Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Amaitu da realzaleen sufrikarioa denboraldi honetan

Amaitu da realzaleen sufrikarioa denboraldi honetan

Mikel Iturria 2008/06/15 22:28
Bai, amaitu da. Tristea izan da, baina futbola soilik da. Ikusteko dago orain zer gertatzen den gure Realean. Usain txarra harrapatzen diot.

Anoetako harmailetan egon naiz gaur arratsaldean. Joan aurretik pentsatzen nuen talde txuri-urdinak irabaziz gero, Lehen Mailara egingo zuela jauzi. Baina usteak erdi ustel. Gure aurretik zeuden beste bi taldeek etxean jokatzen zuten ere eta irabazi egin dituzte norgehiagokak.

Barruko senari kasu eginez gero, jokalariek maila eman ez dutela da ateratzen den lehenengo erreakzioa. Dena den, badute meritua ikusirik erakunde hau nola dagoen. Hiru presidente eta beste hainbeste entrenatzaile ezagutu ditu plantilla honek denboraldi honetan eta gai izan da azken unera arte igotzeko lehian segitzeko. Badago esaterik, noski baietz, hanka sartze itzela egin zutela Gasteizen aurreko jardunaldian (behintzat Alavés taldeari Bigarren Mailan jarraitzeko balio izan dio).

Okerrena da gure erakunde honek ez duela hondoa jo. Badiola presidentearekin jai dugu (eta honek ez du zerikusia Lehen Mailara igotzearekin edo ez igotzearekin). Gustatuko litzaidake oker egotea, baina ez dut uste horrela izango denik.

Lerro hauek idatzi aurretik, etxean jada Anoetatik bueltan, Antoñana Moraza bozeramaleak egindako agerraldia entzun dut. Harrigarriena izan da Teledonosti telebista lokalean eta Punto Radio irratian duela hiruzpalau aste arte komentarista lanetan egondako abokatu donostiarrak nola defendatu duen publikoki Badiola eta nola egin duen Diario Vascoren aurka (gogoratu behar da aipatu bi medio horiek DVren talde berean daudela). Aipatu bi emisoretan bere jefe izandako Tito Irazustak sartu behar izan du tartean Antoñanak DVko kazetari batekin izandako sesioan.

Jendea bero dagoela dirudi agintea dagoen tokietan. Odón Elorza alkateak berak ere aurreko astean gutuna bidali zuen DVra zalegoari eskerrak emateko, baina Gasteizko partidan zenbait jokalarik izandako jarrera kritikatu zuen bertan.

Datorren asteartean, 17an, Batzarra deitu du Administrazio Kontseiluak. Ea zer gertatzen den, baina itxura txarra du Reala maiteak.

Aupa Real!

En castellano

Jon
Jon dio:
2008/06/17 18:06

Ba niri justu kontrakoa pasa zitzaidan gaztetxoekin. Neska mutil horiek denak zelaian ikusteak pena eman zidan. Argi ikusten zen festara jaitsi zirela belarretara. Horietako askok erreala “Herriko taldea” bezala ikusten dutelako (nik Mundarro, Oñatiko batek Aloña edo Errenteriako batek Touring ikusten duen moduan), euren benetako ekipoa Bartzelona, Real Madrid edo Liverpool denean. Gertutik sufritu dut nik hori. Umeen artean Errealeko elastiko gutxi saltzeak ere zerbait esanahi du, nik uste. Festa egun hauetatik kanpo zelaira joango balira, ziurrenik beste era batean ikusiko nituzke. Egun arruntetan ez ditut ikusten, ez behintzat animatzen.

iturri
iturri dio:
2008/06/17 11:40

Kaixo Beñat:

Ez dago DV bakarrik aurka. Nirekin abizena soilik konpartitzen duen Gara egunkariko periodista ere gogor ari da Badiolaren kontra.

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2008/06/17 20:39

Bai, Iturri, ahaztua nuen Gararena, arrazoi duzu; eta Realeko zenbait langilekin egin duena benetan salagarri eta kezkagarria da, inolako zalantzarik gabe. En fin, ez dakit zertan bukatuko den hau guztia, baina itxura onik ez du behintzat. Sufritzea tokatzen zaigu, enegarrenez.

Jon
Jon dio:
2008/06/18 11:02

Kontua da umeei berdin zaiela reala hilzorian egotea, realak bigarren mailan jokatzea. Ez dira konturatzen eta ez zaie inporta. Ez dutelako sentitzen. Jakina, ez da beraien kulpa. Errua helduena da, dudarik gabe, baina pena ematen du. Denak? Ba ez, baina gehientsuenak ez ziren joan errealekoak animatzera, eta bestela irudiak ikustea besterik ez dago eta jokalarien aurpegiek dena esaten baitute. Eurak kontuatzen dira, animoak ematen zizkietenak “jolasean” ari zirela. Beraien aurpegietan nabaria zen, nik uste. Errealak ilusioa saldu behar du, umeei batik bat, eta gaur egun... en fin. Bata ala beste, aupa Real!!

patxi lurra
patxi lurra dio:
2008/06/16 20:07

Atzo urrutitik ikusi zintudan, partida hasi baino lehen, Mikel. Bai, neu be egon nintzan azken mirariaren zain, baina besteen emoitzak jakinda, egia esan asko erlaxatu nintzan bigarren zatian, zer eginik ez egoala, estadio gehiena eta jokalariekin batera.

Halandabe, atzoko detaile bategaz gelditu naz, pozgarria iruditu jatana: Amaieran gaztetxoak zelaira sartu eta "Real, Real!" oihukatzen hasi zirenekoa. Espero daigun handitzean euren aita-ama, osaba-izebak eta anai-arreba handiak bezain hotz eta odolgabe ez bihurtzea (salbuespenak salbuespen) eta taldea animatzen jarraitzea.

Beñat Sarasola
Beñat Sarasola dio:
2008/06/17 11:06

Niri Badiolarekin Ibarretxerekin Aznarren garaian gertatzen zitzaidana gertatzen zait. Ez zait batere gustatzen, baina ikusita zein dituen sutsuki kontra (DV), bera defenditu beharrean sentitzen naiz, ezinbestean.

patxi lurra
patxi lurra dio:
2008/06/17 23:01

"Reala helburua bete gabe gelditu orduko, etsipena hedatu zen Anoetako harmailetan. Zelaira joan ziren umeak ere etsita egongo ziren, edo triste, edo auskalo nola, baina jokalarien ondora joatea erabaki zuten. Laguntzera. Gertu egotera. Umeek ez dakite Reala nola dagoen. Umeak ez dira konturatzen Reala hilzorian dagoela. Umeei ez zaie axola Reala zorretan itotzear dagoela. Umeek ez dituzte ezagutzen Reala beren interesen mesedetan jostailutzat hartzen duten pertsonak. Realekoak dira, eta besterik ez dute ikusten. Maite dituzte jokalariak, helburua bete ez arren. Umeen xalotasuna ederra da."

Aitor Manterolak gaurko egunkarian idatzitakoa da, eta erabat identifikauta sentitzen naz ume horiekin. Zer egingotsat ba! Heldua izango nazenean hasiko naz akaso epelak botatzen jokalarien aurka. Ikusikozue!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter