Lazaro, altxa zaitez
Beraien parean ez nintzen konturatu bigarrena lurrean zegoenik, baina hurrengo irteeran eskuinera jo eta atzera egin nuen.
Bus geltokian aparkatu nuen autoa. Zutik zegoen gizonak esan zidan duela ia hamar minutu deitu zuela 112 telefono zenbakira. Irungo Udaltzaingoarekin jarri omen zuten harremanetan. Eta sututa zegoen gizona haien erantzunarekin. «Lazaro, altxa zaitez» esateko lurrean zegoenari.
«Beltza denez ematen du ez duela artatua izateko eskubiderik», gehitu zuen.
Lurrean etzanda zegoena mugitzen hasi zen eta, halako batean, bien artean lagundu genion altxatzen. Eskerrak eman zizkigun kasu egiteagatik. Esan genion konprobatzeko ea zerbait falta ote zuen. Ezetz berak. Mugikorrak, bi, eta kartera soinean zituela.
Paperak erakutsi zizkigun. Tartean, karneta. Izena: «Lazaro Y».
Berak hartu beharreko autobusa beste aldean zegoela adierazi genion. Era berean, 112 telefono zenbakira hots egin nuen esateko gizona ondo zegoela eta ez zuela ezeren beharrik, itxura guztien arabera.
Agur esan bikoteari eta jarraitu nuen nire bidea, amari kasu egin behar niolako.
Unean bertan ez nintzen konturatu, baina egunean zehar bai.
Irungo udaltzainek bazuten Lazaroren berri eta horregatik esan zioten deitzaileari «Lazaro, altxa zaitez» esateko.
Hau da, tartean ez zegoela arrazakeria eta xenofobia konturik. Hala baieztatu dit lagun batek.
