Lauaxeta hamaika k@ntu
Urriaren 18an Elgetako Espaloian abiatutako ekimena Donostian egon da ostegunean. Rafa Ruedak gidaturik hamaika euskal kantari eta aktoresa bat Lauaxeta gogoratuz. Azken emanaldia, abenduaren 10ean, Durangon izango da. Antzoki Zaharrean sartu ginen iluntze euritsuan. Merezi du ahaleginak? Bai. Gauzak hobetu daitezkeela? Noski baietz. Neskarik ez egotearena adibidez. Edo batzutan Entzutegi Nazionaleko itzultzailearen antzera egon nintzela ezer ulertu barik. Hori ere bai. Ez zitzaidan gehiegi gustatu Berrian irakurtzea diskoaren aurkezpen-egunean Rafa Ruedak esan zuela Lauaxetari omenaldi gisa egin beharreko diskoa zela hau. Aurten omenaldi ezberdinak egin direla, baina diskoa falta zela. Arraroa egin zitzaidan, informazio hartan behintzat, aurten Metak disketxeak eta Oñatiko Potxo argitalzuloak argitaratu duten Zuraren diskoa Ilargi haundi, zauri zarae lanaren aipamenik ez egotea. Nola liteke ahaztea aurrekari hori Xabi Strubell bera disko honetan egonik?
Emakume abeslaririk ez azaltzea ere arraro egiten da. Berrian duela egun batzuk andra batek (ezin izan dut berria.inforen hemerotekan haren testua topatu eta izen-abizenak hemen bota gabe geratu behar) hori esan zuenean, oker zebilela pentsatu nuen. Emakume abeslari gutxi baitago gure herrian. Gutxiago rock eta pop munduan. Eta disko hau mundu horren emaitza da.
Aste honetan buelta batzuk eman dizkiot gaiari eta arrazoi zuela uste dut. Ruedak dio, halere, pare bat abeslariri eskaini ziotela, baina ezin izan omen zuten parte hartu.
Dena dela, guztia ez da negatiboa. Rafa Ruedak gidaturiko banda eta kanta ezberdinak lotzen dituen aktoresa bikain aritu ziren zuzenean. Eta diskoa ere gustatzen zait. Hor goian adierazi dut zaila egin zitzaidala zenbaiten testuak ulertzea. Eta ez dut uste nire akatsa denik bakarrik, beste norbaitek ere aipatu dit eta. Ahoskatzerako orduan komeriak zituzten batzuk!
Gehien gustatu zitzaidana Txuma Murugarren izan zen. Kantuak emanaldiaren erritmoa puskatu zuen. Onerako.
Mendiko betizu baten moduan atera zen gaur egungo gure Camarón izan daitekeen Petti (nondik zetorren?)
Lehenengo aldiz ikusi nuen eszenatoki gainean Ken Zazpi taldeko Eñaut Elorrieta. Eta ondo aritu zen. Berak zuen poetaren letrarik ezagunena ("Dana emon bihar yako maite dugun askatasunari").
Garik zer zioen ez nuen ulertu. Betiko Francis agertu zen (kabareteroa), baina euskaraz. Jabier, hitz egiteko gogoz geratuko zen; kantuan, ondo. Montoia, ez dakit zer esan. Urdangarin, tira, ez da nire estiloa. Strubellek kanta polita moldatu zuen, baina izan ditu egun hobeak. Markos Untzetak nahikoa egin zuen Anje Duhaldek diskoan grabaturiko kanta abestearekin. Ah! Eta Rafa Rueda… master of ceremony.
Bukaeran, Esteban Urkiagaren heriotz zigorraren berri ematen zuen epaiaren irakurketa... zirraragarria. Iñaki Berazategiren meritua (off-eko ahotsa). Edorta Jimenez idazlearen ahotsa ere entzun genuen.
Oso presente utzi zidan bukaera horrek Gerra Zibil madarikatu hura. Ez da komeni ahaztea.
Eta niri ia ahaztu egin zait Argia Gardeazabal aktoresaren izena aipatzea. Eta zuzeneko musikariena: David González, Rufo Urbina eta Mikel Azpiroz.
Zer gertatu da, zehazki, gaur Anoetan? Zeu, Iturri, lekukoa izan zara ba.
PD: B&B-en zeure falta igarri dogu gaur gabean Tenpluan.