Ikusi dut Jabier Muguruza Lugaritzen
Atzoko mezuan abisatu bezala, Jabierren emanaldira joan nintzen hura idatzi ondoren. Jende gehiago espero banuen ere (100 lagun eskas bildu ginen), giro beroa izan zuen beltzez jantzitako hirukoteak. Biluztasunaren atzetik beste koxka bat egin du Muguruzak, baina betiko Jabier ikusi nuen nik Imanol Larzabal Aretoan: samurra, gertukoa, zirikatzailea, dotorea, ironikoa...
Kontzertura joan aurretik Gabiriaren erreseina literario hau, Bilbon bezperan eskainitako emanaldiari buruzkoa, irakurrita nuen. Ondo baino hobeto azaltzen du idazleak Jabierrek eskaintzen duena. Gaur irakurri dut Joseba Martin kritikariaren erreseina periodistikoa: Lagunen arteko bilera. Errepikatu daiteke gauza bera Donostiako emanaldiaz. Kendu Iñigo Muguruza eta Rafa Rueda, jarri Harkaitz Cano eta Jose Luis Padrón. Hori bai, Donostian ez dago Iñaki Irazuren klonik, gizon hau errepikaezina da.
Dena dela, beste bi gauza aipatu nahi ditut hemen: diskoak kontzeptu gisa duen garrantzia da bata; Irunen bizi den egoera kafkianoa bestea. Pasa den larunbatean Radio Euskadiko Más que palabras saioan Javier Vizcaínok Muguruza eta Jorge Drexler gonbidatu zituen. Aitzakia Jabierren lan berria izan zen. Irundarra etxean, Vizcaíno Bilboko estudioan, uruguaiarra errepidean. Azken honen ahotsa ez zen behar bezala iristen, baina lagunen arteko solasaldi interesgarria eskaini ziguten entzuleei. Musikaz aritu ziren.
Atentzioa deitu zidan biek diskoak formatu gisa duen garrantzia azpimarratu zutela. Gaur egungo egoera zein den kontutan hartuz, kezkatuta daudela adierazi zuten. Jorgek borobildu zuen kezka hori: "No vivimos del disco, pero sí que vivimos por y para el disco".
Atzokoan, kantuen arteko solas tarteetan, kezka hori berretsi zuen Jabierrek: "Diskoa desagertzen bada asko galduko dugu. Esaten dute kantak gelditzen direla, baina ez da gauza bera. Diskoa formatu bat da, talde bat dago horren atzean. Kantek soilik ez dute hori isladatzen". Gutxi gorabehera.
Ados nago Jabierrek berba horiekin adierazi nahi duenarekin. Oraindik ere interesatzen zaizkidan diskoak erostearen aldekoa naiz ni. Dena dela, artistek ezin diote muzin egin teknologia berriek eskaintzen dutenari eta musikari batentzat P2P sareak (musika trukatzeko sareak) onuragarriak izan daitezke. Teknologiak ahalbidetu du grabazioak askoz merkeago izatea eta zure burua ezagutzera emateko orduan sare horiek paper garrantzitsua jokatuko dutela dirudi.
Hori horrela izanik ere, Espainiako legislazioak traba asko jartzen ditu. Beno, ez Espainiakoak bakarrik, mundu (ustez) zibilizatuan ere antzeko-parezido. Kantak libre eman nahi dituzten copyleft lizentzien aldeko artista-aktibistek traba asko gainditu behar dituzte. Adibidez, SGAE.
Musika ez dago krisian, krisian industria dago. Diskoa, kontzeptua azken finean, aurrera aterako da. Jarraituko duela uste dut, modu batean edo bestean, baina horretarako plus bat eskaini behar du diskoak. Ez dakit nola.
Diskoen banalizazioak, txurroak edo zapatak bezala saltze horrek, kalte handia egiten du. Drexler edo Jabierren moduko artisauei ere egiten die kalte, Resistenciaren moduko konpainiek irauteko zailtasunak dituztelako. Ausart jokatu beharko dutela idaztea erraza da. Ausardi hori ekintzetan gauzatzea zaila. Nik jakingo banu...
Hori lehenengo kontuaz esan nahi nuena. Bigarrenaz, berriz, zera: bisetan Gure bidea jo zuten; hau da, Irungo alardeari buruz Jabierrek berak idatzitako kanta. Susmoak ditu, susmoak besterik ez, herrian, Amaia Antzokian diskoa aurkezteko Irun ofizialaren boikota jasaten ari ez ote den. Izan ere, aurten behintzat ez dute aukerarik izango.
Oso traketsak direla agerian geratuko litzateke, baina ez nintzateke batere harrituko. Halere, Irunen egongo da emanaldirik. Lasai. Izan antzoki handian, izan agertoki xumean, baina Jabierrek aurkeztuko du lan hau bere herrian.
Post Scriptum: hau idatzi ondoren Zarataren kronika irakurri dut
Aupa Lo:
Zer moduz Mendi Rock kafean? Ez nekien Loquillo zegoenik areto horren atzean... zeren horrela ulertu behar da tokiari "Loquillo eta Trogloditas-en egoitza ofiziala" jartzea, ezta? Ikusi webgunea
Jabier-diskoa-copyleft-Ramoncín: joderrrrr, "Ramoncín style" esatea Jabierrek esandakoari, gehitxo iruditzen zait. Izan ere, Ramoncín-ek "Rey del pollo frito" zenetik ekarpen gutxi egin dizkio kulturari. Jabierrek ez bezala.
Dena dela, eskerrak zure mezuagatik, señor del amor 74. Ea Jabierrek erantzuteko gogorik ote duen.
Aio.
Aio.