Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Harrikadak / Nork izan nahiko du familia mediku?

Nork izan nahiko du familia mediku?

Mikel Iturria 2023/04/20 22:35
Manifestazioak deitu dituzte larunbatean Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

Apirilaren 5ean hasi nintzen belarriko minez. Hilaren 6an, ostegun santuan, pixka bat gehiago.

Opor garaia izanik, nahiz eta etxean nengoen, Osakidetzara jo beharrean, farmazia batera joan nintzen. Botikariak esan zidan belarria gauza serioa dela eta, ezer eman aurretik, derrigorrezkoa zela diagnostikoa. Donostiako Bengoetxea kaleko Etengabeko Arreta Gunera joateko, adibidez.

Osteguna, apirilak 6, gaueko 21:00ak pasata bertaratu nintzenez, soilik erizainak zeuden zerbitzua atenditzen. Medikua ostiral goizean egongo zela, 9:00etatik aurrera. Erizainak artatu eta esan zidan ikusten zela zerbait, baina bera ez zela gai diagnostiko egoki bat egiteko.

Ostirala, apirilak 7, goizeko 9:00etan bertan nengoen. Medikuak ikusi eta kanpoko belarrian nuela infekzioa. Bost egunez tanta batzuk hartzeko.

Txanda aldaketa tokatu zitzaidan eta, zain nengoen bitartean, langileak ari ziren komentatzen larunbatean ez zela medikurik izango.

Egun pasa egin genuen etxetik kanpo, Bilbon hain zuzen ere, eta leher eginda etxeratu nintzen.

Larunbatean tira, baina igandean hasi nintzen eztularekin.

Astelehenean antigeno proba egin nuen eta Covid-a zela argitu zuen testak.

Asteartean lanera joan nintzen eta astean zehar nahikoa xuabe pasa zen dena, dezima batzuk gorabehera, espazio itxi konpartituetan musukoa jantzi eta aurrera.

Ustez errekuperatuta nengoen, eta jada aste honetan, asteartean, hilak 18, familia medikuarengana joateko hitzordua lotu nuen 16:10ean. Tapoirik ote nuen begiratzea zen bisitaren funtsa.

Ordubete egon nintzen zain, erabat gaindituta zegoelako: aldameneko gelan zegoen medikuari hiruzpalau aldiz laguntzeaz gain, beharrezko denbora eskaintzen baitio gaixo bakoitzari. Ez nintzen fijatu larrialdiak atenditzen ote zituen, baina beste batzuetan tokatu izan zaizkio.

Bere onetik aterata zegoen ni kontsultara sartu nintzenean. Konfiantza pizarra badugu eta dena pikutara joan dela berretsi zidan beste behin. Ez garela ezertaz jabetzen, baina gertuko osasun sistema pikutara joan dela, laburbilduz.

Manifestazioa izango dela larunbatean, nik. Ez dutela manifestazioek ezertarako balio, berak. Baina gero kontatu zidan bere herrian deialdia egon zenean, lau pelakatu bildu zirela. Beraz, manifestazioak, jendetsuak badira, badute eraginik.

"Nor izango da familia mediku baldintza hauetan? Nor? Urte batzuk barru, guk erretiroa hartzen dugunean, inor ere ez".

Niri dagokidanez, diagnostikoa okerragoa izan zen: kanpoko belarrian zegoena, erdiko belarrira pasa zela, eta antibiotikoak beharrezkoak zirela esan zidan. Noiz hasi ziren lehen sintomak eta zergatik joan nintzen hain berandu berarengana. Prozesu guztia kontatu nion.

Biharko, ostirala, eman zidan hitzordua. "Ekarri irakurtzeko zerbait", zain egon beharreko denbora luzatuko delakoan.

Dena pikutara joan ote den ez dakit, baina oso itxura txarra du Osakidetzaren egoerak. Kosta egiten zait Jaurlaritzaren ereduak Ayuso txiki uzten duela esaten dutenen diskurtsoa erabat erostea, baina batzuetan jada ez dakit zer pentsatu.

Argi dago garai bateko ereduak, 1960-1990 bueltan eraikitakoak, agortu egin direla, eta ez bakarrik osasungintzan; berdin zaintzan, hezkuntzan, kulturan, eta abar.

Bilbon eta Gasteizen manifestazioak eguerdiko 12:00etan izango dira larunbatean. Donostiakoa, Boulevard-etik aterako da arratsaldeko 17:00etan.

Joan beharko dugu ba.

P.S.: lerro hauek idatzita nituela, podcast zerbitzu baten bidez, entzun dut gaur goizean Iñaki Guridik Amaia Herrarte eta Nerea Barriusori eginiko elkarrizketa laburra. Biek MIR azterketa egin dute eta, nota ona izan arren, familia-mediku espezialitatea hartzea erabaki dute. Barriuso 14.a da estatu osoan eta bera izan da familia-mediku espezialitatea aukeratu duen lehena. Xixonera doala ulertu dut. Herrarte, berriz, Zumarragako ospitalean arituko da.

¿Quién querrá ser médico de familia?, este apunte en castellano

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Nuevo blog Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Somerights20

Azken erantzunak
Aupa, Iñaki. Oraintxe ikusi dut mezua. Ez nuen ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:06
Aupa, Xaun. Nik ere ez ditut jasotzen jada ... Mikel Iturria, 2024/11/03 16:05
Eta alderdi gastronomikoaz, zer, Iturri? ;-) Iñaki Murua, 2024/10/17 08:22
Kaixo Mikel! Ez niken hire erantzunaren ... Xaun, 2024/10/15 16:38
Zorionak, Mikel! Iñaki Murua, 2024/08/01 09:06
Hendaiako Ocaña mitikoa! Bai, han erosi genituen ... Gari Araolaza, 2024/05/14 08:57
Besarkada bat Iturri! Gari, 2023/12/26 05:44
Eskerrik asko lotura jartzeagatik, Xabier. iturri, 2023/05/21 10:57
Zumaiako hitzaldiko argazkia eta albistea hemen. ... Xabier, 2023/05/21 10:29
Aspaldiko, Amatiño. Erabat ados. Iturri, 2022/11/11 19:12
Stat counter