Elefanteek musika amets
Maiatzaren Lehena den honetan goizeko 5:00etan esnatu egin naiz. Ezin lorik hartu berriro. Altxatu, mugikorra piztu eta Cuando los elefantes sueñan con la música irratsaioko azken podcast-ei bistadizo bat bota. Joño! Apirilaren 25eko saioa Zeca Afonso musikagile eta abeslari portugaldarrari eskainia dago.
Zoragarria, aizue! Gaueko isiltasunean eta kaskoekin entzuten baduzue, hobeto. Lerro hauek idazten ditudan bitartean hirugarren aldiz ari naiz entzuten.
Duela hogei bat urte izan nuen Carlos Galilearen berri. Lokua Kanzari buruzko artikulu bat sinatu zuen El Paísen eta geroztik jarraitzen dut kazetaria, nahiz eta hilabeteak pasa ditzakedan haren berririk izan gabe. Munduko musiken alorrean, musika brasildarrean batez ere, da espezialista. Gustuko dut mundu aldrebes honetan edertasunaren bila jotzeko duen gaitasuna, musika ona aukeratzeko abilezia, kantak aurkezteko erabiltzen dituen hitz apur, goxo eta jakintsu horiek.
Grândola, Vila Morena kantaz aparte ezer gutxi nekien Jose Zeca Afonso musikagileari buruz eta Galileak haren obra ezagutzeko gogoa piztu dit.
Erdaraz? Noski baietz
Pasa den hilabete hasieran esan zuen Mikel Irizarrek hastekoa zela gaztelaniaz Radio Euskadiko Boulevardeko tertulian. Hiru tertulia pasa dira jada eta sakondu ditu erabaki hori hartzeko arrazoiak eta testuingurua Erdaraz, bai ala ez? apuntean. Nire jardunari erreparatuta, argi dago zein den nire erantzuna, baina merezi du irakurtzea Mikelen analisia.
Kaleratzeak Eusko Irratian
Ondo hasi gara, baina mikazten ari da apuntea.
Radio Euskadi aipatu dut aurreko paragrafoan eta EITBko irratiekin harremana duen beste gai batek eztanda egin du aste honetan. Arazoa Andoni Ortuzarren garaitik dator: autonomo bihurtu zituen zuzendaritzak 126 langile, langileriarentzako aurrekontua gainditzen zelako. 2008an iruzurra antzeman omen zuen Gizarte Segurantzak Radio Euskadin eta kontratu "mugagabe ez finkoak" egin behar izan zituzten. Egun 79 langile daude egoera horretan.
Hortik aurrera batzuek gauza bat eta beste batzuek beste gauza bat esaten dute. Langile batzuk (Bilboko egoitzakoak direla esango nuke; Radio Euskadikoak, batez ere) sarean antolatu dira Despidos Radio Euskadi Irratia kaleratzeak izeneko gunean.
Zuzendaritzarekin bat egin dute EAJk, EH Bilduk eta LABek. Gainerako sindikatuak kontra daude. Hona hemen LABen bertsioa eta hona hemen ELArena.
Euskara aitzakia gisa erabiltzen ari dira jendea botatzeko? Hori esaten dute kaltetuek eta hori zabaltzen ari da erdal munduan. Ez dakit hori horrela den edo ez, baina ondo esplikatu behar dira arrazoiak. Eta ez bakarrik euskaraz.
Maiatzaren Lehena
Lanpostua defendatzen ari dira Eusko Irratiko langileak eta horretan ari dira ere Diario de Navarrakoak. Duela aste batzuk izan nuen Comité de Empresa de Diario de Navarra gunearen berri. Otsailaren 15ean eginiko agerraldian irakurritako manifestua marko batean jartzeko modukoa da. Badakite borroka luzea dela eta, oraingoz, %50eko soldata murrizketa izan dute. Hona hemen adibide bat. Pilar Morrás-ek ezagutzera eman du bere nomina. 24 urtez kazetari lanetan DNn ibili ondoren, 850 euroko nomina garbia erakutsi du.
Hori da datorrena. Abisatuta gaude.
Bai saio ederra Cuando los elefantes sueñan con la música. Eta batez ere, ze ona bere funtzio publikoa ahazten ez duen irratia.
Bide batez, kasualitatea egun beretsuetan zeuk blog honetan eta Fermin Etxegoienek (Toninho Hortaren `Aquelas coisas todas´, Elefanteen sintoniako kantuaren, hainbat bertsio jarriz) Musikatean aipatzea
Hemen entzun daiteke aipatu zuen saioa:
http://www.eitb.tv/eu/irratia/euskadi-irratia/musikatea/1382708/2203756/musikatea-apirilak-28/