The organization-en zain
Twitter pikutara joan zen igande goizean eta, aspaldiko partez, periodikoen webguneetara joan nintzen informazio bila. Hau da, zuzenean twitter-etik edota nire RSS jarioetatik pasa gabe.
Berria-ren webgunean egin nuen topo Asier Aranguren Urroz preso ohiari Apurtu telebistak eginiko hamabi minutuko elkarrizketarekin. Aranguren kartzelatik atera berria da pasa den uztailaren 3an. 2003 urtetik zegoen preso.
Euskal Herriak, ETAk, ezker abertzaleak, familiak (“gure familian gatazka besterik ez dugu bizi”) eta berak azken urte hauetan egindako bideari buruz hausnartzen du kamera aurrean Arangurenek.
9 minutu 30 segunduren bueltan zera dio estrategia berriari buruz.
“Tresna guztiak hor dira eta nik argi dut estatuen kontra, hau da, Espainia eta Frantziaren kontra, tresna guztiak gutxi direla, baina bistan da ere ez direla lehen bezain eraginkorrak, orain ikusi beharra dugu nola moldatu behar garen. Ezker Abertzaleak estrategia berri bat hautatu du. Erakundeak bere erantzuna eman zuen eta esan zuen: Ezker Abertzaleak hitz egin du eta Erakundeak hartutako erabakiarekin bat egiten du".
“Baditugu iritzi desberdinak. Beti Ezker Abertzalearen barnean egon diren bezalaxe. ETA bertan ere bai, noski. Orduan, zalantza handiak dauzkagu... Baita kezkak, ea benetan hartu dugun bidea eraginkorra izango ote den, ea bide zuzena izango ote den edo ez, baina bueno... iritsi da garaia, erabaki bat hartu da, erabaki dugu, orain egokitu beharko gara estrategia berrira eta buru-belarri estrategia berri horretan sartu beharra dugu”.
Bruselasko adierazpenari ETAren erantzuna:
“Hor badago eskakizun bat eta eskakizun horri, nik argi dut jendea agian urduri egonen dela Erakundeak ea nola erantzungo dion. Are gehiago, jendea are urduriago dago ea erakundeak noiz erantzungo duen eta ez dago horren kezkatua ea Estatu Espainolak noiz erantzungo duen. Ulergarria izan daiteke... Baina jendeak jakin beharra du erabaki oso-oso garrantzitsua dela, eztabaida handikoa, bere denbora hartu beharra duena, eta erabakia hartuko duela. Hori argi dago, baina ikusiko da noiz eta denbora emango du... eta listo. Azken finean, kide askok osatzen dute, edo kide asko daude hor barrenean, eta eztabaida luzeak daude eta gauzak kontu handiz eztabaidatu behar dira. Ez da kontu bat bai edo ez. Ez da hori, baizik eta horren ondorioak, nola eman, noiz eman... Suposatzen dut, ni elukubratzen ari naiz... Baina kontua ez da bueno bai edo ez, bueno emango diogu Bruselako deialdi horri... zer erabaki hartuko dugu, baiezkoa, ezezkoa... ez da hori. Eztabaida luze eta sakonagoa da”.
Gaur goizean, berriz, Paul Riosi esker, irakurri dut Mari Jose Etxaburu Amutxastegik Noticias de Gipuzkoan sinaturiko beste gutun interesgarri bat. Etxaburu ere preso ohia da. Gutunaren izenburua: El hacha y la serpiente. 2009ko urrian Berrian behintzat argitaratu zioten beste gutun bat. Orduan Gisasola, Urrusolo eta gainerakoan alde agertu zen. Errespetua, ala...
Bi ikuspuntu guztiz kontrajarriak dira. Gehiago izango dira, noski, baina nik hauei erreparatu diet gaurkoan.
Ederki eman dituk bi ikuspegion berri. Hirugarren bat ere izango duk segur aski. Ondo izan.
Serafin