Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak

Giorgio Bassmatiren kontzertua Tolosako Auggie-n

Mikel Iturria 2010/06/20 22:38
Denda honen 1000. eguna ospatzeko.

Auggie Tolosako Korreo kalean dagoen arropa denda bat da. Ostegunean 1000 egun bete zituzten eta ostiralean, 1001. egunean, Giorgio Bassmatti gonbidatu zuten kontzertu bat eskaintzeko. Bertakoez gain, musikariaren lagun batzuk ere hurbildu ginen.

Goio Telletxeari (zorionak berari ere, ostiralean haren urtebetetzea izan baitzen ere) egokitu zitzaion hamar kanta aukeratzea. Kanta gehiago izan ziren azkenean. Eta kontzertua barruan hasi eta kanpoan bukatu zen kasu honetan (Donostian, Guardetxean, alderantziz izan zen). Honek guztiak adierazten du tipo mugitua dela gure musikoa.

Argazki batzuk atera nituen, baita bideo bat ere. Ez dute kalitate askorik, mugikorrarekin atera bainituen. Dendakoek ere igo dute txuri-beltzean ateratako beste kanta baten bideoa.

Flickr-en pro kontua erosi berritan, Bassmattirena da lehen albuma. Bertan ageri da ere duela hiru urte eskainitako beste kontzertu batean ateratako erretratuan, Tolosako kamiseta bera soinean duela, Mataróko fan club-eko presidentarekin.

Aipatzekoa ere kontzertuak izan zuen Telmo teloneroa eta gero, kanpoan, gehitu zien beste neska batzuk ere (oharra: Lara, trabesera; Nerea, pianoa etxean utzi zuena).

P. S.: Kontzertura joan aurretik, Hor hago Kevin? liburu aurkezpenean ere egon nintzen, Donostian. Pena ez geratzea ondorengo jaian, hark ere itxura ona baitzuen.

Concierto de Giorgio Bassmatti en Auggie, este apunte en castellano.

Greba orokorra ekainaren 29an

Mikel Iturria 2010/06/16 22:16
Motorrak berotzen hasi beharko gara.

Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du ekainaren 29rako. Eta Euskadiko CCOO sindikatuak ere egun horretarako deialdia egina du. UGTk, berriz, ezetz, ez dutela egingo. Espainiako bi sindikatu hauek irailaren 29rako deitua baitute greba orokorra. Atzeratzearen arrazoia, publiko egin dutena behintzat, Europa mailako konbokatoria bat dagoela egun horretarako.

2009ko maiatzean egin bezala, aurten ere zenbait aktibistek Greba Euskal Herrian webgunea muntatu dute dagoeneko. Twitter-en ere @grebaorokorra erabiltzailearekin ari dira mugitzen, argazkiak, bideoak, greba orokorra posta zerrenda, eta abar.

Inoiz ez dator ondo greba bat egitea. Borrokak bezalakoak baitira grebak, zentzu honetan. Nork nahi du borroka? Nork nahi du gerra? Inork ere ez, baina askotan ez da beste biderik geratzen.

Gaurko egunez bidali didate bideo baten lotura. Bideoan ageri da nola Tania Gálvez blogaria saiatu zen Gerardo Díaz Ferrán-i galdera bat egiten ekainaren 10ean Madrilen izandako ekitaldi batean. Bideoan ikusten da Tania nola egozten duten aretotik. Zergatik? Galdera guztiak aurrez egin behar zirelako. Itxurakeria hutsa zelako ekitaldia. Onena da ikustea enpresariak topa egiten lan erreformaren alde. Segi horrela, lagunok!

Eguneratzea, 22:55: Ahaztu egin zait lehen komentatzea, baina gaur arratsaldean jakin dut Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako Enpresari Gazteen Elkarte bat dagoela. Asociación de Jóvenes Empresarios vascos-en akronimoa badakizue zein den? AJEBASK. Gaztelaniaz pentsatutakoa, noski. Zelako ajea!

Huelga general en Euskal Herria el 29 de junio, este apunte en castellano.

La verdadera cara del "Foro para la Nueva Economía" from tgalvez on Vimeo.

Primeran

Mikel Iturria 2010/06/14 22:07
Reala igo da Lehen Mailara. Nire herriko taldea, berriz, 2. B mailatik oso gertu dago.

Jolasten

Goizeko 11:00etan geratuta geunden atzo... baina ni berandu iritsi nintzen. Alde Zaharrean bueltaren bat eman eta trago batzuk hartu ondoren, Amarako jatetxe batean bazkaldu genuen.

Bazkaldu ondoren, Anoeta Estadiora hurbildu ginen. Eta hor bizi (ge)nuen lehen emozioa, taldearen autobusa gerturatu zenean. Munduko vuvuzela guztiak baino zarata handiagoa atera baikenuen zaleek.

Kosta zitzaidan 7. atera iristea hainbeste jende artean, baina garaiz nengoen nire eserlekuan. Partida hasi zen, azkenean. Eta ekipoa lotuta ikusi nuen lehen zatian. Eskerrak bigarrenean hobeto jarri zirela gauzak eta penalty bidez aurreratu ginela. Buenok bigarren gola sartu zenean, orduan dena salduta zegoen.

2010eko ekainak 13a Realaren historiako beste data bat. Egungo neska-mutiko errealzaleek taldeari lotuko zaizkio, gu 1981ean eta 1982an itsatsi ginen bezala.

Donostian hori gertatzen zenean, Kordoban Real Unionek kategoria galtzeko urrats handia eman zuen. Pena!

Ander Izagirre Broad Peak-en

Mikel Iturria 2010/06/12 18:59
Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza mendigoizaleekin batera joan da.

Ez dakit noizbait idatzi ote dudan hemen mendi kontuetaz. Egia esan ez dut gehiegi maite mendia. Eta himalayismoa eta zortzimilako mendien karrerak-eta show bussiness-arekin dute antza gehiago.

Zortzimilakoen karrera horretatik aparte bizi da orain Alberto Iñurrategi. Eta uste dut berdin daudela berarekin batera joandako beste bi mendizaleak ere.

Egia esateko, atentzio pizarra jarri diot Broadk Peak-eko espedizio honi beraiekin batera kronista lanetan eraman dutelako Ander Izagirre. Pixkanaka-pixkanaka hurbiltzen ari dira oinarrizko kanpamentura eta handik izango dugu Anderren berri.

Maderita taldearen bideo bat

Mikel Iturria 2010/06/07 22:49
Astebete oporretan pasa ondoren, kosta egiten da hastea.


MADERITA. ATENCIÓN ENCANDILADA from audiencies on Vimeo.

Carlosek duela hilabete batzuk eman zidan ezagutzera taldea, baina haien musika ez dut behar den bezala entzun gaur arte.

Iluntzean ipini dut Vivir para crecer diskoa spotifyn eta gaur dudan aldarterako ezin egokiago suertatzen ari zait.

Maderita proiektua Valentzian sortua da. Julio Bustamante kantari beteranoak Ciudadano taldea osatzen duten hiru musikari gazteekin 2009an argitara emandako Vivir para crecer diskoa da, oraingoz, elkarrekin eginiko lan bakarra.

Ez dut gehiago esango. Entzun, dastatu, gozatu.

Qik.com probatzen

Mikel Iturria 2010/05/30 00:55
Aste honetan bertan deskubritu dut.

Gorka Teketenen bidez iritsi naiz qik.com nire telefonoan jartzera. Aste honetan bertan bi bideo labur hauek grabatu ditut, besteak beste.


Larunbat honetan, Literaktum jaialdiaren barruan Rafa Berrio abeslari donostiarrak abestutako lehen kantaren bideoa da.


Ostiral goizean Gipuzkoako metaleko langileek manifestazioa egin zuten Donostian.

Hobetzeko asko daukat, baina erreminta potentea da.

Greba eguna sektore publikoan Euskal Herrian

Mikel Iturria 2010/05/25 10:01
Maiatzak 25.

Albisteak 2.0.010 from Albisteak 2.0 on Vimeo.

Patxi Gaztelumendik eta Galder Gonzalezek Albisteak 2.0 programan aipatutako San Francis Hotelean eginiko flashmoba dator bigarrenik. Hotel Workers Rising webgunean informazio gehiago.

#greba etiketa erabiliz, jarraitu grebaeuskalherrian.info gunea.

Esnatu zenean, Tabakalera oraindik hantxe zegoen

Mikel Iturria 2010/05/23 09:07
2001. 2006. 2010. 2013. 2016...

Duela lau urte, 2006ko maiatzean, Donostiako Plan Estrategikoaren Bulegoak hiriak hurrengo urteetan landu beharreko kultur proiektuei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan, Victoria Eugenia Antzokiaz hitz egin zen, 2007ko martxoan ateak berriro zabaldu zituena. Bertan, San Telmo Museoaz aritu ziren, 2011ren hasieran berriro martxan egongo dena. Bertan, Tabakaleraz hitz egin zen...

Egun haietan ohar mordoa hartu eta zortzi apunte osatu nituen (hamasei, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak kontutan hartuz), bertan esandakoak gorde nahi nituelako. Oinarrizko apuntea Donostiako kultur proiektuak izenekoa da, gainerakoak bertatik ikus ditzakezue.

Aste honetan Tabakalerari buruzko gertaera desatsegin batzuek gertatu dira, Joxean Muñozen dimisioa ekarri dutenak. Joxeanen mailako pertsona batek proiektua utzi behar izateak mindu egin nau eta proiektuarentzat tamalgarria da.

Datozen urteetan, gure hiri honek arazo larriak izango ditu une honetan bertan dituen kultur azpiegiturei eusteko, proiektu gehienak behiaren errapea puztuta zegoenean pentsatuak izan direlako. Orain, berriz, errapeak esne gutxi dauka eta denok dardarka.

Ez dut ulertzen nola 2001ean abiatutako Tabakalera bezalako proiektuak, gaur egun duen itxura kaskarra izatea. Ea nork altxatzen duen zerraldoa orain.

Hona hemen 2006ko maiatzean Tabakalerari buruz entzundakoa.

Cuando despertó, Tabakalera todavía estaba allí, este apunte en castellano.

Liburua

Mikel Iturria 2010/05/19 00:06
Eta idazlea: Rafael Chirbes.

"Liburuez asko hitz egiten den bitartean, gutxi irakurtzen den irudipena dut. Liburuetan dago idazle batek pentsatzen eta sentitzen duena. Zuk nire iritzia eskatzen didazu, eta nire usteetatik hurbilen dagoena idatzita utzi dudana da. Hemen egingo dugun gauza bakarra liburuan esandakoa laburtzea eta eskematizatzea da, banalizatzea".

"Egilea bere obraren gainetik jartzea komunikabide eta merkatarien kontua da. Horiek rock eta photoshop izarrak behar dituzten modu berean behar dituzte literaturarenak. Baina idazleak esan beharrekoa, adierazi nahi duena, azken finean dena, bere liburuetan dago". 

"Literatura zintzilik ez eta lurra ukitzen dagoen zerbait dela pentsatu nahi dut. Literatura eguneroko zerbait da, hitza ere egunerokoa den heinean. Hitzarekin lan egitea, beste edozein materialekin lan egitea bezala da, gutxiago izerditu arren. Literatura bizitzaz atseden hartzen dugunean geratzen dela dioen esaera gezurra da. Hitza da bizitza mugitzen duena, zentzua ematen diona".

Jon Benitok Rafael Chirbesi eginiko elkarrizketa maiatzaren 2an argitaratu zen Berrian. Nobela artefaktu bikaina da oraindik. Gomendagarria da oso, baita bere azken liburua ere: Por cuenta propia artikulu bilduma. Elkarrizketa gaztelaniaz jarri nuen atzo goizean Pedradas blogean.

Orain bai!

Mikel Iturria 2010/05/12 22:47
Orain telebista saioa, ETBko harribitxietako bat.

Duela gutxi deskubritu nuen Orain. Norbaitek bidali zidan Dizebi graffitigile edo graffiti idazleari buruzko kapitulua eta hunkitu egin ninduen. 2004ko irailean Donostian egindako Representa 04 jaialdiaren barruan ezagutu nuen Dizebi, Ernest Lluch Kultur Etxean Iñaki Bocos eta orain gogoratzen ez dudan Gironako tipo baten ekimenez eginikoa. Edizio bakarra izan zuen, tamalez, jaialdiak. Gauza jakina baita alkateak ez dituela gogoko graffitiak.


orain: 30_Dizebi from debolex films on Vimeo.

Bideo gehiagoren peskizan ibili nintzen eta Yosigo argazkilariari buruzkoa aurkitu nuen. Ander Arroitajauregi, Maite Mursego-ren anaia luthierra. Pernan Goñi marrazkilaria. Anari eta Ruper Ordorika musikariak. Parafernalia aktibista. Thee Brandy Hips rockeroak. Delifunart bon vivant liberalak. Eta Elena Odriozola, nire beste debilidadetako bat.

orain: 48 elena odriozola from debolex films on Vimeo.

Sare sozialetan atzo zabaldu zen programak arazoak dituela parrillan jarraitzeko. Denboraldiaren amaieran daude eta ikusteko dago ea ETBk zer egingo duen datorren denboraldiari begira. Dirudienez, gauzak oso geldirik daude etxe horretan (eta ez bakarrik saio honi dagokionez).

Gaur, besteak beste, Love of 74 lagunak idatzi du Orain-i buruz. Bihar, berriz, Giorgio Bassmatti izango da protagonista Orainen. 22:00ak aldera botako omen dute ETB3n.

¿Qué pasa por la calle? galderari erantzuteko balio du programa honek. Gustu handiz eginikoa izateaz aparte, kulturaren ikuspegitik, une honetan Euskal Herriko bazterretan gertatzen ari dena ezagutzera emateko erreminta bikaina da.

Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter