Jabier Muguruzaren lan berria
Atzo arratsaldean pasatu nintzen lehenengo aldiz gure hirian ireki berria den FNACetik. Aitzakia Jabier Muguruzaren azken diskoaren aurkezpena izan da. Abenduak 29 du izena eta Angel Unzu eta Mireia Otzerinjauregi musikarien laguntzarekin jo ditu Jabierrek lau kantu.
Ezagutzen nauenak badaki Jabierren zalea naizela 1994 urtean lehenengo lana publikatu zuenetik, Boza barruan. Garai hartan gitarra eta kontrabaxuaren laguntza zuen. Gero, gitarra albo batera utzi eta pianoa lagun izan du azken lanetan. Baina Abenduak 29 diskoan salto berri bat ematea erabaki du: adio pianoari, adio kontrabaxuari, adio bateriari, adio Txema Garcesi. Diskoa erosi egin dut gaur eta, oraindik, ez ditut kantu guztiak behar bezala entzun, baina inpresio ona dut: dotorea, samurra, betiko Jabier dago hemen ere.
Iñaki Irazu, Bernardo Atxaga, Jose Luis Padron, Gerardo Markuleta eta Kirmen Uriberen letrak erabili izan ditu lehenago ere kantu bihurtzeko (duda daukat Kirmenekin, baina baiezkoan nago) eta orain ere izan ditu kolaboratzaile.
Lehen aldia da, berriz, Harkaitz Canoren testu bat musikatzen duena, Abenduak 29, diskoari izena ematen dion kantua. Ohikoa da ere gazteleraz kanturen bat sartzea: Alberto Manzanoren letra aukeratu du, kasu honetan. Eta Angel Unzuk ere jo du instrumental bat, garai batean Roberto Yabenek egiten zuen moduan.
Gure herriko alardeari buruzko kantua idatzi du Jabierrek, Gure bidea izenekoa.
Aurreko lanean bezala Resistencia disketxea izan da lana merkaturatu duena. Katarainen estudioan grabaturikoa, Pedro Balmaseda da diseinuaz enkargatu dena.
Bi gonbidatu daude diskoan: bata, nazioartean ezaguna egin den Jorge Drexler uruguaiarra; bestea, etxekoa, Itziar Ituño.
Urriaren 5ean zuzenean arituko dira Madrilen, 6an Bilboko Kafe Antzokian eta 7an Donostiako Lugaritz Kultur Etxean (Imanol Larzabal Aretoan). Horrela abenduaren 29an Durangon egingo duen urteko azken kontzertura arte. Hamabi lotuta ditu jada eta hamahirugarrena San Sebastian egunean Parisen. Informazio gehiago. Berrien atalean kontzertuen datak eta tokiak ageri dira.
Bukatzeko, hona hemen Eskisabelek egin eta herenegungo Berrian argitaraturiko elkarrizketa.
Jabier: errepidean elkar ikusiko dugu.
Un tal Eusebi. L'artista pensionista (II)
Atzo arratsaldean inauguratu genuen Un tal Eusebi. L´artista pensionista erakusketa. Iban del Campo eta Concetta Probanzak hartu zuten parte ekitaldian. Jendeari asko gustatu zaiola esan beharko dut. Merezi du Eusebik ahalegina.
"Jubilatu nintzenean nire buruaz beste egin nahi nuen, baina ahots eder batek zera esan zidan: Ez motel, hik artista arima daukak, murgildu burubelarri horretan eta zoriontsu izango haiz. Eta horrela izan da, eta horrela jarraituko dut hil arte…"
Erakusketa urriaren 22ra arte egongo da ikusgai Ernest-Lluch Amarako Kultur Etxean.
Gainera, urriaren 18an mahai-ingurua egongo da: arratsaldeko 19:00etan, areto nagusian. "Arte y creatividad en personas mayores".
Artista
Bere bizitzako azken zuzengunean zoriona bilatzen duen 82 urteko bohemio bat da Eusebi. Bartzelonako Gracia auzoa da bere erreinua. Bizitza guztia kontaduria lanetan eman ondoren, erretiroak lausotu egin zion bizitzaren zentzua. Bere buruaz beste egitear zela, ustekabean, errebelazio bat. Bere burua berrasmatzea erabaki zuen, uko egin zion etsitzeari, uko inorentzat traba izateari eta ekoizpen sistematik at dauden edadetuak alboratu eta gaztetasuna besterik kontutan hartzen ez duen gizarteko baztertu bat gehiago izateari. Asperkeriak jota ez hiltzeko egin zen artista, ilusioa azken unera arte mantendu eta, zergatik ez, diru pizarren bat irabazteko.
Dokumentala
Iban del Campo, "Un tal Eusebi" dokumentalaren zuzendaria eta erakusketaren komisarioa: "Eusebi Bartzelonan ezagutu nuen, Gracia auzoan, bizilagunak ginelako. Eusebi aldamenean zegoen etxabean bizi zen, ni lehen pisuan. Nire balkoitik haren etxeko barruko patiotik zetozen pianoaren notak entzuten ziren".
"Hasiera-hasieratik 80 urteko bohemio hura ezagutzeko kuriositatea izan nuen. Beste kulturetan tribuko zaharrenei, jakintsuei, sorginei zaien miresmena eta errespetua sentitzen nuen harengatik".
"80 urte ba zituen ere, casting agentzia batean ari zen lanean: luzemetraiak, iragarkiak, bideo-klipak… Lehenengo aldiz protagonista izateko aukera eman nion, bere historiaren protagonista. Horrela sortu zen “Un tal Eusebi” proiektua, ekoizpen independentea, ordu erdiko dokumentala, Bartzelonako Verdi zineetan estreinatu zena (2003ko urria) eta estatuko zein nazioarteko 6 jaialditan saritutakoa".
"Hurrengo urratsa DVD formatuan eginiko argitalpena izan zen, guk ekoiztu eta argitaratutako lana. Bertan 27 minutuko dokumentala gehi Eusebiren beste zenbait abentura jaso ditugu. Hemen eros daiteke"
Erakusketa
Ernest-Lluch Amarako Kultur Etxearen enkarguz eginiko "Un tal Eusebi. L’artista pensionista" erakusketa, proiektuaren fase berri bat da. Bizi den bitartean Eusebiri, pertsonari eta artistari, eginiko errekonozimendua bilatzen duena, nahiz eta dokumentalean bertan dagoen esaldi bati kontra egin (Noiz baloratzen da artista baten lana? Artista bera hiltzen denean).
Erakusketaren izenburuak artista eta artea ulertzeko modu ezberdin baten aurrean jartzen gaitu: bitxia, autodidakta, espontaneoa eta arau estetiko konbentzionaletatik urrundutakoa. Eusebik marraztutako akuarela autobiografikoak egongo dira ikusgai. Lan hauek erakusketa honetarako bereziki egindakoak dira eta haren jaiotza dute abiapuntua, Eusebik irudikatutako heriotzarekin amaiera. Lanek Eusebik idatzitako ”Pues sí, nací…” autobiografiako zenbait pasarte aukeratu izango dituzte aldemenean lagungarri.
Erakusketa bisitatuko duenak ondorengo materiala ikusteko aukera ere izango du: proiektuaren webgunea, DVDa oso-osorik, dokumentala era jarraituan, Eusebiren beste 40 akuarela original eta Eusebi inspirazio-iturri izan duten beste zenbait lan (beste artisten erretratuak, aldizkari batzuetan argitaratutako lanen erreprodukzioak, argazkiak, poesiak…).
Un tal Eusebi. L'artista pensionista
Datorren asteartean inauguratuko dugu "Un tal Eusebi. L´artista pensionista" erakusketa. Gonbidatuta zaude!
Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxeak atsegin handiz gonbidatzen zaitu UN TAL EUSEBI. L´artista pensionista erakusketaren inauguraziora. Ekitaldia irailaren 27an izango da, arratsaldeko 19:30etan, areto nagusian. "Un tal Eusebi" dokumentala proiektatu ondoren, Iban del Campok, komisarioa eta dokumentalaren zuzendaria, eta Concetta Probanzak hitz egingo dute.
"Jubilatu nintzenean nire buruaz beste egin nahi nuen, baina ahots eder batek zera esan zidan:
Ez motel, hik artista arima daukak, murgildu burubelarri horretan eta zoriontsu izango haiz.
Eta horrela izan da, eta horrela jarraituko dut hil arte…"
HITZORDUA
Asteartea, 27
Ordua: 19:30
Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxea. Areto Nagusia.
(Sarrera Anoeta Estadioko 7 eta 8 ateen artean)
943 481919
Oharra: ez da lehenengo aldia Eusebiri buruz idazten dudana blog honetan. Ez dut uste azkena izango denik.
Gustatu zitzaidan Aupa Etxebeste! filma
Asteazkeneko post-ean Donostiako San Martin merkatu berriaz aritu nintzen eta ostegun arratsaldean San Martineko martxa entzun genuen Kursaalaren atarian. Ez nekien martxa horren izena San Martin zenik, baina Edu Mendibilek Sustatun jarri duen berriarekin enteratu naiz. Gustatu zitzaidan XXI. mendeko euskaraz egindako lehen luzemetraia. Ramon Etxezarretari ez zitzaion gustatu, atzo Euskadi Irratian goizeko tertulian esan zuenez.
Arratsaldeko 18:30etan genuen zita Kursaaleko kubo txikiaren atarian. Atarian baino, iladan, zeren ni iritsi nintzerako jende asko zegoen zain. Sarrera efektista muntatu zuen filmaren produkzioak: Mercedes-a garabian zekartela azaldu baitziren zuzendaria eta aktore protagonistak Kursaalera, Bergarako Udal Bandak bidea irekitzen zuen bitartean.
Kronika soziala ez dut egingo, baina jende asko egon zen, lehendakaria barne. EAJ-ko kargu asko, Aralar-eko baten bat... Ramon Etxezarreta etxean, baina kanpoan egongo balitz bezala. Portzierto, non demontre zegoen San Martin merkatua inauguratzerakoan ipurdia galtzen duen alkatea? Ah, noski! Hau euskarazko pelikula da. Hots, bigarren mailakoa?
Pelikula gustatu zitzaidan. Txukuna, duina, barre algarak egiteko egokia, baina baita pentsatzeko ere. Uste dut horrelako filma behar genuela orain martxa pizarra emateko euskarazko produkzioari.
Hurrengo goizean, Euskadi Irratia piztuta nuen sukaldean. Politikoak egoten dira ostiraletan. Ramon Etxezarreta, Markel Olano, Mikel Basabe eta Laura Garrido. Azken honen abizena ez dakit hori den, baina, bide batez, auzo lotsa ematen du euskaraz, gazteleraz ezer gutxi duela esateko iruditzen bazait ere.
Manu Etxezortuk ireki zuen solasaldia bezperako estreinaldiaren inguruan Ramoni galdera botaz. Gustatu zitzaiola esanez hasi, baina aitortu zuen ez zegoela oso gustura emaitzarekin. Iji eta aja ari dela bilakatzen euskal kultura ulertu nion.
Ramonek dioen banalizazio horren kontra nago ni ere, Klaudio Landa eta enparauek egiten dutenaren kontra. Edo Kutsidazu bidea Ixabel antzezlana, txarra baino txarragoa iruditzen zaidana niri eta kristo guztiak ikusi duena. Edo...
Baina, nik ez dut pakete horretan sartzen Aupa Etxebeste! filma. Ezin da sartu pakete horretan. Beste gauza bat da. Kostunbrismoa egiten dela esan da, baina istorio hori ere unibertsala da: nahi eta ezin agertu nahi duen jendearena.
Bukatzeko, Donostiako Kultura eta Euskara zinegotziak horrelakorik ezin duela esan ere iruditu zitzaidan. Ondo da pentsatzen dena esatea, baina, tamainan.
San Martin eguna aurreratu egin da aurten
Bai, Donostian gaur da San Martin eguna. Ñoñostitik edo Diario Vascoren eremutik kanpo zaudetenak, agian ez duzue jakingo, baina gaur irekiko ditu ateak Donostiako erdialdean San Martin Merkataritza Guneak. Lo74-ren blogean sortu da eztabaida interesgarria. FNACen logoa iradokitzen duen FUCK berri bat jarri du blogariak, copyleft dena gainera (eman eta zabal ezazu). Horrekin bertako denda ttikiak babesteko aldarria egiten duen Apoya al pequeño comercio local kanpaina abiatu du.
Lo-k dio:
"Pero desde aquí pedimos lo que no suelen hacer los alcaldes (al nuestro, al menos, se le llena la boca afirmando que "estoy con el pequeño comercio, para los que hemos sacado unos vales preciosos para reservar pista de petanca"): Que apoyes a tu pequeño comercio local".
(...)
"¿Sabían que la FNAC ha estado empleando, hasta su inauguración mañana, un espacio destinado a la pequeña empresa tecnológica donostiarra para ubicar sus oficinas?"
(...)
"Ahora toca ver desaparecer librerías, tiendas de discos, alguna que otra de DVDs y par de establecimientos informáticos".
Ramuntxok, berriz, erantzunetan hurrengo mezua utzi du:
"Que espabile el pequeño comercio también hombre...que salvo contadas excepciones...menudo servicio nos dan. Además, los empleados de la nueva Fnac (cerca de 100 según tengo entendido...) qué son, ¿franceses?, ¿ingleses? Son Ramuntxos hombre..."
Lo-k berriro:
"Pregúntale al ramuntxo a pie de calle a ver qué cobra".
Ez da bertan amaitzen eztabaida. Ez da bertan amaituko eztabaida. Inguruko zenbait komertzio ttikiek jasoko dute San Martin merkatuaren ondorio onik ere, baina beste batzuk pikutara joango dira.
Hori bai, Mugikortasun Astearen barruan parking berria zabaldu dute Donostiako erdialdean. Tumatxa! Auto gehiago hiriaren erdian. Klaro, FNAC eta horrelakoak etorriko lirateke Donostiako erdialdera etxe azpian parking bat egongo ez balitz por-los-cojones!
Gipuzkoako periodiku salduenak hara zer dioen alkatearen atzoko prentsaurrekoari buruz
Irutxolo Hitzak ere jaso du notiziya
Portzierto, hiri honetan lehenengo mailako futbola pisua galtzen ari den beste seinale garbi bat: gaur 20:00etan egingo da inaugurazio ofiziala eta FNAC-ek, berriz, 22:00etan du irekiera jaialdia. Reala-Atlético Madrid partida gaueko 21:00etan Anoeta Estadioan...
Ni Anoetan egongo naiz. Lagunekin kontu-kontari, bokallua jaten dugun bitartean. Ea Realak irabazten duen...
Bertsoa begian, Koldo Izagirre
Atzokoan esan bezala, Koldo Izagirrek emandako hitzaldian nik hartutako apunteetan oinarriturik botako ditut hemen zenbait gauza. Beste esaldi batzuk pasadan aipatuko ditut. Adibidez, "ez dago bertso-saiorik, entzulerik gabe". Edo "zein da bertsolariaren tresna?" galdera. "Edo bertso onak entzule bihurtzen gaitu". Originala bertatik bertara entzuteko deitu Koldo Izagirreri edo jarri harremanetan Lanku-rekin, azken hauek mugitzen baitute Hitzak egin gaitu ezer erakusketa Euskal Herrian zehar.
Basarri eta Oteiza
Oteiza gure erdaldun maitagarri horietakoa da Koldoren hitzetan. Hemen ikus dezakezue ez dela Koldoren gustoko. Basarri, berriz, El día egunkari nazionalistatik La Voz de España egunkari nazionalistara pasatako gizona ere ez du gehiegi maite. Bi egunkariak nazionalistak ziren, baina lehena abertzalea, bigarrena española.
Egaña Rodin
Andoni Egaña herri txiki bateko plazan, txapeldun jada, kantatu aurretik erabat bertsoan murgilduta, pentsakor. Rodin bertsolaria. Ederra konparazioa, baina kasu honetan hezur-haragizko eskultura bat da.
Martin Ugalde
Donostian behin Martinek esan omen zion Euskaldunon Egunkaria behar genuela euskaldunok. Eta hori ilustratzeko Deia periodikuaren zuzendariorde zela gertatutakoa kontatu zion Martinek. Xalbador hil egin zen eta Ugaldek azalean "Xalbador hil da" jarri nahi zuen. Ez zuen gehiegi iraun titularrak. Zuzendaria, gazteleraduna, etorri zen galdezka ea nor zen Xalbador. Martinek erantzun zion bertsolari bat zela. "No es importante. Un bertsolari nunca merecerá la primera plana". Lazkao Txiki hil zenean, berriz, lehen plana izan zuen Euskaldunon Egunkarian.
Txirrita
Lehengo eta behin, nire kosetxako eskakizun bat: gaur bertan estreinatuko da Zinemaldian Camarón filmea. Nire lagun batek dioen bezala, gure Camarón da Txirrita. Aupa Etxebeste filmarekin berriro euskarazko pelikulak egiteari heldu diogun honetan, Txirritari buruzko filmea on bat ez legoke soberan.
Koldorekin jarraituko dut, zer da Txirrita gaur egun?: Altzan Txirrita kale bat da. Eta inguruko establezimendu askok hartu dute bertsolariaren izena, nahiz gehienek ez duten jakingo nor izan zen. Koldoren aitak ezagutu zuen. Eta haren fama gezurtatzeko, Txirritak, edanda zegoenean, planto egiten ziola bertsoa kantatzeari esan zigun; beharbada ez ziola zurrutari ezetz esango, baina edanda zegoela ez zuela bertsorik kantatzen. Aitak esaten omen zuen Txirritak ez zuela inoiz ez errespetuzko hitzik erabiltzen eta, beharbada horregatik, zakildu baino lehen bertsorik ez kantatzea erabakiko zukeen.
Etxahun-Iruri eta Villepin
Barkoxen, Herriko Etxearen paretan dago bertsolari hau gogoratzen duen plaka. Bandera frantsesa eta guzti. Halakorik ez omen dago Hegoaldean. Erran nahi baita, Hegoaldeko inongo Herriko Etxearen paretan ez dago bertsolariren bat gogoratzen duen plakarik.
Bertsolaritzak presentzia du gure geografian. Dominique de Villepin, egungo lehen ministro frantsesak, izan zuen horren berri 2004ko azaroan Iparraldeko arnotegi bat bisitatu zuenean.
Karlos Argiñano
Behin entzun omen zion perrexildunari saiatu omen dela noizbait telebista-saioan bertso bat botatzen, baina inoiz ez duela lortu. "Ez diot trukorik harrapatzen". Zergatik? Bertsolaria ez delako telebistako panpina. Bertsoa artea da, sukaldaritza berezia.
Hitzak egin gaitu ezer Donostian
Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxean gaur bukatuko da Hitzak egin gaitu ezer erakusketa. Bertsozale Elkarteak ekoitzitakoa, bertsolaritzari buruz eginiko lehena omen da. Gidoia Koldo Izagirrerena da eta Amets Arzallusek ere hartu du parte. Irailaren 7an egon zen bertso-saioan Amets, Peña eta Joxe Agirre aritu ziren, Laxaro Azkune gai-jartzaile lanetan. Hilaren 14an, berriz, Koldo Izagirrek ordu eta hogei minutuko hitzaldia, Bertsoa begian izenekoa, irakurri zuen. Datozen hilabeteetan hamaika herritan egongo da ikusgai erakusketa.
Irailaren hasiera ez da garairik onena kultur etxeetan horrelako ekimenak antolatzeko, baina ez genuen beste datarik. Dena den, aldez aurretiko aurrikuspenak gaindituak izan dira erakusketaren inguruan antolaturiko bi ekitaldietan.
Anoeta Estadioaren barrualdean dagoen kultur etxean lehenengo aldia da, oker ez banago, bertso-saio bat egiten dela eta ustekabe positiboa izan zen jendearen erantzuna. 70 bat lagun bildu ziren irailaren 7an. Bertsolariak gustura aritu ziren eta entzuleak ere ez ziren disgustora atera. Antolatzaileak zer esanik ez.
Koldo Izagirreren hitzaldia, berriz, nahi baino gutxiago azaldu da komunikabideetan. Ez dugu behar den bezala saltzen jakin? Hala ere, publiko fidela du idazleak eta inkondizional batzuk bai bildu zirela bera entzuteko prest.
Ez dut Koldoren nobelarik irakurri, baina bai leetu nuela, gustura leetu ere, Euskararen historia txikia Donostian (1998). Gero, Hasier Etxeberriak bost idazleekin egindako liburuan ageri den elkarrizketa eta Koldok prentsan publikaturiko zenbait artikulu ere jarraitu ditut.
Dena den, inoiz entzun gabe nengoen haren hitzaldirik eta aukera pasa den asteazkenean iritsi zen. Euskal Herriko geografian barrena ibili da Koldo hitzaldia prestatzeko eta, dirudienez, gasolina nahikoa gastatu du aurrera eta atzera. Bidaiaren helburua, bertsoa eta bertsolariei buruzko oroigarri, plaka eta eskulturak izan dira. Bertsoa gure geografian.
Aipatu zituen, besteak beste, Fito Rodríguez, Aitzol, Mitxelena bertsolaria, Oiartzungo Lekuona bertsolaria (kale-garbitzailea zena), Joseba Tapia, Sebastian Lizaso, Pierre Landais jesuita jakintsua, Xabier Amuriza, Oteiza, Anje Duhalde, Andoni Egaña, Martin Ugalde, Lazkao Txiki, Balentin Enbeita, Txirrita, Koldoren gurasoak, Bordel, Etxahun, Pello Mari Otaño, Joselu Geresta, Mattin, Amets Arzallus, Maddalen Lujanbio, Basarri, Xenpelar, Iparragirre, Joseba Zubimendi, Ramon Etxezarreta, Joxe Mari Lopetegi, Joxan Elosegi, Uztapide, Pako Aristi, Bilintx eta Karlos Argiñano.
Gutxi gora behera zer esan zuen jakin nahi duenak, biharko apuntea irakurri beharko du.
Zinemaldira noa, estreinakoz aurten.
Gurutze berri bat ez, gizona
Barkatuko didazue ateraldi xelebrea, baina ezin izan diot eutsi. Ibarretxe.com-en ondorengo izenburua duen oharra jarri zuten herenegun:
Lehendakariak Kolonbian hartuko du Simon Bolibarren Gurutze Handia
Ez, Ibarretxe jauna. Kanpoko gurutzerik ez hartu, nahikoa ditugu-eta hemengoak via-crucis amaiezinak egiteko.
Iturri, gurutziltzatua.
Anjel Lertxundik bloga behar du
Ez dut astirik izan azken egun hauetan behar den bezala pentsatu eta zeozer idazteko blogosferaren izkin honetan. Halere, atzo eta gaur Anjel Lertxundi idazleak bitan aipatu du txoko hau eta gustura hartzen dira horrelako aipamenak.
Dagokionari: bloga eskatzen ari da Lertxundi, ozenki gainera. Eta Berriak ematen ez badio, saiatuko da beste norbait Anjelenak blog batean jasotzen.
Adibidez ni saiatuko naiz: Eibar.org-en seguru toki bat egingo dizugula.
Gurean ez baduzu nahi, Lertxundi jauna, aholku bat: jaso itzazu zure idatzi guztiak, behintzat prentsan publikatzen direnak, blog batean, webgune batean. Adibidez, Javier Ortizek egiten duen bezala (laster, gainera, blog bihurtuko den webgunea, antza denez).
Bitartean, gustura irakurriko ditut egunero Lertxundik Berrian publikatzen dituenak eta noizbehinka Argian publikatzen dituenak.
Mikel Iturria, blogaria.
Eskopetera
Eibartarra da Leire. Gaur ondorengoa bota du eibartarrak zerrendan "Irun-Hondarribi aldian esan ahal detsuen iraiñik gogorrena: eskopetera!! Hori esan deste behintzat. Berba horrek zorra, bollera, japuta, matxorra...esan nahi ei dau". Ah! Armaginen biloba da Leire.
Lotsagarria bai inguru horretan gertatzen dena. Irungoa naiz ni, baina arrarua, inoiz ez banaiz atera alardean. Azken urte hauetan, alarde-egunean (ekainaren 30ean), gurasoekin bazkaldu ondoren, joaten nintzen alarde mistoa ikustera. Aurten, berriz, ez dut ikusi. Datorren urtean joango naiz. Fijo.
Leireren berbek emakume batzuk atera nahi zutela esaten (eta egiten) hasi ziren garai haiek gogorarazi didate. Beti gogoratuko dut bizilagun batekin (ustez kabala) izandako eztabaida-hizketaldia. Ekaina zen. 1995-1997 urteak izango ziren (dedio, nola pasatzen den denbora). Atera zen gaia, tabernan geundela trago bat hartzen, portaleko bilera baten ondoren.
Nik- Zer kristo gertatuko da aurten alardearekin?
Bizilagunak- Ez dakit. Emakumeek atera nahi dute, baina, oso ondo dakigu zeintzuk diren.
N- Ah, bai? Zeintzuk dira ba? Hainbeste prolema al dago ba emakumeak ateratzeko?
B- Beitu, oso ondo ezagutzen ditut zeintzuk diren hauek. Bata separatua, bestia lesbiana eta hango hura ez-dakit-zer... Azken finean, hauei guztiei falta zaiena (albo batera eta bestera begiratzen du) zakil handi bat...
(Nire artean, bai, hirea, no-te-jode!!!).
Handik urte batera, berdintsu gertatu zen. Bizilagunen bilera izan genuen berriro ere eta Donostian egunero ibiltzen ohitua, Irungo giro txarra ahaztua nuen eta, zer bota behar nuen pentsatu gabe, berriro atera nuen gaia tabernan. Orduan, zakarrago mintzatu zen nire bizilaguna.
Urte haietan, festan edozeinek parte har dezala pentsatzen duten lagun batzuekin hizketan ari ginen egun batean. Ea nork entzun zuen astakeriarik handiena esaten hasi ginen. Ez dut gogoratzen zeinek irabazi zuen, baina bai gogoratzen dudala nik esandakoa:
"Nik entzun nion bati, ezin zuela bere konpainian emakume bat ametitu soldadu gisa, zeren eta bestela, parean ikusitakoan, txortan egiteko gogoa sortuko zitzaion eta bertan egitea beste erremediorik ez zuen izango".
Gauzak horrela zeuden momentu hartan. Ez dut uste asko aldatu direnik. Ertzainak daudelako babes handiago dute parte hartzaileek. Hori bai, baina ertzainen babesa egun batekoa da eta urte guztia bizi behar da bi herri horietan.
Udan erosi dut UEUk kaleratu duen Bidasoako Alardeak: Herria versus Hiria, baina ez dut oraindik irakurtzeko betarik izan. Nahi duenak hemen eros dezake
Luis Marianori ere marikoia deitu omen zioten Sanmartzial egunean duela makina bat urte, ile luzea zuelako. Gaur egun, herriak plaza bat eskaini dio kantariari, jaialdiak antolatzen dira bere izenean eta gizon maitatua da. Galdetzen baduzu, tradizionalisten alderdikoek esango dizute ez zela hainbesterako izan Luis Marianori gertatutakoa.
Hemendik urte batzuetara gaur alarde mistoaren aurka irainka ateratzen diren asko, lotsatu egingo dira eta ez dituzte aitortuko hamar urte hauetan egin dituzten barrabaskeriak. Esango dute ez zela hainbesterako edo beste batzuk zirela.
Aldatuko dira plastiko beltzezko garai ilun hauek, baina, a zer nolako irudia eskaintzen ari diren.
Hona hemen gustatu zaizkidan gaurko zenbait artikulu: