Loretopetik (XXV) Rumano go home
Irutxuloko Hitzan 2008ko uztailaren 10en argitaratutakoa.
Uda donostiarrak zabaldu ditu ateak eta garaiarekin batera azaldu dira turistak. Larunbat gauean neska mexikar ponpoxa batzuekin egin nuen topo, autobusaren zain ("vamos a agarrar el camión" zioten beraiek). Igandean, berriz, zezenplazaren inguruan ikusi nuen artikulu honi izenburua ematen dion pintada.
Javier Ortiz kazetariak pasa den astean idatziriko artikulu batek deitu zidan atentzioa. Donostiarraren artikulu gehienek merezi dute nire arreta, baina, kasu honetan, bereziki deigarria egin zitzaidan Público periodikoan argitaratutako Beste etorkinak zutabea. Javierrek kontatzen zuen nola Valentziako Erkidegoak erabaki duen ez ematea doako osasun asistentzia jubilatu britainiarrei. Milioi bat europar omen dago Espainiako kostaldean azken urteak bertan pasatu nahian. Diru gutxi ekartzeaz gain, behar dituzten zerbitzuak oso garesti ordaintzen ditu Administrazioak.
Gutxi hitz egiten da, baina, etorkin hauetaz. Besteak dira problema. Eta badakit ez dela erraza hona datozen pobreen integrazioa.
Beste lagun batek kontatu zidan azken Aste Santuan bere herrian gertaturiko pasadizoa. Asmaa Matarón bizi den neska amazigh-a edo bereberea da, ezkonduta dago eta, oker ez banago, bi seme-alaba ditu. Ama ere berarekin bizi da. Honek jatorrizko hizkuntzak baino ez ditu hitz egiten, baina Asmaak kataluniera eta gaztelania menperatzen ditu.
Aste Santuan, esan bezala, bera eta familia hartu dituen lurraldearen ohituren berri gehiago jakite arren, prozesio bat ikustera joan omen ziren. Garaiz iritsi eta toki ona hartu, gainera. Halako batean, beranduago iritsitako baten bat hasi ei zen esaten, interesatuak entzuteko moduan, ea han ere agoantatu behar al zituen kanpotarrak. Asmaa ez da isilik geratzen den horietakoa eta ea zein zen arazoa galdegin zion, katalanez. Bestea, gizonezkoa eta gazteleraduna, harrituta geratu omen zen, baina hura ez zela bere tokia esan omen zion, bere herrialdera bueltatzeko.
Asmaa bezalako jende asko ez da egongo, baina interesgarria iruditu zait kontrastea. Integratzeko inolako asmorik ez duen jende aberatsa eta diru-xahutzailea, alde batetik; lan egiteko adinean dagoen jendea, gizarteratzeko gogotsu, nahiz eta munduko traba guztiak jarri, bestetik.
Ondo da 65 lanorduren kontra borrokatzea, baina, hor dago ere lotsaren zuzentaraua, indarrean sartzeko bidean. Are gehiago, uste dut lehenengoa amu bat dela. Bigarrena, berriz, indarrean sartu aurretik ari dira betetzen jada. Adibidez, duela aste batzuk, Bartzelonan, polizia goizeko 6:00etan ari zen Metroan paper eske. Lanera zihoazen paperik gabeko etorkinak harrapatu nahi zituzten. 60 bat lagun atxilotu omen zituzten, baten bat behintzat kanporatze aginduarekin.
Portzierto, pintadako errumaniarra ez da Gica Craioveanu izango, ezta?