Gutunak
"Bi milagarren urtea zen. Algecirasen (Espainia) jokatzen ari zen Ricardo Uriz, LEB ligan. Gutun bat jaso zuen etxean. Galiziatik zetorren, eta David Doblasek bidali zuen. Doblas Urizengandik mila kilometrora bizi zen, Santiagoko Rosalia taldean jokatzen ari baitzen. Hamar lerro labur, bizitzak ondo tratatzen zuen jakiteko. Gutuna? «Jendeak denboraren nozioa galtzen du. 2000. urtean ez zegoen Internet sarerik, eta lagunekin harremana izateko modurik merkeena posta zen». Harreman hori urte batzuk lehenago ernatu zen, Gasteizen, Baskonian. Horren guztiaren berri eman diote BERRIAri, Donostiako Antigua auzoko taberna batean, euri eta haize erauntsiaren babesean."
Andoni Urbistondoren elkarrizketa Doblas eta Uriz jokalariei. Berria egunkaria. 2010eko maiatzak 6.
2000. urtean Interneten sartu berria nintzen. E-mailak, posta zerrendak, eta abar deskubritu nituen. Baina 1996-1998 urteen bueltan lagun bat nuen Estatu Batuetan, Miamin. Albertori gutunak bidaltzen nizkion, baina ordenagailuan idatzitakoak. Sinadura behintzat boligrafoarekin botatzen nuen. Trantsizio modu bat izan zen.
Utikan dogmatikoak
2005ean Bil´in herrira (Zisjordania) joan zen Shai Carmeli-Pollak zuzendari israeldarra (berak ez du bere burua zinema errealizadore gisa ikusten, ekintzaile baino) bertan gertatzen zena filmatzera. Israelgo Estatua harresia egiten ari zen eta aipatu herriko lurraldeak bitan banatzen. Beste toki batzuetan bezala, herriko jendea egoera horren kontra altxatu zen. Izan ere, herriak eta familiak zatitzen baitzituen/baititu aipatu murruak.
Desobedientzia zibila, umorea eta gerrilla urbanoaren teknikak erabiliz, palestinarrak Israelgo Armadari aurre egiten saiatzen ziren (dira, irakurri Alberto Arceren artikulu hau). Palestinarrez gain, Israelgo ekintzaile (Anarchists against the Wall) eta nazioarteko aktibista batzuk parte hartzen zuten borrokan.
Ekintzaile horien artean Shai-ren anai bat zegoen. Shai-k 300 ordu grabatu zituen eta horrekin dokumentala prestatu (Claudius Films etxeak ekoitzia). Filma 2006ko uztailean estreinatu zuten Jerusalem-en eta munduan barrena dezente mugitu da hainbat jaialditan. Beraz, bide luzea eginda etorri da Bil´in, My Love filma Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldiaren VIII. ediziora.
Filmaren hasierak kolpatu egin ninduen: Palestinako baserritar bat erotzeko moduan jartzen da etxeko olibondoak errotik ateratzen dizkiotenean, dozenaka urte zituzten arbolak. Poliziak hainbat kameraren aurrean atxilotzen du gizona, bortizki.
Ekintzez gain, filmean zehar ekintzaile ezberdinekin (batez ere palestinarrak) izandako solasak agertzen dira, baina baita, harrigarria bada ere, armadak manifestarien aurka egiten duen bitartean, Shai-k armadaburuarekin dituen solasaldiak. Normalean, errealizadoreak kristorenak eta bi esaten dizkio.
Filma amaitu zenean, txalotu egin nuen. Gogotik. Ondoren, solasaldia abiatu zen: Shai (zuzendaria), Claudia Levin (ekoizlea), Fermin Muguruza (berak gomendatuta ailegatu baita filma Donostiara) eseri zien eszenatokian, Begoña del Teso moderatzaile lanetan hasi zelarik.
Lotsatu egin nintzen bi lagun, batez ere, Shai-ren kontra hasi zirenean: Israel estatu terrorista bat da, zuk zer egiten duzu Israelen, boikota egin behar zaio Israeli... eta abar. Ezin nuen sinetsi. Palestinarren borroka erretratatzen duen filma egiteagatik hainbeste arrisku hartu dituen pertsona bati? Ezin nuen sinetsi eta lotsatuta ere banago isilik geratzeagatik une hartan.
Zuzendaria bera ere harrituta zegoen: inoiz ez zitzaiola horrelakorik gertatu; Israelgo fanatikoek egin izan diotela aurre, baina inoiz ez palestinarrek edo beren aldekoek.
To eta no! Euskal Herrian gertatu behar. Horrelako defendatzaileekin jai du Palestinako herriaren kausak.
¿Dogmáticos? No, gracias. Este apunte en castellano.
Egibarren hitzak eta Herri Irratia-Onda Vasca
Hautsak harrotu dituzte pasa den igandean Donostiako Antigua auzoan Joseba Egibarrek Espainiaz esandako hitzek. Bertsio bat; beste bertsio bat. Nik, hala ere, beste kontu bati erreparatu diot: astelehenetik aurrera Onda Vasca da Herri Irratiaren ardatza, eta...
Aste honetako aldaketa honek esan nahi du goizean Xabier Lapitz dagoela 7:00etatik 11:00etara, Iñaki de Mujika 14:00ak arte Gipuzkoan, Felipe Retamal eta Forki iluntzera pasa dituztela, gauean arituko dela Jon Martija.
Loyolamedia.com gunean oraindik programazio zaharra ageri da. Eta Ondavasca.com jpg irudi bat da, ez besterik.
Baina Xabier Lasak kontatu zuenez igandeko Berrian, euskarazko esatari asko kalera bota dituzte: Alberto Gorritiberea, Imanol Ubeda, Mikel Markez, Uxue Alberdi eta Oier Guillan. Ez horiek bakarrik soilik: baita Esther Esparza ere (Alvarez Solis zuen kolaboratzaile). Eta jende gehiago.
Nola bereizi espainolengandik irratia gaztelaniaz egiten bada? Non dago diferentzia?
Gaueko oharra: Goizeko 8:00ak aldera idatzi dut apuntetxo hau Sustaturako: Egibarren hitzak eta Herri Irratia-Onda Vasca. Goizeko 10:00ak aldera publikatu dute. Apuntean bertan utzitako komentarioei esker jakin dut jende gehiagok idatzi duela egun hauetan gai honi buruz.
Alberto Gorritiberea irrati profesionala. Joxe Aranzabalek Faroan.
Irrati eredu elebidunak. Edorta Aranak Hamaika ikus-entzuteko jaioak blogean.
Herri Irratiaren Loiolako egoitza itxi egin dute. Berrian gaur arratsaldean argitaratutako apuntea.
Asteburu mugitu baten kronika
Arratsaldeko 17:30ean azaldu nintzen Koldo Mitxelena Kulturunean. Hantxe zegoen Angel Unzu gitarra probatzen. Laster agertu zen Ane Ortiz, baita Jabier Muguruza bera ere. Arazo tekniko batzuk izan zituzten gitarrarekin, baina, azkenean, txukun geratzea lortu zuten.
18:30ean zita Caravanserai kafetegian genuen. Hantxe zeuden Maria, Manolo, Pako, Felip, Sorkun, Ander, Alargaor, Andi, Chirbes, Charo, Arantxa, Mariano, Escolar... Pixkanaka denak bildu ginen, baita Sevillatik larri samar etorri zen Garbiñe Biurrun bera ere.
KMtik atera ginenean jende asko ari zen ilaran, zai, eta 19:00etarako bost minutu falta zirela zabaldu zituzten ateak. Lepo bete zen aretoa. 120 lagun eserita eta beste 50 lagun zutik. Kanpoan telebista zegoen konektatua, kultur gunearen atarian, baina ez dut uste jende asko gelditu zenik han. Internet bidez 59 lagunek jarraitu omen zuten ekitaldia.
Ane Ortiz hasi zen denei eskerrak emanez. Ondoren, Maria Jesus Aranburuk, Kultura eta Euskara foru diputatuak, eta Rafaela Romerok, Batzar Nagusietako presidenteak, hartu zuten hitza. Haien diskurtsoetan nabarmen geratu zen ez zutela Ortiz ezagutu.
Mariano Ferrerek bikain gidatu zuen ekitaldia. Arantxa Gurmendik 70. hamarkadaren hasieran Bordelen bizitutako kontuak ekarri zituen gogora. Hunkitu egin zen Rafa Chirbes idazlea, baina aurrera egin zuen. Laguna zuen Garbiñek Ortiz ere eta nabarmen geratu zen. Ignacio Escolarrek ere ederki goraipatu zuen Públicora eramandako kazetaria. Nik, berriz, Ortiz nola ezagutu nuen, baita Pateraren garaiak, azaldu nituen. Jabier Muguruzak eta Angel Unzuk pare bat kanta egin zituzten: mahai-inguruaren hasieran, Bizitza, bizitza da; amaieran, berriz, Maite zaitut, ez. Mahai-inguruaren erdialdean Jesús Cutillas-ek bidalitako muntaia ere entzun genuen, Ortizen ahotsa barne.
Bitxia izan zen jendeari paso eman ziotenean, inork ez zuela ezer gehitu. Ortiz gustura geratuko zen bere Jamaikan, ez baitzuen gustuko jendea gehiegi luzatzea.
Inguruko tabernetan ibili ginen eta garaiz etxeratu. Hurrengo egunean goizeko 10:30ean geratuak baikinen Larrun mendiaren behealdean, bertako tren geltokian. Tren ttikiak 50 lagun eraman gintuen tontorrera goizeko 11:00etan. Lainotuta zegoen eguna eta, gora igo ahala, are gehiago. Freskoa ere egiten zuen goi aldean.
Denbora gutxi izan genuen ekitaldia egiteko, baina txistua lagun, irrintziek, kantek, ardoak eta gildek lortu zuten eguna altxatzea. Beheko bidea alaiagoa izan zen. Autoak hartu eta Sara aldeko Urtxola Bentara joan ginen bazkaltzera. Egunpasak Donostian izan zuen amaiera.
Ez ditut izen-abizenak hemen jarriko. Asko eta asko ahaztuko baitzaizkit: eskerrik asko bertatik zein kanpotik hurbildu den jendeari.
Hurrengo geltokia: Mariano Ferrer bizirik dagoela omendu behar dugu. Ni prest nago. Nor gehiago animatzen da?
Oharra: argazki guztiak bigarren egunekoak dira; lehen egunekorik ez baitaukat.
Konpromisoa, engaiamendua
"Nik beste galdera bat eginen nuke: mantsotua egotea jarrera politiko bat da, ala ez? Bestela, badirudi ados ez gaudenak garela politika egiten dugun bakarrak. Ados daudenek, orduan, ez dute politikarik egiten? Nik baietz erranen nuke, eta asko gainera, sistema osoa haien alde baitago. Denok gara abeslari konprometituak, bai eta sistemarekin ados daudenak ere; konpromisorik ez dutela erratea konpromiso itzela da. Horiek abeslari direla diote, eta, aizu, niri ere musika asko gustatzen zait, orkestra sinfonikoekin abestu dut eta hamaika esperientzia probatu ditut. Eta hori guztia nire pentsaera eta konpromisoekiko koherentziari eutsiz egin ahal izan badut, hobeto. Baina besteak ere konprometituta daude."
Lluís Llach-en hitzak Edurne Elizondok eginiko galdera bati. Elkarrizketa 2000ko abenduan argitaratu zen Euskaldunon Egunkarian.
Gaur omenduko dugu Javier Ortiz. Gainera, internet bidez jarraitzeko aukera egongo da.
Heriotza plazan
Ez dut ikusi zezenak José Tomás Aguascalientes-eko plazan (Mexiko) nola harrapatu duen. Zertarako? Zergatik?
Ondo gogoan dut iaz antzerki aktore ezagunak nola hitz egiten zuen Bartzelonan hilabete batzuk aurretik ikusitako torero honen korrida baten inguruan. Hunkituta zegoen gizona, begiek dirdir egiten zioten.
Badakit ez dela kontu berria, baina oraindik harritu egiten naiz zezenketei buruzko albisteak kirol prentsan ikusten ditudanean (kultur orrialdeetan ere agertzen ziren garai batean behintzat). Igandean, adibidez, Marca periodikoaren webgunera sartu nintzenean hantxe ageri zen albistea (bertan izan nuen larritasunaren berri, gainera). Gauean, De la Morenak toreroaren aitarekin berba egiten zuen bitartean hartu ninduen loak.
Plaza batean geratuko denaren antza harrapatzen diot (ez nik bakarrik, noski). Eta Espainiako heroi berria izendatuko dute. Ahal duenak, bitartean, dirua egiten haren kontura.
Kaka zaharra!
Erabiltzen al dira twitter-eko zerrendak?
Atzo twitter-eko zerrendei buruzko bi galdera egin nituen: "Pare bat galdera tuitero: Twitter-ek dituen
zerrendak egiteko aukera erabiltzen duzue? Baliagarria zaizue? Eskerrik
asko aldez aurretik". Ez nituen erabiltzen eta jakin nahi nuen ea nire sareko kideek erabiltzen ote zuten. Jende askok erantzun dituenez nire galderak, hemen jartzea erabaki dut. Eskerrik asko guztioi.
Rikardo Idiakez (itziartarra):"Nik oraindik ez diot kasu handiegirik egiten, egia esan".
Txomin Jauregi (TxominDD): "Ez ditut erabiltzen, saiakera bat egin nuen, baina hortan geratu zen".
Mikel Iturbe (azken_tximinoa): "Nik ez dut gustuko jendea kategorizatzea/etiketatzea. Publikoak dira eta jendeari buruzko info gehigarria publikatzen duzu". Bigarren mezua: "adib. nonok "friki", "filoterrorista", "umejale" edo holako zerbait deituko banindu,publikoa litzateke ta hori niri buruzko infoa da".
Andoni Munduate (MunduJR): "Ezta ezertako ere. Ez ditut erabili eta ez dakit zertarako erabili ditzakedan ere".
Ander Goñi (agonirena): "Zerrendak pribatuak ere egin daitezke. Zerrenden asunto honekin besteek nola ikusten nauten ere jakin dezaket".Jon Arrizabalaga (jonarriz): "Nik erabiltzen dudan bakarra conversationlist deitutakoa da, automatikoki aukeratzen dizu sistemak norekin zabiltza Beti solasean".
Izaskun Pérez (nuksazi): "Nik ez ditut erabiltzen, baina baliagarriak dira. Pentsa mila jarraitzen dituzula, batzuk lanerako, besteak denbora pasa..." Bigarren mezua: "Guztiak sailkatzeko modu bat da eta horrela momentu bakoitzean gauza batera sartu zaitezke... (Ez dakit ondo azaldu dudan... :S)".
Mikel (hitxipi): "Nik zerrendak twitterzaleak sailkatzeko erabiltzen ditut, ezin baditut tweet guztiak irakurri, gai-inguru batekoak irakur ditzazket".
bixerdo: "Neuk, egia esan, ez".
Orreaga: "Aukera eman zutenean zenbait zerrenda sortu nituen, baina hortxe daude, besterik gabe: ez ditut erabiltzen".
Goio Telletxea (maxkuri): "Ez ditut erabiltzen. Kontaktuak nire agendan ere ez ditut sailkatuta. Ez dut halako xehetasun beharrik momentuz".
Xabier de la Maza (condedelamaza): "Egunon, Mikel. Nik ez diet probetxurik atera".
Anamalagon: "Gauza baterako da erabilgarria zerrendena: jendeak nola etiketatzen zaituen jakiteko. :P".
ggalmazor: "kaixo! Nik ez ditut sekulan erabiltzen. Oraingoz nere timelina kontrolatzen dut. Igual 10000 jarraitzen banitu erabiliko nituzke".
Blogak sortzeko sovieta Itzalagunean
Apirilaren 15ean idatzi zuen bere blogean Gorka Juliok, Bloga sortu nahi? apuntea.
"Niretzako garrantzitsuenak, azken urteetan sortu ditugun milaka blogak. Beharbada zuetako batzuk bloga duzue dohaineko zerbitzu batean edo ez duzue baina blog bat nahi duzue zuen domeinuarekin. Apirilaren 24ean itzalagunea.com -en urteurrena ere izango da, denon artean hosting merke bat hartu eta erabiltzaile guztien artean kudeatzeko ardurarekin, bakoitzak bere blog propioa eta domeinuarekin sortzeko tailer bat egin dezakegu. Zer iruditzen, zenbatek emango luke izena?"
Jende ezberdinak utzi zituen aldeko komentarioak (nik ere bai) eta iritsi da eguna. Bertara joateko asmoa izanez gero, Larunbatean blogak sortzeko sovieta apuntean eman behar da izena. Komentario bat utzita nahikoa da. Goizeko 11:00etan da hitzordua, Andoaingo Itzalagunean.
Oraindik ez dakit joaterik izango ote dudan, baina gustatuko litzaidake agertzea. Gorkarekin beti ikasten baita zerbait.
Honen harira, Ander Izagirreri esker, jakin dut Juan Varelak diola herritarrek eginiko kazetaritza ez dela esistitzen. Nik ez dut oso garbi. Eta kazetaritza? Esistitzen al da kazetaritza gaur egun?
Un soviet para crear blogs soberanos, este apunte en castellano.
Bertsolari dokumentalaren pilotua txiripaz dago sarean
Larunbatean, bazkalostean, Mailu Odriozolak Asier Altunari aste honetan bertan egin zion elkarrizketaren zatiak errepikatu zituzten Euskadi Irratian. Beste gauza batzuk ari nintzen egiten, baina harritu ninduen Asierrek esatea Bertsolari dokumentalaren pilotua kasualitate hutsez jarri zutela sarean. Izan ere, bertan ageri den John Miles Folley adituari erakutsi nahi ziotela eta, horregatik, dagoela Vimeon.
Asierrek gehitu zuen finantzabidea lortzeko egiten direla gaur egun horrelako pilotuak. Ea zortea duten behintzat. Emaitza politta izan baitaiteke.
BERTSOLARI PILOTO SPANISH SUB. from txintxua on Vimeo.
Javier Ortizen omenezko ekitaldia apirilaren 30ean Donostian
Hemen paratzen ditudan lerro hauek irakurtzeko ohitura duzuenok, jakingo duzue Javier Ortiz kazetaria behin baino gehiagotan aipatu izan dudala txoko honetan. Are gehiago, gaztelaniazko Pedradas blogak haren etxe digitalean du ostatu.
Pasa den Alternatiba taldeak Javier Ortiz omentzeko eskabidea aurkeztu zuen Gipuzkoako Batzar Nagusietako erregistroan. Herri hau den bezalakoa da eta hilabete batzuk pasa dira data finkatu arte. Apirilaren 30ean izango da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, iluntzeko 19:00etan.
Ekitaldiari hasiera emango diote erakundeetako ordezkariek. Ondoren, mahai-ingurua antolatu da. Izenburua: El compromiso de Javier Ortiz (Javier Ortizen konpromisoa). Moderatzaile lanetan Mariano Ferrer kazetari ezaguna arituko da eta parte hartzaileak ondorengo hauek izango dira: Arantxa Gurmendi (kazetari eta ekintzailea), Garbiñe Biurrun (epailea), Rafael Chirbes (idazlea), Ignacio Escolar (blogari eta kazetaria) eta Mikel Iturria (bai, ni neu, javierortiz.net webgunearen koordinatzaile gisa). Gainera, Jabier Muguruzak pare bat kanta egingo ditu zuzenean, Angel Unzuren laguntzaz. Joateko asmoa izanez gero, bertan elkar ikusiko dugu.
Denbora arin pasa da eta, esan bezala, urtebete joan zaigu 2009ko apirilaren 28tik.
Egunero akordatzen naiz berarekin.