Denak balio du
Futbolaren inguruan ere denak balio du. Adibide bat, Alvaro Novo jokalari kordobesa fitxatu berri du Realak eta zenbait komunikabidek zabaldu dute gurean jokalaria iaz, Atlético Madrid-en jokatzen ez zuelako, gaixotu egin zela. Asteburuan, futbolistak gezurtatu zuen hori, ez duela inolako depresiorik izan eta zenbaitek zabaldutako zaborra zela adierazi zion periodiku bati.
Oraindik irakurri ez dudan El fracaso del periodismo deportivo analisia argitaratu du Juan Varelak 1, 2, 3 eta 4 zatitan. Prentsa horrek ez du izen onik, nahiz eta salduena eta jarraituena izan.
Foroak ez dira kirol prentsa, baina futbolsofoari irakurritakoa gogorarazi dit. Zubiaurre auziari buruz ari zela, gure lagunak zioen espero ez zuen tokian aurkitu zuela zentzuz beteriko iritzia. Eta non ez zuen espero zentzudunik?: DVk Realaren aktualitatea jarraitzeko dituen foroetan.
Oker ez banago, foro hauek bizitu ziren Realak, Astiazaranen garaian, realsociedad.com webgunean zituen foroak itxi zituenean. Eta itxi egin zituen bertan ematen ziren iritziak gero eta iraingarriagoak zirelako. Nork ireki zizkien ateak hango fanatikoei? DVk.
Abuztuko azken egunetan egon naiz kuxkuseatzen ditxosozko foro horietan. Denak ez dira artaburuak, baina askok oso gaizki idazten dutela albo batera utzita, irainez beteriko tokia da eta tonua ez zait batere gustatzen. Adibidez, Amorrorturi behin eta berriro Amoroto edo apaiza deitzea. Hori txorakeria da Novoren fitxaketa zela-eta, tontolapiko batek idatzitakoa irakurri nuenean: bere gaitza zela eta, Donostian eroetxetik gertu hartu beharko zuela etxebizitza zioen.
Hona hemen atzo zabaldutako diskusio bat, besteak beste euskaraz idazteari buruzkoa
Horrelako jendearekin nora goazen pentsatzen dut batzutan, ia horrelako jendea den nagusi gure herrian.
Hala ere, Gipuzkoako berripaperik salduenari kaka hori zabaltzeagatik eskerrak ematea ere otu zait, gora botatzen duen kaka hori gainera eroriko zaiolako halako batean.
New Orleans gogoan.
Aterpea eta Brecht-Laboa-Iban
Gaur ere beste hirukote batekin nator. Bertol Brechten letrari musika jarri zion Mikel Laboak eta Gaberako aterbea dagoeneko euskal kantu klasiko dena sortu. New Orleans-eko anabasa gogoan, hortik abiatu zen atzo Amagoia Iban Berria periodikuan sinatu zuen Jiran. Txapela kentzeko modukoa iruditu zitzaidan. Hor azpian utzi dut.
Bide batez: ez al dago sarean Laboaren lanak modu egokian eta disketxearen webgunean baino modu osoagoan jasotzen duen webgunerik? Ez dut aurkitu.
Bai aurkitu dudala Musikaz Blai webgunean Laboa eta beste euskal kantarien letra mordoa. Hona hemen Gaberako aterbea
Aterpea
Kontatu didate, New Orleansen, Superdome pareko Liberty karrikaren kantoian, uda gorrian, behartsu batek une oro, jendeari otoi eskatzen, aterpea bilatzen duela biluzirik daudenentzat. Laboak aspaldi kantatu zuen: mundua ez da era hortan aldatzen, pertsonen hartu-emanak ez dira hobekitzen, zama aroa ez da hola laburtzen, baina pertsona batzuek ohea dute; aterpean ur hotzik ez, eta, beraiei zihoakien malura, karrikan ari da.
Kontatu didate, New Orleansen, etxalde erraldoi bateko atarian, uholde gorrian, dirudun batek etengabe, jendeari otoi eskatzen, laguntza espero zuela bere jabetzak ez galtzeko urak eraman zuen artean. Eta kontatu didate, New Orleansen, bateko eta besteko kaleetan, herio urdinean, soldaduek tiroka jendeari erantzunez harrapariak uxatzen dituztela hilotzak kaimanen bazka bihurtu diren une hauetan. Bushek beste behin kantatu du: egoera ez da hortan aldatzen, pertsonen hartu-emanak ez dira hobekitzen, zama aroa ez da hola laburtzen, baina pertsona batzuek beste gau batez jabetza dute; banketxean haize hotzik ez, eta, beraiei, zihoakien negua, karrikan hasi da.
Javier Ortiz, Bernardo Atxaga eta Montxo Armendariz
Gaur Javier Ortizen eguneko apuntea irakurri dut eta asko gustatu zait (kabroia forman dago) oporren ondorengo sindromearen definizioak: tiempo que tarda una persona medianamente lúcida en resignarse a su destino mediocre y dejarse vencer por los efectos anestésicos de la rutina.
Harrigarria da gizonak duen jarioa: 2000ko uztailaren bukaeran webgunea abiatu zuenetik, egunero idazten du apunteren bat.
Nik ezin dut. Ez dut gauza asko kontatzeko eta, garai honetan, inoiz baino formaz kanpo nago.
Gorputzari nahi duena egiten utzi behar ez zaionez, hasi beharko dut zeozer idazten eta Atxagari buruz egitea erabaki dut.
Atxaga egunak izan ziren abuztuaren 23 eta 24 EHU-UPVk antolatzen dituen Udako Ikastaroetan. Iaz ere egon zen Miramar jauregian eta gero Irunen eskaini zuen hitzaldia arratsalde euritsu batean. Egun hartan Mariasun Landa izan zen aurkezle lanetan aritu zena.
Aurten, abuztuaren 23an, Kutxak Andia kalean duen areto betean irakurketa publikoa egin zuen Bernardok. Gazteleraz, batez ere, aritu zen eta aurkezlea Harkaitz Cano izan zen.
Txorakeri bat da, baina grazia egin zidan harrapatu egin nuela Atxaga. Bere hitzaldian kontatu zuen Uruguayko ez dakit zein tokitan turista gisa paseatzen ari zela eta kalean edadetu batek gelditu zuela. Hasi zen gizona galdezka ea nongoa zen eta euskalduna zela entzundakoan, haren amona euskalduna zela eta honek ume garaian abesten zion Iparraldeko lo-kanta abestu zion aitonak. Iparraldeko kanta ezaguna da, baina nik ez dut izenburua gogoan.
Grazia egin zidan, zeren anekdota hori iaz kontatu zuen Atxagak Irunen. Hala ere, joan den astean ez zen horretaz akordatzen, eta uste zuen lehenengo aldiz kontatzen zuela jendaurrean Euskal Herrian.
Galdera-erantzunen txandan, Enkarni Genuak galdetu zion laster estreinatu behar den Obaba filmeari buruz. Uste dut asteasuarra pozik dagoela Armendarizek egin duen filmearekin. Hori da behintzat publikoki esaten duena.
Ni, behintzat, hasi naiz 1991 urtean EGA ateratzeko ikastaroan oso gustura irakurri nuen liburua berrirakurtzen. Camilo Lizardi erretorea, Albania, maistra, muskerra...
Ea nola azaltzen duen nafar zuzendariak liburu hori pantailan. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean estreinatuko da filmea eta ez da oso aztia izan behar irabazteko hautagai nagusia dela jakiteko.
Hona hemen apustua: baietz irabazi Obabak Urrezko Maskorra?
Brasil (III) Jarrai dezagun futbol partidarekin
Jokalarien beroketa ariketei ez nien kasu handirik egin, harmailetan zegoen giroak nire arreta bereganatu baitzuen. Hain maila oneko taldeak izanik, jokalariren bat ezagutu nuela uste nuen, baina, keba!, inor ere ez.
Zaleak
Epaileak hasiera eman zion norgehiagokari eta etxeko taldearen lehenengo erasoan konturatu nintzen nola pasa behar nuen partida guztia: beste taldearen zelaira behin pasaz gero, altxatu egiten dira zaleak. Gu ere bai, noski, bestela ezin jakin nola bukatzen den jokaldia. Area ertzera ailegatuz gero, chuta-chuta oihukatzen diote jokalariari. Ez badu asmatzen puta batzuk entzuten dira, nire belarriek ulertu ezin zituzten beste zenbait hitzekin batera. Hala ere, bai entenditu nuela zale baten erretolika etxeko jokalari batek huts egin zuen halako batean: Salvadorrera joateko eta ez bueltatzeko gomendatu zion. Horiz jantzitako epaileei ere esan zizkioten zenbait berba gozo, baina ezin asmatu zer.
Lehen zatiaren azken jokaldian gola sartu zuen etxeko taldeak, zaleen gozamenerako. Kanpoko taldearen atezainari petardoa bota zion kabroi batek eta bere burua zelai gainera erortzen utzi zuen kanpotarrak. Ez zen hainbesterako izan, dena dela, bigarren zatian normal-normal aritu baitzen.
Kazetariak
Partida hasteko gutxi falta zela, kazetari asko zegoen berdegunean, futbolariak elkarrizketatzen. Epaile nagusiak lehen (eta bigarren) zatiaren bukaera erabaki zuenean, ziztu bizian atera ziren ez dakit zenbat kazetari zuzeneko elkarrizketak egitera. Kamerak, mikroak, kableak, zer zen hura!
Futbola eta sailkapena
Futbolari dagokionez, ezer gutxi. Hurrengo egunean, Rioko prentsan irakurri nuen Flamengoren partidarik onena izan zela aurtengo txapelketan.
Lerro hauek idazten ditudanean 22 liga jardunaldi jokatu dira eta Abramovicen sukurtsala den Corinthians da lehena sailkapenean. Hala ere, Tevez argentinarra izar nagusi duen taldearekin berdinduta dago, 39 punturekin, Santos. Hau da, Real Madridek berriki fitxatu duen Robinhoren talde ohia, orain Luis Alberto realista kontratatu duena. Baina, 13. postuan dagoen taldeak 32 puntu ditu. Beraz, Europan baina berdintasun gehiago dago hango ligan.
Flamengo 18. postuan dabil, burua altxatu ezinik. Taulan gorago egon arren, Ponte Preta 9. da, Sao Paulokoak oso emaitza kaskarrak kateatu ditu Riotik pasa ondoren.
Bukatzeko, Realak fitxatu nahi duen Thiago Quirinoren Atletico Mineirok azken postua utzi du eta bi talde ditu atzetik une honetan.
Brasil (II) Futbol partida bat Brasilen
Brasilen futbola erlijioa da. Erlijio nagusia? Seguraski. Rion lehenengo mailako futbol partida ikusteko aukera izan genuen, Flamengo 1 - Ponte Preta 0. Hala ere, pena izan zen Maracana estadioa obretan egotea, itxita. Beste estadio eskasagoan ikusi genuen. Onena giroa. Futbola, gutxi.
Copacabanako hondartzan geundela Marcelo izeneko gizon batek txangoak egiteko informazio-orria eman zigun. Besteak beste, futbol partida ikusteko aukera eskaintzen zigun. 50 real bakoitzak (kanbioa 2,89 eurotan dago). Irakurrita nuen garestiak izaten zirela txango horiek, partida ikusteko sarrera 15 realekoa dela kontutan hartuz. Eta hiri honetan egondako bi hoteletan 100 real eskatzen zituzten bertara eramateagatik. Marcelok prezio ona egin zigun eta 100 realengatik bi lagun eraman gintuzten estadiora (Copacabanatik 40 bat minutura), sarrera barne. Denbora-tarte hori gidari batekin egoten da taldea.
Eta taldea diot, zeren eta toreroek koadrila eramateko furgoneta txuri batean joan ginen 15 giri futbolera. Holandarrak gehienak, ingelesen bat eta bi euskaldun, gu geu.
Iritsi ginen Petrobas estadioaren inguruetara. Furgonetatik jaitsi eta denak, gregario onak bezala, gidariaren atzetik. Sarrerak erosi, poliziaren kontrol postuetatik pasa elastikoa jasoz (armarik ez izkutatzeko) eta hartu genuen gure tokia.
Petrobras petrolio enpresaren izena duen estadioa zaharra da. Tribuna nagusia bakarra da. Gainerakoak hiru grada prefabrikatu dira. Pentsatzen dut Maracana moldatu arte jarritakoak. Tribuna nagusiaren kontrako harmailetan eseri gara, goiko partean. Gidariak azaldu digu bi porterien atzeko fondoetan eseritzen direla bi torcida sutsuenak. Bakoitza fondo batean, harreman txarrak dituztelako. Lehenengo zatiaren bukaeran konturatu nintzen gure tribuna beraren eskuin izkinean Sao Paulotik etorritako 50en bat lagun zeudela, Ponte Preta taldearen zaleak. Espazio handia okupatzen zuten, hesiak albo batera eta polizia bestera.
Brasileiro edo Brasilerao txapelketa da urtearen bigarren seihilekoan jokatzen dutena Brasilgo talderik indartsuenek. 16. jardunaldi inguruan Sao Pauloko Ponte Petra da lider eta Flamengo atzeratu samar dabil, jaisteko arriskutik gertu. 35 milioi zale omen ditu Flamengok, Brasilen zale gehien biltzen dituen taldea. 22 talde daude A seriean eta bi jardunaldi jokatzen dira astero (asteazken-ostegunean bata, larunbat-igandean bestea). Telebistek partida gehienak (denak ez esateagatik) botatzen dituzte. Astelehen eta ostiraletan partidei buruzko laburpenak botatzen dituzte. Kirol kateetan kazetariz eta adituz osaturiko mahai-inguruak egoten dira.
Ikustekoa da nola mugitzen diren edari eta janari saltzaileak harmailetan barrena, gora eta behera, Rioko hondartzetan ibiliko balira bezala. Torero furgoneta aipatu dudanez, saltzaileen mugimendu horrek zezenplaza batera kontzerturen bat ikustera joandakoan ikusitakoa gogorarazi ninduen, han ere antzera zebiltzalako saltzaileak.
Edaria eta janaria saltzeaz aparte, kamisetak ere saltzen dituzte. Gure taldeko bi turistek erosi (eta jantzi) zituzten, argazkian ikus daitekeenez.
(Jarraituko du, luze aterako zait bestela).
Brasil (I) Kanti peaten
Amaitu da udako oporraldia. Aspaldiko partez, hilabete osoa egon naiz lanetik agertu gabe (uztailaren 22an joan eta abuztuaren 22an bueltatu). Ezin dut idatziz jarri zenbat kostatu zaidan gaur goizean nire motorra martxan jartzea. Betiko erritmora egokitzeko, bloga hornitzen hasteko eginbeharra jarri diot nire buruari. Opor gehienak, hogeitapiko egun, Brasilen egin ditugu. Eta bidaian ikusitako zenbait kontu azalduko ditut. Hasiko naiz kontatzen nola gustatzen zaigun gure burua nabarmentzea, kanti peatea.
Ezaguna ez bazara, saiatu zure burua ezagutzera ematen. Hori pentsatu nuen Fernando ikusi nuenean. Ez nuen tipoa ezagutzen, baina izena idatzita zeraman kamisetaren atzealdean. Hondarribiako aireportuan agertu zen gaztea Espainiako futbol selekzioaren elastiko gorria soinean zuela. Ez hori bakarrik, 69 zenbakia ere erakusten zuen.
Madrilgo aireportuan hamar ordu pasa genituen abioiaren zain (5 orduko atzerapena Air Europaren kortesia izan zen). Hainbeste ordu pasa ondoren tipo bitxiak ere aurkitu genituen bertan. Saria Belen Estebanen goitizena jarri genion emakumearen bikotekideak jaso zuen.
Madrilen konturatu ginen bereziak zirela. Gizonak, itxuraz, itxaronaldia alkoholaz busti zuen. 40 urteak beteak zituen astapotroa zen. Tripa, galtza motzak, tenis ikusgarriak, bizarra, buruaren albo biak rasuratuak eta ilea atzealdean txirikorda batean bildua.
Hemen ez zen bukatu bere nabarmenkeria: Salvadorreko aduanan zain geundela, bikotea izkina batean utzi zuen poliziak. Dirudienez, hegaldian gizonak istiluren bat izan zuen emakume brasildar batekin eta honek salaketa jarri zuen Salvadorren lurreratu zenerako. Akabo ordurarteko bikotearen espantuak!
Ez dakigu nola bukatu zen istorioa, baina guk eta gure aurrean zeuden beste batzuk poza hartu genuen bikote xelebre hark hartu zuen sustoarekin.
Kanti peaten ere jakin behar da.
Gandian maratoi berezia korrituko da urrian
Blogak urtebete egin zuenetik, ez dut idazteko gogo askorik izan. Oporrak hartu ditut jada eta oporrak emango dizkiot (seguruenik) blogari ere. Hori gertatu aurretik, sarean topatu dudan ekimen bitxi baten berri eman nahi dizuet: maratoi berezia antolatu du zale batek Gandian.
Ez dut Gandiara joateko asmorik, baina ideia originala eta polita dela uste dudanez, maratoiaren berri zabalduko dut txoko honetan.
Diego Llergo izeneko batek hau dio David de Ugarteren blog-ean
Nik bakarrik korritzeko maratoia antolatzea okurritu zitzaidan, kirol marka handiek antolatutakoei kontra egiteko. Eta foro batean iragarri nuen.
Erantzun ona izan du eta Gandiara, bizi naizen hirira, Espainiako lagun asko etorriko da 42 kilometroak (eta 195 metro gehitzen dut nik) edo ibilbidearen zati bat egitera.
Korrikalari bakoitzak (nodo) bere kabuz egingo ditu prestaketak, bere kabuz antolatuko du bidaia eta lasterketaren bezperan denok antolatuko dugu hurrengo egunerako behar ditugun ura eta gainerakoak.
Ez du inork antolatzen, ez dago izen-emate edo ordainketarik. Nahikoa da esandako egunean geratutako toki eta orduan azaltzea korrika egiteko. Denok batera.
Antzerki konpainia batek izena eman du eta kale antzezlana eskainiko du korrikalariak pasatzen diren bitartean; beste batzuk beren artea (gitarra flamenkoa) eramango dute afaria animatzeko. Baina dena da espontaneoa.
Blog edo webgune bat egiteko asmoa dut I Maratón Yo me lo Guiso, Yo me lo Comoren berri emateko.
Helburua: urriak 30, goizeko 9:00etan.
Konturatu gabe urtebete pasa da
Bai, urtebete pasa da eibar.orgeko guruetako batek, Luistxo Fernandez jaunak, bloga martxan jartzeko gonbitea luzatu zigunetik. 2004ko uztailaren 14an hasi nintzen Mariano Ferreren agurrari buruzko mezu batekin.
Uztailaren 17an egin genuen CodeSyntax enpresaren bulegoetan ikastaroa. Ez nekien oso ondo zer zen blogintza ezta nora gindoazen, baina handik zenbait astetara Fernandezek argi eta garbi esan zigun munduaren dominazioa izango zela 2009 urterako lortu beharreko helburua. Lortzeko bidean gaude.
Normala denez, hasiera batean proba ezberdinak egin nituen eta mezu batzuk borratu nituen gero. Horregatik ez dago sarean eskuragarri 1.a, ezta 4.a, 7.a eta 8.a ere. Auskalo zer txorakeriak idatzi nituen! Gerora, hori bai, idatzitako txorakeriak mantendu ditut blogean.
Urte hau positiboa izan da. Nire buruari jarritako ariketa izan da blog hau hornitzea eta espero baino hobeto joan dela esango nuke. Batzuetan besteetan baino hobeto, baina pasa dugu urtea. Ke letxes!
Eguna ere, uztailak 14a, Errepublikaren Eguna Frantzian, esanguratsua da. Eta Errepublika Egunak beti gogorarazten digu Eibar: gora Eibar.org!
Oporrak laster hartzeko asmoa dut (eta beharra: bai, zuek ere bai, badakit!). Brasilera joango gara uztailaren bukaeran. Iaz Sizilian egon ginen abuztuaren azken astean. Mezu hau idazteko hasierako postak begiratzen egon naiz eta oso gogoan dut Enzo Baldoni kazetari italiarra, Irak-en bahitua eta erahila izan zena gu Italian geunden bitartean. Berezia izan zen niretzat eta gaur Bloghdad bere blogean iazko abuztuaren 26an igotako argazki bat mantentzen dela ikusi dut. Gogorra, baina era beran itxaropentsua da:
Garai txarrak lirika egiteko, baina, hori bai, gora gu eta gutarrak!
Prolema: zeintzuk diren gutar kabroi horiek!
Apatrullando la ciudad
Arratsaldeko 15:15etan lanetik bueltan Kontxako bidegorritik nator Antigua aldera. Presaka nabil, bazkaldu eta hondartzara joateko asmoa baitut. Erlojuetatik Perlarako bide-zatian oinezko asko dago. Hala ere, mutil baten kamiseta urdinari erreparatu diot nik.
Mutila neska batekin doa. Gaztea, luzea, argala da. Galtza motzak soinean. Txanklak (ustez) ere bai. "Zer kristo da kamiseta puta hori?" galdetzen diot nire buruari. "Ez da posible", gehitzen dut ezin sinetsirik begi aurrean ikusten dudana. Letra larriz policía ikus daiteke kamisetaren atzean.
Nagoen tokitik bera dagoen tokira distantzia nahikoa dago. Ez nau ikusten. Jiratu dut burua. Eta bai, kamisetaren aurrekaldean, atzekoaren jarraipena: ezkutu handi bat du bularraren ezker aldean. Eta argi eta garbi ikusten dut poliziaren ezkutua dela.
Zer da kamiseta hori?
- Moda berria dago Donostian eta ni ez naiz enteratu. Agian Salvatore Tuttiren azken ekintza. Artelekun salgai ikusi nituen ETA tregua edo antzeko leloa zuten nikiaren jarraipena.
- Donostia Espainia da eta hemen inon baino hobeto egoten da. Joan gaitezen turismoa egitera bertara eta atera gaitezen harro kalera, konplexurik gabe.
- Sanfermin efektua: Donostian atzerritar asko egon da sanferminen atarian. Segi Iruñera, harrapatu kristoren mozkorra eta edozein gauza soinean jarrita, pronto kalera irteteko.
- Vaya Semanitakoek TVEra egin duten jauziaren beste seinale bat edo ezkutuko kameren telebista saio txoro bat.
- Polizien udako arropa berriak edo apatrullando la ciudad: Torrente is in the city.
Zer da benetan gertatu dena?
Srebrenica, hamar urte beranduago
Berria egunkariak gogoratu digu gaur hamar urte beteko direla datorren astean Srebrenicako sarraskia gertatu zenetik. 8000 lagunetik gora akabatu zituzten 1995eko uztailean serbiarrek, II. Mundu Gerraren ondotik Europan izandako sarraskirik handiena. Balkanetan pasa den hamarkadan gertatu zena gogorra izan zen eta Europar Batasunak beste aldera begiratu zuen/genuen.
Gogoan dut Gipuzkoan SOS Balkanes izeneko elkartea sortu zela herrialde haietan gertatzen ari zena ezagutzera eman eta salatzeko asmoz. Sarajevo, Gorazde, Srebrenica... egunero azaltzen ziren komunikabideetan. Juan Goytisolok gogor gaitzetsi zuen serbiarrek, Europak, Estatu Batuek, Nazio Batuen Erakundeak egin zutena. Liburua ere kaleratu zuen, Cuaderno de Sarajevo, oker ez banago. Lagun bati utzi nion eta agur, ez zen etxera itzuli (liburua). Hermann Terstchen jenio bizia ere artikuluetan azaleratzen zen. Eta Arturo Pérez Reverte, telebisio-gizona garai hartan, idazle egun, ateratzen zen telediarioetan berriemaile berezi gisa. Hango kontuak Territorio Comanche liburuan kontatu zituen, TVEtik botatzeko eginiko liburua-edo. Mihi luzeek diote Revertek pagatu egiten zuela kaleetan borrokak muntatu eta horiek filmatzeko. Ia ahaztuta nuen, baina orduantxe hasi zen ezagun egiten José María Mendiluce, geroxeago karrera politikoan saiatu zen gizona.
Bukatu zen guda eta denborak dena sendatzen duela esaten digute, baina hori ez da egia. Oraindik orain 1300 lagunen gorpuak identifikatu dituzte soilik. Badut ezagun bat esaten didana Euskal Herriko arazoa konpontzeko belaunaldiak beharko direla. Eta adibide gisa Espainiako Gerra Zibilan gertatutakoak aipatzen ditu berak. 65-70 urte joan dira eta oraindik ere General Mola kaleak, José Antonio presente eta Avenida Generalísimo dituzu hamaika tokitan. Francoren estatua erditik kentzeko gauez egin beharra dago, fatxak gehiegi aztoratu gabe. Fraga Iribarne jubilatuko ote den ezin esan oraindik, edozer gauza espero daiteke-eta don Manuelengandik.
Balkanetako kontu hauek gutxitan agertzen dira orain medioetan, ez bada Milosevic Hagan epaitzen ari direnaren berri. "Ah! Oh! Egiten duenak jasotzen du ordaina" esanaz bezala agertzen da boterea.
Uztailaren 3an, El Paísek argitara eman zuen Juan Goytisolo eta Hermann Terstchen artikulu bana. SOS Balkanes elkartearen berri ere izan dugu aste honetan: udan Gorazde herrira eraman behar dituzte Gipuzkoako zenbait haur eta gazte.
Esan bezala, Berrian ere hiru orrialde eskaini zaizkio Srebrenicako kontu hauei gaur:
Pasako da uztaila, joango dira komunikabideen azaletatik, baina Srebrenican 8000tik gora hildako egon zirena ez da ahaztu behar.