Ez dira 25 urte alferrik pasa
35 urte baino gehiago dugun guztiok gogoratzen dugu non eta nola geunden zitalkeria izugarri hau gertatu zenean. #memoria #gogoandut #MiguelAngelBanco pic.twitter.com/6aTLYj503U
— Katixa Agirre (@katixagirre) July 10, 2022
Katixa Agirrek atzo idatzi bezala, adin hori daukagun gehienok ondo baino hobeto gogoratzen dugu non geunden Miguel Ángel Blanco hil zutenean.
Hilaren 10ean bahitu zuten. Egun horretan zer egin nuen ez dakit, baina bai gogoratzen dudala zer egin nuen uztailaren 11n eta 12an.
Gaur duela 25 urte ezkondu ziren Ricardo eta Silvia. Ostiral gau hartako gai nagusia, baina ez bakarra, Blancoren bahiketa izan zen.
Larunbatean, Irungo etxeko nire gauzak hartu eta Donostiara etorri ginen S eta biok. Beraz, bihar 25 urte beteko ditut ofizialki Donostian bizitzen.
Erdi lo geunden arratsaldean telebistaren aurrean, sofan etzanda. Ermuko zinegotzia izan zitekeen pertsona bat larriki zauriturik agertu zela Lasarten zabaldu zuten komunikabideek.
Ondoren zehaztu zuten bera zela, eta igande goizeko ordu txikitan baieztatu zuten medikuek gaztearen heriotza.
Gipuzkoa plazara hurbildu nintzen igandean edo. Ez dut oso ondo gogoratzen eguna, baina esango nuke igandea izan zela. Jendez gainezka, plazan sartu ezinik inguruko kale batean geratu nintzen, ez atzera, ez aurrera.
Espainiako giro politiko, mediatiko eta instituzionalari darion kiratsa dela eta, apenas jarraitzen dudan gaur egungo jardun politikoa. Garai batekin konparatuta, ehuneko 10a? Gutxiago agian.
Ez nekien oso ondo nolakoa izango zen asteburuan Ermuan egitekoa zen ekitaldi instituzionala, baina ez nuen hura segitzeko batere asmorik.
Hala eta guztiz ere, txoritxoaren sarean sartu nintzen igande arratsaldean eta Irungo PPko zinegotzi zentzudun baten txioak harritu ninduen, larritu ere bai.
Pedro Sánchez me ha hecho más daño en 20 segundos que ETA en los 16 años que he tenido que vivir escoltado y las decenas de funerales y entierros de compañeros y amigos,también socialistas, a los que he tenido que asistir.
— Iñigo Manrique ▶️ Irun (@iManrique) July 10, 2022
No tiene respeto por nada. https://t.co/i5eRQY70LL pic.twitter.com/jlkqb1R7Hl
Nolatan esan zezakeen hori? Zerbait erantzutekotan egon nintzen, baina isilik geratzea erabaki nuen. Beranduxeago esplikatu zuen edozer gauza espero zuela ETArengandik, baina ez Espainiako gobernuburuarengandik.
Ez zait beste mundukoa iruditzen Sánchezek esatea Euskadi herrialde bat dela. Ez dakit eskapada izan ote zen, edota esaldia idatzi bezala irakurri ote zuen.
Barka nazala Manriquek, baina niri bere esaldia esajerazio hutsa iruditu zitzaidan atzo. Eta gaur ere iritzi bera dut.
25º aniversario del asesinato de Miguel Ángel Blanco. Políticos y periodistas de derecha y ultraderecha lo utilizan para atacar al "gobierno proetarra de Sánchez". Lo llamativo es que son las mismas personas que SOLO 15 MESES después de ese crimen aplaudían estas palabras (HILO) pic.twitter.com/FfAkuvLDDV
— Carlos Hernández (@demiguelch) July 8, 2022
Carlos Hernández kazetariaren txio-haria zabaldu nuen larunbatean. Blanco hil eta hilabete batzuetara Aznar, Rajoy, Mayor Oreja eta puntako beste popularren adierazpenak jasotzen ditu kateak. Zer esaten zuten orduan, zer ari diren esaten gaur alderdian lehen lerroan daudenek.
Eskerrak euskal gizartea Espainiako klase politikoa (aspaldian ez nuen erabiltzen hitza) baino dezente normalagoa dela. Eta esango nuke gure politikari gehienak ere euskal gizartearen taupada hori ondo ulertu dutela.
Ez dira 25 urte alferrik pasa. Blanco gizajoa gogoan!
No han pasado 25 años en balde, este apunte en castellano.
Hiltzeko makinak gidatzen
Atzo arratsaldean etxe ingurutik buelta bat ematera atera nintzenean, irakurria nuen goizean auto-gidari batek Alejandro Valverde eta beste txirrindulari bat nahita harrapatu zituela Murtzian.
EHUren Gipuzkoako campusaren errektoreordetzaren inguruan nengoela, zebra bide baten parean ikusi nuen nola gelditu zen azken unean auto bat. Azkar samar zetorren eta zebra bidea gurutzatzen hasitako pertsonak bastoiarekin keinu bat egin zion.
Beste espaloian nengoen ni, eszena lehen ilaratik jarraitzen.
Autoko gidariak leihatila jaitsi eta, harroxko, zera bota zion oinezkoari birritan:
-¿He parado o no he parado? (Gelditu naiz edo ez naiz gelditu?).
Biak ni baino zaharragoak ziren: 60 urteren bueltan autokoa, 70ak pasata oinezkoa. Azken hau sasoiko bai, baina baldartzen hasita urteen poderioz. Erabat naturala iruditu zitzaidan bere erreakzioa, beldurraren ondorio.
Oinezkoak ezer esan aurretik, txoferrari esan nion ez zuela batere arrazoirik. Edo horrelako zerbait, jada ez baitut ondo gogoratzen zer esan nion.
Gidariak, niri begira:
-Usted se calla (Egon zaitez isilik).
Bera ere isiltzeko eta bere bidetik jarraitzeko erantzun nion. Kitto. Horretan amaitu zen kaleko xextra.
Jende gehiago zegoen inguruan, denak zur eta lur gizon haren erreakzioarekin.
Ez dakit konturatzen garen auto bat gidatzen dugunean hiltzeko makina bat dugula gure ardurapean. Eta horren jakitun gidatu behar dugula.
Gaur irakurri dut Murtziako gidariak 69 urte dituela.
Zer ostia gertatzen zaigu autoa hartzen dugunean?
Bai, galdera erretorikoa da.
Conduciendo máquinas de matar, este apunte en castellano
Gozatu zale
Atzo goizean bakarrik abiatu nintzen larunbateko oinezko buelta egitera. Hiru lagun joaten gara normalean elkarrekin, baina beste biek atzo huts egin zuten, arrazoi diferenteak direla medio.
Beraz, eta esan bezala, bakarrik abiatu nintzen Igara aldera, handik Igeldora igo eta Erregeneatik barrena etxera jaitsi.
Igaran ikusi nuen artzain parea ardiak zelaira eramaten. Atzetik joan nintzaien argazkia egitera.
Telefonoan podcast berriak arakatu eta pare bat audio jaitsi nituen, lege zaharrean entzuteko. Hots, elastikoaren ezker titiaren parean nuen patrikan sartu eta entzungailurik gabe entzun, ahaztu egin baitzitzaizkidan etxean.
Lehena, ohikoa bihurtu den bezala, aste honetako Barruan gaude. Are gehiago Maddalen Marzol lurrin zalea, eta laguna, tartean egonik.
Atal berria airean! Lurrin eta esentzien mundura egin dugu bidaia @madmarzol-en etxera mikrofonoak sartuta.
— Barruan Gaude 🎙️ (@BarruanGaude) June 17, 2022
Ea zer usain hartzen diozun @eitbpodkast-en edo dena delako audio plataforman 🎧👇🏽https://t.co/mLgy44chYC
Hori entzun ondoren ostiralean El ojo crítico irratsaioak Julio Bustamante musikariari eginiko elkarrizketarekin jarraitu nuen paseoa.
Atzo 71 urte bete zituen Bustamantek eta disko berria argitaratu du duela gutxi. Besteak beste, Karmelo Iribarren poetak idatzitako Los hombres prácticos poemari jarri dio musika lan berrian.
Saioaren hasieran entusiasmoaren aldeko aldarria egin zuen Laura Barrachina esatariak. Entusiastas izeneko diskoa ere baduelako kantari valentziarrak.
Kasualitatea izango da, baina gauza bera aldarrikatu du aste honetan bertan Iban Zalduak bere blogean: Entusiasmoaren alde. Entusiasmo kritikoaren alde: gogoberotasuna (kritikoa) eta gogoberokeria (akritikoa) bereizten ditu Zalduak.
Antzerki mundura egin dezagun salto orain.
Ostegunean Victoria Eugenia Antzokian egon nintzen Galiziako Chévere Produccions konpainiaren N.E.V.E.R.M.O.R.E. antzezlana ikusten.
Azaroan 20 urte beteko dira Prestige petrolio ontziaren hondamendia gertatu zela, eta Chéverek planteatzen du ez ote den hura gaur egungoaren metafora aproposa.
Bi zati nagusi ditu obrak: alde batetik, Prestige-arena bere garaian bizi zuten hainbat lagunen hitzak erreproduzitzen dituzte oholtza gainean agertzen diren sei aktorek, 2019an (oker ez banago) egindako elkarrizketetan oinarriturik.
Bestetik, kostaldetik ontzia urruntzeko operatibo ofizialean parte hartu zuten hainbat kideren hitzak ere jasotzen dituzte. Behin baino gehiagotan azpimarratzen dute protagonisten hitzak direla, ez dagoela fikziorik ikusi eta entzuten den hartan, harrigarria bada ere.
Beheko trailerrean ikusten den bezala, gozagarria da bertatik bertara ikustea nola sortzen dituzten helikoptero, ontzi eta gainerako zarata guztiak zuzenean, irrati-antzerkian egin bezala.
Galizian gauzak berdin jarraitu zutela uste baduzue, Chéverek kontrakoa defendatzen du. Hainbat aldaketa gertatu ziren. Adibidez, Costa da Morten ez dago PPko alkaterik, ezta lau hiriburutan ere.
2021eko irailean estreinatu zuten eta ekainean itxi dute oraingoz bira. Baina parean tokatzen bazaizue, joan ikustera.
Azkar samar etorri zitzaidan burura zer nolakoa izango ote den Lipusek, Fuchs anaiek eta enparauek muntatzen ari diren Hondamendia. Harkaitz Canok idatzi du eta Zaldibarko zabortegian 2020ko urte hasieran izandakoa hartu dute oinarri. Urrian hasiko dute bira eta Euskal Herriko bazter askotan ikusi ahalko da.
Goza zaleekin hasi naiz, entusiasmoarekin jarraitu, entusiasmo kritikoarekin, bizi dugun hondamendiarekin bukatzeko?
Ba ez, buelta nadin hasierara, gaur nahiago baitut Maddalen Marzol eta Julio Bustamante bezalako jende gozatu zalearekin geratzea.
Entusiastak? Bai, hori ere bai.
Disfrutones, este apunte en castellano.
Tokietara bueltatzen garen animaliak gara
Egun batzuk pasa ditugu eSe eta biok Calp inguruan. Gure kontaketa txarto egin ez badugu, zortzigarren bisita izango litzateke azken hamar-hamaika urteetan.
Chirbes-enean
2015eko maiatz-ekainean huts egin genuen eta hortaz ezin egon urte hartan Chirbesekin. Pena bikoitza, abuztu hartan hil egin baitzen. Geroztik beti hartzen dugu kafetxo bat, gutxienez, haren iloba Manolorekin.
Jatetxeak
Beniarbeig aldera hurbiltzen garen eguna aprobetxatzen dugu Un cuiner a l'escoleta bisitatzeko, baina aurtengo bisita ez zen egun horretan gauzatu. Duela bi urte deskubritu genuen Pont Sec-en egon baikinen.
Beste bi toki gomendagarri: bata Gandian, Casa Julia; bestea, Calp-en bertan, duela pare bat urte zabaldutako Ca' Paus.
Calpen bertan lehen asko ibiltzen ginen Andaluzean, baina orain gehiago egoten gara Casa Rolandon.
Bizargina
Bisita hauetan deskubritu dudan beste toki bat Abdulen ileapaindegia da. Buruko ene ileekin gauza gutxi egin daiteke, baina oso dut gustuko bizargin gisa egiten duen lana.
Uste dut Tetuan ingurukoa dela Abdul (emaztea behintzat bai) eta urte batzuk daramatza nik ezagutzen dudan barberian beharrean, bere kontura.
Bi seme-alabaren aita, aurten ze plan dituen kontatu zizkidan, udan jende asko espero dela Calpen, baina berak urtean zehar erritmo berdintsua izaten duela. Eta abar.
Calpera joanez gero, egin bisita Abduli. Ez zarete damutuko.
Gasolindegian
Calpetik etxera bidean Teruelgo lurretan gelditu ginen gasolina botatzera.
Horrelakoa izan zen, gutxi gorabehera, gasolindegiko zerbitzarietako batekin izandako solasa.
-Egun on. Zer jarriko dizut?
-95eko gasolinarekin bete depositoa, mesedez.
(....)
-Une kritikoan gaude.
-Zer ba?
Prezioa seinalatzen du zerbitzariak.
-Aste honetan bi euroko langa gaindituko du.
-Bai, ez da giro.
-Aurten oporretan 300 kilometro egingo ditut. 300 joateko eta beste 300 bueltatzeko. Normalean iparraldera jotzen nuen, baina aurten Alacant aldera jo beharko dut.
-Tira! Handik gatoz gu eta ez da plan txarra.
-Ez dago besterik.
Ez dago besterik ba. Astelehenean beharrera!
Somos animales que volvemos a los sitios, este apunte en castellano.
Feli Artano: «Torturatu eta ez zuten berehala hil. Hiru hilabete pasa ziren»
Feli Artano: «Lo torturaron y no lo mataron enseguida. Pasaron tres meses», la entrevista en castellano
Joan den astean irakurri nuen Garbiñe Larreak Iñaki Segurolari idatzitako Aio eta ez aio Iñaki testua eta bertan aipatzen zen Maite Artolak Feli Artanori 2013ko urrian egindako elkarrizketa. Esango nuke bere garaian ez nuela entzun. Ez naiz akordatzen behintzat.
82 urte zituen orduan Feli Artanok, gaur egun 91 ditu. Berriki izan da albiste Auzitegi Konstituzionalak 9.252,06 euroko zigorra jarri diola epaiketen kostuengatik.
Elkarrizketa entzuten hasi eta titularrean azpimarratutako esaldia geratu zitzaidan buruan jira-biran. Hiru hilabetez torturatu zituzten: 1982ko urriaren 15ean bahitu eta 1983ko urtarrilaren 19an (edo 20an) hil zituzten Lasa eta Zabala. 1985ko urtarrilean agertu ziren gorpuak eta 1995eko udaberrian identifikatu zituzten. 1995eko ekainean ekarri zituzten Euskal Herrira, eta Ertzaintzak gogor jo zuen senide eta lagunen aurka.
Elkarrizketaren indarra audioan dago. Entzuten duzuen bitartean, irakurri nahi baduzue, hona hemen behean testua.
Maite Artolak Feli Artanori eginiko elkarrizketa
Maite Artola: Feli Artano, egun on.
Feli Artano: Egun on.
Maite Artola: Zer moduz, Feli?
Feli Artano: Hementxe. Gogor egiten.
Maite Artola: Semea bizi balitz orain izango lituzke 51 urte...
Feli Artano: 51 urte, bai.
Maite Artola: Duela 30 urte...
Feli Artano: Duela 30 urte desagertu zen.
Maite Artola: Gelditu zen bere bidea, bahitu zuten, torturatu zuten, hil zuten...
Feli Artano: Baina torturatu eta ez zuten egunean bertan hil, e! Hiru hilabete pasa ziren torturatzen, e!... Hil zituzten San Sebastian bezperan.
Maite Artola: Eta desagertu ziren urriaren 15ean...
Feli Artano: Urriaren 15ean...
Maite Artola: Zuk 82 urte dituzu, ezta? Nola iritsi zara zu 82 urtera min horrekin?
Feli Artano: Ba asko sufrituta, bai. Eta gero beti familiaren poz horrekin. Eta senarra eta... Aurrenetik ez nintzen ateratzen asko. Hauek [ematen du jende gehiago dagoela etxean elkarrizketa egin bitartean] beren bidea egiten zuten, ikastea eta ateratzen ziren... Hortik aurrera hasi nintzen pixka bat pentsatzen, nik bezala, aitak galdu zuela semea [hunkitu egiten da]. Eta bera bakarrik ez zegoela ondo. Eta pixka bat ateratzen berarekin. Eta horrela. Gero, kotxea genuenez, ba joaten ginen toki batera eta bestera, kotxea hartu eta joan. Batzuetan jana hartuta Larraitzera. Generalean igandero joaten ginen Izaskunera. Eta han erabat negar batean, ezagutzen nindutenek ikusten ninduten, baina horrela izan zen.
Maite Artola: Sei senidetatik bigarrena zen Joxi, ezta? Nola gogoratzen duzu zuk semea?
Feli Artano: Ba oso ume kariñosoa izan zen, oso mutil ona zen. Nik atxakatzen nuen Olarraingo eskolatik etorri ginela berandutxo bezala. Bera 5 urterekin hasi zen hemen, Eskolapioetan.
Maite Artola: Tolosan?
Feli Artano: Bai. Eta orduan eskola beti kosta egiten zitzaion pixka bat. Pixka bat kosta zitzaion horretan. Baina gainontzean oso ume ona zen.
Maite Artola: Irakurri dut zela saltsa guztietako perrexila.
Feli Artano: Baaiii. Oso mendizalea. Baten batek txakur bat oparitu zion, Zarra deitzen zion. Eta txakur hori hemen ibiltzen zen erabat. Joxi ez baldin bazegoen, eta nik arropa ekartzen banuen garbitzeko, haren arropak ezagutzen egiten zituen [txakurrak], eta hortzekin hor ibiltzen zen. Horrela ibiltzen zen txakurra nik arropa labadoran sartzeko ekartzen nuenean.
Maite Artola: Zuk gogoratzen duzu berarekin azkenekoz izandako elkarrizketa hura, edo?
Feli Artano: Bai. Gogoratzen naiz egon ginela bastante mendian gora. Merenderoren bat edo horrelako zerbait izango zen.
Maite Artola: Ipar Euskal Herrian.
Feli Artano: Bai, Baionan bertan joan ginen. Ez dakit argazkietan azalduko ote den. Igual egongo dira.
Maite Artola: Hemen argazki asko dituzu semearenak...
Feli Artano: Baaaiiii. Hauetan egongo dira eta hangoetan sobretodo. Aita ari da belar batzuk mozten. Bera nirekin dator bizkarretik helduta. Esan zizkidan orduan niri gauza batzuk. "Ama, ama, zuek lasai. Gu hau bukatzen denean berehala joango gara hara". Eta horrela. "Eta ni gurasoekin oso orgulloso nago [berriro hunkitu egiten da]... Familiarekin. Baina nire ideiak..." Horrelako gauzak esan genituen. Eta joaten ginen bakoitzean izaten zen enunabrazo eta, badakizu, negarra. Eta esaten genuen: "Baina noiz eramango zaituzte Tolosara?"
Maite Artola: Gogoratu behar dugu Joxi Zabala eta Joxean Lasa biak Tolosako banketxe batean lapurreta saiakeragatik ihesi joan zirela Baionara. 1981. urtean izango zen hori.
Feli Artano: Bai, 81. urtea zen, bai. Azaroaren 6a zen.
Maite Artola: Han jarri ziren harremanetan errefuxiatu batzordearekin, asilo politikoa ere eskatu zuten, eta han zeuden, erresidentzia baimenak ere bazituzten, eta zuek joaten zineten tarteka Baionara.
Urriaren 15 hori zuen etxean nola pasatzen da, Feli?
Feli Artano: Ba tristura horrekin. Aita gehienetan bidaian, eta etortzen baldin bazen, berandu etorriko zen. Goizean oso goiz joan beharko zuen. Urtero bere omenaldi hori egiten Larrainen. Horrelaxe.
Maite Artola: 30 urte.
Feli Artano: Urtero horra joan, eta lore eskaintza, eta hor dagoen monolitoa, eta... Monolitoa bera desagertu eta urtebetera edo jarri zen. Eta gero, jarri eta urtebetera, urriko lehen egunean, ametsetan bezala nengoen, ehiztariak dabiltza tiroka. Gero, goizeko 6etan telefonoa. Gizona seguraski joana zegoen jada, ez zegoen etxean.
Telefonoa hartu nuen eta baserriko Migel Mari zen. Joxean Lasaren anaia. Eta esan zidan: «Guardia zibilak monolitoa botatzen aritu dira, tankeekin eta dena. Lanera Artzabaltzara zihoan jendeak abisatu digu guri», esan zidan.
Seme zaharrena etxean zegoen. Joan nintzen berarengana. «Horrela eta horrela, Juan Mari: monolitoa botatzen guardia zibilak omen daude. Migel Marik abisatu nau. Joan egin beharko dugu».
«Ama, baina zer egin behar duzu hara joan da?», esan zidan. «Ba aurpegia eman! Besterik ez dut egingo, baina aurpegia eman! Ba zuk ez banauzu kotxean eramaten, ni oinez joango naiz».
«Bueno, jaikiko naiz eta eramango zaitut», esan zidan.
Joan ginen, eta ez zegoen ezer. Eramanda zegoen. Bagentozen berriz behera kotxez eta esan nion: «Begira, hemen [Ertzaintzaren] basean gelditu behar dugu. Eta hori esan behar diogu. Ea beraiek ez ote diren konturatu edo.» «Baina zer esango dizute?» «Badaezpada ere gelditu egin behar dugu».
Gelditu ginen. Eta sartzeko ate ondoan beraietako bat egongo zen eta esan nion: «Ni Zabalaren ama naiz, Joxi Zabalaren ama naiz. Eta hau anaia. Eta enteratu gara, Artzabaltzara zihoan jendek abisatu dute, eta han ez dago orain ezer».
[Ertzainak]: «Bai, sentitu ditugu nola zebiltzan. Beraiekin ika-mika bat izan dugu, eta guk jaso dugu».
Basera ekarri zuten.
Maite Artola: Hortaz, guardia zibilekin eztabaida izan zuten ertzainek.
Feli Artano: Hori esan ziguten guri. Erakutsi ziguten segituan eta berari abrazatuta egon nintzen. Hauxe da dugun errekuerdoa eta hau ere... Horrela izan zen.
Maite Artola: Kasu hau bereziki da gogorra 1983ko urriaren 15ean desagertu ziren, eta 1995. urtera arte ez zituzten identifikatu.
Feli Artano: Ez, ez. Horretarako beste gauza bat. San Sebastian bezperatik edo... Ni etorri nintzen, larunbata zen, eta ostiralean hil omen zituzten. Etorri nintzen beti bezala nire karroarekin erosketekin. Goiko emakume batek galdetu zidan: «Semearen arrastorik edo zerbait?». «Keba! Ezer ere ez». Sartu ginen aszensorean (hura gorago bizi zen). Etorri nintzen, eta nik beti dut irratia martxan. Eta irratian entzun nuen Radio Alicantera deitu omen zuela Joxi eta Joxean, Lasa y Zabala, ostiral horretan hil zituztela. Nik entzun nuen hori irratian larunbata hartan!
Maite Artola: Zuei inork ez zizueten ezer esan. Irratiz jakin zenuten...
Feli Artano: Irratiz jakin nuen nik. Segituan semeei esango nien, ea zer egin behar genuen, Alicanten exekutatu zituztela esan zuela Radio Alicantek.
Maite Artola: Eta zu bakarrik zinen une horretan etxean?
Feli Artano: Etxean ni bakarrik nengoen orduan. Gero etorri zirenei esan nien, etxekoei baina...
Maite Artola: Eta zer sentitu zenuen momentu hartan?
Feli Artano: Zer sentituko nuen? Oraindik bizirik ikusi nahi! Badakizu, zer sentituko nuen.... Oraindik bizirik ikusi nahi!
Maite Artola: 1985ean aurkitu zituzten gorpuzkiak. Hamar urte behar izan zituzten kare bizian zituztelako, eta asko kostatu zen horiek identifikatzea.
Feli Artano: Bai, eta Busot-en.
Maite Artola: Busot, Alicanteko herri hartan. Hala ere, kareak dena ez zuen erre, ezta?
Feli Artano: Dena ez omen zuen erre. Guri erakutsi zizkiguten hezurrak. Arrimatzen ez ziguten uzten, feretro txar batzuetan zeuden. Hara joan ginenak... Aitak ez zuen balorerik bidaia hori egiteko, eta ni semeekin eta joan egin nintzen. Eta han kanpoan gelditu behar izan zuten batzuk, bakoitzetik hiru edo ametitzen zutelako barruan sartzea, hezurrak ikustera. Familia batetik hiru, eta bestetik hiru edo lau. Denok ez ginen sartu. Eta ni ama nintzelako, umeek esan zidaten: «Zu bai, ama, zu sartu».
Maite Artola: Eta sartu zinen...
Feli Artano: Sartu nintzen.
Maite Artola: Izan zenuen indarra?
Feli Artano: Hantxe ikusi nituen hezurrak. Iruditu zitzaidan eskua zegoela berak zuen kostunbrearen jestoan edo. Atzaparra, hezurra, horrelaxe. Berak horrela izaten zituen eskuak sartuta, horrela zuen kostunbrea. Eta nik ere huraxe puntu hura ere atera nion, han ez baitzegoen besterik ateratzerik. Hezurrak horrela zeudela.
Maite Artola: Nik, hala ere, esaten nuen kareak ez duela dena erre, egia behintzat, berandu baino jakin duzuelako.
Feli Artano: Bai ba. Eta orduan pozik handiena, txar guzti-guztietatik, zeintzuk ziren eta dena jakin. Eta horrenbesteko kastigua eman, eta entzima kalean, e! Hori dena bilatu, e! Hori ere... Hori ere...
Maite Artola: Galindo libre dagoela jakin zenuenean, Feli?
Feli Artano: Ba ni egun horietan egunero ari nintzen entzuten irratia. Gero alabak eta esan zidaten. «Bai, bai, entzuten ari naiz»... Lehen ere libre zegoen eta, orain jakin ezazu. Etxean zegoen behintzat eta, urte horixe bakarra pasata...
Maite Artola: Zuek bigarren mailako biktima sentitzen zarete?
Feli Artano: ... Nik ezin dut esan hori, zer baino. Gu biktima gara.
Maite Artola: Baina zuk sentitzen duzu erakundeetatik eta alderdietatik eta beste biktima batzuk jaso duten tratu bera jaso duzuela edo bigarren maila batean geratu zaretela?
Feli Artano: Bueno, guri jendeak esplikazio gutxi ematen digu. Ulertzen al duzu?
Maite Artola: Bai.
Feli Artano: Eta gu esaten ez gara aritzen eta horrelaxe gaude...
Maite Artola: Zuk gorrotorik badaukazu, Feli?
Feli Artano: Gorrotoa? Nik esaten dut, orduan ere bai eta beti esaten dut, horiek egin eta dena libre. Baina zer da hau? Nik esaten dut: «Jaungoikorik bada, berak kastigatu beharko ditu». Nik ezin diet eta, nik ezin ditut kastigatu. Beraiei etorriko zaie... Ez dakit zer modutan...
Maite Artola: Laguntza behar izan duzu zuk bizitzari eusteko?
Feli Artano: Laguntza bizitzari eusteko? Nik ez dakit laguntza... Medikamentu aldetik eta, ez behintzat. Ni neroni ukatzen nintzen medikazioa hartzera. Oso mediku onak, kabezerakoak eta, nituen. Joaten nintzenean gauza konkretu batengatik joango nintzen ni. Ezer gabe ez nintzen joaten. Eta orduan esaten bazidaten niri: «Bai, zerbait behar duzu.. Antidepresiboak...» Neroni ukatzen nintzen hartzera. Nik esaten nuen: «Esna egon behar badut, esna egongo naiz, baina nik botikak ez ditut hartuko lo egiteko»... Eta hor mediku batek, oso mediku ona, esan zidan, besteen sustituzioan edo ez dakit zertan zegoen: «Bai, hauek lasaigarriak» edo ez dakit nola esan zidan, euskalduna da eta. «Bai, hau komeni zaizu hartzea. Gutxienez hiru hilabetez edo hartu behar duzu». Hari obeditu nion, baina gainontzean ez dut hartu medikaziorik.
Maite Artola: Mina kentzeko ez, sufrimendu hori kentzeko ez...
Feli Artano: Barruko hori ez... Hori hartuta ere zer egiten duzu? Hura kenduko duzu? Momentanoa izango da hura ere.
Maite Artola: Hor hamar urte pasa ziren. Desagertu zirenetik hamabi, gainera. Gorpuzkiak aurkitu eta identifikatu arte hamar. Eta desagertu zirenetik hamabi. Eta zuek hamabi urte horietan zehar?
Feli Artano: Horrelaxe. Esan dizudan bezala, gutxi gorabehera. Eta aurrenekoz entzun nuenean, entzun nuenean hezurrak agertu zirela...
Maite Artola: Baina zuek zer pentsatzen zenuten? Non zeudela, non egon zitezkeela?
Feli Artano: Gauza onik ez genuen pentsatzen, baina horretaraino.... Ez genuen jakin nahi hilda zeudenik eta hezurrak horrela egon behar zirenik hainbeste urtetan. Hori ez genuen jakin nahi edo ez genuen ez dakit nik zer... Barrutik ez zen ateratzen eta gero aurrenekoz entzun genuenean, otsaila edo martxoa aldera izango zen hasi zirenean esaten gorpuzki horiek izan zitezkeela Lasa eta Zabalarenak... Nik orduan ere izugarrizko sufrimendua hartu nuen, esanez bezala: hilda daude? hezurrak? Oraindik ere bizirik nahi ditugu. Ez da posible.
Maite Artola: Etsi orduantxe etsi zenuen?
Feli Artano: Etsi egin behar.
Maite Artola: Hezurrak ikusitakoan etsi zenuen.
Feli Artano: Bai.
Maite Artola: Eta despeditu, semearekin noiz despeditu zinen?
Feli Artano: Igande horixe, esan dizut ba...
Maite Artola: Ez, baina behin hilda zeudela ikusiz. Beti esperantza horrekin egon zinen, ez? Akaso ez edo sinistu nahi ezinik.
Feli Artano: Baina ni ez naiz inoiz despeditu. Iruditzen zait ametsetan ikusi egiten dudala eta. Nik noiznahi amets egiten dut berarekin, eta bizi dela. Eta harritu egiten naiz, ez da ametsa eta hemen dago Joxi.
Behin, honi kontatzen egon naiz lehenago, «gabon» esan eta nire kuartoko atea zirrikituarekin eta bere gelara pasatzen, bere alkandora txuriarekin. Alkandora klaro hauekin, estilo honetan ikusten dut Joxi... Gero esnatzen naiz eta ez dago Joxirik.
Gero, beste batean, ohean nengoen lo. Eta esan zidan: «Ama, lasai». Bi muxu eman eta lasai. «Gaur ere Joxi hemen dago». Akabo. Gero ez zegoen Joxirik.
Eta beste batean egin nuen ametsa. «Hara! Joxi hemen dago». Orduan alkandora klaro horrekin zegoen. Lagundu nion eta salan egon ginen helduta, abrazoan. Gero berak esan zidan: «Zer moduz?». «Ondo, baina lanik ezin aurkitu, ama». Lanik ezin aurkitu hori! Nik esan nion, gogoratzen naiz: «Lasai! Ez etsi! Zerbait aterako da. Lasai!». Lagundu nion ate ondoraino nire ametsean. Hortxe, despeditzeko bi muxu eman eta aszensore aldera. Gero esnatu nintzen eta Joxi ibili nuen ametsetan.
Maite Artola: Maiz-maiz egiten duzu amets semearekin.
Feli Artano: Bai, bai. Askotan egiten dut...
Maite Artola: Nik lehen galdetzen nizun nola edo noiz despeditu ote zinen. Hileta bera ere...
Feli Artano: Bai, hileta bera ere gogorra izan zen. Orduan egurtu gintuzten. Postura hartan azaldu ziren Fuenterrabin batzuk eta handik ekarri gintuzten pelotazoka bide guztia, autobusa eta bateko zein besteko. Familiarrak kotxean ginen, baina ikusten genuen nola zebiltzan, ezta?
Eta gero familiako kotxeak iristerakoan, ikusteko hainbesteko tropa bertan zegoela... ertzainak. Denak han.
Maite Artola: Karga ikaragarria izan zen hori.
Feli Artano: Izugarria... Eta gero barrua, kotxeak barrura zeratu zituzten, eta gu hantxe geunden amak lore sortarekin. Eta lehenbailehen atera edo lagundu... Badakizu momentu hartan han. Eta horrela egon ginen eta ez ziguten ateratzen uzten, atzera eta aurrera. Horrela geunden.
Eta gero, paisano horietako bat, beraietakoa izango zen, nik pentsatzen dut. Nik horrelaxe esan nion: «Begira, zuek bezalako batzuek semeak hil dizkigute. Eta orain enterratzen ez diguzue uzten. Egin ahala Madrilgoak laguntzen ari zarete». Ertzainak ziren eta ez zidan txintik esan...
Maite Artola: Tolosan, Feli, taberna askotan daude zure semearen argazkiak Joxean Lasarenarekin batera.
Feli Artano: Ni tabernatan ez naiz ibiltzen eta ez dakit horko berri baina...
Maite Artola: Hemen ere... zuek ere... hortxe entradan duzuen...
Feli Artano: Iruditzen zait berarekin bizi naizela, argazki mordoa badauzkat eta...
Maite Artola: Esan nahi dut maite asko jaso ote duzuen herritarren partetik, elkartasun mezuak...
Feli Artano: Nik ez dakit hori nola esan. Ez dakit zer esan... Ez dakit zer esan...
Maite Artola: Askotan esan delako, ezta? Lasa eta Zabala, Lasa eta Zabala... Kasu hori, GALen lehenengo ekintza...
Feli Artano: Gero nonbait jendeak pentsatzen du ba hildako bat urteekin ahaztu egiten dela, edo atzendu egiten dela... Baina hau kasu diferentea da. Ni lanean nago eta Joxirekin hitz egiten ari naizela iruditzen zait...
Maite Artola: Zuen familian pentsatzen dut maiz hitz egin beharreko kontua izango dela, ezta? Zuek zuen artean..
Feli Artano: Horretaz ez da asko hitz egiten, baina bakoitzak berea barruan, nik uste dagoela hor...
Maite Artola: Duela 30 urteko Euskal Herri hura, Feli, Euskal Herri gatazkatsu hura...
Feli Artano: Gatazkatsua. Eta beraiek ere horixe esaten zuten han zeudela. Eta niri hori esaten zidan: «Ama, zu lasai». Eta beti abrazatuta egoten zen bukaeran beti, eta negarrez ni. Eta noiz etxera, eta noiz etxera. «Zu lasai, ama. Hau aldatuko da eta gu berehalaxe han gara»... Horrelako despedidak egiten genituen...
Maite Artola: Zuk itxaropentsu begiratzen diozu etorkizunari edo?
Feli Artano: Etorkizunari... Entzuten diren gauza guztiekin, entzuten diren gauza guztiekin... Nik ez dakit zer itxaropen behar den. Zerbait aldatu beharko da baina... Nik zer dakit ba...
Maite Artola: Zuri semea hil zizuten.
Feli Artano: Niri semea hil zidaten. Hori da. Eta gero gogoratzen naiz horrekin. Eta gero pentsatzen dut: ez naiz bakarra. Kattu ere nola hil zuten. Sartu eta tabernan zerbitzen zegoen tokian hil zuten...
Maite Artola: 82 urte eta 83 egiteko.
Feli Artano: Hiru egin behar ditut...
Maite Artola: Bejondeizula!
Feli Artano: Abenduaren 2an egingo ditut. Horrelaxe egingo ditut.
Maite Artola: Feli Artano, eskerrik asko.
Feli Artano: Bai, zuei.
Hamabost lagunentzat idazten
2007ko maiatzaren 15a. Zer idatzi ote nuen blogean garai hartan? Artxiboen artean begira egon ondoren, Lagun ezezagun horri apuntearekin egin dut topo.
Ez naiz gogoratzen noiz eta nola ezagutu nuen Iñaki Murua. Garai hartan orain baino sozialagoa bainintzen Interneteko gauzetarako. Hots, Interneten ezagututako jendearekin gehiago egoten nintzen saretik kanpo.
Topaketaren batean egonak ginen, Javier Vizcaínok Radio Euskadin gidatzen zuen MQP irratsaioaren entzule komunitateko kideak baikinen biak. Hor ezagutu genuen elkar?
Muruak eta biok Interneti esker ezagutu genuen elkar: hori hala da. Baina beste garai bateko Internet zen: sare sozialik gabekoa.
Behin baino gehiagotan esan bezala, posta zerrendatan trebatu ondoren, blogak sortzeko aukera baliatu nuen eibar.org-en 2004ko uztailean. 2006ko urtarrilean berritu zen javierortiz.net eta hor hasi nintzen gaztelaniaz Pedradas jaurtitzen. Hots, bi blogak komunitate banatan txertatuta ditut. Horra hor hitz gako bat: komunitatea.
Iñakik eta biok elkarrekin amankomunean dugun ezaugarri bat? Blogetan euskaraz eta gaztelaniaz aritzen garela.
Nire kasuan, euskaraz sortzen ditut idatzi gehienak (honekin egiten ari naizen bezala) eta ondoren eramaten dut gaztelaniara. Lerro hauen lehen zirriborroa boligrafo beltzez idatzi nuen Oxford markako koaderno gorri batean hileko lehen larunbatean.
Euskarazko eibar.org-eko blog komunitatearen bultzatzaile izandako Luistxok esaten zuen garai hartan ohitu beharko genukela hamabost bat irakurle izatera. Gertuko batzuk eta kitto.
Eta horrela da, nahiz eta azken bolada honetan ez begiratu Stat Counter: ez dut behar jakiteko horrela dela.
Nire kasuari erreparatuko diot: infoxikatuta bizi gara (informazio gutxi, zarata, gezur eta propaganda gehiegi) eta lehen baino gutxiago irakurtzen dut sarean, zaila baita jario interesgarri orori kasu egitea.
Ez naiz soilik Twitter bidez informatzen, jarraitzen dut Feedly-n hainbat iturri jasotzen, hainbat harpidetza pagatzen eta abar. Interesa baduzue ikusi nola antolatzen duen bere burua Julen Iturbe-Ormaetxeak. Aintzat hartu bera profesionala dela.
Zalantzak zalantza, blogari izaten jarraituko dut.
Sarean eta bidean ikusiko dugu elkar.
Urte askotarako, Murua.
Escribiendo para quince colegas, estas líneas en castellano.
Mertxe García: «Ez dugu dominarik nahi, ez omenaldirik, ez bazkaririk, ez koadrotxorik, ezertxo ere ez...»
Jon Martijak hartu du Juan González Andrés-en lekukoa Estamos dentro elkarrizketa podkastean. Denboraldi berriko bigarren saioa Joxan Albisu eta Merche Garcíari eskainita dago. Biak izan dira 35 urtez Arrano Etxeko arduradunak eta oraintxe entregatu dute beraiek ere erreleboa.
Zabaldu parentesia. Martija, Igeldora oinez joan beharra dago, dedio! ;_) Itxi parentesia.
Audioaren 40. minutuaren bueltan, ondorengo hauxe gertatzen da (euskarara ekarria):
Jon Martija: Gogo bizia nuen Arrano Etxera etortzeko esku hutsik, kakotx artean, animaliarik gabe baina mikrofonoz lagunduta, ezen hain miresgarria iruditzen baitzait zuen istorioa, sekulakoa iruditzen baitzait egin duzuen lana. Eta, aldiz, aitortza gutxi izan duela iruditzen zait. Horregatik Estamos dentrotik gure harri-koskorra ekarri nahi genuen lan hori ezagutzera emateko, balioan jartzeko eta, ez dakit nik ba, erakundeen aitortzaren bat irits dadin...
Merche García: Ai! Ez, ez, ez... Hori bai ezetz. Mesedez eskatzen dizut...
Joxan Albisu: Ezezko borobila.
Merche García: Hori ez dugu nahi. Begira, lehenik eta behin, honekin guztiarekin ez dugu nahi inork ezer aitortzea poz-pozik egin baitugu, guk nahi izan dugulako.
Horretaz gain, nik eskatu dudan gauza bakarra izan da behar den bezala funtzionatuko duen suspertze-gune bat zabaltzea. Hori bakarrik.
Ez dugu dominarik nahi, ez omenaldirik, ez bazkaririk, ez koadrotxorik, ezertxo ere ez... Nahikoa sarituta sentitzen gara egin dugun lanarekin. Gu geu pozik gaude egindako lanarekin. Akatsak izan ditugu, noski; izan ditugu egoera batzuk ezin izan ditugunak konpondu, ofizio guztietan bezala, porrotak egon dira baina arrakasta asko ere bai, ezta?
Beraz, asebeteta gaude alde horretatik. Hori bakarrik. Horrekin geratzen naiz ni: ez dut ezer gehiago nahi.
Eta hemendik aurrera sortu duten guneak ondo funtzionatzea (nahi dugu). Eta itxoitea, ea zer gertatzen den.
Jon Martija: Esango nuke animalien aitortza baduzuela...
Mertxe García: Bai, hori bai. Badut (emakumezko) lagun bat esaten duena: "Hiltzen zaren egunean animalia mordoa izango da beste munduan txaloka". Ez dizkit pertsonak aipatzen.
Ez dut inon Mercheren irudirik ikusi. Inoiz ez du proiekzio publikorik lortu nahi izan lan honengatik.
Ni neu ere animalia naizen heinean, hona hemen nire txalo zaparrada.
Mertxe García: «No queremos ni medallas, ni homenajes, ni comidas, ni cuadritos, ni nada de nada de nada...», lerro hauek gaztelaniaz.
Argazkiaren kreditua: Gorka Rubio. Argazki Press Berriarentzat. «Arrano Etxearen historia amaitu egin da».
Lotura gehiago: Arrano Etxea, animalia guztien etxea.
Norberak markatzen du normaltasuna
Astelehenean, hilak 25, Okendo Kultur Etxean egin zen «Desde el otro lado» liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Bernardo Atxagak argitaratu duen gaztelaniazko libururik berriena da eta Asteasuko idazlearen lau narrazio jasotzen ditu. Bere (eta nire) lagun zahar baten laguntzarekin egin zuen aurkezpena, Jabier Muguruza.
Esango nuke jada idatzi dudala hemen, esan behintzat behin baino gehiagotan, berdin zaidala zein izango den Atxagak jorratuko duen gaia: nire gustatzen zaidana da bera entzutea. Bigarren mailakoa da ados ote nagoen berak dioenarekin.
Publikoaren parte hartzeaz arituko naiz orain. Bertan bildutakooi galderak egiteko aukera eman ziguten. Uste dut lauzpabost lagunek hartu zutela parte. Denak, ni neu bezala, gizonezkoak. Gero eta erreparo gehiago ditut jendeari mikrofonoa emateko garaian horrelako ekitaldi baten ondoren: normalean gizonezkook zabaltzen dugu ahoa, lehenago prestatu dugun zerbait edo hantxe bertan okurritu zaiguna esatea dugu gustuko, gainerakoentzat oso interesgarria izango delakoan, eta ez dugu galderarik egiten, idazleak guk dioguna berrestea bilatzen baitugu. Astelehenean bakarrak bota zuen galdera aurretik ezer esan gabe.
Josulagun batek altxatu zuen eskua. Josulaguna zela dakit berak esan zuelako, baina ez zen zaila hori jakitea bere hitzei erreparatuz gero.
Ignazio Loiolakoa bizitza publikotik desagertu izana zuen kezka. Adibide bat jarri zuen. Donostiako Gipuzkoa plazatik egin ei zuen paseoa apirilaren 23an, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Bertan liburu dendek jarritako postuetan galdetu eta inork ez omen zuen Loiolakoaren libururik salgai une eta toki hartan. Atxagari galdegin zion ea zein zen bere iritzia.
Atxagak erantzun zion egun batzuk lehenago lagun komunista batek gauza bera esan ziola komunismoari buruz. Ondoren zehaztu zuen agian garai batean San Ignaziok gehiegizko presentzia eduki izana bizitza publikoan, eta orain ez ote diren urak bere bidera bueltatu. Gehitu zuen Imanol Royo zinemagileak egina duela film bat azpeitiarrari buruzkoa. «Ismo» batzuen desagertze azkarraz ere ohartu gintuen. Gutxi gora behera.
Lagun batek esan ohi du gazte denboran berak uste zuela denak bera bezalakoak zirela. Helduaroan ondo sartuta konturatu omen zen bera bezalakoak, kasurik onenean, populazioaren %10a izango direla.
Azken finean, norberak markatzen du normaltasuna zer den.
La normalidad eres tú, este apunte en castellano.
2009ko apirilaren 28a
Javier maitea.
Lerro hauek idazten ditut zure heriotzaren hamahirugarren urteurrenaren bezperan. Erraz esaten da.
Mantso irakurtzen dut berriro, silabak ondo markatuz: ha-ma-hi-ru-ga-rren ur-te-u-rre-na. Bi hitz horiei he-ri-o-tza gehitzen diet. Hamahiru urte ditu gure iloba gazteenak, zu zendu baino hilabete batzuk lehenago jaiotakoa.
dear_jor etiketak zenbat sarrera dituen begiratu dut. 18 testu, idazten ari naizen gutun hau etiketatu aurretik. Azkena 2018ko maiatzaren 1ekoa da. Garai hartan jada ari nintzen zure zutabe, apunte eta gainerako testuak berrirakurtzen, 2019ko apirilean liburuaren emaitza izan zuen ahalegina: Javier Ortiz, talento y oficio de un periodista.
2009ko udaberrian, lehendakari izateari utzi zion Ibarretxek eta Patxi Lópezek hartu zuen lekukoa. Madrilen, Zapatero zegoen Moncloan eta Juan Carlos I Zarzuelan. Gaur egun EAJk agintzen du Gasteizen, PSE-EE Urkulluren makulu da eta sozialistek agintzen dute Madrilen Podemos-ekin duten gobernu-koalizioan. Ez dakit non zegoen 2009an Pablo Iglesias, ezta zertan zebilen Ayuso ere.
Mendebaldar ikuspegitik, azken bolada honetan gertatu diren bi gauza potoloenak covid-19ak sorturiko pandemia (badirudi gure alde honetan jada hasi garela orrialdea pasatzen; espero ez izatea alferrikakoa) eta errusiarren Ukrainako inbasioa, 2022ko otsailaren 24an gertatutakoa. Itxura guztien arabera bi hauek baino min handia eragingo digu, ustez, hirugarren batek: krisi klimatikoa.
Gustatuko litzaidake zu jotafuego iritzia ematen egotea, orain eta beti, baina jada ez da posible. Zure telefono zenbakia gogoratzeko esfortzua egin dut, alferrik baina: ahaztu egin zait. Ondo legoke zenbaki hori markatzea, gaur egun norena den jakiteko. Tira, zu berrirakurtzea besterik ez zaigu geratzen.
Irakurtzea eta berrirakurtzea gaia atera dudanez, esango dizut gero eta gutxiago irakurtzen dugula Interneten ("habla por ti", esango lidake gertuko batek). Uste dut sare sozialek (ibili zinen Twitter eta Facebook-en saltseatzen?) zerikusi handia dutela.
Zenbait unetan blog hau ixteko garaia iritsi dela bururatzen zait, baina gero ohartzen naiz desagertze garaian dagoen Internet baten seme naizela: Patera edo Eibartarrak bezalako posta-talde zein blogen Internet. Eta orduan diot, erremate moduan, ez dagoela batere gaizki noizean behin lau lerro idazteko txoko burujabea izatea sarean.
Gaurko lerro hauek zuretzat dira.
Asko botatzen zaitut faltan. Asko botatzen zaitugu faltan, Javiertxo.
Besarkada estua.
Iturri.
28 de abril de 2009, este apunte en castellano.
Ukraina: gerra eta propaganda
Azken aste hauetan, Alberto Pirisek Ukraina-Errusia gatazkaz zer argitaratu zain nengoen. Azkenean, hilaren 13an kaleratu zuen Ucrania: guerra y propaganda artikulu laburra Milicia y democracia foroan.
Aurten beteko ditu 90 urte Pirisek (Bilbon jaio zen 1932an), eta 1950eko hamarkadan hasi zuen bere ibilbide militarra Espainiako Armadan. Franco osteko urteetan, 1980ko hamarkadan, nazioarte mailan ibili zen estatu ordezkari gisa Felipe González presidente zen garaian. Armada utzi ondoren hainbat urtez analista lanetan aritu da Centro para la Investigación de la Paz (CIP) izenekoan.
Esan bezala, interes berezia nuen berak idatzitakoarekin. Irakurri eta euskaratzea erabaki dut.
Ukraina: gerra eta propaganda
Los ojos de la guerra izeneko liburuan (Plaza y Janés, 2001, Manuel Leguineche eta Gervasio Sánchez-ek koordinatutakoa), zera idatzi zuen Ryszard Kapuściński kazetari poloniarrak errealitatearen ezagutzari buruz komunikabideek jokatzen duten rolaz: "Gaur egun pantaila txikia historiaren iturri berri bat bihurtu da (...) Telebistak zabaltzen duen bertsioa da, inkonpetentea eta okerra, inposatzen dena, guk kontrastatu ezin duguna". Eta gehitzen du: "Gure arazoa da jakintza zehatza eta sendoa duten liburuak baino abiadura askoz handiagoan biderkatzen direla komunikabideak, eta horregatik erortzen da gero eta gehiago zibilizazioa telebistak ematen duen historiaren bertsioarekiko dependentzian, fikziozko eta ez benetako bertsioa".
Esandako horri gehitzen badiogu, jakina den bezala, gerra orotan propaganda ezinbestekoa dela gerra jardueren garapena errazteko, hobeto uler dezakegu Ukrainako inbasio errusiarrak munduan zehar barreiatu duen informazio kaosa. Batzuentzat gerra propaganda soila dena, besteentzat errealitatea da. Putin presidenteak gatazka honi buruz ematen dituen esplikazioak errusiar herriaren zati batek onartu eta gure komunikabideetan propaganda zabartzat hartzen den bezala, Biden presidentearen eta NATOko idazkari nagusi Stoltenberg-en adierazpenetan murgildurik bizi gara mendebaldearen zati handi bat, haiek ere propagandaren nahitaezko-kuota dutela ohartu gabe.
Oinarrizko bi propaganda klase daude: gezurra eta errealitatearen ezkutatzea. Gezurraren arazoa da beti agertzen dela: "Espainiarrek leherrarazi zuten Maine", "Sadam Husseinek suntsipen handiko armak ditu" eta abar. Soilik berehalako ondorioak lortu nahi badira eta egoki diseinatuta baldin badago da propaganda eraginkorra, ondo faltsututako eta zabaldutako frogetan oinarriturik.
Bigarren klasea maltzurragoa da: errealitateak ezkutatzean datza. "Kantzelatu", gaur egun esaten den bezala. Ez aipatu. Oihal iluna bota zabaldu behar ez denaren aurrean.
Adibidez: 2021eko martxoaren 24an, Zelensky-k Krimea errekuperatzeko presidente-dekretua eman zuen. Ezaguna al zaio hau irakurleari? Baten bat egonez gero, komunikabide gutxik aipatu zuten albistea. Ondoren, tropa mugimenduak egon ziren Ukrainako hego-ekialderantz. Handik gutxira, NATOk maniobrak egin zituen Baltikotik itsaso Beltzera. Errusiar ikuspuntutik, hori mehatxutzat hartzea harrigarria al da?
Beste adibide bat: gaur egungo gerraren zainetan 2014ko Krimeako errusiar anexioa dago. Kievekin baino. Krimea Moskurekin estuago lotzen dituzten erro historiko, sozial eta kulturalak ondo agertuko lituzkete Kapuścińskik penaz gogoratzen dituen liburuek. 1991n, erreferendum baten ondoren, Krimea SESBko errepublika autonomoa bihurtu zen, Ukraina ere independizatu baino sei hilabete lehenago. Kieveko gobernuak Krimea 1995ean inbaditu eta indargabetu egin zuen konstituzioa. Hau ere ez da ezagutzen: "ezkutatze bidezko propaganda" izango ote?
Era berean, ez da oso ezaguna 2014an egindako erreferendumean Errusiar Federaziora elkartzea eskatu zuela Krimeak, 1991ko antzeko emaitzarekin. Ikus ditzagun txanpon bereko bi aldeak: "Errusiak inbaditu eta okupatu du Krimea", propaganda batzuentzat, errealitatea besteentzat; "Krimea Errusian integratu da berriro" bezalaxe.
Harritu beharko liguke albiste bera propaganda izatea batzuentzat eta errealitatea besteentzat? Ez. Indarrean dagoen gerra baten nahitaezko emaitza da.
Soilik Historiak, urte batzuk pasata, emango digu aukera ezagutzeko nolakoa izan zen gatazka; egun Europako estatu batean heriotza eta suntsipena sortzen duen gatazka, nahasmena besteetan; batzuentzat eskasia, besteentzat pobrezia; lukro eta iruzur aukerak; tristezia eta gogo falta gizateriarentzat. Agian errealitateaz jabetzeko Historiak asmatuko du aspaldiko kokteleran gezurrak eta egiak nahasten. Nahiz eta guk ez ikusi.