Burutapenak 2
I
Nolakoa
Makilatua
* Urteak behar dira gizakiaren zauriak sendatzeko, gizartearenek, aldiz, mendeak behar dituzte.
* Gizartea gizaki askok gauzatutako anabasa dela irakurri dut: egiatik asko du iritzi horrek.
* Zaborra bihurtu da gizartea, baina zabor hori da etorkizuna.
* Zoologikoa dirudi gizarteak, esparru hertsi labur batean bizi gara, ez dugu amestutakoa ezik beste itsasorik begiratzeko, ikuspegi zabalik gabe, esperantzarik gabe, eguneroko monotonia dugu ikuspuntu bakarra, horregatik asmatzen ditugu utopiak.
* Mehatxua abere-legea denez, abere saldoa da gizartea, mehatxu-sorta besterik ez baita legedi oro, harreman arauketa baten aitzakiaz.
Mailakatua
* Denontzako lekua dago munduan, nork bere eginkizuna berezia du, kanpo baldintzek zedarritua, baina.
* Xaloak ez du goi-mailan lekurik gure gizartean.
* Gaurko gizartean ez dute lekurik hondoa jo dutenak, askeenak badira ere, kale gorrian biziko dira, edo psikiatrikoetan.
* Eraikin marjinal eta esklusiboen artean marra izugarri zabala dago gure gizartean.
* Lotsagabeko eta eskrupulorik gabekoena da mundua. Horregatik dago bi zatitan banatua: aberatsak dira gehiengoa, eta pobreak gutxiengoa
* Arrakastan oinarritzen da gizartea, ez obra onetan.
* Komedia da gizartea, eta protokoloa antzezlanaren gidoia.
* Gaurko gizartean ez dago gauza okerragorik erdipurdikoa izatea baino.
Ahula
* Misterioaren geruzaz babesten da gizaki eta gizarte oro.
* “irtenbide petral baten bilatzaile antzuak”: gure gizarteko pertsona gehienak
* Bakardadearen ezaugarria dira tabernak, bakardadeari ihesi doazenak dira tabernetako bezeroak.
* Ahultasuna da gehienetan elkarbizitzari eta harremanei eusteko osagai nagusia
* Errealaren ondoan, mundu paralelo bat sortze ahaleginean bizi gara.
* Bizitzaren euskarri merkeena da, oraindik, askorentzat ogia. Lurralde aberatsetan osagai lagungarria besterik ez da. Gaurko gizarte aurreratuan ogia premietan gutxienekoa da bizitzako osagaietan.
Zertzeladak
* Dena dago merkaturatuta gaur egun: bakea, gerra, presoak…
* Bidezkoa dena soilik egitea ez da nahikoa gauzak ondo joan daitezen, bizitza, gizartea batez ere, gizakia bera ere, oso konplikatua da eta osagai ezberdin asko ditu.
* Gainbehera doa Gu-ari Ni-ak gaina hartzen dion gizartea.
* Mundu modu zeharo aldrebesean eratuak bizi gara, erotuta gaude.
* Egoerara moldatu eta aldaketa eragin, binomio horretan oinarritzen dira gizartearen aurrerapausoak.
* Karitatea bera ere ez da doakoa gaurko gizartean.
* Denok atera behar dugu bizimodua, alferrak eta bizkarroiak dira besteren bizkar bizi nahi dutenak. Bizimodua nola atera da arazoa, hor dago koska.
* Metalezko kaxetan bidaiatzen dugu.
* Askok ogibidez, baina jakin-minez ala denbora-pasa irakurtzen ote jendeak.
Akatsak
* Asperdura eta estresa, gure gizartea jaten duen pipi bizefaloa.
* Norberekoitasunean hezten gaitu gizarte honek, eta horrek egiten gaitu ez-zoriontsu.
* Nahikoa jakin ez, baina ziurtzat ematea da gizartearen joera ohikoena, zurrumurruen funtsa. Jende oro da jakintsua, herri ezjakinenean ere.
* Beti presaka, hurrengokoaren egarri, edo beldur, biharamunak ez digu ezer bizigarri sakonik utziko gaurkoa behar den patxadan eta duintasunez bizi ez badugu.
* Beti iristen gara berandu, kaltea eginda dagoenean. Benetako, sakon eta eragile eta pertsonei zuzendutako prebentziorik ez jartzea, errepresioa soilik erabiltzea alegia, hori da gizarte honen akatsik nagusienetarikoa.
* Jende bakoitza berarentzat bizi da ekinean zein pentsatzean, jendarte jostagarrienean ere, zer esanik ez arriskutsuenetan.
* Ideiek mugitzen omen dute mundua, baina bakar batzuen ideiak soilik. Gizartea inertziaz mugitzen da, eta gehiengoaren antzu geratzen dira bakoitzaren burmuineko ariketak.
Adinaroak
* Adin bakoitzak du bere zorion izpia, eta gaztaroak ere badu samindura ugari.
* Debekuen herria da eskola, debekuen adina haurtzaroa.
* Zer eman umeei: ez da gastu kontua, pedagogia arazoa baizik.
* Hitz asko egin behar zaie haurrei, baina goxo, ez zakar eta aginduz.
* Gehiegi babesten ditugu haurrak, ahulegitzat hartzen ditugu, eta gero bere kabuz, baldintza askoz zailago eta arriskutsuetan ikasi behar izaten dute bizitzaz, osagai ezkorrenetan.
* Umeei eraso bat denean, beste guztiaren gainetik jartzen dira haurren eskubideak, baina haurrak, bere eskubide eta guzti, edo eskubideoz harago, helduen menpekotasun totalean daude beti, familian, hezkuntzan, kalean…
* Haurrak, bere eskubide eta guzti, nagusien etorkizunerako berme bezala erabiltzen dira.
* Asko hitz egiten da umeen eskubideei buruz, baina zein gutxi errespetatzen ditugun umeen sekretuak, bere bizitzako zirrikitu propio intimo barnekoak. Badirudi umeek dena kontatu behar digutela.
* Haurrak kontrolatzen dituenak etorkizuna kontrolatzen du.
* Ez-zoriontsu bihurtzen du gure hezkuntza sistemak eta nagusion jarrerek haurtzaroa. Haurtzaroa ez da etorkizun zoriontsu baten ataria.
* Bi gurasoenak dira haurrak, erdi eta erdi partekatzen dituzte eskubide eta betebeharrak.
* Haurtzaroa erbestea da sarri umeentzat, gizartetik kanpo bizi da, bere mundu propioan.
* Magnifikatu egiten ditugu adinaro zenbait, baina adin denek dute dramatismo geruza bat, haurtzarotik zahartzarorainokoek.
* Gizakiak ez gaude uneko adinarekin bizitzeko prestatuta, ikasi dugunean adinez aldatu gara.
* Adinean aurrera, emakumeen zirtoen aurrean heldulekurik gabe aurkitzen dena, berdin sentituko zen gaztaroan ere.
Gizartekotasuna
Adiskidetasuna
* Adiskideak eta lagunak dira askoren familia eta denbora-pasarik gozoenak.
* Emakume batekiko erakarpena sentitzea berarekiko omenaldia delako ideia oso erakargarria da.
* Non fida han gal, filosofia gizakontrakoena da, ezinezkoa da bizitza inortaz fida gabe bizitzea. Fidatzea da gauza bat, inozoa izatea bestea.
* Ze zaila den elkarbizitza beti arrazoia duen batekin.
* Larruarenaz harago, mota eta kolore askotako azalera dugu gizakiok, eta azalera horiek sortarazitako sentipen eta sentsazioetan oinarritzen da bestearekiko jarrera, gehienetan galderarik onartzen ez dituena.
* Zenbait jendek badu patxada kutsatzeko gaitasuna. Inbidia diet horiei.
* Bakar batzuen edo une bakarretako arazoa izan ohi da bakar egon nahi eta lagunartean egotera behartua izatea. Alderantzizkoa da egoera ohiena, bakardade eramangaitzen ondorioz eta lagunarte premiaz.
* Ez dugu onartzen gurea ez den ibilbiderik, besteengana hurreratu eta pausoa bere ibilerara parekatzen ahaleginduko bagina, errazagoa izanen litzake elkarbizitza.
* Etxepekoen berri ez badugu, are gutxiago kalean gurutzatzen ditugunena. Isla bat gera gehienok, ezeren partaidetzarik ez dagoenean, urruti dago zoriontasuna, zoriontasunak partaidetza minimo bat eskatzen baitu.
* Lagunen datuak ahaztea ez da grabea, memoria arazoa ere izan daiteke eta, laguna bera ahaztea eta berak sortarazitako sentipen eta hurbiltasuna ahaztea litzake grabea.
* Gauzak jakiteak edo arerioak izateak egiten gaitu hurkoarenganako eta inguruarekiko indiferente. Bestetan solidario.
* Ebidentea da lagunak dauzkanak altxorra daukala, Ez dago lagun txarrik, lagun txarrak deituak ez dira lagunak, beste zerbait baizik.
* Ez ezer eskatu adiskideari; eskatzekotan, nahiz urrun beti alboan eduki eta sentitzea soilik, horrek emanen dizun segurtasuna.
* Ez da beharrezko adiskidetasunik. Adiskidetasuna asegarria bada onartzen da, eta bestela alboratu egiten da. Hurkotasuna edo hurbiltasuna ez da adiskidetasuna. Adiskidetasunik gabeko hurbiltasunak etsaitasun bihurtzeko arriskua du. Batez ere behartutako edo ekidinezineko hurbiltasuna denean.
* “… elkarri eutsiz maitasunez borbor zegien ozeano otzan bat osatzen zutela zirudien”: Hala behar luke edozein gizarte eta gizalegek.
* Berezko zerbaitek eragiten ditu lagunak, baldintza ezberdinek ahalbideratzen badute ere, eta horretarako ez dago adin jakinik.
Bizikidetza
* Elkarbizitza perfektuena bera ere zaila da.
* Begietara begira hitz egiteak errazten du komunikazioa, betaurreko beltzen ostean ezkutatzen diren edo beste alde batera begira daudenekin zaila da harremana.
* Elkar aditzean datza herri bateko elkarbizitza eramangarria, bakoitza bera bakarka ez da deus.
* Arazo bat duenean gizakiak profesionaltasuna bezainbat estimatzen du ingurukoen hurbiltasuna.
* Gauzak ezkutatzeak galbidera eramaten du harremana.
* Gizakien arteko hesiak jasotzen ditu pobreziak eta oparotasunak.
* Desagertu ez dira egiten adiskidetasun gehienak, baina erabat lausotu eta larutu, bai.
Solidaritatea
* Solidarioari benetako sufrikarioa dakarren heinean izanen da efikaza sufrimendu solidarioa.
* Taifas barrutia bat gara gu bakoitza, norberegan bilduta, bestearen errezeloan: bestearen ezaxolati izatetik dator solidaritaterik eza.
* Jende bakoitza berarentzat bizi da ekinean zein pentsatzean, jendarte jostagarrienean ere, zer esanik ez arriskutsuenetan.
* Bakan batzuen dohaina da errukia, soberan dagoena ematen dugu errukiaren izenean edo bere eraginez, ezer arriskatu gabe gehienetan. Nolanahi, zerbait materialean gauzatzen ez den errukia, sentimendu huts antzua da.
* Munduko gaitz guztiak nor bere gelan lasai egoten ez jakitetik omen datoz; bedi; baina baita lasai nor bere gelan gordetzetik ere.
* Beti eta denontzat dago besterik bizitzan.
Harremanak
* Bi begirada daude, barrenekoa eta azalekoa, bai begiratuaren bai begiratzailearen aldetik, pasiboa eta aktiboa: horrek markatzen du harremana.
* Ze zaila zaion gizakiari barnetik hitz egitea, garunetako zirkuituak hitzetara ekartzea, Bakardadearen osagarri edo ezaugarrietako bat da.
* Azaleko itxura eta barruragoko gogoa bat ez datozenean, desdoitze horrek egiten du agorra besteekiko harremana.
* Ohikoa da gure gizartean elkarrekiko bakartze betean irautea.
* Protagonista sentiarazi bestea, harremana sendotzeko artea da.
* Seme-alabek, edozein dela bere adina, errotik baldintzatzen dute gurasoen bizitza.
. * Laguntzeko gai ez diren lagunarteko giroan gertatu ohi da mespretxuz, begi hilez edo gogoa beste nonbaiten begiratu, baina goxo hitz egitea. Egoera sarria.
* “… elkarri eutsiz maitasunez borbor zegien ozeano otzan bat osatzen zutela zirudien”. Hala behar luke edozein gizarte eta gizalegek.
* Lagunarteko bakardadea, zaurigarria eta eramangaitza. Zoritxarrez maizkoa.
* Mesfidantza da giza harremanen pozoi nagusia.
* Erabat zailak dira, izan dira, guraso eta seme-alaben arteko harremanak. Bi aro eta pentsaeren arteko talka egonen delako beti.
Komunikazioa
* Hitzak ulertu bai baina esaldiaren esanahia ez, inkomunikazioaren zio nagusia.
* Entzuten jakitea, gutxiren jakituria.
* Begiena, keinuarena, ezpainik gabekoa, begirale isil soila izatea, bera da sarri komunikazio sarkorrena.
* Ikusezin gara kaleko espaloietan, erruz gurutzatzen gaituen jendearentzat.
* Gure bizitza azeleratuak ez digu astirik eskaintzen barnera begiratu eta hausnartzeko, erantzun azkarregiak ematen ditugu eta ematen dizkigute.
* Eguerdiz dela ere, guztiok gara, neurri batetan, benetako izaera ezkutuan gordetzen duten hiriko gautxori ugari horiek bezalakoak.
* Adeitasun esaldiak dira soilik galderak zenbait solasalditan, azaleko harremanen ondorioak, denbora-pasa, edo protokoloa.
* Mila forma ditu gizakien zein animalien arteko komunikazioak, keinu bat, begirada, jarrera fisikoa… Bada keinuen kodigo bat ere.
* Arinak eta antzuak dira eguneroko gizarteko solasaldiak, baina zentzudunak gehienetan, eguneko eta bizitzaren osagarriak beti, beharrezkoak askotan.
* Lagunekin benetako eztabaidak dira egiazko ezkilak.
* Zenbat aldiz ari garen arrunkeriez beste ezer esatekorik ez dugulako, edo esan nahi ez dugulako.
* Deserosok dira aldebakarreko elkarrizketak, bestea mutu egon edo uzten dugunean; benetan hutsalak, aldiz, elkarrizketako parte-hartze paraleloak, bakarrizketa paraleloak besterik ez baitira.
* Isiluneak, bai konpartitutakoak bai errespetuzkoak, asegarriak dira, komunikazioa dago; isilunea etenez behartutako elkarrizketak, aldiz, aspergarri eta nekagarriak bihurtzen dira
* Beti dago elkarrizketa bat entzule bat badago, nahiz honek erantzunik ez eman, entzule isila ere partaide baita, nahiz hitz egiten duena bezain aktiboa ez izan.
* Deserosok dira aldebakarreko elkarrizketak, bestea mutu; benetan hutsalak, aldiz, elkarrizketako parte-hartze paraleloak, bakarrizketa paraleloak besterik ez baitira.
* Isiluneak, bai konpartitutakoak bai errespetuzkoak, asegarriak dira, komunikazioa dago; isilunea eteteak behartutako elkarrizketak, aldiz, aspergarri eta nekagarriak bihurtzen dira.
* Sekulako aurkikuntza dakar bestearen begietan bere sentimenduak bizitzea. Ze tristeak ezeren ispilu ez diren begiak.
* Entzuten ez dakienak nagusitasuna nabaritzen dio jaramon egiten dakienari.
* Zenbait mezu hitzik gabe.
* Ezaguna edo ezezaguna, ez inori kontatu inork jakitea nahi ez duzunik.
Ezagutza
* Beranduegi jakiten direla da batzuetan sekretuak gehienetan argitzen direla uste hori. Sekula ez direla argituko da gizakiok dugun hainbat sekretuekiko esperantza.
* Dirudiena eta egiaz garena edo bizi duguna. Txotxongiloak gara, ezagutzen ez ditugun eskuek darabiltzate gure bizitzako hariak. Horrek erakutsi beharko liguke umiltasuna eta elkartasuna.
* Alde ilun eta argi asko ditugu, eta horietako gehienak isilpean geratzen dira, norbere sekretuan. Une argi eta ilunen arteko esparruetan azaltzen gara, eta horiek soilik ezagutzen ditugu.
* Pertsonen antzo, familia bakoitza da bera, eta bere sekretuak diru, gehienetan, sekula ere ez osorik, kanpora azaltzen ez diren gorabeherekin.
* Bakoitzak du zoriontasunaren bere filosofia eta bizipena, eta gehienenetan gure filosofia eta sentipen horien karietara uste dugun besteak ere izan behar direla zoriontsu, eta maiz inposatu nahi izaten ditugu gure filosofia eta sentipenak, baina bakoitza bera da, bere bizitza du eta errespetatu egin behar dugu.
* Oso zaila da besteen bihotzen hondoan zer ezkutatzen den jakitea, eta jakite hori funtsezkoa da bestea ulertzeko: gutxitan gertatzen da hori, horregatik da hain zaila elkarbizitza aberasgarri bat.
* Azaleko gauzekin entretenitzen gara, sakonekoez arduratu gabe, harri gainetik irrist egiten duen ura gara, lurra ureztatu gabe.
* Idatzi edo ez, jakin ere, oso gutxi jakiten da, ia beti azalekoa, anaia-arreben arteko harremanez.
Zertzeladak
* Solasa eta edaria, saihestezinak dira gehienetan, elkarrekin doaz.
* Gauza asko jasotzen da hitzei ulertzen ez den tokian, oso aberasgarria izan daiteke begirale isil soila izatea.
* Egin beharrekoa egiteak sari oparoa behar luke izan.
* Errutina eta sinesmen faltsuak dira lotzen gaituen ehuna.
* Bere soroa baino ez du bizi bakoitzak.
* Albokoari begira bizi gara, alderatuz, geurenez, bakoitzaren independentzia bizi ordez.
* “Iman sendoa da zorigaitza”.
* Gauza handiak egiten ahalegintzen gara; zerbait apetatsu eta gogoangarri, ospea dugu amets, baina huskeriengatik, zer txiki apalengatik gogoratuko gaituzte ingurukoek.
* Besteenganako errespetua besterik ez da puntualtasuna.
* Errudun izanik errudun kontzientziarik ez dutenek agian utziko diote min egiteari; errudun kontzientzia dutenak, aldiz, mina eragiten jarraituko dute. Sadikoa delako min eragile kontzientea.
* Damutuak, aurkariari ematen dio arrazoia.
* Lapur izatea ala koldar izatea da gaitzesgarriagoa?. Ez dakit.