Tortura: Ion Arretxeren kontakizuna
Gasteizko parlamentuak onetsitako Polizia-abusuen legeak zeresan gehiago eman du bertan egondako zirkuagatik legeak berak esaten duenagatik baino. Ikusiko dugu zer nolako ibilbidea duen, Nafarroakoa Konstituzionalak atzera bota baitzuen.
Honek guztiak Ion Arretxeren «Intxaurrondo, la sombra del nogal» liburua irakurtzen harrapatu nau.
2015ekoa bada ere, garai hartan ez nuen sentitu liburuaren deiadarra. Orain, aldiz, irakurtzeko beharra nuen eta, egia esateko, latza izan da inpresioa.
Gehienok ezagutzen duzue Ion Arretxe, baina bi lerrotan laburbildu dezagun zergatik egin zen ezagun(ago): 1985ko azaroan, 21 urte zituenean, Guardia Zibila gauez etxean sartu eta atxilotuta eraman zuten Intxaurrondora. Lehendik inguruko ibai batera eraman zuten bertako ura dastatzera. Gorriak ikusiko zituen bidaia hasi berri zuen Arretxek.
Operazio berean beste hiru pertsona atxilotu zituzten. Horietako bat, Mikel Zabalza, hil egin zen (judizialki ezin esan "hil egin zuten"; baina denok badakigu zer gertatu zen). Haren andregaia, Idoia Aierbe, 2018ko abenduan zendu da.
30 urte behar izan zituen Arretxek 1985ean gertatutakoa liburu bihurtzeko.
Duela aste batzuk, aditu batek esan zidan erreparatzeko Intxaurrondoko gauetan guardia zibil batekin izandako elkarrizketen pasarteei. Arretxek dio guardia zibil horren betebeharra atxilotua esna mantentzea zela (aingeru guardakoa argotean). Ez zuen kolpatzen, berarekin hitz egiten zuen (neskei buruz, adibidez) eta saiatzen zen Ionen eskakizunak betetzen: xake taula bat, paper muturren bat eta hura margotzeko materiala, freskagarri edo kaferen bat eta abar.
Gaua horrela pasa ondoren, goizeko txandan sartzen ziren galdeketekin jarraitzen zutenak.
Bitxia da Arretxek kontatzeko erabilitako teknika: ez du dena ildo jarrai batean adierazten, garai bateko bestelako kontu batzuk tartekatzen baititu. Hau da, ildo nagusia Intxaurrondon eta Madrilen pasatako egunak dira, baina tartean bere lagunei buruz aritzen da, Errenteriako talde punkiei buruzko gauzak (Odio, Basura, Los Rumberos de Astigarraga... baina baita Aguraingo La Polla ere), heroinak bere inguruan egindako kalteak eta abar.
Etenak dituen kontakizun horrek hasiera batean deskolokatu egin ninduen, baina gero puntua harrapatu eta ohitu egin nintzen. Hori bai, kontrastean, epilogoko hari jarraituak hartzen duen indarra are izugarriagoa da.
Egonaldiko egun haietako batean, Galindoren bisita ez oso atsegina izan zuen: barrabiletatik heldu eta kolaboratzeko eskatu zion. Gogoratu behar da jenerala, Lasa eta Zabalaren hilketan inplikatua egoteagatik GALeko kide gisa, 71 urteko kartzela zigorrera kondenatua izan zela 2000. urtean. 2004ko udazkenean atera zen kartzelatik arritmia bat zela medio. Geroztik etxean dago.
Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, 2017ko abenduaren amaieran aurkeztu zuen Kriminologiaren Euskal Institutuak 1960-2014 urteen artean, Euskal Herrian torturaren eta tratu txarren inbestigazio proposamena (400dik gorako pdf lotura da). Laburpen exekutiboa 12 orrialdekoa da (pdf lotura hau ere). Paco Etxeberria, Carlos Martín Beristain eta Laura Pegok osatutako hirukoteak koordinatutako lanean, hainbat arlotako 55 profesionalek hartu zuten parte.
Txostenak 4113 kasu zehazten ditu. Horiek dira denak? Ez. Adituek diote benetako kasuak bider 4 edo 5 biderkatu behar direla. Beraz, kopuru potoloak dira esku artean ditugunak.
Hau guztiau kontatzen dut, maiatzaren 11n, Donostiako Egia Kultur Etxean «José K, torturado» antzezlana taularatuko duelako Iván Hermes aktoreak iluntzeko 20:00etan. Javier Ortizek idatzitako testu bat du oinarri Carles Alfaro zuzendariak bigarren aldiz muntatutako antzezlanak.
Egunean bertan, antzezlanaren aurretik, torturari buruzko mahai-inguru bat antolatu da. Datozen egunetan emango dira xehetasun gehiago.
Bitartean entzun dezagun 2017ko martxoan hildako Ion Arretxeren testigantza hau Mikel Zabalzaren omenezko ekitaldi batean.
ETAk min handia egin dio herri honi, baina beraiek ez dute indarkeriaren monopolioa izan.
Tortura: lo que cuenta Ion Arretxe, este apunte en castellano.
Bideoa: Theklan.
Kazetaritza eta boterea
Wikipediaren arabera, David Jiménez 1990eko hamarkadaren erdialdean hasi zen bekadun moduan El Mundo egunkarian eta 1998an joan zen Asiara, periodikoarentzat korrespontsal gisa aritzera.
Handik bueltan, 2015eko apiriletik 2016ko maiatza bitartean, El Mundoko zuzendaria izan zen. Pedro J. Ramírez fundatzailea eta Casimiro García-Abadilloren ondoren eman zioten zuzendaritza Jiménezi.
Arraroa egin zitzaidan erredakzioan hain gutxi egondako bera bezalako kazetari bat hain egoera aldrebesean zegoen egunkariko zuzendari egitea.
Esan bezala, urtebete iraun zuen karguan, ondoren Pedro García Cuartangok hartu zuen lekukoa eta gero Francisco Rosell aukeratu zuten. Honek ez du oraingoz profilik Wikipedian eta ez dakit zenbat iraungo duen aulki elektrikoan.
Buelta gaitezen David Jiménezengana. A priori, zeresana emango duen liburua idatzi du, El director, Libros del K.O. argitaletxeak apirilaren 8an plazaratuko duena.
Aste honetan bertan aurrerapen bat agertu da El Confidencial agerkarian: Comprar un periodista no es posible, pero del alquiler podemos hablar (ezinezkoa da kazetari bat erostea, baina alokairuari buruz hitz egin dezakegu).
Argitaletxeak dio erredakzioko bizitza azaltzeaz gain, boterearekin izandako talkak kontatzen dituela.
Adibide moduan paragrafo hau kopiatuko dut hemen:
«Empecé a padecer el incordio de las llamadas de la élite económica del país, porque una vez te conocían podías estar seguro de que llamarían. Sus peticiones me parecieron bastante inocentes al principio. Borja Prado, el presidente de Endesa, de quien me habían advertido que era clave en mi supervivencia porque era «el hombre de los italianos en España», llamaba para pedir ser incluido en 'Vox Populi', la sección de las páginas de Opinión en la que sacábamos una foto tamaño carnet de personajes del día, con una flecha para arriba o abajo y un comentario elogioso o crítico sobre algo que hubieran hecho.»
Gerturatu dezagun fokua. Bitan egon naiz Donostiako Hipodromoan zaldi lasterketak ikusten. Horietako batean, etxerako bidean jada, eskaileretatik behera jendea ateratzeko zain, nire aurrean zegoen Gipuzkoako enpresa munduan ardura potoloak izandako pertsona bat. DVn negritak idazten dituen Joti Díaz kazetariarekin solasean ari zen. Burua biratu eta nire azpian zegoen emazteari pozarren tonu naifean zera esan zion: «Biloben izenak eskatu dizkit! (...) Bai, biharko kronikan jartzeko».
Horrelakoak gara gu. Horrelakoak dira beraiek ere.
Bitan jarrai
DV aipatzen dudala, ostegunean irakurri nuen Alberto Moyanoren kronika Foru Aldundian merezitako omenaldia jaso zuelako Raúl Guerra Garrido idazleak.
Artikulua irakurri eta argazkiak ikusi ondoren, konturatu nintzen Gipuzkoako EAJren kargu instituzionalik ez zegoela (memoriaz ari naiz). Soilik Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzaren izenean.
Ez dakit zer egon den tartean, baina hutsuneak nabarmenak ziren.
Larunbatean, goizeko kafea hartzen nuen bitartean, Noticias de Gipuzkoan «Gipuzkoa está más fortalecida» artikuluarekin egin nuen topo. Argazki oinari erreparatu nion:
Bai, badakit albistea aurre-kanpainan kokatu beharra dagoela, baina esanguratsua egin zitzaidan «junto a su equipo de gobierno» esaldia.
Hau da, diputatu sozialistak ez daudela bere gobernu taldean.
Periodismo y poder, este apunte en castellano.
Apirilaren 1eko oharra: atzoko DVn Alberto Moyanok berak aipagai Guerra Garridoren omenaldi eguneko absentziak. EAJz gain, EH Bildurena ere apuntatzen du berak.
Etxegabetzeak Donostian
Desahucios en San Sebastián, este apunte en castellano.
Etxerik gabekoak
Beti esan dut eskaleekin topo egiten duzunean zaila dela zer egin jakitea: txanpon batzuk botatzen badiezu, gaizki; ezer egin eta esan gabe pasatzen bazara, okerrago.
Udazken eta negu honetan askotan egin dut topo pertsona batekin Caixabank-ek auzoan duen kutxazain batean. Behin esan zidanaren arabera, urtebete baino gehiago zeraman kalean lotan.
Auzotik kanpo, erdialdean ere ikusi izan dut, beti bakarrik. Itxuraz sasoiko dago gizonezkoa, baina aterpe ezak asko izorratzen du pertsona eta auskalo nola dagoen benetan.
Aintzat hartzekoa iruditzen zait banketxeen mundu honetan kategoriak daudela eta, adibidez, Kutxabank-ek kutxazainak dituen espazioak itxi egiten dituela automatikoki gaueko 22:00ak edo 23:00ak aldera eta bertan ezin dela inor lotan geratu.
Urrian San Franciscon pasa nituen egun batzuk eta hainbeste etxegabeko pertsonekin egunero gurutzatzeak asko markatu ninduen.
Pasa den asteburuan Sara Mesa idazlearen Silencio administrativo. La pobreza en el laberinto burocrático liburuxka irakurri dut. Etxerik gabeko Sevillako hogeitaka urteko emakume bat lagundu nahian bizitutako labirintoa kontatzen du idazleak eta haren irakurketa gomendatzen dizuet. Argi eta garbi gelditzen baita gauza bat dela legeriak aipatzen dituen eskubideak eta beste bat erabat desberdina horren benetako aitortza (ekonomikoa, adibidez).
Sara Mesak berak El Paíseko Pobreza: Silencio administrativo artikuluan laburbiltzen du egoera.
Etxegabetzeak
Gehienok jakingo duzue 2019ko Donostiako Urrezko Danborra Rosa Garciari eman zitzaiola, Donostiako eta Gipuzkoako Stop Kaleratzeak elkarteko kideari.
Gogoratu behar da Donostia "etxegabetzerik gabeko hiria" dela 2015eko irailetik eta, horren ondorioz, fede oneko zordunen kasuan Udalak bitartekari izatera behartuta dagoela banketxe eta inbertsio funtsen aurrean.
Aste honetan plataformak egindako zaratagatik, besteak beste, geldiarazi dute Txomin, Bea eta bi seme-alaben etxegabetzea Benta Berrin.
Kafe bat hartzen ari ginela kontatu zidan zerbait, erdi ahopeka, Txominek asteartean. Periodikoren bat irakurtzen nengoen eta ez nion kasu handirik egin.
Handik bi egunera, berriz, hara non ikusten dudan argazki hau. Bea da ezkerrean eserita dagoena, Rosa Garciaren alboan. Txomin, berriz, atzealdean ageri da, arbola atzean duen gizon handi hori.
Argazkia: Irati Salsamendi (Irutxuloko Hitza)
Bi paragrafo arazoa laburbiltzeko Irutxuloko Hitzatik hartuak:
"Plataformak jakinarazi duenez, familiak ezin izan zien aurre egin alokairuaren 778,02 euroko bost kuotari 2018an, izan ere, aita bajan egon da sei hilabetez, soldataren %60a kobratzen, eta kaleratu egin dute".
(...)
"Familiaren etxearen eta Benta Berriko babes ofizialeko beste hainbat etxeren azalera eskubidea Metrovacesa eta Vallhermoso promotoreei eman zien 90eko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak, 75 urterako. 2016an Santander, BBVA, Caixa eta antzeko bankuen aktiboak kudeatzen dituen Testa Residencial-Socimi enpresarekin fusionatu ziren. Egun, Testa Residencial-Socimiren inbertitzaile nagusia Blackstone putre funtsa dela azaldu dute".
400dik gora etxebizitza omen ditu enpresa honek auzoan eta 2028tik aurrera arazoa handitu daiteke alokairuaren prezioa finkatzeko orduan amaituko baita Jaurlaritzak egiten dute tasatzaile lana, urbanizazio honi dagokionez. Plataforma beldur da muga hori gabe gora egitea prezioek.
Askori okurritzen zaigun galdera da nola buka dezakeen hainbeste etxebizitza publikoen kudeaketak putre funtsa baten esku.
Apirilaren 1eko oharra: erreportaje majoa Jorge Napalek Noticias de Gipuzkoan, Los buitres sobrevuelan Benta Berri.
Urrutiko intxaurrak
Madril
Bazkari bat. Ezagutu berri dugun pertsona batekin ari gara solasean. Lehendik badugu elkarren berri, baina gaur arte ez gara elkarren ondoan egon. Hau da, gaur da lehen aldia elkarri aurpegia jartzen diogula.
Une jakin batean Donostia goratzen du berak, batez ere sukaldaritza kontuak. Aldiz, Madrilgo erdialdea alferrik galduta dagoela esaten du. Gauza gehienak turismoaren mesederako egin direla.
Hau da, nik, guk, Donostiako Parte Zaharrari buruz esaten dugun gauza bera aipatzen du berak.
Asteburu bat pasatzen duzu Madrilen eta gustura egoten zara bertan.
Katalunia
Euskal Herriko jende asko dago Kataluniari begira. Independentismoa dela eta ez dela, bertako hainbat politikari eta herritar askok hartutako bidea goratzen da. Aldiz, hemengo politikariak (EAJ eta Urkullu buru, bereziki) bide independentista pikutara bidaltzen ari direla salatzen da.
Ireki parentesia. Lizarra-Garazi garaian Javier Ortiz maisuak idatzitako zutabe hau irakurtzea gomendatzen dizuet: El PNV no es independentista. Itxi parentesia.
Kataluniako beste hainbat lagunekin hitz egin eta Euskadin (beraiek horrela esaten dute) hartutako bidea goresten dute.
Bi, lau edo hamalau
Beraz, zein da biderik ederrena? Zer gertatzen ari da benetan? Ez dakit, baina komeni da tarteko distantzia hartzea.
Izan ere, urrutiko betaurrekoak jantzita, hamalau ikusten dugu, baina gertukoak soinean jarrita lau... edo bi.
Sartu bideoa!
Dos, cuatro o catorce nueces, este apunte en castellano.
Hiru egun Madrilen
Tres Cantos: Espino
Ostegun goizean abiatu ginen, autoz. Lehen geldialdia Tres Cantosen egin genuen. Jesús Espino editorearekin bazkaltzeko aprobetxatu genuen. Lehen aldia elkarrekin egoten ginela.
Exetarra
¿Exetarra, @elpais_cultura? 🤔 https://t.co/4bebPJ3Vup
— Javier Ortiz Estévez (@jortiznet) 2019(e)ko martxoaren 7(a)
Martxoaren 7an Rocío García kazetariak sinatutako pieza hau irakurri nuen El País egunkarian. Otsailaren 26koa da eta bertan aipatzen ditu Abadia Antzokian indarkeriari buruz programatutako bi antzezlan.
Javier Ortiz definitzeko orduan «periodista y exetarra» erabiltzen du eta aho bete hortz geratu nintzen.
Bi ohar:
1.- Euskaldunok ez dugu hitz hori erabiltzen. Guretzat -rra jentilizio bat delako eta argi dago erakundea ez dela herri bat.
Lagun batekin lehengoan gaia komentatzen, berak zioen behin edo erabili dela hitz hori modu esanguratsuan: «Imanolek eta Oskorrik abesten zuten Gabriel Arestiren "Josepa Mendizabal Zaldibian" poeman: "etarren amek asko sufritzen dute..."».
2.- Javierrek berak zioen 15 urte zituenean (1963an edo) hasi zela politikoki militatzen. 70eko hamarkadan eta 80koaren hasieran Mugimendu Komunistan ibili zen. Honen aurrekaria ETA Berri izan zen, 1966an izandako ETAren zatiketa baten ondorena. Zenbat denbora egin zuen Ortizek erakunde haren bueltan? Ez dakit esaten, baina hilabete gutxi batzuk. Horrek jada markatzen du «etarra» gisa? Gogoratu 1968ko ekainean egin zuela ETAk lehen hilketa eta 1966ko izan zela une klabeetako bat.
Urte hauetan guztietan Ortizen lanak irakurrita, giza eskubideen defendatzaile bikain batekin egin dut topo.
Saiatuko naiz artikulu hori sinatzen duen kazetariarekin harremanetan jartzen, ez baitio kasu egin Twitter-en utzitako aipamenari.
Martxoaren 13ko oharra: astelehenean idatzi egin nion kazetariari eta jada konponduta dago, edizio digitalean behintzat, gaizki ulertua.
Martxoak 8
Eguerdian Luis eta Silviarekin genuen hitzordua Chamberíko plazan eta han ikusi nuen lehen aldiz Ortizen Patera zerrendan ibilitako Hugo ere, gaur egun parlamentari dena Madrilgo asanbladan.
Zaintza eta babesleku gisa auzoko kultur etxea zabaldu zuten eta hantxe egon ginen ere.
Bazkarian Juanjo ere agurtu genuen eta arratsaldean Atochatik abiatzekoa zen manifara hurbildu ginen.
Poliziak emandako datuen arabera iazko kopurua bikoiztu egin zen (170.000 iaz, 350.000 lagun aurten).
Lehen aldia da egun hau Madrilen pasatzen nuela eta deigarria izan zen kolore eta adin guztietako jendearekin topo egitea.
Bitxia ere bandera errepublikano bakarra ikustea eta gaur egun indarrean dagoen bandera espainiarrik ez agertzea inon manifan.
Luis Ortiz Alfauren heriotza
Ander Izagirreren txio batengatik jakin nuen 102 urteko borrokalari peto izandako Luis Ortiz Alfau zendu zela martxoaren 8an. Gugan bego haren memoria!
José K, torturado
Eguerdian Tirso de Molina inguruan dagoen Traficantes de Sueños liburu-dendatik pasa ondoren, aperitiboa kale berean dagoen Sala Equis tabernan hartu genuen.
Galego batean konpainia noblean bazkaldu ondoren, Abadia Antzokira jo genuen «José K, torturado» ikustera.
Bi handicap: bata, bapo bazkaldu ondoren gindoazela; biga, aurreko muntaian Pedro Casablanc aktorearen interpretazioa genuela buruan iltzatua.
Gaur egungo muntaia zuzendari berak egin du (Carles Alfaro valentziarrak), baina horretarako bere ekoiztetxea erabili du (Moma Teatre). Iván Hermes da orain 70 minutuko monologoari heldu dion aktorea.
Eta Hermes onik ateratzen da. Pedro baino hamahiru urte gazteagoa, lan fisikoagoa egiten du, gehiago mugitzen da, muki, izerdi eta ubeldura gehiago ikusten da aurpegiaren lehen planoa erakusten duen pantailan.
Interprete gazteagoa izanik, hainbat gauza ere aldatu dituzte. Adibidez, bukaera.
Nik oraindik buruan bueltaka dut antzezlana, prozesatzen.
Maiatzean Donostiara etorriko da eta, aukera baduzue, joan ikustera. Laster egingo da publiko data eta jarriko dira salgai sarrerak.
Tres días en Madrid, este apunte en castellano.
Lisabö zuzenean
Intxaurrondoko tabernan geundela azaldu zen gaueko 22:00ak aldera jostari, kantari, Mursego ardiak (gu geu) jaso eta aretora bideratzeko. Katarsia hastera zihoan.
Ordubete eskas pasa zuen eibartarrak taula gainean. Betikoa egin zuela esan daiteke laudorio moduan? Nire ustez Maiteren kasuan bai. Oiongo diskoko bi kantu gogoratzen ditut: bertako emakume arabiarrei ikasitako kanta eta haserrea kanporatzeko Zurrumurru, zurrumurru. Lisabö-koen azken diskoko esaldiarekin aritu zen ere abesti batean bueltaka. Bis gisa, trap edo dena delako hau kantatu zuen. Zatitxo bat grabatu nuen. Aitatxo.
Astean zehar agortu ziren sarrerak Behe Bidasoako taldea ikusteko. Disko berria kaleratu zuten 2018ko Durangoko Azokan (Eta edertasunaren lorratzetan biluztu ginen) eta hauxe zuten birako lehen kontzertua.
Ordu eta erdiz seikote formatuan aritu ziren: Javi Manterola eta Karlos Txap Osinaga, Eneko Aranzasti eta Sergio Gonzalez, Xabi Zabala eta Borja Toval. Agerraldi labur bana: Aida Torres hasieran eta Martxel Mariskal bukaeran. Maite Arroitajauregik (Mursego) kanta batean lagundu zituen.
Deskargak egiten dituzte Lisabötarrek eta zaila da hitzez kontatzea zer sentitzen den. Lehen lerroan egon nintzen eta atzetik ikusten ez diren detaileei erreparatzeko balio izan zidan horrek.
Txorakeria bat: aurreko laukotea botak soinean, atzeko bateriak kiroletako oinetakoekin zelairatu ziren. Honek zerbait adierazi nahi du? Ez, txorakeria bat delako.
Hoberena begiratu, ikusi eta entzutea izaten da, baina nik ere atera nuen segapotoa patrikatik irudi edo bideoren bat hartzeko.
Gaur, etxean jada, argazkiak ordenagailura pasa ditudanean, konturatu naiz ia argazki guztietan mugituta agertzen zaidala Xabi Zabala.
Bira laburra dutela dirudi. Aukera izanez gero, segi ikustea.
Lisabö en directo, este apunte en castellano.
Hegal egiten (VII)
Emakumeen futbola
Asteazkenean, otsailak 20, Reala eta emakumeen futbola mahai-ingurua egin genuen Donostiako El Rincón jatetxean. Jakin nahi baduzue Ane Etxezarretak, Ixiar Bakerok eta Ainara Arratibelek zer esan zuten Maddalen Marzolek proposatutako gaiei buruz, kronika dago Realsocialismo taldearen webgunean: Emakumeen futbolak urratsak eman baditu ere, asko dago egiteko.
Gaur partida ikustera joan naiz Zubietara eta Realak erraz menderatu du Madrid: 3-0.
Gordailua: bigarren bisita
Urtarrileko azken ostiralean ezagutu nuen Gordailua. Otsaileko azken ostiralean bisitatu nuen bigarren aldiz eta beste gauza batzuk erakutsi zizkiguten (gaia arkeologia zen). Zain nago nirekin joandako batek ea kronika idazten duen.
Zuek joan nahi izanez gero, kontuan hartu hilabete bakoitzeko (uztaila eta abuztua kenduta) azken ostiralean bi bisita egoten direla: 17:00etan gaztelaniaz eta 18:00etan euskaraz. Gordailuaren webgunean albisteen atalean iragartzen dute noiz zabaltzen den izena emateko epea.
Ortizen liburua
Ostegunean bidali zizkidan editoreak inprentara bidali aurreko galeradak. Argitaletxeko zuzentzaileak eskua sartu du, baina oso gutxi. Harrituta geratu nintzen editoreak esan zidanean Ortiz leísta zela eta horiek izan direla egindako zuzenketa nagusiak. Gero konturatu nintzen ni ere banaizela eta horregatik iruditu zitzaidala harrigarria.
Okerrik ezean, apirilaren lehen hamabostaldian egongo da liburu-dendetan.
Ortizen zale giputzentzako oharra: apuntatu zuen agendetan maiatzaren 10a eta 11, faborez. Donostian elkar ikusiko dugu.
Harkaitz Canoren ezinezko simetriak saritu ditu Correok
Gaur goizean Gari Araolazak txio hau jarri dit:
Eskerrak azkenean bisibilitatea eman dioten gazteleraz! Ze ondo @iturri ! https://t.co/SpmkjmFIf4
— Gari Araolaza (@garaolaza) 2019(e)ko otsailaren 24(a)
Txioaren bidez jakin dut XXXII. El Correo kazetaritza saria eman diotela Harkaitz Canori. Lagunei sariak ematen dizkietenean poztu beharra dago eta ni poztu egin naiz.
Abenduaren 9an argitaratu zen artikulua El Diario Vascon (Simetria ezinezkoak); oker ez banago, jubilatu berri den Felix Ibargutxiren enkarguzz. Ni ez nintzen enteratu, baina Gari Araolaza bai. Irakurri eta pentsatu zuen artikulu hori gaztelaniaz argitaratu beharra zegoela. Euskaldunei baino erdaldunei zuzendua zelako. Garik itzuli eta nik Pedradas-en argitaratu nuen: Simetrías imposibles.
Bi gauzak egin zaizkit bitxi:
1.- Hauxe da saria ematen den 32. aldia eta euskarazko testu bati ematen zaion lehena. Ezinezko simetriak.
2.- Jefez betetako epaimahaia da eta ez dago emakumerik. Euskaldunik bai? Albistetik zuzenean hartu eta hemen itsatsia: José Miguel Santamaría (director de EL CORREO), Enrique de Ybarra (presidente de la Fundación Vocento), Santiago de Ybarra (consejero de EL CORREO), Alejandro Echevarría (consejero de EL CORREO), José María Bergareche (consejero de EL CORREO), Iñigo Barrenechea (director general de EL CORREO), Fernando García de Cortázar (director de la Fundación Vocento), Carlos Aganzo (subdirector de la Fundación Vocento) y César Coca (adjunto a la dirección de EL CORREO).
Esan bezala, zorionak, Harkaitz. Trago bat hire kontura.
Volando voy (VII), este apunte en castellano
Emakumeen futbola
Igande arratsaldean hasi nintzen lerro hauek idazten, Realak Anoetan Sevillaren kontra jokatzen ari zen partidaren atsedenaldian. 2-1ekoa zen une horretako markagailua. Ezin izan nintzen Anoetara hurbildu ezta telebistan bigarren zatia ikusi ere, aukeratu nuen tabernan beste operadore bat zutelako, ez partida ematen zuena. Amaieran 3-1 irabaziz egin zuten aurrera txuri-urdinek eta lehen aldiz jokatuko dute Erreginaren Kopako finala. Aurkari zaila izango dute Granadan maiatzaren 11n: Atlético Madrid.
Aurreko asteburuan derbiaren bigarren zatia ikusi nuen. 0-2 sartu zen zelaira talde txuri-urdina eta 2-2 berdintzea lortu bukaera aldera. 21.500 lagunen aurrean jokatu zuten bilbotarren aurka. Atzo, berriz, 18.731 ikusle bildu ziren.
Hamar bat egun lehenago Espainiako emakumeen futbolean erreferente den Vero Boquete jokalaria egon zen Donostian Korner festibalak gonbidatuta. 31 urteko jokalari galiziarra Errusian, Suedian, AEBetan, Alemanian, Frantzian eta Txinan aritu da. Aurten berriro bueltatuko da Estatu Batuetara, Utah-ra hain zuzen. Berarekin batera Realeko egungo ikurra, Nahikari García, eta hainbat urtez talde txuri-urdineko kapitain izandako Aintzane Encinas eseri ziren Victoria Eugeniako Club aretoan.
Ez dut bideo guztia ikusi, baina entzun dudana entzunda, esan dezaket mahai-inguruak merezi duela. Meritua hiru protagonistena eta Olga Viza kazetariarena da. Honek ofizioak ematen duen patxadarekin gidatu zuelako solasaldia eta hiru jokalariek zer esana bazutelako.
Egun batzuk lehenago Encuentros SER Gipuzkoak emakumeen kirolari buruzko mahai-ingurua antolatu zuen eta etzi, otsailak 20, asteazkena, RealSocialismo-tik «Reala eta emakumeen futbola. Nondik gatoz eta nora goaz» mahai-ingurua antolatu dugu euskaraz. Badirudi gurean boladan dagoela gai hau.
Maddalen Marzol realsocialistaren aginduetara hiru partaide kantxaratuko dira:
- Ane Etxezarreta, Realeko lehen taldeko jokalaria.
- Ixiar Bakero, Añorgako jokalari ohia.
- Ainara Arratibel, Berriako kazetaria.
Ekitaldia 19:30ean hasiko da Donostiako El Rincón jatetxean (Errege Katolikoak, 20, beheko jangela). Sarrera librea izango da edukiera bete arte.
Fútbol femenino, este apunte en castellano.
Torturatik bizirik atera
Astean zehar paperean irakurri nuen Danele Sarriugartek Mikel Sotori eginiko elkarrizketa. Lehen zatian Txalaparta argitaletxean editore gisa egindako lana jorratzen dute (udan utzi zuen) eta azken zatian Euskal Herria(k) eta euskal kultura(k) dituzte aipagai.
Tarterik latzena erdikoa da, ordea: polizia-etxean pairatutako tortura eta kartzela urteak, hain zuzen ere.
Leitu nuenetik burutik kendu ezinik nenbilenez, bereziki torturarena, gaztelaniara itzuli nuen larunbat goizean zati hori eta Pedradas blogean kaleratu: Mikel Soto, torturado.
Gaur arratsaldean berriro irakurri dut elkarrizketa osoa, baita Mikel Sotok berak 2018ko otsailean idatzitako Violencia sexual y tortura artikulua ere. Garan «superviviente a la tortura» gehitu zuten egilearen aurkezpen moduan. Artikuluak dioena ez dut hemen laburbilduko. Hobe zuek irakurtzea, merezi baitu. Gaur hemen azpimarratu nahi dudana da «torturatik bizirik atera» hori.
Bestalde, atzo, gaztelaniazko apuntean agertzen ez den esaldi bat ere ekarri nahi dut hona. Lehen aldiz irakurri nuenean deigarria egin zitzaidan, baina atzo oharkabean pasa zitzaidan. Eskerrak Iñigo Arandiak aipatu zuela txio honetan.
"Ni oso denbora gutxi egon nintzen, bi urte bakarrik"... Jota utzi nau.
— Iñigo Arandia (@iarandia) 2019(e)ko otsailaren 2(a)
Kartzelaz ari da Soto: «Ni oso denbora gutxi egon nintzen, bi urte bakarrik».
Harrigarria da, baina paragrafo honek osatu dezake baieztapen hori:
«Niretzat bi arrasto ezberdin daude: gauza bat da kartzela eta beste bat da komisaldegia. Kartzelaz, izan daitekeen guztiarekin, eta guri gainera garai gogorra tokatu zitzaigun, Aznarren bigarren agintaldiaren amaieran, ez daukat hain oroitzapen txarra. Kideekin egon nintzen, eta gauza batzuetan iruditu zitzaidan bai pertsonalki bai politikoki heltzeko zerbait.»
Bi urte "bakarrik", baina:
«Ainara kalean utzi zutenean kristoren zalaparta sortu zen, zeren galdera oso ebidentea zen: zinegotzi hori erail ez baldin badute, zer egin diete hori aitortzeko? Ibarretxek galdera hori egin zuen, beste askok ere bai, eta zalaparta handia sortu zen, egia esan. Epaiketara iritsi ginen, eta, gaztelaniaz esaten den bezala, lo comido por lo servido egitea eskaini ziguten. Abokatuarekin hitz egin ostean, onartu egin genuen.»
Zeresana eman zuen, bai. Garai haietako notario fina da Javier Ortiz eta, In the Name of Father hura gogoan, En el nombre del padre zutabea idatzi zuen 2004ko martxoaren amaieran.
Aznar, Ibarretxe, Ortiz... Nor falta da? Baltasar Garzón.
Lagun batek esan bezala, «zenbat istorio beltz dauden kontatzeko eta kontatzen jarraitzeko...»
Dani Blancoren argazkia Argiarentzat.
Gordailua ezagutzeko parada
Aspalditik nuen gune hau ezagutzeko gogoa eta kasualitatez izan nuen bisita honen berri, Xabier Kerexetak bidalitako korreo bati esker. Mezua gutxi balitz, kalean egin nuen topo berarekin, Donostian irrati batera etorri baitzen jardueren berri ematera.
18:00etakoa berandu zenez niretzat, 17:00etan hurbildu nintzen Gordailuaren egoitzara (Wikipediak ere orri majoa du Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroaren berri izateko).
Atarian zeuden Urkiri Salaberria (gidari nagusi gisa aritu zena) eta Xabier Kerexeta (bertako langilea). Berehala elkartu ziren Carlos Olaetxea zuzendaria eta beste hiru lagun, hirurak ni bezala bisitari moduan joanak. Denak euskaldunak ginenez, euskaraz egin genuen buelta.
Zergatik nuen interes berezia tokia ezagutzeko? Bertan zer dagoen eta zer egiten duten jakiteaz gain, batez ere nire jaiotetxetik kilometro batera dagoen eraikinean dagoelako. Garai batean Industrias URI (Union Radio Irun, oker ez banago) irrati fabrika zenaren orubean dago kokatua gunea. Ez nuen fabrika barrutik ezagutu, baina ezin konta zenbat aldiz pasa naizen haren ingurutik Irungo joan-etorrietan.
Harri-orri-ar izendatu zuten bisita. Hiru plantako eraikinak 9.000 metro koadrotik gora ditu eta guk bisita lehen solairuan hasi genuen, bulegoak dauden solairuan, hain zuzen ere.
Ez da erraza lerro hauetan laburbiltzea zer dagoen, horretarako hobe goian aipatutako bi webguneak ikustea. Guk koadroak, bizikletak, gurdiak, goldeak, ezpatak, beirateak, leihoak, ateak, traktoreak (SS 1 eta 2 matrikuladunak), Porcelanas Bidasoaren aretoa... ikusi genituen. Tira! Hori eta gauza gehiago, baina horiekin gogoratu naiz zerrenda egiterako orduan.
Zonalde bakoitzak baldintza diferenteak ditu tenperatura eta hezetasunari dagokionez, material bakoitzaren kontserbazioak agindutakoa.
Carlosek esan zigun une honetan eraikinaren %80a dagoela okupatua, baina elementu batzuk tokiz aldatuz gero, %15 gutxitu daitekeela okupazio maila hori.
Urkirik beheko solairuan geundela adierazi bezala, ospitale baten antza dauka zentzu batean. Hau da, ospitalean larrialdi edota artatze zerbitzutik ospitaleratzen dituzte gaixoak eta Gordailuan beheko eremu hori da ondarearen sarbidea. Ez dago mediku, erizain edota kirofanorik, baina bai kontserbatzaileak eta berriztatze zein zaharberritze-tailerrak.
Gipuzkoako Foru Aldundiarena bada ere, Donostiako San Telmo Museoak ere erabiltzen ditu instalazioak.
Amaitzeko bi kontu:
1.- Gordailua ez da museo bat eta, beraz, ikusitako obren testuingurua faltako zaizu. Horretarako segi museotara.
2.- Baina oso interesgarria da Gipuzkoako Ondare Higigarriaren zati polit bat nola gorde eta non berriztatzen duten ikustea.
Beraz, adi egon Gordailuaren albistegiari eta hartu tokia hurrengo deialdi batean.
Mila esker gidari lanetan aritu zirenei eta espero dut Tolosako inauterietarako mozorro bila zebiltzanak zerbait topatu izana Irunen barrena ondoren egindako murgilaldian.
Oportunidad de conocer Gordailua, el depósito del patrimonio guipuzcoano, esta entrada en castellano.