Edorta Subijanaren Donostia ikusezina
Berandu enteratu naiz (despistatuta nabil) eta ez naiz joan Edorta Subijanak pasa den asteburuan (urtarrilaren 31tik otsailaren 2ra) egin den Kutxa Kultur Hiria Kubon montatu duen Hiri ikusezina erakusketara. Lastima, baina seguru egongo dela arkitekto honen lana gehiagotan ikusteko aukera.
Bideoaren berri Marlon Brandy-ren txio honen bidez izan dut.
Eskarmentua
Gabonetan Miguel Sánchez-Ostizen El Escarmiento irakurri dut. Idazleak hain berea duen estilo errepikakor horretan 1936ko altxamenduaren lehen hilabeteak Nafarroan kontatzen ditu izen-abizen eta detaile mordoa emanez. Eta ez omen da horretan geratuko, amaieran esaten baitu liburu honek jarraipena izango duela (El botín). Lehenengoa 1936ko irailean Irun frankisten esku geratzen denean amaitzen da eta bigarrenak Bilboko erorketa (1937ko ekainean) bitarteko garaia harrapatuko luke.
Hona hemen Enrique Martínek Pompas de papel saioan Sánchez-Ostizi eginiko elkarrizketa bat. 2013ko ekainekoa da.
Liburuaren irakurketa fresko nuela, Argia aldizkarian Josefina Lambertori eginiko elkarrizketa batekin egin nuen topo. Josefinaren aita (Vicente Lamberto) eta ahizpa (Maravillas Lamberto) hil zituzten Gerra Zibilean (3.000tik gora lagun hil zituzten Francoren aldekoek Nafarroan, atzeguardian).
Vicente UGTn afiliatutako nekazari bat zen eta haren bila joan ziren gau batean Larragako etxera. 14 urteko alabak aitarekin zer egin behar zuten jakin nahi zuela eta, beraiekin etortzeko esan zioten bahitzaileek. Biek kuneta batean bukatu zuten, baina bortxaketa kolektiboa sufritu zuen, gainera, Maravillasek. Aitaren gorpua ez da agertu, nahiz eta hura ehortzi zuten tokian ustez ondo begiratu duten. Maravillasen gorpua erre egin zuten, txakur batzuk puska batzuk jan zituztelako.
Josefinaren informazio bila nengoela sarean, El informador gunean lau zatitan banatutako elkarrizketa topatu dut.
Maravillasen bortxaketa eta hilketa
Josefina Lamberto (bigarren zatia)
Josefina Lamberto (hirugarren zatia)
Josefina Lambertoren azken lezioa
Argiako pieza sinatzen duen Koldo Azkunek dioen bezala, kanta eskaini zion Maravillasi Berri Txarrak taldeak.
Eta nik ere uste nuen Barricadak (El Drogasek gidatutako Barricadak) beste kanta bat egin ziola La tierra está sorda liburu-diskoan, baina Matilde Landa zen protagonistaren izena. 150 bat liburu irentsi omen zituen Drogasek lan hori egiteko, baina abiapuntua Dulce Chacónen La voz dormida izan zen. Hona hemen haren jaioterrira, Zafrara, rock talde nafarrak eginiko bisita bat bideo honetan laburbildua.
Iruñean hasi eta Iruñean bukatuko dut apuntea. Ostegunean bisitatu nuen Katakrak! egitasmo berria: liburudenda, taberna, areto nagusia... duen kulturgune berria. Haize freskoa eta albiste on horietako bat. Webgunea oraindik beta fasean dago, eraikina bezala, baina sare sozialetan (@katakrak54) badabiltza eta ikusi berri dut jende andana elkartu zela atzo Gerra Zibilari buruzko erakusketarekin batera antolatzen ari diren jardueretan.
P.S.: Alberto Moyanok Natalia Junquerak Josefina Lambertori buruz idatzitako testua (aste honetakoa) aipatu dit eta Javier Vizcaínok Fermin Balentziak ahizpari buruz idatzitako kanta hau. Mila esker bioi!
Eta Xabier Mendigurenek facebook-en: Xabier Montoiaren Golgota nobelak ere Lambertotarren drama jorratzen duela. Beñat Sarasolak aurkeztu zuen. Eskerrik asko, Xabier.
Había que darles un escarmiento, este apunte en castellano.
1986an Kortatu taldeko Trekuri eginiko elkarrizketa bat
Pasa den astean irakurtzen hasi eta bukatu dut Roberto Herreros (Ladinamo, Grande-Marlaska, Fundación Robo) eta Isidro Lopezek (Ecos del Gueto eta Observatorio Metropolitano de Madrid) lau eskutara idatzitako El estado de las cosas de Kortatu: lucha, fiesta y guerra sucia liburua. Kortaturen bigarren diskoan zentratutako lana da eta hainbat ikuspuntu jasotzen ditu: protagonisten ahotsak agertzeaz gain, beste hainbat aditu eta garai haiek bizi zutenen hitzak ere biltzen dira. Denbora eta interesa baduzue, azkar irakurriko duzue.
Protagonistak aipatu ditut eta horietako bat da Treku Armendariz, Kortatuko bateria-jotzailea (nahiz eta hasieran Mattin Sorzabalbere izan lehena). Liburua irakurtzen nuen bitartean gogoratu nintzen Institutu garaian (hamazazpi urte nituela) elkarrizketatu egin nuela Treku (Iñaki Corral lagunaren kolaborazioarekin). Elkarrizketa ez da beste munduko ezer, baina niretzat balio sentimentala du eta horregatik hemen jartzea otu zait (nire lotsak gaindituz).
Unibertsitate aurretiko azken urtea zen (UBI garaiak) eta zenbaki bakarra atera genuela. Esango nuke aldizkariaren eduki gehiena gaztelaniaz zegoela eta hau izan zela euskarazko bakanetako bat.
Bi gauzek deitu didate atentzioa: baga, Euskadi hitza aipatzen da testuan eta ez dakit hori nik jarri nuen edo elkarrizketatuak bota ote zuen; biga, El País aipatzea.
Kortatu taldeko Treku bateriarekin elkarrizketa
Denek dakizuenez irundar talde hau izugarrizko arrakasta lortzen ari da urte batetik hona. Honegatik, egun batean, Treku bateriarengana hurbildu ginen. Zergatik? Ia elkarrizketa guztiak Fermin eta Iñigori egiten dizkiete, eta pentsatu genuen taldearen barruan badagoela beste pertsona bat ez hain ezaguna. Ardo botila bat Miguel Tabernan eskatu ondoren, mahai bat aukeratu eta honela hasi zen elkarrikuste hau.
Galdera: Bueno, betiko galdera, nola sortu zen Kortatu?
Treku: Hasieran ni ez nintzen taldearen barruan. Bateria bezala Mattin zegoen; ni Crimental barruan nengoen. Tipo hauek Londresera abiatu ziren eta ni beste batzuekin Europako nazio batzuk bisitatzera joan nintzen, hilabete batez. Handik iristean, 1984ko azaroan, mobidaren barruan sartu nintzen. Oso gutxitan esandako gauza garrantzitsu bat zera da, Kortatu, Fermin eta Iñigo, ez zela hasi gaur egungo asko bezala, lokaletik grabatzera; ez, beraiek joaten ziren kontzertu batera eta ia jo zezaketen galdetzen zieten antolatzaileei. Hau gauza polita da niretzat.
Galdera: Urte batean asko igo zarete. Hasieran, beste talde batzuekin disko bat atera zenuten. Gero lehenengo LP-a. disko honetatik ale asko saldu dituzue. Zenbakiak esango al dizkiguzu?
Treku: Ba ziur ez dakit. Ez dugu kontrol handirik eramaten. Hasieran, 12.000 aleetako tirada hiru egunetan bukatu zen. Gero 6.000 aleetako beste bi tirada egon dira. Baina zenbaki hauek nahiko zaharrak dira. Hemendik kanpo? Asko, batez ere Madril eta Bartzelonan. Orain bertan Bartzelona aldean asko entzuten ari da.
Galdera: Hemendik kanpo asko jo duzue. Ez da honela?
Treku: Bai, gertatu zena zera izan zen, hau erre samarra ikusten genuela eta orduan zertxobait ateratzea erabaki genuen.
Galdera: Eta zer nolako harrera izan duzue estatuan zehar?
Treku: Oso ona. Adibidez, gu eta La Polla joan baino egun bat lenoztik, Avilesen, sarrera guztiak saldurik zeuden. Haluzinaturik gelditu ginen. Bartzelonan bi aldiz jo dugu. Bigarrenean, Kiroldegian, Euskadiko beste talde batzuekin, 10.000 sarrera saldu ziren, eta jende askoz gehiago sartu zen. Polizia kanpoan zaldi gainean egon zen, hostiak joz. Egun berean Bartzelonan beste kontzertu internazionalak zeuden. Gero, Galizian, Santanderren, Burgosen, Valladoliden, Madrilen, Errioxan, Zaragozan, etabarrean ere jo dugu. Artikulu hau argitaratzeko orduan Suitza aldean ibiliko gara.
Galdera: Lehenago La Polla aipatu duzu. Zeintzuk dira hemengo taldeekin dauzkazuen harremanak?
Treku: Erderaz esan ohi den bezala: de puta madre! Benetan, jende autentikoa ezagutzen duzu honelako erroilo batean. Entzun, entzuten dituzu txaskarrillo batzuk norbaiti buruz, baina erlazioak, gurekin behintzat, oso onak dira.
Galdera: Bestalde, laster maxi-singlea atera behar duzue, ezta?
Treku: Bai, Suitzatik etorri ondoren estudioan sartuko gara. Abestiak hauek izango dira: alde batean, Desmond Tutu, bertsio bikoitza; beste aldean, Hay algo aquí que va mal eta A la calle.
Galdera: Oraintxe hasiak zarete tema berriak konposatzen. 'Ska' egiten jarraitu behar al duzue?
Treku: Ez dakit. Oraingo tema berriak ez dira ska. Baina agian berriro hasiko gara ska eginez. Hori esatea zaila da.
Galdera: Maxi-singlea alde batera utzirik, hurrengo diskoa noizko?
Treku: Lehenengo diskoa bezala, azaroan-edo. Seguraski irailean grabaketa-estudioan sartuko gara, eta hortik produktu berria aterako da.
Galdera: Pentsatu al duzue Kortaturen izena estatuan zehar zabaltzea, aktuazio gehiagorekin?
Treku: Bai, nik lana laster utzi behar dut eta. Lan batek asko lotzen zaitu. Espainiako hego aldetik dei asko ditugu.
Galdera: Honekin loturik dagoen gauza bat, telebistan atera behar al duzue?
Treku: Ez dugu gogo handirik. Gogo handia genuen Radio 3 irratiak antolatutako 24 orduetan parte hartzeko, baina bi egun falta zirenean ezetza eman ziguten, letra batzuk gogorregiak zirelako.
Poliki-poliki elkarrizketa aurrera doa eta botilaren likidoa beherantz. Zigarro baten bila altxatzen da. Guk, geure aldetik, itaunketarekin jarraitzen dugu.
Galdera: Bideoak direla eta ez direla. Gasteizko lehiaketan bideo bat aurkeztu zenuten, eta gainera bigarren saria jaso. Bideo gehiago egiteko ideiarik bai?
Treku: Ez dugu planteatu honelako gauzarik. Bideoa, korrika eta presaka, hiru egunetan egin genuen. Gainera honelako gauza bat egitea oso garestia da, 100 talego (600 euro) baino gehiago.
Galdera: Taldearen barruan aldaketaren bat egongo al da, hau da, instrumentu berririk sartuko al duzue?
Treku: Gauza hauek asko pentsatu behar dira. Dakizuenez zenbait kantatan Javi Tronpetarik jotzen du. Arrasatearra dugu eta Madrilen tronpeta ikasten ari da. Aldaketak beti damazkizu buruan, bueltak ematen. Baina oraingoz hori nahiko poliki doa.
Galdera: Musika alde baterik utzirik, politika?
Treku: Argi eta garbi dago zer garen, ezta? Baina hau dena kaleko ondorio bat dela pentsatzen dut. Bestalde, normala da, guk kaleko giroa bizi dugulako. Estatuan zehar, ba dabiltza zenbait talde kaleko letrak abesten, etab., baina gero bere portaera señorito batzuena da.
El País Semanal delakoan orain dela bi hilabete atera zen erreportajea komentatzen dugu. Kontatzen digu zer nolako giroan egin zen eta beste anekdota interesgarri batzuk. Autografoen gaiak beste anekota interesgarri eta barregarri batzuk dakartza. Badakigu zuek irundarrak izanik ez duzuela horrelakorik egingo, baina badaezpada ere jarriko dugu: ez eskatu autograforik, beraien ustez txorakeria bat delako.
Ardo botila bukatuta, han uzten dugu. Ordu bateko solasaldi atsegina amaitzera doa. Kasetaren barruan hamaika gauza polit eta dibertigarriak geratzen dira oraindik, baina hori dena paperatzea oso zaila da. Eskerrak ematea ahaztu zitzaigun, baina hemen gelditzen da idatzirik.
Aulki hutsak, doluari buruzko dokumentala
Mesanotxean Julio Ramón Ribeyroren “La palabra del mudo” ipuin-bilduma daukat aspalditik. Liburua zabaldu eta “Página de un diario” ipuinarekin egin dut topo. Hil zaio aita protagonistari eta etxea jendez bete da (“La muerte había abierto de par en par las puertas de la casa”). Bitartean, haur protagonistak eskritorioa ireki eta hildakoaren luma hartu du. Lumaren jabe egin bezain pronto, fantasiazko mundura egiten du salto: eskolara eramango duela, lagunei erakutsiko diela, pertsona inportantea izango dela. Halako batean baina, konturatzen da berari dagokiola betetzea aitak utzitako hutsunea. Bat-batean, handitu egiten da haurra.
Ama hil zaio berriki Imanol Epelderi. Borroka latza izan dela dirudi semearen hainbat testu irakurrita (Ez nekatu gehiago ama, adibidez). Eta orain absentziarekin bizitzen jakin behar hemen geratu direnek (Ez dago besterik, labetik atera berria).
Bederatzi hilabete pasa behar ditugu amaren tripan munduratzeko eta duela bederatzi hilabete hil zitzaigun guri aita. Otsailaren 23an joan zen ospitalera. Kontzertua eman zuen egun horretan Anarik Victoria Eugenian eta ni bertara joatekoa nintzen. Ez zuen martxoa ikusi; 28an zendu baitzen.
Horiek bezalako data seinalatuak ditu aipagai Iñaki Peñak Aulki hutsak dokumentala amaitu eta jada erakusteko moduan dagoela kontatzeko idatzitako apuntean. Doluari buruzko dokumentala da, esan bezala, eta lehen pasea egina dute jada jendaurrean: petit comitéan, Elgetako Espaloian abenduaren 4an.
Eta orain jende gehiagok ikusteko ordua da: abenduaren 12an Bilbon, abenduaren 19an Donostiako KMn eta abenduaren 23an Errenteriako Fatima Parrokian.
Sinopsiak zera dio: "Zer gertatzen da maite dugun hori hiltzen denean? Normala da sentitzen dudana? Noiz hasi behar gara kezkatzen? Eta trabatzen bagara nora jo?"
Hona hemen dokumentalaren making off-a.
Aulki hutsak, un documental sobre el duelo, este apunte en castellano.
Hamar ordu Chirbes maisuarekin
Eguraldi txarra egiten zuen, baina aurreikusitako plana betetzea lortu genuen.
Bazkaltzeko iritsi zen Rafael Chirbes eta aspaldiko lagun zahar bat agurtzeko aukera izan zuen.
Ondoren, Sautrelarako elkarrizketatu zuen Hasier Etxeberriak Kur Galerian (aste batzuk barru botako omen dute telebistan).
Ordubeteko atsedenaren ondoren, Juan Luis Zabalaren txanda izan zen eta gaur argitaratu du Berriak elkarrizketa: "Elkarrekin harremanetan, idazleek elkarren antza hartzen dute askotan".
Bisitaren arrazoi nagusiena Ernest Lluch Kultur Etxean zuen, 19:30ean. Harkaitz Canorekin ordubete luzez jardun zuen hizketan.
Adi egon zen bildutako jendea bien arteko solasa entzuten. Emanaldiaren laburpena bildu zuen Boligrafo Gorria blogean Gorka Bereziartuak: Rafael Chirbes uholde betean.
Donostia Kulturak igo du jada audioa. Hasiera batean oso baxu entzuten zen, baina konponduta daude jada soinu arazoak. Merezi du ordu eta laurden maisua entzuten egotea.
Diez horas con el maestro Chirbes, este apunte en castellano.
P.S. Duela astebete Ángel Ferrerok eginiko elkarrizketa agertu zen Sin Permiso gunean. Lotura pdf bat da.
Chirbes Donostian berriro entzuteko aukera paregabea
Azaroaren 21ean Rafael Chirbes Donostiako Ernest Lluch Kultur Etxean egongo da arratsaldeko 19:30ean Harkaitz Canorekin solasean. Aurten argitaratutako “En la orilla” liburua da bisitaren aitzakia.
2007ko abenduan ekarri genuen Chirbes Donostiara. Lehendik ere etorria zen, baina orduan geroxeago hain ospetsu egin zen Crematorio argitaratu berria zuen. Hanka sartu genuen eta ez genien komunikabideei bidali prentsa deialdia. Ez zuen inolako pegarik jarri eta eskerrak lehenagotik elkarrizketaren bat egina zuen telefonoz (Moyanok). Paco Bueno tabernara joan ginen trago bat hartzera, Hasier Etxeberriak eginiko elkarrizketaren ondoren (oraingo bisita aprobetxatuko dute ere Sautrelakoek beste bat egiteko). Luis Irizar agurtu nahi izan zuen, baina ez zegoen bere sukaldaritza eskolan (ea oraingoan kitatzen duen zorra). Gustura atera zen jendea Ernest Lluch Kultur Etxetik eta ederto afaldu genuen David de Jorge eta beste hainbat lagunekin Kursaal jatetxean. Ederra izan zen ondorengo solasaldia.
2009ko udaberrian bion laguna zen Javier Ortiz hil zenean, Chirbesek testu sentitu hau idatzi zuen. Irakurri eta oraindik hunkitu egiten naiz. Are gehiago Rafaren ahotsa entzuten dudanean testua irakurtzen Javier Vizcaínok Radio Euskadin eskainitako omenaldian.
2010eko apirilean bueltatu zen Donostiara. Javier Ortizen omenaldia antolatu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusiek KMKn Alternatibaren eskariz. Mariano Ferrer aurkezle, Arantza Gurmendi, Garbiñe Biurrun, Nacho Escolar, Jabier Muguruza, Angel Unzu... Gogoan dut zenbat hitz egin zuen afarian eta zein adi entzuten zion jendeak.
2008an Argiarako elkarrizketatu zuen Aritz Galarragak eta 2010eko apirilean Jon Benitok Berriarako.
2012ko ekaina hasieran berarekin bazkaldu genuen bere herritik gertu.
2013ko urte hasieran atera zuen En la orilla, El Paísek La gran novela de la crisis deitutakoa. Eta hauxe da Donostiara azaroaren 21ean etortzeko aitzakia.
Duela gutxi Madrilen egon da eta hemen, adibidez, Vallekaseko Muga liburudendan izandako topaketaren bi kronika: Muga liburudendako aldizkarian bata, Pollito Libros gunean bestea.
Ez dut gauza askoz gehiago esango: aukera paregabea dela idazle handi bezain pertsona umil bat ezagutzeko. Valentziako eta Espainiako azken urteetako deriba oso ondo marraztu duen idazlea.
Hona hemen Valentziako Liburu Azokan udaberrian egin zioten elkarrizketa bat eta, beherago, haren liburu guztiak espainolez argitaratu dituen Anagrama argitaletxearen berri ematen duen saioa.
Una nueva oportunidad de escuchar a Chirbes en Donostia, este apunte en castellano.
Donostia eta Zinemaldia
"Jon Sarasuak, bere azken liburuan, galde egiten du zer galduko lukeen Donostiak Zinemaldia kenduko balitzaio. Bere ustean, ez asko: sektore batzuek bai, baina hiriak hiri bezala ez. Alabaina, Juan Karlos Izagirrek azken Musika Hamabostaldia aurkeztu zuenean, zera esan zuen: “Zinemaldia, Jazzaldia eta Musika Hamabostaldia dira Donostiako kulturaren oinarriak”. Beraz, [barre egin du] monarkikoa izaten jarraitzen du Donostiak, Bildurekin ere".
Gorka Bereziartuak Koldo Izagirreri eginiko elkarrizketatik. Donostiak ez daki zein diren bere problemak.
Aste honetan behin baino gehiagotan irakurri dudan paragrafoa, bai.
Benetan hori da Sarasuak eta Izagirrek pentsatzen dutena? Nik ez dut ezer ulertzen.
Iruzurra al da spotify?
Le Parody, 2013ko datuak
Sole Parody -Le Parody- Granadako musikari bat da. 28 urte ditu eta urriaren 15ean blogean (Números) kontatu du zenbat diru irabazi duen azken urtean musika munduan. Eldiario.es egunkarian egin dioten elkarrizketan lerroburu hau aukeratu dute: Le Parody: Spotify es un timo.
Elektronika, punk-a eta flamenkoa nahasten ditu Le Parody-ren musikak eta urtebete inguruan diru hau bildu ei du:
Bandcamp: 523 euro 34.309 erreprodukzio eta 1.429 deskarga (prezio askea). %15a plataformarentzat eta %7a PayPal. Azkenean, 407,97 euro garbi.
Spotify: Love me kantaren 3.607 erreprodukzio, 26,49 dólar. 11 euro pagatu behar izan dizkio Record Union agregatzaile digitalari kantak Spotify-ra igotzeko. Azkenean, 15 bat euro artistarentzat. Adi: agregatzaileak eta Spotify-k zenbaki ezberdinak ematen dizkiote erreprodukzioei buruz.
Diskoa: 300 ale atera ditu eta bakoitza 7 eurotan salduta, 700 bat euro lortu omen ditu otsailetik urrira bitartean. Erdiak promozioa egiteko erabili ditu eta urriaren 15ean 50 ale zituen etxean.
Kontzertuak: 25 zuzeneko eman ditu eta 5.500 bat euro jaso ditu bide horretatik. Sarrerak 5-10 euro bitartekoak.
Meteosat, 2002ko datuak
Beherago azaltzen diren Sole Le Parody-k ateratako ondorioak irakurriz, gogoratu nintzen “Mesedez, pirateatu nire kantak” ( Por favor, pirateen mis canciones artikuluarekin). Ignacio Escolar, Eldiario.es-eko zuzendaria, musikaria ere izana da eta 2002an Meteosat taldean ari zen garaian publiko egindako hainbat datu dira:
Meteosat: lehen diskoaren 10.000 ale saldu zituzten.
Lehen diskoa hiru urteko lana izan zen eta 3000 eurotik gora irabazi zuen Escolarrek diskoak saltzeagatik eta egile eskubideetatik. Hau da, 90 euro eskas hilean.
Lokala, hilean 35 bat euro pagatzen zituen.
Teklatu berri bat erosi zuen 2001eko gabonetan: 1500 bat euro.
Kontzertu bakoitzagatik, 90-360 euro garbi irabazten zituen.
Beraz, Escolarren ondorioa zen: “errentagarriagoa da kontzertuetara datozen 100.000 zale pirata 10.000 originalak baino”.
Le Parody-ren ondorioak
Artistari gehiago gustatzen zaio Bandcamp: ez du publizitaterik eta zure lanei buruzko estatistika gehiago ematen dizkizute. Le Parody-rentzat, diskoetxe batean egotea bezalakoa da, baina berak nahiago du bertan egon, diskoetxe batekin baino. Orain Management agentzia batekin hasiko ei da lanean.
Bandcamp-ekin jarraituz, positiboa dela uste du bertan dauden kanta gehienak musikari independenteenak direlako, ez dago publizitaterik eta zure lanari buruzko estatistika gehiago eskaintzen dizkizute.
Prezio askearen aldekoa da Le Parody: “Ez da errentagarria, baina zure musika hedatzea lortzen duzu. Pirateriaren aldekoa naiz, uste baitut horren ondorioz kontzertu asko atera zaizkidala niri”. Prezio askeak ekartzen du, bere ustez, gehiago entzutea eta deskargatzea diskoa.
“Ezagutzera emateko orduan formatu digitala ondo dago, baina lortzen den etekina sinbolikoa da. Agian galdetu beharko litzateke noraino duen errentagarritasunak zentzua. Nik kontzertuak egiten ditut eta bertan saltzen ditut diskoak. Polita da eta, gainera, hori da beti egin dena”.
“Spotify-a iruzurra da, nik banekien, baina bertan egon beharra duzu, ikusgai egon behar zarelako. Jende askok galdegiten dit ea Spotify-n nagoen nire musika entzuteko”.
Gardentasun gutxiko zerbitzua dela irizten dio: ez dago modurik jakiteko ea benetakoak diren zure kantek ustez dituzten erreprodukzioak eta ez dakizu zenbat diru eramaten duten beraiek.
“Spotify erreferentziazko plataforma bat da”. Lapurtzen diotela uste du, baina bertan egon beharra dagoela, hedapena beharrezkoa baita.
Emozioaren diktadura arrazoiaren gainetik
Buruan bueltaka dauzkat Estrasburgoko epaiaren ondoren irakurritako astakeria batzuk eta min eman dit ikusteak ustez zentzuzkoa dirudien jendeak nola begiratzen dien giza eskubideei unibertsalak izango ez balira bezala.
Baina bada ere lezioak ematen ari den jendea eta arnasgune dira bizi ditugun une ilunetan.
Manchesterretik bueltan entzun nituen Oier Araolazak ETBko Airean saioan esandakoak (15 min. 40 segundutik aurrera). Parot Doktrinari buruz ari ziren hizketan saioan eta Jaime Otamendi aurkezleak PPko Arantza Quirogak eta Sortuko Hasier Arraizek hitzak neurtu zituztela bota zuenean zera esan zuen Oierrek:
“Bazen ordua! Bazen ordua bi aldeetatik. Aipatzen da keinuak egin behar direla, keinuak egin behar direla eta ez dugu apenas keinurik ikusi. Alderdi Popularraren aipu horiek nahiko hautatuak dira, zeren eta era bateko mordoska bat ere aurki zitezkeen, baina lehen ez zegoen hautatzeko aukerarik ere ez. Bazen ordua eta pozteko kontua da.”
“Gure familian behintzat gaur oso egun berezia da. Dolu-eguna da. Gaur 33 urte, 1980ko urriaren 23an, Jaime Arrese Arizmendiarreta akabatu zuten tiroz. Eta benetan inoiz uzten ez zaituen zerbait da, baina horrelako egunetan, hain zuzen ere urteurrena denean, eta gai hauek pil-pilean daudenean, are gehiago”.
“Giza eskubideei buruz hitz egiten da, justiziaz hitz egiten da eta nik oso garbi daukat gure osabaren hiltzailea Parot doktrinaren ondorioz egon baldin bada behar baino gehiago kartzelan hori erabat injustua izan dela eta ez zegokiola. Eta hori oso garbi daukat.”
“Baina oso garbi daukat baita ere bera, eta bera moduan, beste inor hiltzeagatik zigortuta daudenak ez direla ez heroiak ez txalotzeko gudariak ez ongi etorria eskaintzeko inor. Gaizkileak dira, hiltzaileak. Gordina bada ere edo gogorra bada ere hau esatea, hala da. Eta horren neurriko harrera egin behar zaiela uste dut.”
“Oso ongi ulertzen dut familiak eta lagunek luzaroan ikusi ez duten edo besarkatu ezin izan duten senide eta laguna ongi hartzea, baina hortik aurrera luzaroan orain arte egin diren bezala omenaldi publikoak eta ongi etorri zabalak antolatzea uste dut giza eskubideen kontrako izugarrizko ankerkeria direla eta ezin dugula ibili salatzen presoen giza eskubideak errespetatu behar direla eta aldi berean preso horiek eragindako mina, aintzat hartu gabe, beraiek egindako giza eskubideen urraketa horiei inolako halako halo batean sartu eta gainera goraipatzea.”
Jaime Otamendik izebak ea zer pentsatzen duen galdetu zion Oierri eta isilik segundo batzuk eman ondoren, hauxe erantzun zuen: “Nik pentsatzen dut senide gehienontzat mingarria dela zure senidea erail duen pertsona kalean ikustea. Hori garbi dago: hori mingarria da. Baina horrek ez du zerikusia justiziarekin.”
Ederra errematea. Imanol Muruak laburbildu ditu adierazpen hauek gaurko Berrian argitaratu duten Piztiaren itzala zutabean eta gero hauxe gehitu du: “Mereziko luke orain arte baino arreta handiagoa jartzea halako ahotsei gure hedabideetan, ikuspegi hau jasotzea ere pedagogia baita”.
Ez da lehenengo aldia Oierrek bere osabari buruz zerbait esaten duela jendaurrean. Bloga erabili zuen, adibidez, 25. urteurrena bete zenean: Osaba Jaime hil zutela 25 urte.
Muruak dioen bezala, Arraizek esan du Sortuk ez dituela omenaldiak antolatutako. Barruan daudenen baldintzak ez zailtzeko estrategia izan daiteke.
ETAko biktimen erabilerari buruz asko idatzi zuen Javier Ortiz zenak eta haren hitzek gaurkotasuna mantentzen dute. Hona hemen hiru apunte haren irakurleek aste honetan sare sozialetan mugitu dituztenak:
Las víctimas y la razón: 2000ko urriaren 21ekoa.
De lo de Parot o de cómo esto va de mal en peor: 2006ko otsailaren 21ekoa.
Las víctimas: 2007ko martxoaren 5ekoa.
Azken honetatik esaldi bat euskaratu dut:
“Biktimaren figurak betetzen duen funtzioa oinarri-oinarrizkoa da gaur egungo ordenaren beste oinarri bati eusteko: arrazoiaren gainetik emozioaren diktadurarena, hain zuzen”.
La dictadura de la emoción sobre la razón, este apunte en castellano.
Vía Paul Rios youtuben jarritako zatia lortu dut.
Manchesterreko bi une
Gaur goizean Jurdan Arretxek Noticias de Gipuzkoan argitaratu duen Los dos minutos de Old Trafford ederra irakurri dut eta nik hartutako oharrak irakurtzen hasi behar nuen unean ikusi dut ni ere goizeko 1:00ak aldera hasi nintzela Manchesterreko aireportuan egunak eman zuena idazten. Gasteizera eramango gintuen abioian eserita. Goizeko 7:30ak aldera iritsi nintzen etxera. Merezi izan zuen.
6.000 realzale joan omen ginen Old Trafford zelaira Realaren Champions Leagueko hirugarren partida ikustera. Hirugarren porrota suertatu zena. Ondo baino hobeto dut gogoan nola haserretu nintzen Iñigo Martínezek gure atean sartutako gola ikusi nuenean. Ezin nuen sinetsi. United gu baino gehiago izan zen, baina Realak ere izan zuen markagailua berdintzeko aukera bat baino gehiago. Dena den, nik hemen beste gauza batzuk kontatu nahi nituen.
Asteazkenean goizeko 4:40ean jo zuten bi iratzargailuek etxean. Gosaldu, dutxatu eta balkoira atera nintzen ea taxia bertan ote zegoen. 5:15era etorri zen. Bertan zegoen Marijo. Anoeta Estadiora eraman gintuen taxi gidariak. 6:00etan autobusean sartu Edurnerekin batera eta Miarritzeko Aireportura. Bertatik 9:00ak aldera atera zen 1h 40 min iraun zuen hegaldiak.
Euripean hartu gintuen Manchesterrek. Autobusean hurbildu gintuzten Old Trafford estadiora. Argazki batzuk atera, partidaren berri ematen zuen tapaukia erosi eta United-en denda ofiziala bisitatu ondoren erdialdera abiatu ginen Marijo, Edurne, Itziar eta Maria.
Oinez abiatu ginen ustez hiriaren erdialdera, baina Ketarirekin gurutzatu eta hark esan zigun hobe genuela tranbia hartzea. Bost bat kilometrora baitago Piccadilly.
Txuri-urdin gehienak bizpahiru tabernatan zeuden kontzentratuta eta horietako batean hartu genuen pinta bat. Ketariz gain, ezagun batzuk ikusi nituen: Ana, Ainara, Arantza, Mikel, Juan, Jurdan, Txomin...
Café Rouge-n egin genuen eguerdiko otordua. Erdialdean ibili ginen ondoren, barruak berotzeko beste kafe bat hartu eta, kalejira antolatuta bazegoen ere, tranbian bueltatu ginen estadiora.
Zelai inguruan agurtu nuen Lander Garro, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera egin beharreko telebista saiorako irudiak grabatzen. Realaren autobusa zelaira iristen ikusi bai, baina ez genituen jokalariak ikusi, autobusaren beste aldetik atera zirelako. Minutu batzuk lehenago Alex Ferguson sartu zen toki beretik.
Azkenean, gure tokira joan ginen. E32tik sartu eta Bravok lehen zatian defendatu zuen atearen goiko aldean kokatu gintuzten. Hantxe geunden realzale gehienak.
Ondo merezita du Ametsen Antzokia izena. Bi bideo grabatu nituen, Manchesterreko bi une. Lehenengoan, taldea beroketa-ariketak egitera irteten den unea agertzen da; bigarrenean, bi taldeak zelaira salto egiten dutenean.
Bigarren honetan entzungo duzue nola kantatzen duten lagunek Champions-eko ereserkia.
Dos momentos de Manchester, este apunte en castellano