Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Zaintza kontuak Maiatzaren Lehenean

Zaintza kontuak Maiatzaren Lehenean

Mikel Iturria 2023/05/01 19:55
Felix Arrieta Frutos irakasleak «Zaintzaren hariak» liburuxka argitaratu berri du. Gaiarekin lotura du ere pandemia garaian, 2020ko ekainean, Zestoako San Juan fundazioko zuzendaritzako bi kideei eginiko elkarrizketa batek.

Hablemos de cuidados el Primero de Mayo, este apunte en castellano

Zaintzaren hariak

Nahi baino denbora gehiago joan zait lerro hauek idazten; besteak beste, liburu labur honen irakurketa nahi baino gehiago luzatu zaidalako. Interesgarria iruditu zait hainbat gairi buruz Felix Arrietak dioena Zaintzaren hariak liburuan.

Arkatzarekin azpimarratzeko horietakoa da eta hona hemen nik neuk azpimarratu ditudan nabarmenenak.

1982an onartu zen EAEko Gizarte Zerbitzuen legeak (Nafarroan bi izan dira: 1983 eta 2006) eta lege horren arabera eskuduntzak bananduta daude Jaurlaritza, aldundi eta udalen artean.

2006an, Espainiako Menpekotasun Legea etorri zen, menpekotasunari lotutako dirulaguntza eta zerbitzuak eskubide izendatu zituena. Lege horretatik abiatuta erkidegoek eskubide subjektiboak jasotzen dituzten lege berriak onartu zituzten (EAEn, 2008an; Nafarroan, 2006an bertan).

Zaintza gero eta arazo handiagoa ari da bihurtzen Ongizate Estatuarentzat, are gehiago 2008ko krisiaren ondoren. Horrek «Estatuaren edo arlo publikoaren zentralitatearen galera dakar (...) merkatua da protagonista nagusi, Hirugarren Sektorearekin batera».

Estatua, merkatua, familia, hirugarren sektorea eta komunitatea dira baliabideak eskaintzen dituztenak zaintza beharrak asetzeko.

Arrietak 40 urteko langa gaindituta, uste du iritsi dela garaia indarrean ditugun gizarte zerbitzu eta Osakidetzako sistemak birpentsatzeko, hiru mailako administrazioen matazan erabat galduta baikaude herritarrak, besteak beste.

Hiru prozesu aurreikusten ditu: Legebiltzarreko, erakundeen arteko eta aktoreen arteko eztabaidak. Erakunde bakarraren esku uzteko eskumena; EAEn, Eusko Jaurlaritza izango litzateke erakunde hori.

Liburuaren azken atalean erronkei erreparatzen die:

  • Generoarena da erronka nagusia. Arrietak dio mugimendu feministak badituela jada mahai gainean hainbat proposamen eta analisi.
  • Bigarren aldagaia desfamiliarizazioa da. «Ezin ditugu belaunaldi gehiago kondenatu nagusien eta umeen zaintzaren arteko otarteko izatera».
  • Erakundetze berria, lehen aipatutakoa.
  • Guztia toki mailan gertatu behar da: «plaza publikoak errekuperatu behar ditugu (...) komunitatea sortu».

Arantxa Iraolak eginiko elkarrizketan, ideia hau ere nabarmentzeko modukoa iruditu zait:

Izan ere, zera izan behar da kontuan, zaintza izan daiteke sektore ekonomiko garrantzitsu bat, indartsua: sor daitezke kooperatiba onak, jendea baldintza onekin eduki lanean, baina horrek eskatzen du diru laguntzetatik aparte zaintza beste modu batean formulatzeko aukera bat izatea.

Zestoako San Juan Fundazioa

Duela pare bat aste Gari Araolazak Zestoako San Juan Fundazioa aipatu zidan. Mikel Zubimendik 2020ko ekainean Joseba Illarramendi eta Saioa Lasari eginiko elkarrizketa baten lotura utzi zidan Garik: «Koronabirusak ez dakigu hilko dituen, baina tristurak azkenean…»

Gainera, aipatu zidan Illarramendi Lin Ton Taun taldeko musikaria izan zela. Horren lekuko, eta gauzak beste modu batez egin daitezkeela erakusteko, bertako egoiliar batek, Ángeles Jiménezek, 100 urte bete zituen martxo amaieran. Dantzalea denez, zuzendariak akordeoiarekin jarritako erritmoan aritu zen dantzan.

Konfusio handia dagoela alor horretan da kazetariaren lehen galdera, eta hona hemen Illarramendiren erantzuna:

Hala da. Gauza asko daude hemen. Gu fundazio pribatu bat gara, irabazi asmorik gabekoa. Orain dela 100 urte, herrietan zeuden “miserikordien” garaikideak gara. Sorreran ia beti mojek ematen zuten zerbitzua. 100 urteko ibilbidean haurtzaindegia ere izan da hau, gerra garaian errefuxiatu politikoak egon izan dira, funtzio ezberdinak osatu ditu etxe honek.

Gurea bezalako zenbait fundazio pribatu, batzuk sorreratik eta beste batzuk zailtasun ekonomikoengatik, udalek bere gain hartu zituzten, publiko egin. Baina zer egin da publiko? Askotan eraikina baino ez. Saltsa handia dago. Gure kasuan ez, guk jarraitu izan dugu fundazio pribatu izaten. Beste batzuk sartu ziren sare publikoan. Hor dago gakoa, 2000. hasierako urte haietan. Gero, udalarenak ziren egoitzak Foru Aldundiak “Kabian” bereganatu zituen, Kabia izeneko erakunde publikoan.

Gu kanpoan geratu gara, erakunde pribatu bezala. Baina honen guztiaren atzean beste eztabaida bat dago. Erakundeak publiko izanagatik ere, zerbitzu denak azpikontratak dira. Saltsa handia da eta jendea galdu egiten da. Azkoitiko San Jose publikoa da. Bai. Baina kudeaketa dena Biharkok eramaten du, langile denak azpikontratatuak daude, zerbitzu denak. Hor dago koska… Adibidez, Zumaian, hango San Juanen, gurea bezalako sorrera igualean, garai batean udalak bereganatu, Foru Aldundiak Kabian sartu eta San Juan publikoa da. Zein dago, ordea, kudeaketan eta egunerokotasunaren atzean? Florentino Pérez –Real Madril taldea zuzentzen duen magnatea–. Diru dena, diru publiko dena, nora doa? Eta esaten duzu: «Joder! Zer da hau? Hori publiko eta ni pribatu?». Sektore honetan irabazi asmoko interes asko daude. Askok pentsatzen dute negozio segurua dagoela hemen.

Zaintza mahai gainean jarri behar dela Illarramendik ere:

Nik uste momentua iritsi dela zaintza behingoz mahai gainean jartzeko, eta hori maila politikoan egin behar da. Erabaki serioak behar dira sektore honek merezi duen lekuan egoteko, aitortza publikoaren aldetik eta lan baldintza aldetik aurrera egin behar da, ratioaren aldetik gehienbat. Pertsonala behar da hemen, esku asko falta dira.

(...)

Zaharren zaintzari negozioaren ikuspuntua ematen bazaio, egundoko perbertsioa da. Gastu osoaren %85 pertsonalean da hemen. Hemen ez dago makinarik. Hemen bertan, gertu dauzkagu jada inbertsio fondoak diru bat irabaztera etorrita. Guk oso garbi daukagu horrek horrela ezin duela izan. Diru publikoarekin eta erabiltzaileek beraiek ordaintzen duten diruarekin jokatzen ari gara. Diru hori egon behar da ahalik eta zerbitzu onena emateko, eta horretarako langileak ondo egon behar du, edo ahal den ondoen.

(...)

Merkantilizazioa indartzen ari da. Zein da dinamika? Itxuraz publifikatu eta lehiaketara atera zerbitzuak. Eta zerbitzu horietara etortzen zaizu edozein, azken boladan dirua irabaztera oso argi eta lotsagabe; hori blindatzen ez bada edozein sartzen zaizu, edozein.

2020ko ekainean, egoitzan 36 egoiliar zituzten, eguneko zentroan 15 eta etxebizitzetan beste 8. Guztira 45 langile:

Txikiak eta kontrakorrontekoak gara, baina nahi dugu pixka bat erreferente moduan agertu ere, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakutsi. Horren harira, kudeaketa mailan, adibidez, erkidegoan bakarrak gara Kudeaketa Aurreratuaren Urrezko Euskal Saria daukana, erakunde bakarra sektorean. Horrek esan nahi du gauzak argi esaten ditugula, baina gauzak ondo egiten ditugula ere bai. Horren atzean lan asko dago, zaintzan, senideekin, gizartean. Gu herrigintzan kokatzen gara zuzen-zuzen, herrigintzako parte bat gara. Eta gure bokazioa, eta gainera sorrerakoa, hori da.

Gizarte gisa hasi beharko dugu serio hausnartzen eta eztabaidatzen gai honi buruz ere.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Mila esker, Amatiño. Pasa den mendeko 80ko ... Mikel Iturria, 2024/12/18 22:16
Kontrakorik pentsatzea populismo hutsa da. “Hobe ... Amatiño, 2024/12/15 15:09
Mila esker, Beñat. Gaur goizean saiatuko naiz ... Mikel Iturria, 2024/11/29 00:24
Iturri jauna, laburpen ederra. Asko poztu nintzen ... Beñat Irasuegi Ibarra, 2024/11/28 23:14
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Stat counter