Agiria
Hamabost egun eman ditugu etxetik kanpo, Kroazia aldean, Montenegron eta Bosnia-Herzegovinan sartu-irten bat eginez: Cavtat, Dubrovnik, Kotor (Montenegro), Mostar (Bosnia-Herzegovina), Podstrana, Split...
Dubrovnik-eko aireportua erabili genuen herrialdean sartzeko eta ateratzeko. Azken egunean, ostiralean, hiri eder horretako kaleen barna geundela, Emilio Morenatti argazkilariaren Tribal regions erakusketaren berri ematen zuen kartel batekin egin genuen topo. Horrela deskubritu genuen War Photo Limited ekimena. Laburbilduz, gerra-argazkilaritza ezagutzera eman nahi duen galeria.
Argazki izugarriak ikusi genituen. Tartean, Yugoslavia ohiko 90. hamarkadako gerraren berri ematen zuten erretratuek. Ron Haviv-en hau geratu zitzaidan iltzatuta. Serie bateko azkena da eta lurrean dauden zerraldo horren lehenari batek nola laguntzen dion ageri da lehenengoan. Hurrengoan, laguntzailea ageri da lurrean, tirokatua. Azkenak, berriz, soldadu bat hildakoei ostikoa ematen erakusten du.
Zorionez, gurean gauzak ez daude hain gaizki eta aretoaren sarreran dagoen Clausewitz-en esaldiari buelta emateko modua topatu behar dugu. Hau da, "Politika da gudaren jarraipena, beste baliabideen bitartez".
Dagoeneko erreakzio asko irakurriko zenituzten sarean eta ez dizuet txapa gehiago sartuko, baina bai dela esanguratsua Argentinako periodiko progresista, ezkerrekoa, den Página 12-k moldatu duen azala (Página 12 egunkariari buruzko sarrera wikipedian). Samuel lagunak dio estilo horretako azalak egiten dituztela normalean.
Ea zer gertatzen den datozen egunetan, baina luze joko du honek guztiak.