Burutapenak 2
Jarrerak
Gizaerak
* Sinple izateak elkartasuna dakar; beste gauza bat da sinplekeria.
* Galtzaileak egoera txar batean geldirik gelditzen dira.
* Mundua ikusteko moldea dute batzuk, beste batzuk munduan egotekoa besterik ez.
* Jende askok darama ezpainetan esamolderen bat.
* Pertsonaren jarrerak bereizten du gehienetan nork duen jakituria eta nor den eruditua, eruditua gehienetan pedantea izaten baita.
* Isilpekoz betetako jendea gara bakoitza. Arkano bat da gure burmuineko ia dena bestearentzat, erotuko ginateke besteen pentsamenduetan sartu ahal bagenu. Eta hurbileko kutunei buruz dakigun eta dakusagun askori egiten diogu ezikusi edo gorrarena adiskidantza loturak eten ez daitezen.
* Arrazionalegiak gara, jaramon gehiago egin beharko genieke bihozkadei.
* Gutxi dira itxura hutsean gelditzen ez direnak.
* Mozkorra sarri negarti.
* Goseak goseari egiten dio dei, diruak diruari, sekula ez gara dugunarekin konformatzen.
* Edertasunak ez du erakargarria egiten pertsona bat, beste zerbait da erakargarri egiten duen dotoretasuna.
* Hildako idazleen liburuak soilik edo nagusiki irakurtzeak irakurlea bera ere nahiko hilotz dela adierazten du.
* Badira atzera begira bizi diren pertsonak, baita aurrerapausoak ematen dituztenean ere.
* Batzuetan jasanezinak ere gustatzen zaizkigu, eta maite ditugunei dena barkatzen diegu. Gizakiaren misterioa.
Gizalegeak
* Batzuetan, artza negualdian kobazuloan bezala, esperoan, beti esperoan, udaberri baten zain bizi da gizakia, sasoi hobe baten zain.
* Pobreak gehienetan dira eskuzabalagoak eta lagunkoiagoak bizibide oparoagoa dutenenak baino: aberatsago eta zekenago.
* Askoren askotako akatsa da erantzun egokiak beranduegi ematea.
* Batzuek munduari begiratzeko gaitasuna dute, zenbaitzuk aurrekoa soilik ikusten dute.
* Kezka txikien amaraunean harrapatuta bizi da herri xehea; hor ditu arazo handiak ere, badaki arazo handi horiek baldintzatzen dituela kezka txikiak, baina gehienetan ezer gutxi egin ahal du arazo handiotaz, txikiak, aldiz, norberak konpondu behar ditu.
* Zaintzaile izateak zaintzailearen izatea kamusten du gehienetan.
* Zerbait dagoela jakinda, zer den jakin gabe jardun ohi gara sarri, hipotesiak egiak balira bezalatsu.
* Sekula hil behar ez bagenu bezala edo oraintxe bertan hil behar bagenu bezala obratu: bi filosofia ezberdin dira, baina sakonean jarrera bera ondorioztatzen dutenak.
Norkeriak
* Kanpolarrosa da gizakia, giro ezberdin bakoitzean bera ere ezberdin bihurtzen da. Atsedena ematen dio horrek eta irauten lagundu.
* Zenbat gauza egiten ditugun konplimenduz, obligazio bezala; ondorioz, ez dugu inolako arrastorik uzten.
* Pailazo listoarena egin nahi duenak, edozelan mozorrotzen dela ere, tonto-papela eginen du berea ez badu dotorezia.
* Soinaren apaindurak ez du ematen jabearen nortasun-agiririk ez barne-sentsibilitaterik, zerbait izatearen nahia baizik.
* Antzaldatu eta edertu egin ohi dugu dena, norbaitentzat atsegingarri izatearren.
* Bestea noiz aspertuko zain egotea gehienetan nortasun ahulekoen jarrera da, fruitua gutxitan ematen duena.
* Askok dute gogoko norbere ahotsa entzutea, beren belarriak gozatzea bilatuz.
* Tituluek egiten dute nor pertsona bat gizarte honetan, ez bere izaera edo portaerak, horregatik estali, osatu edo edertu nahi dugu garena azaleko apaindurekin.
Gizatxartuak
* Mota guztietako sentipenak akuilatzen ditu desesperazioak.
* Hiltzaile sena ote darama gizakiak; baietz dirudi: ehiza, haragijalea, zezenketa, … eta gerrak zerbait horrelako erakusten dute.
* Gizakiak kaltetzeko duen herra gaizoa, gizarteak berak eragiten du.
* Bada jende bat, besterik ez bada, liskarra sortuko duena, lasaitasuna etenez.
* Ikusi nahi ez duguna besteengan ikusi: gizakiaren joera bat.
* Bakartiak gara koadrilako berritxukerietan ere. Bakoitza da bere arretagune, bestearenari ez diogu arretarik jartzen norberarena azpimarratzeko ez bada.
* Nor bere bakardadean geratzea ez da gizakiaren berezko giroa, saminaren lur-andua baizik.
*Zenbait gertakizun eta bizipen gordetzen ez dakiena ez da fidagarria, zeu ere salatu zaitzake une batez.
* Gezurtia beti da mesfidati, eta sekretu jakin-min.
* Liburuak etxeko apaletan, banitatearen ezaugarria dira gehienetan.
* Zerbaiten emaile eta mezulari behar luke izan hitzaren agente bihurtu denak, baina asko eta asko, gehienak, hitz antzuetan galtzen dira, hutsaren tapagailu.
* Ezikusiarena egitea da gehienon jarrera.
* Zenbat aldiz erabiltzen ditugun kanpoko pertsona, gauza zein gertakizunak geure jarrerak zuritzeko.
* Zer ezkutatu dutenak dira sarri min gehien eragiten dutenak.
* Zentzugabekeria oro bizi daiteke naturaltasun osoz.
* Jarrera defentsiboa da gehienetan salaketa.
Zertzeladak
* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.
* Zerk eragiten du pertsonek eragiten diguten interes eta afinitatea: kimikak zerikusi eraginkorra duelakoan nago.
* Pentsatu gabe pentsatzen egotea askoren denbora-pasa da.
* Bestea noiz aspertuko zain egotea nortasun ahulekoen jarrera da gehienetan, fruitua gutxitan ematen duena.
* Giroak eragiten ditu sarri, agian gehienetan, jarrera eta portaerak, arrazoiez at.
* Barrenak agintzen dionetik baztertzen ez dena da fidagarria.
* Zer ezkutatu dutenak dira sarri min gehien eragiten dutenak.
* Kritika da askoren ekarpen bakarra: ibilera herrena deritzot.
Bidelagunak
Sentipenak
Eragileak
* Gizaki ororen sentipen iraunkor saihestezina da harrokeria.
* Zonbi bihurtzen gaitu apatiak.
* Gorrotoa ardoa bezain hordigarria da.
* Ontzat hartu ohi ditu ingurukoak ona denak.
* Kondena bat izan behar du inguruko usain denak trinko eta indartsu jasotzea, ustel, izerdi, zikin usainen kiratsak. Are okerragoa, aldiz, litzake gizarteko gezur, azpilan, ezin-ikusi, gorroto, jeloskeria… guzti horren berri izatea, baita ere gizakiaren sufrimendu eta miseriei buruz sentiberegia izatea ere. Ezinezkoa litzakeelako bizitza.
* Ahalegintzen gara kontzientzia estaltzen, isildu ere egiten dugu aldizka, baina berriro azaleratzen da, hozka.
* Desioek markatzen dute gizakiaren nortasuna eta izaera, eta desiook asetzeko ahaleginak kemenaren norainokoa.
* Apaldu egiten da sentipen oro, bilakatu baino baino beste batez ordezkatu egiten dugu.
Nolakoak
* Oso nekagarria eta aspergarria da zentzuduna izatea.
* Lagun txarra da izua bizitzan, kide arriskutsua izutia, izukaitza bera ere.
* Denok dugu altuera berdina.
* Zenbait pertsonek izaten dute modu ezberdineko halako ukitu bat urrutiko egiten duena.
* Bakoitzak dugu gure baitako toles ezkutuenean ukitzen ez dugun zerbait berezi.
* Jasangaitza da besteek erabakitakoa onartu beharra.
* Aurpegia jartzeak, edo markoak, indartu eta kokatu egiten ditu bizipenak.
* Labirintua da sarri sentimenduen bidea.
* Errealitateari ezin bezala, sentipenei ere ezin diegu ihes egin. Aldatu gehienez.
Gordeak
* Ultzera bat bezala irekitzen dira tarteka zenbait arimako zauri.
* Asko hitz egiten da gizonezkoaren desira sexualaz, gutxi emakumearenaz.
* Batez ere errudunak, gertakizunen zergatia bilatzeko joera du gizakiak.
* Bakoitzaren alderik ilunena nabarmentzen du izuak.
* Duintasuna sarriegi dabil igeri eta alderrai malkozko itsasoan.
* Isiltzen edo iruzurtzen ahalegintzen garen barne eztena da kontzientzia, beti hozka jarraitzen duena, gizakiaren osagai desatsegina.
* Zerk egiten ditu elkar kideago pertsonak, eta noiz?. Non datza filing famatuaren zergatia. Zerk eragiten du kidetasuna. Kimikak, portaerak… Misterioa.
* Lagun txarra da amorrua, zentzua gandutu eta galarazten duelako.
Zertzeladak
* Ausartagoak gara sentimendurik gabe.
* Arrazoiak ezer gutxi ahal du sentimenduarekin.
* Munstro asko sortarazten ditu irudipenak, lehenik barnean, gero jokabidean.
* Apaldu egiten da sentipen oro, bilakatu baino beste batez ordezkatu egiten dugu.
Oroitzapenak
* Oroitzapenak dira pentsamenduaren oinarri, geroan pentsatzen dugunean ere oroitzapenean oinarrituz egiten dugu.
* Oroitzapenak galtzen direnean ere, ez da iragana galtzen, hori da memoria.
* Sentimenduen katalogoa da oroitzapena.
* Bisitan etortzen zaizkigu barne gelara bizitzako oroitzapenak.
* Orduko sentimendu eta bizipenen oroitzapenak bultzatzen gaitu lekuetara, ezina da, baina, une hura berriro loratzea: joanak joan.
Bakardadea
* Norberarekin aurkitzeko bidea ez denean, orduan da patetikoa eta ahitzailea bakardadea.
* Traidorearena izanen da abandonu motarik tristeena, bera geratzen delako bakardade absolutuan salatuz lagunak etsaiari abandonatzean, etsaiari ere higuina ematen baitio traidoreak.
* Norberaren gabezian datza bakardaderik bakartiena. Hirian, herritxoan, etxean edo kartzelako ziega isolatuan.
* Saminagoa da bakardadea jendartean denean.
* Bakartasuna eta bakardadea, anaia bikiak, onartzean edo ezinbestekotasunean egon daiteke aldea.
* Bakardadeak, onerako edo txarrerako, barnera bidea ahalbideratu ohi du, lasaitasunera edo desesperaziora. Bakartasunak indefentsioa dakar, eta indefentsioak beldurra. Bakartasunak eragiten du misterio sentipena, baina misterio sentipenak barne barea eskatzen du.
* Bakardadeak ez du denborarik, baina, aldi berean, bakardadearen denbora luzeagoa da.
* Norberarekin soilik harremana izatea da bakarrik egotea.
* Lasaitasuna dakar jendartean bakardadea sentitzeak, ezberdina da bakar edo bakartua sentitzea.
* Norberarekin bakardadeak soilik egin dezake eramangarria besteekiko bakardadea.
* Bakardadea norberarekin soilik geratzea da, eta horri diogu beldurra.
* Sarri bihurtzen zaigu edo dugu mortu zeharkaezina eta zeharkatu gabea bai gure barnea bai ingurua. Mortu bihurtu dugun edo zaigun ingurua arnastea da bakardadea.
* Gogorra da arrotz izatea atzerrian, gogorragoa arrotz sentitzea norbere herrian edo lagunartean, gogorragoa oraindik norbere baitan arrotz sentitzea.
* Asteburua nola bete ez dakienaren bakardadea benetan behar du izan tristea, edo asperra.
* Ilunpean espazioa eta kokalekua aldatzen diren bezala, bidezidorrak bilatzen hasten da bakardadean gizakiaren barnea.
* Bakardade morala da sentimendurik okerrena.
* Norberekoitasunaren anaia bikia da bakardadea, agian hil beharrak egiten gaitu norberekoi.
Goibeltasuna
* Tristeziak ez du inolako lotsagarritasunik, ezer ezkutatzekorik; tristearen alaitasun-zurikeria da egoerarik tristeena.
* Bidelagun txarra da inbidia, norbera barnea gaiztotu ez ezik, besteekiko jarrera eta harremanak pozoitzen ditu.
* Hiltzea bezala da asperdura, gelditasun eta geldotasuna, ez aurreratzea.
Isiltasuna
* Loa ekarri ohi du iluntasunak, agian horregatik lotzen dugu iluntasuna isiltasunarekin. Baina xarma handia du argitasuneko isiltasunak, entzumenetik harago edo barnerago, norberagan baitago isiltasun bizipena, ez kanpoan.
* Badira isilean gozoago egoten garen uneak, baina eten egiten ditugu.
* Beti da luzea esperoa, eta zaila jasan beharreko isiltasuna.