DJ Milkyway Gazteszena 10 urte festan gaur
Aurreko batean idatzi nuen hemen Gazteszenak 10 urte bete dituela 2008ko maiatzean. Hori ospatzeko gaur festa antolatu da Egiako Kultur Etxean.
20:00etan, Ballet Biarritz Junior.
20:45ean, Dico Bar.
21:30ean, Guille Milkyway DJ.
Milkyway disko jartzaile, abeslari eta produktorea da. La Casa Azul taldearen arima, artista eta banda ezberdinekin egin du lan, batez ere Elefant Records zigiluaren eskutik. Publizitate kanpainetako sintoniak ere egin ditu, besteak beste MTV Españako Amo a Laura
Duela gutxi jakin dugu Vull saber-ho tot de tu kanta egin duela TV3ren 25. urteurrena ospatzeko.
Sarrera doan da. Eta ez da gonbidapenik behar sartzeko.
Hona hemen La revolución sexual kantaren bideo-klipa.
Hiru eMe.
Larunbat goizean irakurri nion Mikel Recalde kazetariari ondorengo sarreratxoa:
"Ha tenido que venir un inglés, ex-goleador y genial periodista por la vía del intrusismo, para limpiar el nombre de la leyenda de uno de los nuestros".
Gutar horren izena Arconada da. Atezainaren izenean klik eginez gero, Michael Robinsonek eginiko erreportajea ikusiko duzue.
Utz dezagun albo batera Arconada. Itsusia iruditu zait Rekalde kazetariak Robinson kazetariari buruz dioena. Robinson goraipatzen du, baina era berean behatza sartu nahi dio begian.
RAEren hiztegira joanez gero, zera dio: Intrusismo.(De intruso).
"Ejercicio de actividades profesionales por persona no autorizada para ello. Puede constituir delito".
Aste honetan bertan Argia aldizkarian agertu da Sustrai Colinak Mikel Reparazi, Radio Euskadiko albistegietako buruari, eginiko elkarrizketa. Osorik merezi badu ere, webgunean ageri den bideoa barne, Mikel Reparazen hiru esaldi hauek ekarriko ditut hona. Kazetarien prestakuntzari buruzkoak dira:
"Iparraldean, Belgikan, edo Estatu Batuetan kazetaritza ez da karrera unibertsitario bat. Nire ustez unibertsitatean ematen den prestakuntza beharrezkoa da, baina ez kazetaritza ikasteko. Gure ofizioa lanean, eta batez ere, kalean ikasten da".
Ados nago Reparazekin. Eta ez nago ados Recalderekin. Eta hori jarri nahi nuen gaur.
Elna bada zure izena...
Blog honen irakurle bazara, dagoeneko jakingo duzu askotan azaldu ditudala hemen Elnako amaetxeari buruzko kontuak.
Duela egun batzuk, Assumpta Montellàk idatzi zuen ekainean 95 urte beteko dituela amaetxe horretako sortzaileak, Elisabeth Eidenbenz andreak. Opari gisa, Assumptak pentsatu du polita litzatekeela Elna izeneko jendea biltzea Bartzelonan, une horren argazkia ateratzea eta berau Elisabeth-i bidaltzea. Dirudienez, 2005etik hona 75 bat jaioberrik dute Elna izena (Kataluniako datuak izango dira).
Deialdia ekainaren 8rako egin dute, igandea, eguerdiko 12:00etan, Bartzelonako Parc de la Ciutadellako negutegian.
Katalunian albisteak komunikabide tradizionaletara egin du salto jada: Catalunya Radio, Màrius Serra La Vanguardian, Isabel Clara Simó Avuin... Ea argazki eder bat oparitzen dioten Elisabeth-i.
Eta argazkietaz ari garenez, hona hemen beste erretratu ederra: 70 urte elkarrekin egon gabe, berriki topo egin dute Vienan Elisabeth-ek eta María Garcíak. María Mexikon bizi den 91 urteko emakumea da eta erizain gisa egon zen lanean aipatu amaetxean. Hunkigarria.

Irribarreak
Astearte goizean honen azpian ikusten duzuen kartel batekin egin nuen topo. Lehenengo euskaraz: "Lana bukatutakoan… irrifarreak sortuko dira". Gero, gazteleraz ikusi nuen: "Al final de la obra… nacerán sonrisas".

Kartel edo lona gehiago ikusi nituen ere hirian barrena eta atzo komunikabideetan izan genuen kanpaina honen berri. Donostia.org
webgunean igotako prentsa-oharra irakurriz gero:
"Donostiako Udalak, hiriko alkate Odon Elorzaren ekimenez, gaurdanik kanpaina bat abiarazi du donostiarrak hiri-lanen premiaz, hiri-lan horien garrantziaz eta bukatutakoan hiri-lan horiek hiriarentzako ekartzen duten hobekuntzaz kontzientziatzeko".
2013an Donostiako Udalak ospatu nahi du hiria erre ondorengo berpiztearen bigarren mendeurrena. Gainera, 2016an Europa mailako kultur hiriburua izandatzeko hautagaitza aurkeztu du.
Ez dakit irribarrerik izango ote dugun, baina irudia ez zait gustatu.
Bilbon World Caféa hartzen
Goizeko 7:30ean jo du iratzargailuak etxean, baina kosta egin zait ohea abandonatzea. Bost minutuko atzerapenarekin jaso dugu Sorkun eta biok Elena Rosales Intxaurrondon. 10:00etarako aparkatuta genuen autoa Abandoibarran.
Ordu erdi geratzen zitzaigun jarritako hitzordura ailegatzeko eta hotel batera joan gara kafetxo bat hartzera. Hotelean bertan egin dut topo Julio Anguitarekin. Nonbaiten irakurri nuen atzo Bilbon egona dela aste bukaeran Xabier Arzalluzekin batera ekitaldi batean.
Hotelean bertan zeuden ere kafea hartzen Aprendices sareko kide batzuk: Iñaki Murua, Jaio, Loretahur, Alorza… eta barkatu beste guztiak baina ez naiz izen guztiekin geratu.

Ekitaldia ospatu behar zen tokira iritsi garenerako, han ikusi dugu ere Juantxo Agirre Mauleón. Javier Vizcaíno irratsaioa zuzenean egiten ari zen, Javier Domínguez eta Cristina Álvarez kazetariak gehi talde teknikoaren laguntzarekin.

11:00etarako eserita nengoen 8. mahaian eta Elgoibarko lau emakume tokatu zaizkit hasieran. Garai bateko kontuetaz ibili gara hizketan. Uste baino beranduago esan digute aldaketa egiteko, baina beste bi talde ere dinamizatu ditut ondoren. Ez dakit oso ondo zertaz aritu garen. Hainbeste jenderekin hitz egin baitut gaur: Filgi Claverie, Julen Iturbe, Noe Boquitas Pintadas, Imanol Querejeta, Dani Álvarez…

Antolatzaileek erre duten txahala ez dugu probatu eta MQPko kazetari taldearekin gehi zenbait entzulerekin (eskerrik asko, Iñaki) bueltatxo bat eman dugu han inguruan. RPinzón, Kanif Beruna, Quecaro, Ashet, Mikel Eztabai… Halako batean estudioan zeuden Loreto eta Itsaso ere hurbildu dira.
Gauza asko eta oraindik burua borborka daukat. Ez nuen gehiegi espero, egia esateko, baina gustura irten dut Bilbotik. Jende ezaguna agurtu eta sareko beste batzuei aurpegia jartzeagatik bakarrik merezi zuen osteratxoak.
Oharra: izugarri ondo egina eta oso aberatsa Mikel Agirregabiriaren erreportajea.
Loretopetik (XXIII) Ezkonagurrak edo soltero despedidak
Irutxuloko Hitzan 2008ko maiatzaren 15ean argitaratutakoa.
Oraindik gogoan dut, duela hamabost bat urte-edo, lehenengo aldiz soltero despedida baten berri izan nuenean herriko kaleetan. Erran nahi baita, 90. hamarkadan ezkongaiaren adiskideak hasi zirenean publiko egiten laguna ezkontzen zela eta haren aurpegiarekin kartel irrigarriak jartzen herriko kaleetan zehar.
Denborarekin ohitura bihurtu zen larunbatero norbait barregarri ibiltzea tabernaz taberna koadrilak jantzitako arropa ponpoxoak soinean zituela, grazia handiz edo apenas graziarik gabe, irentsitako alkohol mailaren arabera normalean.
Orduan, aipatu agurrak ez ziren omendutakoaren herritik aparte egiten; gehienez ere, aldameneko herria zuten jomuga. Gaupasa zena, egunpasa bihurtu zen eta asteburupasa da gaur egun ondoren kontatuko dudana aintzat hartuz. Gero eta gehiago, gero eta nabarmenago, markak hausten.
Maiatzaren 1ean, Loiun hegazkina hartu genuen Mallorcan oporregun batzuk pasatzeko asmoz. Aireportuan geundela, hara non agertu zen tipo bat hawaiar jantziekin: gona flekoduna eta gorputzaren goiko aldean bularreko ziztrin bat zuela soilik. Inork ez zion kasu gehiegirik egiten (kristo guztia ohitu al da lagun hurkoa horrelako piurarekin ikusten inguruko aireportuetan?) eta itxura horrekin pasa zituen kontrol guztiak, guardia zibilarena barne. Lagunak ere gertu zituen, ondo janda eta hobeto edanda iluntzeko 20:00etarako. Errezoan hasi nintzen gure abioian joan ez zitezen, baina, sinestuna ez naizelako agian, alferrikakoa suertatu zen dena: hegazkin berean igo ginen haiek eta gu. Kaka zaharra! Eskerrak aulkiak emateko orduan, tropa guztia sakabanatu zutela. Hala ere, agurtua gertu tokatu zitzaigun eta agurtzeko baino egurtzeko gogoa izan nuen behin baino gehiagotan.
Nire aurrean zegoen beste pertsona baten komentario bati erreparatu nion. Itxuraz, aste batzuk lehenago norbaiten despedida antolatu zuten eta Logroñora joan ziren ospatzera. Istorioa, berriz, ez zen espero bezala joan; izan ere, Errioxako hiriburuan kokoteraino ei daude agur mota hauek sortzen dituzten trabekin. Hain daude nazkatuta, zenbait tabernatan ez zietela edatekorik zerbitzatu. Tabernariak ere nazkatuta? Kontxo, kontxo…
Okerrena da lagunak separatzeko edadean daudela jada eta badakizue banantzearen ondoren zer datorren, ezta? Berriro ezkonduko direla. Eta zer egingo da ezkontzaren aurretik? Agurra. Ordurako zer egongo da boladan? Londres? Paris? New York?
Ez dut nahi
Goizean enteratu naizenean hildako berri bat eta txikizio itzela eragin duela izena idatziko ez dudan erakundeak, zerbait idaztea pentsatu dut. Baina zurrunbilo batean ibili naiz egun osoan zehar. Orain dut zerbait idazteko denbora, baina ez dakit zer esan.
Nahikoa arazo ditudala jada nire aldetik eta ez dudala nahi (ustez) nire izenean ari den erakunde horrek niregatik ezer egitea: salbatzailerik ez, berriro.
JVrekin batera, nik ere Don´t save me, thanks.
Gezurra ari du
Maiatzaren 6an, Palmara joan ginen, egunpasa. S´illot herrian geunden oporretan eta autobusa hartzea erabaki genuen Palman paseotxo bat emateko. Ordu eta laurdeneko bidaia izan zen.
Hiriburuan geundela jada, kartel bat ikusi nuen denda baten kristalean itsatsita: Preses de Franco jartzen zuen. Erakusketa bat zen, Ramon Llull gunean ikusgai zegoena.
Handik gutxira, bilatu gabe gainera, kultur etxearekin egin genuen topo eta, barruan, Francoren garaian preso egondako emakumeei buruzko erakusketa bat (izenak dioen bezala). Panel guztien artean, bazegoen bat Saturrarango kartzelari eskainitakoa.

Erakusketa honekin gogoratu naiz Javier Vizcaíno handiak Sartagudako Memoriaren Parkea inauguratu zuen eguna nola bizi izan zuen irakurtzerakoan. Javierrek utzitako loturei jarraituz gero, baduzue irratsaioaren zenbait une hunkigarri entzuteko aukera ere.
Bi erretratu hauetaz aparte, hirurogeita hamar bat urteko andre batek beste bi laguni Mallorcako aretoan komentatzen ziena ere hementxe jarriko dut: "Estas cosas no sirven más que para remover el dolor". Emakume haien itxurari erreparatuz gero, garbi zegoen ez zirela garaileen bandokoak. Hala ere, barru-barrutik bota zuen andreak esaldi hura. Ez da harritzekoa. Gezurra ari du. Oraindik ere.
Fregonari bueltaka
Ernest Lluch Kultur Etxean dago ikusgai maiatzaren 31ra arte Ceinpro ikastetxeko ikasleek egin duten beste erakusketa erakargarri bat: Fregonari bueltaka. Fregonaren 50. urteurrena ospatzen denez, asmakizun hori aukeratu dute erakusketa bat moldatzeko. Oraindik ez dut bertatik pasatzeko aukera izan, baina aurreko urteetan ikastegi horrek egindako lanaren jakitun izanik, mereziko duelakoan nago (begiratu Ez zara inoren panpina erakusketari buruzko aipamena blog honetan bertan).
Mezu hau idazteko informazio bila, gatazka dagoela konturatu naiz. Batzuek diote Emilio Bellvis Montesano izan zela asmatzailea; besteek, berriz, Manuel Jalón Corominas izan zela. Bitxia da Bellvis eta Jalón familiek 20minutos periodikoaren webgunean izandako mezu trukaketa.
Bellvis familiak fregona.net webgunea du martxan. Jalón-en jarraitzaileek, berriz, fregona.es eta fregona.com.
Indek eginiko apuntean irakurri dut Manuel Jalón-ek epaitegietara jo duela demanda de jactancia izenekoa planteatzera. Beraz, epaitegiek esan beharko dute nork asmatu zuen fregona.
Hori bai, arazo honek ez du eraginik erakusketan eta ukaezina da titulu argigarria aukeratu dela Donostiako erakusketa bataiatzeko: Fregonari bueltaka.
En castellano
Hamar egun Mallorcan
Lerro hauek oporretara joan aurretik idatziak daude, maiatzaren 1ean. Dena ondo joanez gero, gaur egingo dugu buelta Mallorcatik (Punta Amer Hotela). Bihar arropak garbitu eta beste gauza batzuk txukundu eta astelehenean beharrera.
Astelehenetik
aurrera Literaktum
08 jaialdiari erreparatu beharko diogu, maiatzaren 8an hasitako Poltsiko Antzerkiari, Gazteszena
10 urte, prentsa-oharrak, hileko folletoak, etab… Azken bi hilabeteetako lanean nire errutina bihurtu denari, finean. Espero dut bateria ondo kargatuta ekartzea. Bestela, nitaz erruki, lankideok.
Ah! Eta 18an Bilbon World café.