Tüsüri ere blogari
Atzo arratsaldean jaso nuen Oier Iruretagoienaren mezua: "Web-a berritzen ari nintzen, eta albisteen atal bat egin beharrean, blog bat egitea pentsatu dut, modan jartzen ari denez. Ez dakit askotan idatziko dudan baina hor dago behintzat: http://tusuri.blog.com".
Oierek 16 urte ditu eta ipurterrea da. Duela pare bat urte ezagutu nuen, Casares Kultur Etxeak Musika eta teknologia berriak jardunaldia antolatu zuenean Altzan. Musikariak arratsaldez Altzako kaleetan zehar ibili ziren eta gauean kontzertuak egon ziren Altzako beste kultur etxean. Mutil gazte bat ibili zen bizikletaz toki batetik bestera. Gogoratzen dut oso ondo nola Mikel ez Joseba Irazokik ireki zuen jaialdia, kalean eginiko emanaldi batekin. Oierrek galdetu zion ea Xabier Montoiaren gitarrista ote zen bera. Mikelek baietz. Honek ea Montoiaren azken diskoa gustatu ote zitzaion galdetu zion. Oierrek, lasai asko, ezetz.
Elektronikaldia musika jaialditik pasa ondoren, Donostiako Gazteszenan aritu zen Smith & Mighty Sound System taldearen aurretik, 2003ko urriaren bukaeran. 15 urte zituen orduan eta bere esperimentuak taularatu zituen horretarako oraindik prestaturiko ez dagoen jendaurrean. Hala ere, publikoak txalotu zuen bere emanaldia. Handik hilabete batzutara Erakusleihoan aritu zen.
Errenterian (berak Orereta esango luke) bizi da eta hantxe ibiltzen da (edo zebilen) Zintzilik irratian. Sototik izeneko irratsaioa egiten zuen lehen eta Nontzeberri webgunean ere ikusi dizkiogu zenbait elkarrizketa.
Tipo argia da eta ez da komeni pista galtzea. Beraz, Tüsüri ere blogari. Bejondeiola. Ni jada harpidetu naiz Bloglines-en.
George L. Steer, Gernikako bonbardaketa kontatu zuen kazetaria, eta Nicholas Rankin
Gaur goizean, jaiki berritan, irratia piztu eta Javier Vizcaínok kazetari ingeles bat elkarrizketatu behar zuela entzun dut. Honen izena Nicholas Rankin da, BBCko kazetaria. Liburua idatzi omen du George L. Steeren bizitza kontatzeko asmoz: Crónica desde Guernica. Beste liburu bat du Robert L. Stevenson idazleari buruzkoa.
Gaurko irratsaioak duela pare bat urteko beste irratsaio bat ekarri dit gogora. Uste dut autoan gindoazela Santanderrera. Irratia piztua generaman kotxean. Radio Euskadi, Javier Vizcaínoren Más que palabras saioa. Georges L. Steer kazetari hegoafrikarrari buruz ari ziren. Seguraski Gernikako bonbardaketaren urteurrenaren bueltan. Uste dut orduan ere Nicholas Rankin elkarrizketatu zutela.
El árbol de Gernika. Un ensayo sobre la guerra moderna, 2002an argitaratu zuen Txalapartak. The tree of Gernika. A field study of modern war zen 1938an publikaturiko jatorrizko liburuaren izenburua. Paul Preston historiagilearen hitzetan Espainiako Guda Zibilari buruzko hamar liburu garrantzitsuenen zerrendan dagoena.
Steer 1909 urtean jaio zen Hego Afrikan eta 1944 urtean, 35 urterekin, hil egin zen, auto istripuz, Birmanian. Bi aldiz ezkondu zen. Mundua korritu zuen, abentura piloa biziz. Gernikako bonbardaketa kontatu... eta oraindik gazte zela hil egin zen, tontamentian.
Siglo XXI argitaletxeak publikatu dio liburua Rankini. El Correon azaldutako elkarrizketa batean badago atentzioa deitu didan erantzun bat. Iñigo Gurrutxaga kazetariak botatzen dio Steer EAJren alde ageri dela El árbol... liburuan eta Rankin-ek zera erantzuten dio:
"BBCk liburu potoloa ematen die kazetariei, Produktoreentzako arauak, eta objektibotasun hitza ez da inoiz agertzen. Kazetari batek ezin du objetibo izan. Ezinezkoa da. Britainiarra edo espainiarra zara, baduzu iragan bat, hizkuntza bat, agian paratxutista baten gisara erori zinen historian. Horrek guztiak osatzen du zure subjektibotasuna. Baina inpartziala izan beharko zenuke. Kazetariaren obligazioa egia kontatzea da. Egia da Steer abertzaleen alde zegoela, baina era berean Larrinagako kartzelako sarraskiaren kontakizun osatuena eskaini zigun eta, orokorrean, Guda Zibilarena Euskal Herrian. Propagandista batek ez du bere aldekoen gehiegikeriak kontatzen".
Apirilaren bukaeran, Gernikako bonbardaketaren urteurrenarekin batera, Nicholas Rankin eta George Steer jr. Euskal Herrira etorriko dira. Semea, gainera, lehenengo aldiz. Ongi etorriak izan daitezela, kanpoko horrelako ahotsak behar ditugu-eta gaur egunean ere.
Aukera guztiak, alferrik galduak
Lerro hauek idazten ditut Auzitegi Gorenak epai triste bat eman duela jakin ondoren: demokraziari aukerarik ez ematea erabaki du aho batez. Iragarritako epai baten kronika zela esan daiteke. Estatuko indar nagusienek erabaki baitute ez bakarrik Batasunak, Aukera Guztiak zerrendak ere ezin duela aurkeztu.
Duela zenbait aste ez nuen espero horrelako erabakirik. Ez nuen sinadurarik eman zerrenda honen alde, baina ematekotan egon nintzen. Azkenean, ezin izan nuen tarterik aurkitu. Ezagutzen dut taldea sustatu duen baten bat. Ezagutzen dut aldeko sinadura eman duen jende asko. Terrorista bihurtu ditu Estatuak.
Beste estatua hura, Patxirena, kendu zuten joan den astean Madrilen. Beldurrez kendu zuten, gauez, ezkutuka. Jende asko oldartu zen kalean, aurreko estatuburu izan zen terrorista haren alde.
PPren inguruan izango dute horiek babesa. Atzokoarekin, San Gil eta Mayor Oreja, askatasunaren txapelduna deitzen diote honi, harro egongo dira. PSOEko indar atzerakoienak ere pozik (badago zeozer aurrerakoirik hor?).
Hor nonbait irakurri dut, gainera, bi alderdi hauek badutela onik ateratzeko aukera asko. Igoal Patxi López izango da hurrengo lehendakaria.
Aukera Guztiak zerrendari botoa ematea aukera bat zen. Orain, Auzitegi Konstituzionalak erabakiko duenaren zain, nori eman botoa izango da datozen asteetako zalantza.
Aterako gara noizbait euskal labirintotik?
Oharra: lerro hauek atzo gauean idatzi nituen, haserre. Zinera joa nintzen, Habana Blues Benito Zambrano zinemagile andaluziarraren film berria ikustera. Zeozer baretu zen nire haserrea.
Zein zen Santi Ugarte?
2005eko martxoaren 3an hil zen Huelvan, bihotzekoaz, Santi Ugarte musika sustatzaile donostiarra. Haren heriotza pasadan kontatu digute ohiko komunikabideek.
Hala ere, Donostian 80. hamarkadan egindako kontzertu erraldoi, eta ez hain erraldoiren, errudunetako bat zen bera. Ekimen handiko gizona izan zen, baina enpresa gizon txarra. Tiburon Concerts enpresan aritu zen gaur egun hiri honetara U2 ekarriko duen get in enpresako Iñigo Argomaniz, adibidez.
Hona hemen martxoaren 8an, Iñaki Zaratak Diario Vascon idatzitakoa
Mikel Lizarraldek ere idatzi zuen zeozer Berrian
2003ko maiatzean Diario Vascon Gregorio Gálvez irrati esatariari eginiko elkarrizketaren laburpena erreskatatuko dut Euskaraz.net-etik :
"Nire oroitzapen onenetakoa da Rory Gallagherri txapela jarri nionean, nik antolaturiko kontzertua izan zen hura. Santi Ugarteri eta Gay Mercader gogaitzen genituen taldeak ekar zitzaten. Eta Donostia plaza finkoa izatera pasa zen europar biretan. (...) Santi Ugarte bezalako jende saiatuak estatua bat merezi du, bera gabe musikalki hiria ez baitzen ezer izango".
Mitxel Ezquiagak bere zutabe batean zioena izan daiteke laburpen biribilena: "Con Santi Ugarte se va una época de Donostia, con luces y sombras: la adolescencia musical de una generación".
Egunpasa Baztanen
Gaur goizean autoa hartu dugu eta Arizkunera joan gara. Bidean Gari eta Momentos 2004, 2004ko nazioarteko kantarik onenak RockDeLux aldizkariko kazetarien ustez.
Eguna Baztan inguruan pasa dugu. Jende asko zegoen, batez ere Bertizen. Elizondoko kale nagusiko zorua altxatua aurkitu dugu. Aparkatu eta Eskisaroi tabernaren aldamenean topatu dugu Miguel Sánchez-Ostiz idazle nafarra. Kasualitatea izango zen, baina idazle honen dietarioak jarraitzen dituenak badaki taberna hori askotan agertzen dela haren idatzietan. Egon naiz esatekotan noiz hasi behar duen esandakoa betetzen. Hau da blogista bihurtzen.
Bazkaldu dugu lagunekin Arizkunen. Jolastu dugu jardinean. Umeak eta txakurrak lagun. Egon gara zalditokian.
Euria egingo zuela zirudienean, autoa hartu eta Donostiara abiatu gara. Gogotik bota du euria zenbait unetan. Eskerrak autoan Brad Mehldau pianista estatubatuarraren Fargo entzuten etorri garen.
Irungo peajean auto ilada aurkitu dugu. Donostiara sartzen ari ginela, zarata arraroa somatu diogu autoari. Agian gurpilen bat? Ez gara geratu. Etxera iristerakoan deskubritu dugu atzeko gurpila zulatu zaigula.
Kristoren malaletxea egin dut katuak nola funtzionatzen zuen asmatzen. Ezin izan dut ezer egin. Zer inutila!
Rafa Berriok bai, Amazonek ez
Urtarrilaren hasieran, Amazonen webgunean hiru disko eskatu eta pagatu nituen. Jasotzeko zain nago oraindik. Bizpairu aldiz kexatu naiz, baina ez dirurik, ez diskorik. Rafa Berriori, aldiz, eskatu nizkion bere aurreko bi lanak eta azkar-azkar bidali dizkit. Gaur pagatu dizkiot. Handitasuna eta txikitasuna. Industria eta artisaua.
Oso haserre nago Amazonekin. Urtarrilaren 3an-edo eskatu nituen hiru disko, urte berria zela-eta nire buruari eginiko oparia. Kontsultatzen dut nire kontua eta, horren arabera, urtarrilaren 13-17 bitartean etxean behar nuen paketea.
Urtarrilaren bukaeran denbora pasa eta notiziarik ez nuela ikusirik, hau ohiki erabiltzen duen lagun bati galdetu nion ea atzerapena normala ote zen. Baiezkoa erantzun zidan, baina bidali nien nire frantses makarroidean mezu labur bat. Berehala kristoren txapa bota zidaten, nous sommes desoles hasiera duen mezu horietakoren bat.
Otsailaren bukaeran oraindik ez nuela ezer jaso ikusirik, berriro sartu nintzen webgunean eta bidali nien beste mezu bat. Kasu honetan gazteleraz eta luzeagoa.
Erantzunean hiruzpalau aldiz merci errepikatu ondoren, nire eskaera urtarrilaren 6an atera zela zioen. Hala ere, berresteko nire helbidea eta beste bat bidaliko zidatela.
Martxoaren bukaeran gaude. Ez dirurik ez paketerik.
Rafa Berrio musikariari, aldiz, eskatu nizkion aurreko bi diskoak bidaltzeko. Erantzun zidan bidaliko zizkidala eta gero bidaltzeko dirua. Asteartean jaso nituen bi diskoak. Aste Santuan entzungo ditut. Baretuko dute Amazonekin dudan letxe txarra.
Norbaitek esan diezadake zer egin dezakedan Amazonekin?
Musika kultoa vs. herri musika
XVI. edizioa bete du aurten, Aste Santuaren atarian, Donostiako Musika Sakroaren zikloak. Azken emanaldia Easo Abesbatzaren Kapera Gregorianistak egin zuen Zorroagako Elizan. Handik atera eta Madrilgo Carabanchel auzuneko Pan Bendito (Panben) inguruko La Excepción taldearen hip-hop freskoa, xumea, biribila eta auzotarra, ikus-entzun nuen Egiako Gazteszenan.
Easo Abesbatzaren Kapera Gregorianistak, Xabier Irastorzaren zuzendaritzapean, ordubeteko saioa egin zuen. Zuzendaria boladan dagoen Lazkaoko beneditar komunitatekoa da eta bertan entsaiatzen du taldeak.
Eliza beteta zegoen. 200dik gora lagun. Musika sakroa gogorra bada, gregorianoa, are gehiago. Hala ere, abesbatzak erraztasunak ematen ditu kontzertua jarraitzeko, latinezko letrak euskarara eta gaztelaniara itzulitako fotokopia txukun enkuadernatuak prest baitziren entzuleentzat.
Txip-a erabat aldatu nuen: handik atera eta autoz joan nintzen Gazteszenera. Aurreko ostiraleko Dvóramen irakurri nuen Juan Luis Etxeberriak La Excepción taldeko abeslariari eginiko elkarrizketa. Gustatu zitzaidan nola Etxeberriak esaten zuen musikoak adarra jo ziola (ondo kazetariak hori errekonozitzea) eta ondo ere musikoa horrelakoa izateagatik. Portzierto, El Mundoren topaketa digitaletan ere egon ziren pasa den urtarrilean.
Egiara joaten naizenean, aretoaren atarian geratzen diren horietakoa naiz. Beti dago ezagunen bat eta harekin hitz egiten dudan bitartean, bertan dauden zirkuitu itxiko telebistetatik jarraitzen dut emanaldia.
Atzo ere horrelako egon nintzen. La Excepción hiru lagunek osatzen dute: musika jartzen duen DJ-a eta bi MC, ijitoa (Gitano Antón) eta payoa (El Langui). Langui honek ezintasun fisiko nabaria du, baina mingaina ederki astintzen du. Ozen ahoskatzen du, gainera. Disko bakarra dute merkatuan, Zona Bruta disketxeak ateratakoa, Cata Cheli izenekoa. 22.000 ale saldu dituzte eta, gauzak nola dauden jakinda, ez da marka makala.
Esan bezala meritua du abeslari honek. Gainera, ez dira batere harroputzak. Hori aipatu zidan bertan batek: hip-hop espainolean gehienak dira harroputzak, AEBetatik datozen eskemak errepikatzen dituztela, eta horrelako talde bat gailentzea albiste ona dela.
Horrekin geratuko naiz, ba. Eta mezuaren titulua, Musika kultoa vs. herri musika? Ez dakit. Zer da kultoa?
Bi karpeta gorri
Duela zenbait egun anaiarengana joan nintzen eta etxera sartu bezain pronto koinatak bi karpeta gorri eman zizkidan. Berehala ezagutu nituen. Batxilergoko 3. mailako eta UBIko karpetak ziren biak. Txoko batean agertu ziren. Barruan txirrindularitza eta musika kontuak ezkutatzen zituzten.
Bapatean konturatu naiz futbolak ez ninduela hainbeste asetzen garai hartan: ez argazkirik, ez errekorterik, ez ezer. Garai hartako Bidasoako itzuliko parte hartzaileak, adibidez, azaldu zaizkit lehen karpeta zabaltzerakoan. Aurkitutako lehenengo papera 1989ko dortsalen zerrenda izan da. Eta urte horretan 12. zenbakiarekin gaur egun kirol esatari bikaina den Xabier Usabiaga atera zela deskubritu dut. Frinat Cegasa taldean korritzen zuen orduan.
Talde berean zegoen klasera nirekin joandako Jose Antonio Martiarena irundarra. 1989 urte hartan 4. etapa irabazi zuen. Martiarena kategoria txikietan hasi zen korritzen eta dena irabazten zuen. Bera zen gure klaseko izarra. Galdetzen genion zer egin duk aste bukaeran? eta 13-14 urte zituenean galdu egin dut erantzuten zuen, bigarren gelditu zela erantsiz. Martiarena profesionaletara iritsi zen, baina ez zuen suerte askorik izan. Usabiagari ere antzeko zeozer gertatu zitzaion: Central Lechera Asturianan ari zela, konpetizioa utzi behar izan zuen mediku arrazoiengatik. Kazetari espezialista bikaina irabazi genuen, hori bai.
Zenbait Devórame horituak ere azaldu dira karpetetan. Adibidez, 1986ko irailaren 5eko zenbakian, Irungo rock taldeei eginiko erreportaia. Argazkian Vómito, Kortatu, Baldin Bada eta Antirrégimen taldeetako kideak.
Eta neskak? Non gorde ote nituen garai hartako oroimenen frogak? Karpeta horietan ez behintzat. Hala ere, gogoan dut nola neska bati oparitu nion Duncan Dhuren lehen disko luzea. Bai, bekatu hori ere aitortu beharra dago, zeren, orduan, pijo nazkagarri hutsak ziren Erentxun eta Vasallo guretzat.
Hala ere, alferrikakoa izan zen ahalegina, ezin izan nuen-eta neska horrekin adiskidetu: diskoarekin bueltatu nintzen etxera.
Gogorra zen bizitza, dedio!
Eto´o eta La Granja
Aste honetan erosi dut martxoko RockDeLux musika aldizkaria. Irakurleek hautatutako Estatuko 2004ko kantarik onenak oparitzen dituzte CD batean. Kantu batek eman dit atentzioa hasieratik: Eto´o (su jugador favorito) da, Mallorcako La Granja taldearena.
90eko hamarkadan talde honen pop doinuak entzuten ziren. Ni ez nintzen oso zalea, baina bai noizbait entzun ditudala, telebistan edo irratian. Halako batean, agur esan zuen taldeak. Baina mende berriarekin berpiztu da La Granja.
Iaz Mallorcan ari zen Eto´o jokalari kamerundarrari kantua egin ziola irlako musika talde batek entzun nuen. Seguraski El día después edo horrelako kirol saio batean.
Kanta hori Eto´o (su jugador favorito) da. Eta ahotsak, melodiak eta gitarrek berehala harrapatu naute. Disko horretan ageri den kanturik gogokoena bilakatu da.
Bide batez, Anoetara joaten naizenean eta Realaren kantua entzuten dudan aldiro pentsatzen dut Gipuzkoako rock, pop edo dena delako talde batek moldatu beharko lukeela kanta hori eta eguneratu. Badago bertsio bat, Orfeoiarena, baina ponposoegia iruditzen zait.
Egia da ere duela bi denboraldi, Reala Liga irabaztekotan zegoenean, atera zutela diskoren bat. Baina ez dut horrelakorik eskatzen. Kaskarrak baitziren kantu haiek. Gogoan dut Os Diplomaticos de Monte Alto taldeak egin ziola kantua A Corunhako Depori. Edo MCD taldeak harro abesten zuela Athleticen alde.
Gipuzkoan ez dago talderik horrelako zeozer egiteko prest? Bide batez, horrek ez luke berpiztuko hain burumakur dagoen futbolzale giputza (realzalea)?
Bitartean La Granjakoen kanta entzuten konformatuko gara.
Angel Unzu gitarrista Lesoinun
Berandu iritsi naiz 19:00etan hastekoa zen kontzertura. Berandu baina atean eskegita zegoen kartela errespetatu dut: "Kanta bukatu ondoren, sartu, mesedez". Itxoin dut isiltasuna egin arte eta sartu egin naiz.
Zer da Lesoinu? Ez dut jarriko hemen lotura, zeren .doc dokumentu bati lotuta dago programa. Hala ere, horrelako zeozer dio: Lesoinu 2005 martxoaren 9tik 19ra ospatuko da aurten. Urte honetakoarekin XIX. edizioa egingo du musika aste pedagogiko honek.
Haur eta gaztetxoz beteriko areto batekin egin dut topo. Gezala auditorioan izan da emanaldia. Herriko pilotalekuaren aldamenean dagoen eskoletan.
Etxean zegoela nabari zitzaion nafarrari. Izan ere, garai batean behintzat, bertako Musika Eskolako irakasle izana da. Sin título 1 izan da nik entzun dudan lehen kanta. Gero, El bolero de Arantxa kantuan bolero-inprobisazio-bolero formula erabili du. Dos colores piezan esan die ikasleei asmatzeko zeintzuk ziren bi kolore horiek.
Sin título 2 eta Recreo Negro abestiekin bukatu du. Azken honetan esan die slap teknika erabili duela kantan. Hau da: jazz baxujotzaileek sokak astintzeko kolpe berdintsuak eman dizkiola berak gitarraren sokei.
Eta entzuleei esan die bera konposatzailea dela. Eta konposatzaile izateak baduela alde on bat, besteak beste: nahi duzuna jotzen duzula, nahi duzuna egiten duzula. "Zaila dela, ba ez dut jotzen".
Eta esan die, tonu egokian, ikasteko. Musikari izateak merezi duela.
Angel Unzuk pare bat disko ditu. Azkenak, 2003 urtean plazaratutakoak, Melodías de piel du izena. Elkar argiletxeak argitaratu zuen eta hemen Irune Berrok eginiko elkarrizketa bat duzue.
Urte honetan nik asko maite dudan musikari baten diskoan parte hartuko du. Ez dakit gustuko dudan honek publikoki kontatu ote duen zerbait. Uste dut baietz. Badaezpada isildu egingo naiz.