Loretopetik (XXIV) Jainkoak gorde beza Poch lehendakaria
Irutxuloko Hitzan 2008ko ekainaren 13an argitaratutakoa.
Rafa Berriok aipatu zidan aurreko batean Ignacio Gasca a.k.a Poch zenari omenaldia egin nahi ziola, musikariaren heriotzaren 10. urteurrena betetzen zela irailean aitzaki gisa hartuta. Ezagutu zuen jeniorik bakarrenetakoa izan ei zen Ejecutivos Agresivos, La Banda Sin Futuro edo Derribos Arias bezalako taldeetan ibilitako musikaria. Beltza Records-en foroan jarri dute jada Berriok eginiko deialdia.
Ez naiz Poch-en jarraitzaile izan, baina bizpahiru gauza bai gogoratzen ditudala Gros hondartzeko mutilik zurbilenari buruzkoak.
Gogoan dut Kortatu goi-goian zegoen garaian Gasteizko Bideo Jaialdiaren berri ematen zuen argazki bat publikatu zela duela hogei urte baino gehiago Devórame gehigarriaren ale batean. Muguruza anaia gazteenak ageri ziren scooter baten gainean. Fermin gidatzen, Iñigo atzean, sidecarrean eserita Poch. Batxiler garaiko karpeta batean nuen itsatsita argazkia eta hari begira gogoratzen ez nuen beste detaile txoro batekin egin dut topo: Iñigo asto belarriak jartzen Pochi, ezker eskuko behatzekin.
90. hamarkadan sartuta jada, Madrilen egin zioten omenaldi diskoa Poch-i, El chico más pálido de la playa de Gros izenekoa, Gasak publikatu zuena 1991. urtean. Bertso-Hop dendan izan nuen diskoa nire eskuetan, baina ez nuen erosi. Oker ez banago, bi kanta zeuden euskaraz: Tupeak gora Hertzainak taldearen bertsioa bata, Jainkoak gorde beza lehendakaria Negu Gorriak-en bertsioa bestea.
Handik gutxira ikusi nuen lehen aldiz Poch. Atotxa zaharreko harmailetan izan zen. Sevillaren kontrako partida zela esatera ausartuko nintzateke (Maradonaren garaiko Sevilla izan zitekeen?). Fruta Merkatuko harmailetan ikusi nuen pertsona bat zutik egoteko zailtasun izugarria zuena, gorputz guztia dardara etengabean, balantzaka. Ez dakit norbaitek esan ote zidan hura zela Poch edo ni neu konturatu ote nintzen. Huntington endekapenezko gaixotasunaren zantzuak nabarmenak ziren.
Ez nuen gehiago ikusi Groseko artista. Berriok altxatu du bandera Beltza Records disko dendaren webgunean jarritako komunikatuan. Laguntza eskatzen du. Underground izan nahi duen omenaldiaren bila ari da Rafa. Donostiarra, gainera, nahiz eta Miqui Puig musikari kataluniarra izan laguntzeko prest agertu den lehenetarikoa.
Donostia 2016ko bidearen aparretan gal ez dadin, komeni da ere horrelako gauzei erreparatzea. Ea omenaldi xarmangarria egiteko gai den Donostia musikazalea.
Jainkoak gorde beza Poch lehendakaria.
PS: Artikulua bidali ondoren eta post hau ilustratzeko, Fermin Muguruza jaunaren webgunean topatu dut Muguruza anaiek Poch-ekin batera ateratako argazkia. 1985ekoa da eta egilea Maribí Ibarrola omen da. Nire karpetan baino kalitate hobeagoa du eta honen azpian doa.
Abian da jada Poch-i egingo dioten omenaldi donostiarraren sostengu webgunea:Viva Poch. Dena den, onena martxan jarritako blogetik pasatzea da: Tributo donostiarra a Poch.