Artea Oinez 07 Donostian
Gaur inauguratu da Donostian Artea Oinez erakusketa. Rolling Stones taldearen kontzertuak sortu dituen arazoak albo batera utzita (XXI. mendeko kolonizazioa zer den jakin nahi baduzue, pasa Anoeta Estadioaren ingurunetik egun hauetan).
Erakusketa ikusgai egongo da Ernest Lluch Kultur Etxean uztailaren 20ra arte: astelehenetik ostiralera (16:00etatik 20:30etara) eta larunbatetan (16:30etatik 20:30etara).
Hona hemen prentsa-oharretik jasotako zenbait zati:
Iruña, Gasteiz eta Lizarratik pasa ondoren, erakusketa ibiltaria Donostian egongo da hilabetez Ernest Lluch Kultur Etxean.
Nafarroa Oinez-eko ekitaldien barruan dagoen arte erakusketa hau kultur erreferente bihurtu da 2000an sortu zenetik, hain zuzen San Fermin Ikastolak antolaturiko edizioan.
Harrotasun eta gogo handiz hartu du Vianako Erentzun Ikastolak Nafarroa Oinez eta Artea Oinez erakusketa antolatzeko erantzukizuna 2007an. Hasieratik zuten garbi kalitatezko arte erakusketa bat antolatu nahi zutela, artista euskaldunen sormen anitzaren erakusleiho, artista ezagunak eta balore berriak nahasiz, Viana eta Lizarraldeakoak aintzat hartuz.
Erakusketak 86 artisten artelanak bildu ditu: olioa, akrilikoa, collage-a, teknika mistoa, eskultura, litografia, grabatua, argazkigintza digitala... Horiek guztiak bisitariak erakusketa aretoan bertan erosteko aukera izango duen liburuxka batean ageri dira ere.
Orrialde honetan artista bakoitzaren izenaren gainean klik eginez gero, artelan bakoitza ikus daiteke.
Udalak eta boterearen pornografia
Atzo zen eguna. Maiatzaren 27an batutako botuak hartu, hau zuretzat, bestea niretzat, irabiatu eta ka-ta-plof, listo, sortu dira datozen lau urtetan Hegoaldeko herriak gobernatuko dituzten udalbatzak.
Donostian Ezker Batua Berdeak Aralar koalizioak Partido Socialista de Euskadi-Euskadiko Ezkerrarekin lortu du akordioa (gero eta izen luzeagoak dituzte gaur egungo indar politikoek, portzierto). Ez dute orain garbi esaten, baina aste honetan bai bota zutela gobernu akordiotik at utziko zutela errauskailua. Ederki! Horrela jarraituz gero, politika antiterrorista ere ken daiteke mahai gainetik eta PPrekin lortu akordioa hurrengo batean.
Donostian ere egon da beste sorpresa handi bat: Ramon Etxezarretak adio esan zuela aditu genuen guztiek, baina alkateak eginiko eskaintzari baiezkoa eman ondoren, Kultura Delegatu jarraituko du urrestildarrak. Datorren astean esplikatuko omen du erabakia.
Denok ikusi, eta askok txalotu, dugu ere Sartagudako alkate sozialistaren seta. Iruñean eta Madrilen hartutako erabakiei muzin egin eta herriko ANVko zinegotziaren botoa baliatu du alkatetza lortzeko José Ramón Martínez Benitok. Ostiral arratsaldean entzun nituen haren adierazpenak irratian. 25 urte zeramatzala afiliatuta eta alderdiak zigortuz gero, bost axola hori berari. Politika ez duela ogibide eta urte horietan guztietan partiduak dirua eta denbora kendu diola soilik.
Gaur ikusi dut ere Gararen azalean ageri den Ondarroan ateratako argazkia. Herri honetan ANVko kandidatura ilegalizatuak gehiengo absolutua lortu zuen maiatzaren 27an. Atzo gainerako alderdietako kideak ez ziren Udaletxera hurbildu beren tokiak hartzera (PPkoa uste dut agertu zela bakarrik).
Donostia, Bilbo, Iruñea, Gasteiz, Baiona, Paris, Madril. Han hartutako erabakiak, herrietan bete behar. Eta askotan herritarrak bata bestearen kontra jartzen dituzte. Tamalgarria. Batez ere, etorkizuna kolokan duten herrietan. Eta horietakoa da Ondarroa.
Ez genuke herritarrok boterearen pornografiari men egiten dutenen sare pelagikoetan erori behar. Erraza da esatea. Hori betetzeko formularik ezagutzen duzue?
Gay edo lesbiana? Lasai, sendatuko zara
Nabari da gay eta lesbianen harrotasun eguna ospatzeko gutxi falta dela. Toki ezberdinetan azaltzen dira aipamenak, baita sarean ere. Interesgarria da, adibidez, Luis Foncillasek bere blogean idatzitako apuntea.
AEBetako kazetari gay eta lesbianen NLGJ elkarteak egun horren berri emateko eginiko zenbait aholku aipatzen ditu Luisek. Foncillasek elkarte honek duela zenbait urte ateratako manual baten berri ematen du ere. Bi lotura daude: ingelesez eta gazteleraz.
Esan bezala ondo dago apuntea, baina txundituta utzi nauena lehen komentarioa izan da.
"La homosexualidad es un trauma del que se puede salir, muchos médicos trabajan en este sentido y la pagina www.esposibleelcambio.com. Animo!!! dejad de ser gays y realizaros plenamente como personas, no obliguemos a todos los que tienen tendencias homosexuales de vivir infelices toda la vida Publicado por: lucas - 12.06.07 09:05:19”
Horrelako komentarioa irakurri ondoren, bertan aipatutako webgunera jo dut zuzenean. Taldearen izena Grupo Juan Pablo II da. Eta laburbilduz, Aquilino Polaino eta Palentziako gotzaina den José Ignacio Munillaren tesiak jarraitzen dituzte.
Baten batek pentsatuko du hobe dela horrelako ekimenei kasu askorik ez egitea. Eta igual arrazoia dauka. Baina gaur ezin izan dut paso egin.
Eskola publikoa
Atzo zortzi Euskal Eskola Publikoaren aldeko jaian egon nintzen Ondarroan, beste lagun asko bezala.
Ikasketa guztiak sare publikoan egindakoa naiz, etxean eskola pribatu batera edo ikastolara bidaltzeko dirurik ez zegoelako. Beraz, barrutik ateratzen zait niri publikotasunaren aldeko jarrera hori.
Seme-alabarik ez dut, baina bai harritu nauela familiakoek edota lagunek beren seme-alabak eskolaratzerakoan egin dituzten zenbait hautu. Denetarik dago, baina esango nuke pribatuaren aldeko joera gailentzen ari dela.
Ondarroan egon zen ere Javier Vizcaíno eta blogean idatzitako apunteak irakurleen arteko debatea piztu du. Bertan badaude arrazoi batzuk nire inguruko jendearen erabakia ulergarri egiten dutenak.
Ikusten da ere badagoela irakasle kontzientziatu eta auto-kritikorik, gurditik tiratu nahi duena. Ezin baita beti izan diru eskasia eta agintarien gaitasun eza sare publikoan dagoen problema guztien sorburu. Hori biktimismo-bertan-goxoa da (oso kirol euskalduna).
Honen harira dator duela egun batzuk lagun batek kontatu zidan dei bitxi bat. Berak jardunaldi batzuk antolatu ditu azken urte hauetan eta unibertsitate publikoko irakasle bertan goxo bat kexu omen zen inork ez ziolako berari jardunaldien berri eman. Potroak behar dira, dedio!
Bukatzeko, ikastola (pribatu jarri behar nuen, baina igual norbaitek badu zer esana) bat aipatu nahi dut. Aste bukaeran jaso behar zuen Maite Goñik saria Bartzelonan. Ordiziako Jakintza Ikastolako IKTeroak taldeko partaideak landutako Euskal Jakintza blogak irabazi baitzuen duela hilabete inguru I. Espiral Saria ikasgelako blogen kategorian. Kronikaren zain nago, Maite.
Bidaiatzeko beharraz
Euskal Herriak gu akabatu baino lehen, hobe da bolada batez hemendik hanka egitea. Aste honetan bidaiatzearekin loturiko pare bat notizien berri izan dut.
Imanol Alvarez
Arrate eskubaloi taldeko bigarren entrenatzailea da Imanol eta, apustu bat tarteko, Ermuatik Hungariako Tatabanya herrira abiatu da bizikletan. Hori kontatu zuen, behintzat, asteazkeneko Noticias de Gipuzkoan.
"Arrateko jokalari nintzela, harreman ona nuen Jenörekin. Bera Athleticzalea zen eta ni Realzalea, eta egun batean esan nion Reala jaisten zen egunean bere etxera txirrindan joango nintzela. Aurten gauzak itsusi jartzen ari zirela ikusirik, eta Viktor (Debre) zein Jenö-rekin dudan harreman ona aintzat hartuz, prestaketak hasi nituen urte hasieran. Nahiz eta mailari eutsi, bidean naiz jada. Apustua tarteko, gustuko gauza egiten ari naiz".
Abentura uztailaren lehen egunetan burutzeko asmoa dauka Imanolek. Egunero nondik nora dabilen kontatzeko konpromisoa hartu du eta, horretarako, Sin cadena bloga erabiliko du.
Zorte on eta ea Realak gaur beste astebetez Lehen Mailan jarraitzeko aukerari adiorik esaten ez dion.
Dina Bilbao Bidaia Beka
Dina Bilbao abenturazale ondarrutarraren omenez haren lagunek antolaturiko beka deialdia aurkeztu da aste honetan ere. Dina Karibeko uretan desagertu zela hamargarren urteurrena beteko dela aprobetxatu dute, urtero antolatu izan den Tolosa Ondarroa bizikleta martxa (Zapato Azulen, Dina Martxi) ahaztu gabe.
Hona hemen bekaren oinarriak.
Laburbilduz:
Gazte jendeari zuzendurikoa da (16-18 urteko gazteei).
Zazpi eta hamar egun bitarteko bidaia proposamen bat aurkeztu beharko dute.
Gehienez hamar orri aldetan azaldu behar da asmoa (euskaraz).
Proiektu irabazleak denbora eta laguntza izango du bidaia prestatzeko (irailean).
Bidaia bederatzi lagunentzat bereziki prestatutako furgoneta batean egingo da.
Talde irabazlearekin Josu Iztueta bidaiaria eta beste pertsona bat joango lirateke.
Bidaiak gehienez 3.000 euroko aurrekontua izango du.
Lanak jasotzeko epea ekainaren 20a izango da, eta 23an emango da ezagutzera irabazlea.
Lanak bidaltzeko:
Postaz: Dina Bidaia-Beka; 104 Posta Kutxa; 20400 TOLOSA; GIPUZKOA
Posta elektronikoz: dinabidaiabeka@gmail.com
Errakundea ez da 2.0. Gu bai.
Bai, Erral, lapurtu egin didazu titularra ;-)
Gaur goizean errakundeak berriro armak dantzan jarri behar zituela enteratu naizenean ez naiz abenduaren 30ean bezainbeste larritu. Kaka zaharra! pentsatu dut. Baina gosaltzen jarraitu dut irratia entzuten nuen bitartean.
Eguna lanean pasa dut eta ez diot gehiegi erreparatu interneti. Eguerdian, igerilekura joan aurretik, gainetik begiratu dut sheriff gehienek esandako txorakeriak.
Bazkaldu ondoren, bilera bat izan dut eta erakusketa baten inaugurazioa petit comitéan. Tartean, Erralekin hitz egin dut, bai. Bi puntu zero. ETA 2.0 titular ederra izan zitekeela pentsatu dut.
Baina the organization ez da 2.0ra iritsi oraindik. Erraminta kolaboratiboak maneiatzetik urrun dago. Ez dirudi hainbeste maite duen herriari, gizarteari, kasu egiteko gai denik. Eneko Bidegainek idatzi bezala, uste dut errakundeak errespetu gutxi diola Ipar Euskal Herriari. Ezta ANVko boto emaileei ere. Zergatik ez zuten Hegoaldeko hauteskunde kanpainan bertan iragarri erabaki hau?
Loretxoa haserretu den bezala haserretu naiz.
Ortizek duela gutxi idatzi bezala errepikatu dut: "no les veo remedio / no os veo remedio / no nos veo remedio".
Atentaturik egongo ote den galdetu diot nire buruari. Hurrengo biktima nor izango ote da? Gaixoa!
Joseba Zulaikaren liburua gazteleraz argitaratu dutela ere irakurri dut. Gaur prezisamentian.
Eskerrak Rabo jauna gaur ere hortxe dagoen.
Egilea: Álvarez Rabo
Xabier Sánchez Erauskini Pello Zubiriak eginiko elkarrizketa
Maiatzaren hasierako igande batean Pello Zubiriak Xabier Sánchez Erauskin kazetariari 2006ko bukaeran eginiko elkarrizketa honekin egin nuen topo Argian.
Igande euritsu hartan hasi nintzen 18 folioko elkarrizketa gazteleraz jartzen eta maiatzean zehar joan naiz gaztelerazko blogean atalka zintzilikatzen.
Hona hemen zati guztiak (zati bakoitzaren titulua nik jarritakoa da, adi):
Sacerdote en Terranova, periodista en Madrid
Bergamín y el futuro del periodismo
Espero dut jatorrizko bertsioak duen onena pikutara ez bidaltzea nire ahaleginarekin. Asko gozatu dut, behintzat, itzulpenarekin.
Loretopetik (XIV) Dena oso ofiziala omen da
Irutxuloko Hitzan ekainaren 2an argitaratutakoa.
Donostiara duela urtebete etorritako pertsona batek hiria gustuko ez zuela esan zidan pasa den astean. Gipuzkoarra da bera eta urte dezente eman ditu Gasteizen bizitzen, (hemen baino askoz ere gusturago haren hitzetan). Baietz esan nion nik, giroa ez zegoela bere onenean.
Kulturaz ari zelarik, dena oso ofiziala zela bota zuen. Eta neurri batean behintzat horrela da, Donostia oso instituzionala baita. Aipatu nion ez zuela batere laguntzen Guardetxearen egoera penagarriak (ea laster konpontzen den), baina berpizte horrek edo Donostiako Kafe Antzokiak aire berria ekarriko dutela.
Hala ere, haren berbek ezinegona sortu zuten nigan. Eta buelta asko eman nion kontu horri hurrengo egunetan. Izan ere, Udalak kultura sustatuko ez balu, herritarrok, arrazoi osoz, kexu agertuko ginateke arduragabekeria horregatik. Aldiz, Udalak gauzak antolatzen baditu, gaizki, kutsu ofiziala baitu denak.
Nahi al dugu Udalak dirua gastatzea kultur eskaintza oparoa herritarren esku jartzeko? Bai? Ez? Egia da beste kultur politika bat ere ahal dela egin. Ados. Baina nahiko lukete honen tamainako hainbat hirik Donostiako kultur eskaintza eta oinarrizko sarea (duela aste batzuk Santanderren egon nintzen eta hango egoera penagarria da).
Oinarrizko sarea aipatu dudalarik, balizko kutsu ofizial horretatik kanpo gelditzen den udal programaziorik ere bada. Adibidez, Poltsiko Antzerkia. Jite urratzailea eta berritzailea duen programa hau maiatzaren 9an abiatu zen Victoria Eugeniako Klub Aretoan Chirigóticas taldearen eskutik. XVI. edizioa Altxerrin amaitu zen maiatzaren 27an, "La Calaña del Tío Tom" antzezlanarekin. Bi data horien artean 11 taldek 26 emanaldi eskaini dituzte.
Hiri honek duen luxuetako bat da jaialdia, luxua baita 50-100 lagunentzako emanaldiak eskaintzea auzoetako tabernatan Pepín Tre, Gu ta Gutarrak, Yogurinha Borova, Chirigóticas edo Mago Migue bezalako artistek.
Zergatik du, baina, hain oihartzun gutxi jaialdiak? Zenbat lagunek dakite hamasei edizio egin direla jada? Arrazoi ezberdinak daude. Adibidez, diru gehiago beharko litzateke oihartzun gehiago izateko, foku gehienek Victoria Eugenia argitzen dute orain, maiatzeko eskaintza zabala, etab.
Ea hurrengo urteetan ere edizio honen mailako ekitaldiak antolatzeko masa kritiko nahikoa dugun. Diru publikoa egongo ote al da horretarako? Hori beste eztabaida bat da, baina hala izatea espero dut. Amen.
Erakusleihoa Bonus Track: Wilson payadorea, Fredi Paia, Xabi Paya
Gaur goizean ikusi dugu Berrian, Wilson Saliwoncyk payadore argentinarrari eginiko elkarrizketa. Bertan, Euskal Herriko zenbait herritan egingo duen biraren berri ematen zuen.
Bira horrek geldialdia izango du ekainaren 6an kultur etxean.
Maiatzaren 10ean, Wilson Gu ta Gutarrak taldearen gonbidatu sorpresa izan zen Donostiako Via Foran, kultur etxeek antolaturiko Poltsiko Antzerkian. Gu ta gutarrak taldearen webgunean klik eginda ikus dezakezu emanaldiaren zati bat eta bertan ageri da Wilson eskurrik asko esaten (edo antzeko zerbait).
Hona hemen prentsa-oharra:
Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazten dizue ekainaren 6an Wilson Saliwoncyk payadoreak saio bat egingo duela gure zentroan Fredi Paia eta Xabi Paya bertsolariekin batera. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.
Apirilaren 19an Igor Calzadaren FTF proiektua aurkeztu genuenean, gure asmoa zen urrira arte ez programatzea Erakusleihoako saio gehiagorik. Hala ere, proposamen eder honi ezin uko egin eta horregatik Erakusleihoa Bonus Track programatu dugu ekainean.
Wilson Saliwoncyk Argentinako Los Toldos General Viamonten jaio den payadorea da. Artearen inguruan urte mordoa daraman arren, modu profesionalean Terneroko festan irabazitako sariaz geroztik hasia da (1996an). Egun emanaldiak egiten ditu festibaletan, kultur guneetan eta payadoreen tailerretan.
Payadorea, gitarraz lagundurik, bere kantuak eta inprobisatutako dezimekin batera, Xabi Paya eta Fredi Paia bertsolariekin arituko da.
Emanaldiaren ardatza Wilson izango da, baina bertsolariak ere saiatuko dira payadoreari desafioa edo payadas egiten. Munduko bi inprobisazioen arteko jolasa, jokoa, borroka… gozamena hitz batean.
Wellcome Berlanga jauna antolatu du Kabigorrik Irunen
Kabigorri Ateneoaren urteko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa hasiko da gaur. Zinema zuzendarien omenezko ziklo berri bat antolatu dute orain ere. Lehenengo bi zuzendari omenduak Luis Buñuel eta Juan Antonio Bardem izan ziren. Aurtengoa, berriz, Luis García Berlanga da.
Egilea: Juantxo Quiroga.
"Wellcome Berlanga jauna" zikloa: Maiatzaren 29tik ekainaren 2ra.
Maiatzak 29
Bienvenido Mr. Mashall filmaren proiekzioa Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 20:00etan.
Maiatzak 30
El verdugo filmaren proiekzioa Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 20:00etan.
Maiatzak 31
Tamaño natural filmaren proiekzioa Kabigorri Ateneoan (kontuz toki aldaketarekin). 20:00etan.
Ekainak 1
Hitzaldia: Trabajar con Don Luis Solaskideak: Juan Cobos, José Luis García Berlanga.
Ikust-Alaia Udal Liburutegian. 19:00etan.
Ekainak 2
"Plácido" filmaren proiekzioa eta mahaingurua Amaia Kultur Zentroko auditorioan. 17:30etan.
Gonbidatuak: Amparo Soler-Leal (Luis G. Berlangaren hainbat filmetan lan egindako aktoresa
Juan Cobos (idazlea, Berlangaren lagun mina)
José Luis García Berlanga, semea, zinema zuzendaria eta ekoizlea.
Kabigorri Ateneoan, 20:30etan. Itxiera ekitaldia eta omenaldia. "El sueño de la maestra" filmaren proiekzioa. Berlangaren omenez Rafael Azconak ekitaldi honetarako idatzitako testuaren irakurketa. Azcona Berlangaren ohiko gidoigilea izan zen.
Erakusketa
Maiatzaren 22tik ikusgai dago "Berlanga Natural" erakusketa. Ekainaren 16ra arte, Kabigorrin bisita daiteke Berlanga familiak utzitako materiala: kartelak, errodajeetako argazkiak, familiaren argazkiak, bitxikeriak…
Egilea: Juantxo Quiroga.