Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik

Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik

Mikel Iturria 2010/09/04 21:25
Argia aldizkariaren 2242. zenbakian publikaturiko artikulua.

Esan bezala, Donostia 2016ari buruzko artikulua eskatu zidaten Argia aldizkarian irailaren hasieran prestatu duten zenbakian publikatzeko. Uztailaren amaieran entregatu nuen jada sarean dagoen Donostia 2016ari begira Donostia 2010etik artikulua. Iruñeari buruz Patxi Larrionek idatzi du: Iruñea: Hautagaitza berde hitsa. Gorka Bereziartuak, berriz, sarrera egin digu bioi: Zer dute eskaintzeko Donostiak eta Iruñeak? Hona hemen nire hitzak.

2006ko maiatzean Donostiaren kultur proiektu handiak zeintzuk ziren ezagutzera emateko jardunaldiak antolatu zituen Udalak San Telmo Museoan. Bertan aurkeztu ziren Victoria Eugenia Antzokia, San Telmo Museoa eta Tabakalera. Victoria Eugenia 2007ko martxoan inauguratu zen. San Telmo datorren urtean inauguratuko da, udal hauteskundeak baino arinago. Tabakalera, berriz, ez dakigu noiz inauguratuko den.

2008an erabaki zuen Donostiak 2016ko Europako Kultur Hiriburu izateko hautagaitza aurkeztuko zuela. Harkaitz Canok zera esan zuen aurkezpen ekitaldian, besteak beste: “Asko hitz egiten da aurrerabideaz, baina gutxi albora egiteak dituen abantailez. Eta kulturaren funtzioa, beharbada, alboan dago eta ez aurrean: ez litzateke txarra noizean behin, xakeko zaldia bezala, aldi berean aurrera eta albo batera mugitzeko gaitasuna izatea”.

Begira dezagun, beraz, alboetara. Donostiako ordezkariak Madrilgo Kultura Ministeriora 2016ko hautagaitza aurkeztera joan ziren egunean, 2010eko uztailaren 9an, Udalak DOKAko (Donostiako Kafe Antzokia) soinu-ekipoa zigilatu zuela jakin genuen. Dirudienez, ekainaren 23an, gaueko 23:00ak pasata, behar zuena baino ozenago zegoen aretoko musika.

Diego Manriquek El País egunkarian idatzitako La ciudad bajo asedio (Setiatutako hiria) zutabeaz akordatu nintzen berehala. Madrilgo Udalak zuzeneko musika programatzen zuten aretoei zer nolako laguntzak ematen zizkien aipatzen zuen Manriquek. Garai hartan bertan arazoak izan zituen Bilboko Kafe Antzokiak. Argigarriak kazetariaren hitzak: “Askok uste dugu rocka, jazza eta antzeko musikek tamaina txikiko edo ertaineko aretoak behar dituztela, lasaitasun giroan talde edo bakarlariekin gozatzeko tokiak, kopa eskuan dugularik, inolako eserlekuri lotu gabe. Ekimen pribatuko lokalak, udalaren ulermena merezi dutenak, baita gehiago ere (salbuespen fiskalak?). Edozein hiriko kultur ehunaren zati dira eta zaindu beharko lirateke, ez jazarri. Eta jazarpena egon, badago: adibidez, Madrilgo udaltzainen astakeria hori, DJen poltsak arakatzen disko piraten bila!”.

1980ko hamarkadan herritarrek ez zuten nahikoa azpiegitura gustuko arte-adierazpena ezagutzera emateko, baina gogoa eta beharra baliabideen gainetik jartzen direnean, nahikoak dira zuk nahi duzuna egitera hurbiltzeko. Duela hogei urte musikak pisu ederra zuen gure aisialdian (orain aisialdian, lanean, kafetegietan, dendetan, full time), baina Kaki Arkarazok duela gutxi eginiko elkarrizketa batean esan bezala, lau kanta ziren behin eta berriz errepikatzen genituenak.

Donostia Kulturak 2009an ia 26 milioi euroko aurrekontua izan zuen. 180.000 biztanle dituen hiri batentzat ez da kopuru eskasa. Aparte utzi behar dira Zinemaldia, Musika Hamabostaldia, Kursaal-eko hainbat kultur ekitaldi, eta abar.

2010-2011 epean Aieten eta Intxaurrondon beste bi kultur etxe zabalduko dira. Aietekoa espezializatua egongo da giza eskubideen alorrean eta bertan izango du egoitza gai horiei buruzko institutu batek. Intxaurrondokoa, berriz, Gasteizko zentro zibikoen bidetik doa. Kiroldegia integratua izango du. Ahaztu gabe San Telmo Museoak ere ateak berriro irekiko dituela 2011n.

2009-2020 eperako proiektua aurkeztu omen du 2016ko hautagaitza donostiarrak. 89 milioi euroko aurrekontua, prentsan irakurri dugunez. Horietarik, 40 milioi 2016ko urtean bertan gastatzekoak. Diru asko da, bai, baina erreparatuz gero beste zenbait konturi, ez da hainbesterako. 4.920 milioi euro aurreikusi dituzte AHT, metroa eta autobus geltokia garatzeko. Donostiako bigarren errepide gerrikoak, berriz, 300 milioitik gorako kostua izan du.

Donostiako kultur adierazpen erraldoienak (Aste Nagusia, Zinemaldia, Jazzaldia) turismoa erakartzeko sortu zituzten XX. mendearen bigarren zatian. Bilboko Guggenheim Museoa Euskal Herriko erakundetako ekonomia sailek bultzatutako proiektua izan zen. Okerrena da Kultura sailetako dirua jaten duela.

Irailaren amaieran U2 taldeak kontzertua eskainiko du Donostiako Anoeta Estadioan. Erakundeek, Foru Aldundiak eta Udalak, seguru emango diotela laguntzaren bat kontzertu sustatzaileari. Kultura aurrekontuak hustu beharrean, hobe da hori sartzea turismoa erakartzeko partidetan.

2006ko jardunaldietan, Josep Ramonedak esan zuen publikotasunaren kudeaketaz ari garelarik legitimitate demokratikoa dela hierarkiaren lehen mailan jarri behar dena. Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroko (CCCB) zuzendariak hori nola ulertzen zuen interesatzen zait. Berak ondo baino hobeto zekien kargutik kentzeko eskubide osoa zutela politikariek, baina bera karguan zegoen bitartean haiek ezin zutela muturra sartu bere eremuan. Abantaila bat zuela aitortu zuen Ramonedak, Diputazioa baita patronorik handiena eta berau eguneko tentsio politikotik at omen dago Bartzelonan.

Horixe da azken urte hauetan gehien aldatu dena eta, Joxan Muñozek Tabakalera utzi zuenean, egoera ondo baino hobeto laburbildu zuen bi esalditan Xabier Erkiziak: "Harrigarria da politikariak kultura kudeatzaile lanetan ikustea. Horrela funtzionatzen dugu hemen".

Disney, Guggenheim eta beste hainbat korporazio nagusi diren iji-aja urteak bizitzea tokatu zaigu. Munduko biztanle guztientzako nahikoa baliabide ez eta fribolitatea da nagusi eremu serioetan ere. Okerragoa da garai postmoderno hauetan dugun memoria eza. Normala da hein batean, gure begi aurrean zenbat informazio pasatzen den kontuan hartuz gero. Batzuetan badirudi krisia etorri dela poetaren udaberria bezala, inork jakin eta konturatu gabe. Eta hori ez da oso normala. Agintariek ondo baino hobeto jakin beharko lukete krisia izan dela gure egoera naturala.

Buka dezagun Harkaitz Canok 2008ko maiatzean esandako beste hitz batzuekin: “Zer da baina, askotan ahoa betetzen digun delako kultura hori? Kaosa argiago ikusteko gaitasuna? Plazera besterik ez, plazererako bidea erraztu eta plazera ematen duena? Gure destinoaren kodea deskodetzeko era bat? Sineskeria estetikoak? Agian arrazoi zuen Roberto Bolañok, eta kultura flotadore bat besterik ez da. Ez da hain gutxi ere”.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Stat counter