Belarrimotza
"Oso euskalduna zen, euskaraz egiten zuen beti, eta ez zitzaion gustatzen guri erdaraz egin beharra. Pilotan irabazten zidanean nik caraquemada eta cabron deitzen nion baina berak, lagun arteko irainen erreserban, maketo eta belarrimotza zituen niretzat, euskalduna izanda euskaraz egiteko gauza ez nintzelako. Euskaraz berari buruz zerbait kontatzeko bezainbeste ikasi dut denborarekin, berari kendu zioten denborarekin". Agustin Azkaratek idatzitakoa da goiko zati hori. Anjel Otaegi Martutenen izenburupean Berriak irailaren 25ean publikaturiko gogoetaren pasarte bat da.
Igandean publikatu zen, beraz, periodikuan. Baina belarrimotza hitza larunbatean entzun nion aitari. Lagun baten aita hil egin zen pasa den astean eta sapatuan izan zen haren aldeko meza Irunen. Nire gurasoek ere hantxe zeuden. Eta nire koadrilako jendea ere bai, noski.
Irungo koadrilako gehienak ez dira euskaldunak (euskal hiztunak irakurri). Horietako bat, neska, berriro hasi da euskara ikasten. Sei hilabeteko haurrak du horren errua, besteak beste.
Guregana hurbildu zen nire laguna, euskarazko hitzak entzun nahi zituela esanaz. Nire aitari zer pasa burutik esateko eta “orduan zu eta zure gizona belarrimotzak zarete” edo berak bakarrik erabiltzen duen "belarrimotzez aritzen zarete" (erdaraz ari zarete esan beharrean).
Behin baino gehiagotan esan diot aitari horrelakoak ezin direla esan, iraingarriak direla. Berari bost ajola zaio, ez baitu iraintzeko asmoz esaten eta nire lagunak, adibidez, ez zion ulertu zer esan nahi zuen. Pasatako garai bateko hitza delako, nire aita eta lagunaren gurasoen garaikoa.
Nire aitak horrelakoak botatzen ditu eta (ustez) galdutako hitza bi egunetan entzun eta ikusi dut idatzia. Horregatik ekarri nahi nuen blog honetara.
Ia ahaztu zait aipatzea larunbatean, irailaren 24an izan zela Euskararen eguna Irunen (edo Txingudin?).
zein da zure aita, igande goiz batzuetan Irunen barrena, Karrika Nagusiaren inguruan, bilobaren bat pasiatzen ibiltzen dena, aurpegi borobila, hondarribiako Ttino arteaz pilo bat dakienaren arrebarekin ezkondua, Virto abizenekoa oker ez banago, eta bigarrenez Olaskoaga?
lehengoan haren ondotik pasatu eta "haurrarekin belarrimotzez ariko zara noski" bota nion ia, baina ausartu ez, eskerrak