Urte askotarako, Berria
Ekitaldia 19:30ak pasata hasi zen Donostiako Kursaal Jauregiko Auditorioan. 1700 lagunekin bete egin zen lokala, Berriako langile, irakurle, gizarte eragile, politikari, eta abarrekin.
Berandu konturatu nintzen ekitaldira joateko Berria egunkarira deitu behar zela telefonoz eta Beni komandanteari eskerrak lortu nituen azken orduan pare bat gonbidapen. Atarian Eibarko enbaxadore den Serafin Basauri eta bere koinata Mariajerekin egin genuen topo, baita Raúl Pérez, Irutxuloko Hitza periodikoaren zuzendariorde nekaezinarekin ere.
Eneko Olasagasti jaialdiko zuzendariaren kontrol mahaiaren ezkerretara eseri ginen. Geunden tokitik ikusi genuen tokia erreserbatuta zuten guztiek nola okupatu zituzten beren eserlekuak. Eta halako batean argiak itzali eta hasi egin zen ekitaldia.
Eszenatokian atzo lauko banda osatzen zuten Logela multimediako lagunak (bateria, gitarra, kontrabaxua eta teklatuak edo perkusioa) egon ziren jaialdiari erritmoa jartzen. Atzealdean zintzilikatutako periodiko ale zaharrak zeuden. Zenbait dantzarik soinean zituzten kamiseta bakoitzaren letrak erabiliz hitzak osatu zituzten, finean hori baita periodiko batek egiten duena, letrak batuz esanahiz beteriko berbak sortzea. Lurra, ura, berria, herria, euskal, herria…
Leire Bilbao poeta ondarrutarrak hartu zuen hitza ondoren. Ezkerreko pasilloan argiztatu zuten berak okupatzen zuen tokia eta ele batzuk irakurri zituen. Ezkerretik eta eskuinetik atera ziren ikuskizunak iraun zuen bitartean Gari Berasaluze, Castillo Suarez (Xabier Mendigurenek idatzitakoa irakurtzeko), Kevin Heredia kolektibo literarioaren izenean aritu zen ordezkari dotorea, Anjel Lertxundi (kontatu behar dut Stock 13n pasa den ostegunean eginiko musika entzunaldi komentatua), Edi Naudo aktorea (Victor Alexandre idazleak katalanez idatzitako testua leitzeko).
Leire Bilbaoren ondoren eszenatokian agertu zen Anari. Gitarra lagun abestu zuen bakar-bakarrik, atzealdean zegoen pantailak haren aurpegiko lehen planoak botatzen zituen bitartean. Castilloren ondoren atera ziren lehenengo aldiz bost bertsolari: Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Xabier Silveira, Oihane Perea, Xabier Paya. Ametsek presente zegoen Patxi Baztarrika izendatu ez bazuen ere, hari bota zion bertso bat.
Kevin Heredia kolektiboaren ondoren, Jira-Biran urte eta piko elkarren ondoan bidea egin zuten Harkaitz Cano eta Maialen Lujanbio bikoteak irri egiteko moduko elkarrizketa taularatu zuen, eskutan zuten periodiko alea amaieran trukatuz.
Kirmen Uribe poetak serio jarri gintuen 2003ko otsailaren 20a Mikel Urdangarin lagunarekin nola bizi izan zuen gogoraraziz. Dantzariak eta Logela multimediako musikarien txanda iritsi zen berriro ere.
Euskaldunon Egunkaria kasuko auzipetu gehienek, Xabier Alegria kartzeleratutakoaren argazkia eta guzti, Egunkaria libre pankarta igo zuten eszenatokira, publikoaren txalo zaparrada jasoz. Beste modu batean egin zitekeen, baina estetika jakin bateko argazkia lortu zuten. Aurretik, Egunkaria itxi zuten eguneko irudiez osaturiko bideoa proiektatu zuten; Valentzian bezperan hain modu nabarmenean Aznarrek agurtu zuen Acebes ere azaldu zen, euskaldunon eskubideak babesteko eginiko operazioa izan zela lotsarik gabe esateko.
Auzipetuen izenean Joan Mari Torrealdaik hitz egin zuen. Gogorarazi zigun laster abiatu daitekeela epaiketa, udazkenean agian, bost urteko kalbarioa gutxi izan ez balitz, kartzela urte asko eta milioi euro mordoa dituztela jokoan, baita Egunkariaren izen ona ere. Euskarazko lehen egunkaria martxan jartzea garesti ordaindu dutela jada.
Berriro agertu ziren bost bertsolariak eszenatoki gainean eta, Joan Mariren ondoren umorea egitea latza zen. Saiatu ziren bederen.
Mihiluze Berria aurkeztu zuten Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano aurkezleek. Biek eginiko galderak eserlekuan genituen txartel koloredun batzuk erabiliz erantzun behar genituen. Horrela Andoaingo irakurle batek eraman zuen Anton Mendizabal eskultoreak eginiko egurrezko lanaren erreprodukzioa.
Bukaera aldera, Berria egunkariaren arduradun nagusiak azaldu ziren. Josean Lizarribar, Administrazio Kontseiluaren burua, eta Martxelo Otamendi, zuzendari-saltzaile-umorista plantak egiten. Lizarribarrek aurrera begira dituzten erronkak aipatu zituen eta Martxelok Eneko Olasagastirekin hiru minutu baino gehiago lortzeko Martxelok berak ordaindutako sei bazkariak erabili zituen guztioi eskerrak emateko.
Denok uste genuen hura zela amaiera, baina ez. Ruper Ordorika gitarrarekin eta Arkaitz Miner biolinarekin atera ziren oñatiarraren Zaindu maite duzun hori eskaintzeko. Zaindu maite/gorroto duzun hori.
Abestiaren ondoren, ikuskizunean parte hartu zuten guztiak igo ziren agertokira, baita Berriako langileak ere.
Kanpora atera ginen eta euri zaparrada politta botatzen zuen bitartean, Kursaalaren aterpean egon ginen. Euria ari du, gezurra ari du. Gogoratzen?