izeneko musikariaren idatzi hau irakurtzea. Burlatan (Nafarroa) jaio zen Marino Goñi 1951n. Zazpi anai-arreba dira. Irudietako Zientzien ikasketak egin zituen Madrilen, baina ez zituen bukatu. Jose Mari anaiaren bidez, irratian lanean hasi zen, Radio Popularren. "Han ezagutu nituen Gonzalo García Pelayo, Moncho Alpuente, Julio Ruiz, Juan Claudio Cifuentes eta enparauak".

Madrilen, ordea, lekuz kanpo zegoela pentsatu zuen, 1977an: "Movida bazetorren, eta niri hura ez zitzaidan batere interesatzen.. Martxa Euskal Herrian zegoen orduan. Eta Iruñera itzuli nintzen".

Iruñeko Radio Popularren, teknikari lanak egin zituen eta 1978tik 1981era Mas o menos rock musika saioa gidatu zuen bertan. 1981ean Soñua disketxean sartu zen, irratia utzi eta gero.

Kazetaria: Soñua disketxetik pasatu ziren La Polla, Barricada, Hertzainak, Jotakie, Kortatu… Baina arazo ekonomikoek disketxea ito zuten. Disketxe txikiekin gertatu ohi da.

Marino: Bai, ez baita batere erraza. Arrakastak ito gintuen, Soñuan. Nik uste dut Gor sortu arte ez dudala jakin negozio hau kontrolatzen (…).

Kazetaria: Gero, Oihuka sortu zenuten (…).

Marino: Oihuka Elkarren barnean zegoen. Ez genuen deus Elkarren kontra, baina guk erabateko independentzia nahi genuen. Disketxe txikia sortu genuen, baina askea, eta independentea. Disketxe bat benetan independentea da banatzaile baten menpe ez dagoenean. Eta Euskal Herriko banaketa geuk egiten genuen, dendaz denda, hiruron artean. Orduan ikusi genuen zein txarra den hainbertze lan egitea eta zein ona den lehen eskuko informazioa izatea. Negozio honetan bulego lan gehiegi baitago. Nire ustez, bulegoak kalearen altuera berean izan behar du. Bertzela, lehen solairura igoz gero, arazoak sortzen dira.

Kazetaria: Independentzia helburu zenuten Gor sortzerakoan. Lortu duzue?

Marino: Lortutako helburua da, bai. Jendeari erran behar zaio, baietz, helburu hori lortzen ahal dela. Urteak behar dituzu, noski, baina posible da, eta nik uste dut behar-beharrezkoa dela. Edozein presio onartuz gero, zure lana biziatzen da.

Kazetaria: Talde batzuekin dirua galtzen segitzen duzue?

Marino: Bai, noski. Bertze batzuekin estaltzen ditugu. Baina gero eta diru gutxiago dugunez, gero eta gutxiago galtzen dugu. Boladaka doa. Urte batean ongi, eta hurrengoan gaizki.

(…)

Kazetaria: Etortzen zaizkizun maketa guztiak entzuten dituzu?

Marino: Ez, ez. Eta geroz eta gutxiago entzuten ditut. Batez ere, geroz eta aukera gutxiago dudalako disko berriak egiteko (…)

Kazetaria: Maketak entzutea ez duzu gustuko, beraz.

Marino: Tortura da. Eta ez du inork ere egin nahi. Gainera, maketak entzutea ez da modurik onena talde on bat aurkitzeko. Talde gutxi aurkitu dira maketa bidez. Mundu honetan zurrumurruak funtzionatzen du. Eta zuzeneko kontzertuek. Eta, gustuko talderen bat ikusten duzunean, orduan eskatzen duzu bere maketa.

Kazetaria: Beraz, kontzertuak ikustera joaten zara.

Marino: Bai, gero eta gehiago. Kontzertuak gustuko ez banitu, ezin izanen nuke honetan lan egin. Gainera, orain, kontzertuak ongi egiten dira (…)

Kazetaria: Eta euskal rock erradikalaren gurasoetako bat bezala sentitzen zara?

Marino: Bai, noski, bertze erremediorik ez dago. Ezin zaitezke zure seme-alabez lotsatu, nahiz eta tontoak izan. Baina amorrua ematen dit elkarrizketak bakarrik gai horretan zentratzea. Oso urte gutxiko kontua izan zen hura, eta 25 daramatzat honetan lanean. (…)

"Internetetik kanta bat hartzea ez da ekintza iraultzailea"

Diskoen munduko krisiari hobeki aurre egiteko, Gor disketxea garai berrietara egokitzen ari da etengabe. Webgunea berritu dute duela gutxi, bertatik Mp3 kantak jaitsi ahal izateko, eta taldeen kontratazioa eramaten hasi dira. (…)

Kazetaria: Krisi latza bizi du diskoen munduak. Azken urteetan, enpresa askok itxi behar izan dute. Zer egin du Gorrek itxi behar ez izateko?

Marino: Beharrak sortuz joan diren heinean, horiek asetzen saiatu gara. Bertzela, atzean geldituko ginen. Duela hamar urte Martera joandako inor orain itzuliko balitz ez luke mundu hau ezagutuko. Sekulako aldaketa izan baita. Eta iruditzen zait aldatuko denaren erdia aldatu dela bakarrik.

Kazetaria: Bakoitzak bere kopiak egiteko aukera izateak aldatu du mundua. Hori justifikatzeko, multinazionalak lapurrak direla erran ohi da. Zuek zergatik ez zarete lapur batzuk?

Marino: Beno, lehenik eta behin, erran dezagun musikaren multinazional bat lapurra bada, lapurra dela ere auto multinazionala edo jogurt multinazionala. Bertzetik, bai, guk diskoak egiten ditugu, baina ezin gaituzu konparatu diskoak egiten dituen multinazional batekin. Eta kritika erabat kafkar bilakatzen da kritika egiten duenak Volkswagenen egiten duenean lan. Ezin nauzu ni kritikatu zu multinazional batendako lanean ari bazara. Hipokrisia handia dago. Eta inbidia. Badago jendea amorruz ikusten duena zu ari zarela egiten berari egitea gustatuko litzaiokeen lana, baina sekula egin izan ez duena funtzionario lanean ibili delako. Nik nahi dudana egiten dut, baina horrek badu bere arriskua.

Kazetaria: Multinazionaleei egindako kritika asko zuei ere egin dizkizuete?

Marino: Bai, bai. Badago jende asko guri kritika egiten diguna, gu batere ezagutu gabe, eta gure lana batere baloratu gabe. Ongi iruditzen zait nire diskoak kritikatzea. Baina ez kritikatu diskoak egiteagatik soldata irabaztea. Denok irabazten baitugu soldataren bat. Badago jendea erraten dizuna berak ez dituela euskal diskoak kopiatzen, baina bertzeak bai. Bada, hori ere ezin da onartu. Bertzeek zuri lapurtzea gustuko ez baduzu, ez lapurtu zuk bertzeei. Jabetza pribatua onartzen baduzu, bederen. Arizkuren herri okupatuan bizi direnek erraten ahal didate zer edo zer, baina inor gehiagok ez.

Kazetaria: Argi dago eztabaida hau milaka aldiz izan duzula. Honezkero, aspertuta egonen zara honekin, ezta?

Marino: Ez pentsa. Aspertuta egonen nintzateke, baldin eta arazoa konpondu izan balitz. Baina, ez. Nire ustez, aurrerakoia izatea da arazoaren errora jotzea, ez azalean gelditzea. Non dago arazoa? Nor dira pirateriaren onuradunak? Telekomunikazio enpresa handiak: France Telecom, Telefónica, Sony… Internetetik kanta bat hartzea ez da ekintza iraultzailea. Internetetik kanta bat hartzea da. Kito. Dirua telekomunikazio enpresa handi bati ematen diozu. Eta egileren bati jatekoa ukatzen diozu. Egile hori Bruce Springsteen bada, ongi. Baina egilea Víctor Jararen familia bada, gaizki, oso gaizki ari zara.

etiketak:
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Stat counter