Proiektu ederra da Stock 13
Duela hamar bat egun egin nuen topo Andurekin Arantzazu aldizkariaren azalean. Irungo kiosko batean izan zen. Ostegunean, berriz, Koldo Mitxelenan egon nintzen entzuten Xabier Erkizia, Oier Etxeberria eta Miren Jaio hirukoteak abiatutako Stock 13 proiektu berriaren barruan.
Stock 13 programaren formula xinplea bezain aberatsa da... hizlariarekin asmatuz gero: hartu kultur munduko norbait eta aukera eman bere biografia musikala jendaurrean kontatzeko. Lehenengo gonbidatua Victoria Echevarria izan zen eta bigarrena Josemari Zabala argazkilaria. Hirugarren gonbidatua Anjel Lertxundi zela jakiterakoan, ez nuen inolako zalantzarik izan eta ekainaren 19an Koldo Mitxelena Kulturunera joatea erabaki nuen.
Aspaldiko partez, eguraldi ona egin zuen eta ez zen jende asko hurbildu, baina proiektu honek bide ederra egingo duelakoan nago. Bereziki, udazken-negu partean izan daiteke aproposa halako hitzaldi sorta bat antolatzea.
Iban Arantzabalek blogean aurreko batean jarritako Zabale plaentxiarrak zioen bezala: "Eske, nik beti esan juat, personia feliz ixateko gauza txikixetan dao felizidadia, e! Ojo, e! Kontu, hori! Gauza haundi-haundixetan nik ondio ez juat felizidaderik ikusi iñori be". Bide batez, horra hor beste proiektu ederra: Ahotsak.
Anjelek esandakotik zenbait ohar hartu nituen (Marcelino, pan y vino filmeko kanta bat, Hamaseigarrenean aidanez filmean Angel Illarramendik musikatu eta Mikel Laboak abestutako beste bat, Erromako egonaldia eta Greziako folklorearen deskubrimendua, Thelonius Monk eta Julio Cortázar, Debussy eta Mallarmé, Escudero maisuak Lizardi musikatu zuela…) baina hobe itxoitea Stock 13ren emaitza sonoroa webguneren batean entzungai jarri arte.
aupa iturri! milesker zure laudoriengatik, gauza "ttikiak" egiten gabiltzanok zinez eskertzen ditugu halakoak... oraingo kasuan bezala hitz ttiki batzuk nahikoak izaten baitira animo haundiak jasotzeko. ongi izan