Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Juan San Martin Beka / Sarrera eta hainbat ohar

Sarrera eta hainbat ohar

Maialen Odriozola 2013/12/18 23:05

Pasa den urriaren 11an Eibarko Pegora herritarren zerbitzura joan nintzen Juan San Martin bekaren deialdiaren baitan, Eibar.org blog komunitateari buruzko ikerketa proiektua proposatzera. Proposamenak hainbat zutabe nagusi biltzen zituen: blog fenomenoa eta blogarien estatusa; iritzi publikoa eta parte hartzea; eibar.org atariaren azterketa eta web orriak Eibarko herriarekin duen lotura zehaztea.

Azaroaren 14ean deitu zidaten Eibarko Udaletik bekaren onuraduna nintzela jakinaratzeko. Ordutik ikerketaren azpiatalak egituratzen aritu naiz; blogak ikertzen, eta artikulu, liburu eta txosten ezberdinak irakurtzen.

Gaurtik aurrera blog honen bitartez partekatuko ditut guztiak. Ez dut ikerketa zehatz mehatz azalduko, proiektua osotasun baten barruan ulertzen dudalako. Dena den, bertan jasoko ditut, ikerketan helduko ditudan gaiak, irakurketen inguruan egiten ditudan apunteak…

Lehenengo sarrera hau amaitzeko aldaketa mediatiko eta kultura parte-hartzailearen inguruko hainbat apunte:

1) Luistxo Fernandezek 2005ean blog komunitate honetan idatzitako “Blogen buztan luzea eta harpidetza motza” sarreraren pasarte bat, badu testuak bere mamia:

“Ez. Egin dezagun zerbait eutsigarria, barka, iraunkorra. Eman diezaizkiogun armak herriari: blogosfera osa dezaten herritarrek, euskaldun bakoitza blogista bihurtzeko xaxatuz. Batzuek aukera aporbetxatuko dute, beste batzuek ez; baina gutako bakoitza (edo gure artean asko eta asko behintzat) hedabide bat denean, euskarazko informazioaren esparruak buztan luzearen antza izango du. Eta orduan, merkatu nagusiari zerbitzatzen dion EITBk barik, blogosfera anitz horrek okupatuko du nagusitasuna euskarazko Interneteko komunikazio eta informazio esparruan. Gu izango gara nagusi. Gu, blogariok, bakoitza bere 15 laguneko jarraitzaile-multzoarekin.”

2) University of Sourthen Californiako “New Media Literacies” proiektuko kideen bideoa, parte hartzearen inguruan hainbat gako ematen dituzte bertan: gaitasun digitalak, kontsumitzaile-sortzaile izaera, interneten argitaratutako informazioaren fidagarritasuna… Ikusi bideoa hemen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Maialen Odriozola Martija naiz, kazetaria. Blog komunitate honen inguruko ikerketa proposamen bat egin nuen eta hara… Juan San Martin beka eman didate.  Blog honetan ikerketa honi buruz hitz egingo dut gehien bat, hori bai, agian, egunen batean beste zerbait kontatzeko behar kontrola ezina sentituko dut. Kasu guztietan ongi etorriak izango dira zuen iritzi, proposamen edota zuzenketak. 

Informazio gehiago hemen

Twitter-a: @maialenodriozol

Etiketak