Tio Migel
Arratsaldeko 8:00etan emango diogu gaur azken agurra. 71 urterekin alde egin du amaren anaia ezkongabeak. Gauza gutxi behar zuen ondo egoteko. Horietako bat ehiza: basurdeak akabatzeko batidetan txakurrak eraman izan ditu urteetan. 14 edo 15 urterekin hasi zen lanean Porcelanasen eta bertan jubilatu zen. Lana besterik egiten ez zekien belaunaldi bateko kide, Usategietako lagunek ondorengo bertsoa jarri dute hilberrian:
Beti alai umore onez
zinen toki guztietan
hutsune handi bat utzi duzu
gure zelai hauetan
hamaika ordu pasa dituzu
gurekin Usategietan
Migel Barraka itxaron lasai
hor goiko parajetan.
Astelehen arratsaldean hil egin zen eta gaur arte ezin izan dugu enterratu (atzo jai-eguna zelako). Tanatoriotik pasa direnen artetik, bere lagun min batek esandako hitzekin geratuko naiz. Diurtxiok laurogei urteak beti ditu jada eta on puska da. Malkoak begietan zituela zera esan zion:
"Aski gorra hintzen Miel, baina hi baino gorragua etorri dek".
Diurtxio txapela buruan eta zotza ezpainetan erdi ezkutuan erdi agerian zuela joan egin zen.
Niri, berriz, haur garaiko heroi bat joan egin zait. Aio, osaba. Agur Barrakako Migel.
Sentitzen diat Iturri. Hau garaiko heroia ez duk ez edozein.
Besarkada bat.
Serafin