Bilbo Dub Jukebox party
Harkaitz Canori entzuna diot hegaldiek hobetzen dituztela liburuak (hau da, abioietako irakurketek liburuak hobetzen dituztela). Aste Santuaren atarian Tenerifera joan nintzen. Abioian nirekin pare bat liburu: El filo de la hierba eta Bilbo Dub Kronikak. Canori detailetxo bat ahaztu zitzaion: zer gertatzen da abioian hormonak puri-purian dituzten gazteez osaturiko bi talde egonez gero? Pufff!!! Irakurraldia sufrikario bat bihurtzen dela… Abisatu bezala Paddy Rekalde eta lagunak azaldu ziren ostegunean kultur etxean. Furgoneta aparkatu, eszenatokia atondu, trago batzuk hartu eta… gozatzera.
Eta hori izan zen laukotearentzat, baita eserlekuan ipurdia itsatsita zuen ikuslegoarentzat, ostegunekoa: party bat. DJ Ander Groundek soinu banda jarri zion Paddyren irakurraldiari, Gabriel Arestiri idatzitako lehen gutunarekin hasi zen irakurraldiari.
Bost zati izan zituela irakurraldiak esan zidan Paddyk, edo hori ulertu nion. Igual lau izango ziren. Drum & Bass, dub, reggae doinuak, inkluso Anariren ahotsa entzun genuen bafleetatik.
Ohar batzuk hartu nituen, baina, halako batean, koadernoa itxi eta boligrafoa gorde egin nuen. Rekalderen ahotsa, DJaren musika … eta Gotzon Garaizabal eta Peru Txaman margolarien paleta koloretsua ikustea plazera zen. Zertarako hartu oharrak? Bidaiak argazki makinaren bisoretik begiratzera bezala izango litzateke.
Ekitaldiak irauten zuen bitartean ez genuen argazkirik atera. Bukaeran hartu genuen baten bat. Ea datorren astean iruzkintxo hau ilustratzeko moduko argazkirik topatzen dudan.
Zuen herrian, aldamenekoan edo auskalo non "Bilbo Dub Jukebox" laukotearen party-aren berri ematen duen karteltxoren bat ikusiz gero edo mezu elektronikoren bat jasoz gero, ez izan zalantzarik. Ederra izango da. Seguru.
Ez esan gero nik abisua eman ez dudala.
Benetan ona iruditu zitzaidan Paddy Rekalde eta lagunen emanaldia. Probokatzailea, inkonformista, lotsagabea, gordina, eta ederra. Gizarte hobe baten aldeko deihadar hunkigarria. Gizarte zital honen aurkako salaketa sendoa.