Kamiseta bat
Atzo arratsaldean Loreak Mendian arropa markak Donostiako Hernani kalean duen dendan egon nintzen Giorgio Bassmattiren kontzertua ikusten. Behin baino gehiagotan aipatu ditut hemen lagunaren kontzertuak eta gaur ez dut horri buruz ezer esango. Zeharka helduko diot gaiari.
Bassmattik kontatu zuen atzo 160 kamiseta baino gehiago izango dituela etxean gordeta. Ez duela kamisetarik botatzen, alegia. Hori frogatzeko-edo ostatu eman zion markaren elastiko zahar batekin atera zen emanaldiaren hasieran.
Nik, aldiz, bai botatzen ditudala kamisetak. Hala ere, badut marka honetako kamiseta bat duela 18 bat urte erositakoa edo. Eta noizean behin janzten dut oraindik.
Larunbat arratsalde batean erosi nuen Irungo Bertso-Hop dendan. Garai hartan askotan joaten nintzen arratsalde pasa dendara. Fermin eta Jone zeuden bertan eta Xabi Zirikiain eta Jon Izetarekin (agian Javi Pez ere bai?) zeuden geratuak. Besteak beste, kamiseta batzuk eraman zituzten salgai jartzeko. Eta niri asko gustatu zitzaidan gorri hau.